Data: Irailaren 10, 11, 12, 17, 18 eta 19an. Non: Errenteriako liburutegi zaharrean.
Olatuen artean, olatuek gainezka egiten dute; olatuek gain hartzen dute, edo gain hartzen dizute. Zu zara olatu; zu zara bizi, eta biziak zu hartzen zaitu. Utz iezaiozu bidea egiten. Egin bizia, egin bidea. Pasa tuneletik eta joan bihotzera; edo barnerago, egin bidea atzera umetokira. Gogoratu lehen pausuak, edo hasi berriz ere hasieratik. Dena duzu oraindik ere aurretik; edo izan dezakezu. Utzi bideari bide izaten. Eta izan zaitez zu zeu bidean.
Naon tokin-eko azken espazioa, hausnarketa espazioa da, eseri eta lasai egotekoa. Taldean, edo bakarrik. Zerbait hartzen, zerbait jaten, edo besterik gabe egonean egoteko gune bat. Prozesu guztiaz jabetu, prozesu guztia gorputzean prozesatu eta berriz ere kalera irten aurreko trantsiziozko espazio bat, akaso. Boligrafoak ere banatzen dituzte, baita orritxoak ere, post-it modukoak; gorputzak, buruak edo dena delakoak zerbait idazteko pultsioa izanez gero, hori ere egin ahal izateko. Nire taldean gehienok, ez denok, zerbait idatzi genuen. Bakoitzak berea. Batzuek post-it-a hartu eta gorde egin zuten. Besteek han utzi zuten. Nik idatzitakoa, hori izan zen, lehenengo paragrafokoa. Agian askorentzat zentzugabekeria bat da, paragrafo txar bat, hitz jario huts bat. Hori zen ordea atera zitzaidana. Gauza guztiei zentzu arrazionala bilatzea ere askotan ez da beharrezkoa.
Naon tokin proiektua aurreko ekainean jarri zuten martxan Errenteriako liburutegi zaharraren eraikinean (Gipuzkoa), eta pare bat asteburutan egon zen bertan barneratu eta murgiltzeko aukera. Ez da ohiko erakusketa bisita bat, proiektua ez baitatza gauzak ikustean soilik. Bisitaria bisitari posiziotik ateratzea lortzen duen esperientzia da, eta bertan atondutako instalazio eta espazio bakoitzaren parte bilakatzea lortzen duena: bisitaria proiektuaren parte bilakatzen da, eta proiektua bisitariaren parte. Denboran irauten duen esperientzia da, liburutegi zaharreko ate eta leihoetatik irteten dena, kalera itzultzen dena bertan parte hartutako bakoitzaren eskutik. Orain, udako parentesia amaituta, berriz ere bueltan da beste pare bat asteburutarako; berriz ere Errenteriako liburutegi zaharrean. Berriz ere Madalena kalean elurra egingo du udan.
Magikoa da, hasieratik eta bukaeraraino. Helduena ere haur sentiarazten du esperientziak: txikitako ikusmina eta jakin mina berpizten ditu. Guztia da berria, ezezaguna, guztia dago ezagutzeke, arakatzeke, miatzeke eta aztertzeke. Instalazioak, espazioak, eta zu zeu ere.
Talde txikietan antolatuta garatzen den esperientzia da; baina talde txiki horretan banakoaren askatasuna eta autonomia azpimarratzen dira. Bakoitza berera doa. Zuk hartu behar dituzu erabakiak: noiz egin aurrera, ezkerretara edo eskuinera jo; dantza egin, edo geldi geratu. Espazio bakoitza ere autonomoa da, askea, nahiz eta batak bestera eramaten zaituen eta, azkenean, denen arteko loturak ere badauden. Argia, objektuak, espazioen disposizioa eta antolamendua, denborak… guztia dago xehetasuneraino planifikatua. Zalantzarik gabe gorputza goitik behera zeharkatzen duen esperientzia gauzatzea lortu dute proiektuaren atzean eta espazioaren hormen artean ezkutatzen diren Rodriguez & Ndungmanduko Arrate Rodriguezek eta Carlos Ndungmandunek, Dejabuko Urko Redondok, Ainara Gurrutxagak eta Miren Alcalák, eta Ander Mujikka eta Anuska Ariztimuńok.
Naon tokin Errenterian dago, baina eguneroko beste edozein toki ere izan zitekeen Naon toki. Tokiaren kontzientzia hartzean datza gakoa, tokia ezagutzean eta deskubritzean; eta tokiaren baitan zu kokatzean. Naon tokin-ek tokian bertan gelditzera behartzen zaitu, toki hori detailerik txikieneraino ere arakatzeko gonbita luzatzen dizu, harritzeko eskubidea bueltatzen dizu, zalantzak izatekoa eta perspektiba hartuaz begiratzen laguntzekoa.
“Baina zer da Naon tokin?”, maiz egin didate galdera. “Joan eta deskubritu”, erantzun dut; bakoitzarentzat Naon tokin bidaia ezberdin baten hasiera izan daiteke. Oraingoz, hemen, magia gehiagorik ez dut zapuztu nahi.
Antigoalean egunkarietako artikulu eta kritiketan behin eta berriro egiten zuten moduan, ekimenagatik egileak zoriontzea besterik ez zait gelditzen.