Garai zekenak
Arantzazu Fernandez
Gara, 2019-01-22
“Garai zekenak”

 

      Arriaga antzokiak ekoiztuta eta “Garai zekenak” tituluaz etorri zaigu Henri Ibsen (1828-1906) gurera, Denise Despeyroux-ek berridatzita eta Nerea Lorentek euskaratuta. Egokitzapenak ez ditu jatorrizko idazlaneko pertsonaien arteko tentsioak aldatzen; ezberdintasunak oso txikiak dira baina esanguratsuak: protagonistek euskal abizena daramate eta garaikideak dira. Azken ezaugarri horretatik datorkio izenburua emanaldiari eta hortik zetorkidan Heddaren konplexutasuna ulertzeko nolabaiteko traba. Arriagakoan ez bezala, ikusitako aurreko bertsioetan Heddaren frustrazioa azpimarratuta ikusten ohituta geunden; azken proposamen honetan, berriz, gaurko zekenkeriak protagonistari lekua lapurtzen diolakoan gaude. Heddari (Miren Gaztaņaga) aspertzen dela aditzen diogu behin baino gehiagotan, baina mal de vivre displizente edo gaizto batetik urrun sumatu genuen. Hainbatetan Lady Macbeth-engandik gizarteak sorturiko biktima batengandik baino gertuago ikusi genuen pertsonaia, arlo akademikoko gatazkak eta beste pertsonaien garrantziak protagonismoa kentzen zioten bitartean. Oso proposamen interesgarria da Hedda goi mailako burgesiako emakume sasi-irakasle sasi-ikertzaile bihurtzea, baina aldi berean —haren janzkerek adierazten ziguten bezala— pertsonaia benetako gaurkotasunera ailegatu gabe uztea, eta ondorioz, Hedda kontraesan bilakatuta eskaintzea.

      Arriagara hurbiltzen dena, aktoreen lan zoragarria ikusteaz gain, “teatro hurbila” delakoan murgilduko da. Antzezlana ez da areto nagusian jokatzen, baizik eta eskaileretan eta anbigu bezalako beste hainbat kokapenetan baizik. Antzeztoki horietan Oskar de la Pazek argiztapen mugikorrekin bete-betean asmatu du eszenak girotzeko orduan. Ikusleek maskara bana janzten dute dramari begiratzeko. Arriagaren dekorazioak xurgatzen gaitu eta eszenografiaren parte gara. Garai zekenetako jokalariak ematen dugu; horrela teatroa eta bizitza bat egiten zaizkigu.