Kamikaze arduratsua
Bestiak Liburutegia
Argia, 2025-04-20

Liburua: Guardasol gorria

Egilea: Lutxo Egia

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2024

      Hau gerra bat da eta lubakiak behar ditugu. Izan ere, Bilboko Guka kolektiboak hurrengoak erakutsi dizkigu, besteak beste: Arriagako ekitaldien artean, %20 baino ez da euskaraz izan, eta Bilboko Udalak helduentzat dauzkan kulturjardueren artean, %2,5. Lubaki horietako bat da Bira Kultur Gunea, eta Lutxo Egia lubaki horretako borrokalarietako bat. Bada, Egiak Guardasol gorria testu eszenikoen bilduma argitaratu berri du Susak EHAZErekin apailatzen duen Ganbila bilduman.

      Protagonistetako batek dioen bezala, “autosuntsiketarako pilotu automatikoa martxan” daukan zibilizazioan bizi gara. Eta guk diogu liburu honek autosuntsiketa horren egoera ezberdinak eszenaratzen dizkigula: Free tour-ek gida turistiko gentrifikatzaile amorratuaren errieta; Hamalau-k suizidioen notario baten hausnarketak; Identitarteak-ek garenaren eztabaida dialektiko surrealista; eta Haren da nire-k Oxtul Aige alter egoaren komeriak, Harkaitz Canok gidatuta eta Ana Galarragak egiaztatuta. Egiak Canori esaten dion bezala “arteak ezohikoa eskatzen du” eta, baiki, liburu hau ezohikoaren biaje ezin barregarriagoa da.

      Halako biajeak dakigun zerbait darakus: guztia da konstrukto bat. Baina urrunago doa: zer gertatuko litzateke dakigun hori serioski hartuko bagenu eta absurdoz eta umorez deseraiki? Horixe da liburuari aurkitu diogun hari eroalea. Adibidez, zalantzan jartzen da bizitza bera ulertzeko daukagun modua eta esaten da “ekintza kamikaze arduratsu” baten baitan bizi garela. Galdetuko da “ez bagara garena, eta ez bagara izan asmo duguna, zer ote gara?”. Eta bukatzeko, Galarragak ebatziko du zera egiaztatu zuela: “Fikzioa egia bezain sinesgarria dela”. Eta behin konstruktoak deseraikita, zer?

      Bada, behin deseraikita: Bira. Hau da, kamikazeok arduratsuak izanik, berreraikuntzarako espazioak behar ditugu. Behar ditugu lekuak nor izan nahi dugun entseatzeko. Gure borrokak zeintzuk diren erabakitzeko. Ezinbestean euskaraz arituko diren espazioak behar ditugu Bilbon arduratsuki izango bagara kamikaze.