Liburua: Andre zuria
Egilea: Eukene Martin / Xabier Zorroza
Argitaletxea: Euskaltzaindia / Bizkaiko Aurrezki Kutxa
Urtea: 1985
Antzerkira joatea ez da osteguneroko jolasa asko ta askorentzat. Euskal Herriko herri txiki askotan urtean behin edo bi aldiz egiten zen gauza zen teatrora joatea, kasik haurrentzat titiriteroak zetozenean bezala. Badakit zuetako asko ez zaretela antzerki bat bera ere ikustera joan azken bi urtetan, eta ni ere hala nagola aitortuko dizuet, baina enteratzen banaiz inon “Andre Zuria” antzestekotan direla, ziztu bizian joango naiz sarrera bila, eta esango dizuet zergatik.
Antzerkira joatea kultur-ekintzatzat hartzen da egun, herrietako udalak saiatzen dira bertara urtean bi edo hiru talde eramaten jendearen gozagarri, herria kulturan jantzi dadin, eguneroko errealitatearen ikuspegi desberdina ere izan litekeela jabetzeko, santa sekulako barre algarak egiteko edota oker zenbaiten kritika egiteko. Bada halakorik Eukene Martin eta Xabier Zorrozak egindako antzerki luze samar honetan. Autoestopista galdu bat gizartetik kanpora xamar dago, aurrera egitea du helburu bakarra, ez dirurik, ez osperik, ez lanik ez du bilatzen, aski zaio segitzea. Kotxeak aldamenetik pasatzen zaizkio abailan hartu gabe, halako batean Andre Zuri dotore bat geratzen den arte. Hortik aurrerakoak hala llabur genitzake: gizartearen kritika, moda ezartzen digutenak gizakienganako zein axolakabe diren erakusten diguten pasarteak, jendea sailkatzen zein aprioristak garen erakusten digutenak, errepetizio eta exagerazio bidezko agerkizunak, zanpatuak inor azpian nola nahi duen aditzera ematen diguten erantzun zorrotzak, lujoaren ikonografiaren eragina eta beste.
Arestian antzerki-lan hau bikaina dela adierazten saiatu gara, eta bikaina, antzerki bezala oso gustagarri delako batetik, baina baita beste askorengatik ere. Ezenografia adibidez, ikaragarri zaindua dago liburu guztian zehar, exigenteak izan dira bi lagunak honetan, egokiera handiko lana egin dute alderdi horretan, eta honek zailtasunak ekar litzake antzesterakoan, publikoko jendearen erantzuna, dekoratuen eta espazioaren antolaketa eta bestelako hainbat zertzelada zehazki ukitu beharrekoak baitira.
Ageri diren idea eta ateraldiek nahiz ezenografia lantzeko tankerak freskoa, egungoa eta galanta egiten dute Euskaltzaindiaren saria jaso duen lan hau. Ez gera ikusi gabe, damutuko zarete ta, egietan.