Liburua: Joanes, itxaropenaren semea
Egilea: Alaitz Olaizola
Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK
Urtea: 2007
Alaitz Olaizola Bordak antzerki mundua ezagutzen du, eta ezin uka daiteke hori erakusten duela “Joanes, itxaropenaren semea” izeneko antzezlanean, antzezpen teknikari dagokionez behintzat. Bederatzi eszenatan banatuta dagoen lan honetan Joanesen bizitzaren bederatzi momentu desberdin azaldu nahi dizkie irakurle-ikusleei. Joanes pertsonaia berezia da, eta idazleak pertsonaia irakurle-ikusleen begietan maitagarria izatea nahi luke. Izan ere, idazleak irakurle-ikusleak pertsonaia horrek erakarrita senti daitezen nahi du. Bere mundu berezian bizi da pertsonaia, eta besteek nekez lortzen dute mundu horretara heltzea. Behin baino gehiagotan Forrest Gump euskaldun bihurtua begitandu zait pertsonaia hori. Oztopo bat du, ordea: maitagarria bihurtzeko ahaleginean pertsonaiak eduki lezakeen ironia guztia alde batera utzi baitu, eta oso transzendetalak, ia mistikoak, izan nahi duten ideien errepresentazioan geratu da. Antzerki lana erdibidean geratzen da. Drama izan nahi luke, baina tentsio dramatiko handiko momentuetan barregarri xamarra suertatzen da, eta pertsonaiaren transzendentzia horrek guztiak oso ingenuoa dirudi benetan hartzeko.