Animalia, zuhaitza, haitza
Arantzazu Fernandez
Gara, 2019-01-08
“Emakume burugabea”

 

      Badira arte eszenikoetan —ikuskizunak— non diziplina askotariko artista elkartzen diren ideia baten inguruan. Kritikoek ikusten dituzten performanceak sailkatzen ez dute asmatzen baina, modernitatean, arte garaikidean aspaldiko ezaugarria dela idatzita uzten dute. Gurean, aldiz, hibrido horiek gozatzeko aukera handiagoa nahi izango genukeelako ideia burura etortzen zaigu “Emakume burugabea” karietara. Antzezpen egarriz gaudenontzat hau bezalako lan delikatuak eta ausartak nahi ditugu gertu eta maizago kultur programazioetan.

      “Emakume burugabea” emanaldiak Antxine Mendizabalek idatzi eta Iraia Okinarenek ondu zuten titulu bereko liburu ilustratuan jatorria du. Taularatzerako bertsioan, literaturak, irudien ordez, musika eta antzezpena lagun ditu. Emakume baten inguruko narrazioa aletuko digu ahots poetikoak. Andrea bere izaeraren muinera iritsiko da burua gorputzetik deskonektatzen duen unetik aurrera. Testuak diosku animalia, landare edota haitza sentitzen dela, erditzearen orgasmoan, basoan zehar otsakumeekin korrika. Gorputza lehenetsita dago, zentralitatea okupatzen du bai ahoskatutako diskurtsoan bai presentzia eszenikoan. Gorputzak, adimen intelektualak ekartzen dizkion trabak atzean utzita, etxekotu gabeko askatasunean ahalduntzen du bere jabea. Horrela, biluztearen poderioz bere buruaren ezagutzaz jantzi zaigu protagonista.

      Oier Guillanen zuzendaritzapean, artista talde honek dramaturgia garaikideetan egin duen ahalegina, eskertzekoa da bereziki. Izan ere, emanaldiko isilune luzetik aurrera batik bat, teatro lengoaiaren ariketa baten aurrean geundela antzeman dugu. Fabularen emakumeak bere burua deseraikitzen duen bezala, errezitaldiaren formak «hau ez da teatroa» ikustarazi nahi zigun. Proposamen estetiko horretan inprobisazio momentua zein aktoreen arteko elkarrizketaren naturaltasun fiktizioa nabarmenduko nituzke. Hortik, amaierako txalo zaparrada luzeak esanahi bikoitza zuela: testuaren ausardiarekiko miresmena eta ikusle moduan emantzipatzen gaituen dramaturgia proposamenari eskerrak adierazi nahia.