Liburua: Kultur ministrariak ez digu errukirik / Kanpotarrak maisu
Egilea: Xabier Mendiguren Elizegi.
Argitaletxea: Susa
Urtea: 1986
Arrea benetan Xabier Mendigurenen antzerki obra. Arrea, parre egiteko astia, hasieratik bukaerareino dugulako.
Kultur ministroa aukeratu duten politikoak, pozik eta indarrez hartu du bere kargu berria; bere aurkezte egunean gizon zuri honen nortasuna garbi agertzen zaigu, hots, agintea besterik bilatzen ez duen batena. Ez dio ordea, gehiegi iraunduko energia honek, kultur arloko errepresentatzaile ezberdinak etorriko bait zaizkio denak gauza berdinaren eske: diruaren babesa. Pintoreak, idazleak, zinegileak, musikoak, punkiak etabar. Denak itxura onez badoaz kultura, artea, lana… bultzatu nahiean, laister azalduko zaie bere zurikeria.
Autoreak pertsonaia mota ezberdinak azaltzen ditu, batzuk gogor eta zuzenak, punkiak bezala, besteak berriz soka-tira luzea eramaten dutenak beren helburua lortzeko.
Entretenigarria bada antzerkia bere akatsik handiena errepetizioan datza behar bada; pertsonaia ezberdinak aurkeztean errepetitiboa izan ahal da zenbait alditan.
“Kanpotarrak maisu” dugu liburu bikoitz honen beste antzerki obra. Bertan herri imaginario bateko arazoa azaltzen zaigu. Walinbania hirira, dragoi arrotza iritsi da, bertan ekoizten diren loreak jan eta zanpatzeko. Bertako erregea desesperaturik, Ingalaterran dagoen mago batera jotzea erabakitzen du, “sinbolo” arrotz hori gainditzeko. Benetazko arazoak etorriko dira, Merlin magoa, herri horretan izan dezakeen aginteaz konturatzen denean.
Antzerki nahiko entretenigarria, bere hizkerarekin nahiko harritzen gaituena, alde batez erabiltzen dituen aditz sintetikoengatik eta bestalde, nahiko espresio kopuru handia duelako.
Lan honek iparraideko EATBk antolatutako 1985eko “Telesforo Monzon” antzerki saria irabazi zuen, Pantxoa Etxegoin eta Daniel Landartek idatzitako “Gazteluko mutxurdinak” obrarekin batera.