Aulestiko antzerki topaketak: erdigune bat zokoratu ohi denari
Itziar Ugarte Irizar
Berria, 2025-04-17

Arte eszenikoez euskaraz aritzeko leku baten premiak sortu zituen Aulestiko antzerki topaketak, duela hogei urte. Astelehenean ekingo diote beste aldi bati, eta Arene Onaindiak, Mikele Urrozek eta Dejabu konpainiak hartuko dute parte, besteak beste.

      Bada paradoxa bat euskal antzerki garaikidean, Ander Lipus Artedramako kidearen esanetan: “Gero eta sorkuntza gehiago egiten dira, baina gero eta diru gutxiago dago; eta gero eta sorkuntza gehiago egiten direnez, denek ez dute beti plazarik topatzen”. Gazitik eta gozotik du, bada, gaur-gaurko argazkiak, eta hura aztertzeko eta hartan eragiteko aparteko abagune bat sortzen du urtero ADEL Arte Drama Euskal Laborategiak, Aulestin (Bizkaia). Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagune da, eta hogeigarrenez egingo dituzte aurten. “Nik inoiz ez nuen pentsatu hogei urte egingo genituenik Aulestin, Pazko aste guztietan hor ekin eta ekin”, dio Lipusek. Ohiko ardatzei eutsiko diete: ikasle talde batek antzerki eskolak jasoko ditu goizez eta arratsaldez, eta emanaldi irekiak izango dira iluntzean, astelehenean hasi eta larunbatera bitarte.

      “Antzerki formazioa euskaraz emateko eta antzerkiaz euskaraz hitz egiteko beharra” zegoela-eta abiarazi zuten ADEL, eta hori izan dute bereizgarri hasieratik. Lipusek aitortu duenez, Miñan-en emanaldiekin hain egon dira “murgilduta” azken hilabeteetan, ez baitute ezer berezirik prestatu hogeigarren urtemugarako, baina aurreko urteetako formatuak ere “funtzionatzen” duelakoan, hari eustea erabaki dute. “Alde batetik, barrura begira, irakasle bakoitzak bere tresnak, estetikak, poetikak eta politikak eskaintzen dizkio ikasleari, laborategi gisako formatu batean; eta, gero, kanpora begirako emanaldi sorta bat izaten da nahi duenarentzat”.

      Denera, hamasei bat ikasle bilduko dira aurten, “Euskal Herriko lurralde guztietatik helduko direnak, gazteak eta ez hain gazteak”, eta hainbat irakasle arituko dira haiekin lanean: Garazi Etxaburu, Mikele Urroz, Dejabu konpainiako kideak, Metrokoadroka konpainiakoak, Aitzol Iraola eta Lipus bera. Haiek izango dira, halaber, iluntzeetan emanaldia eskainiko dutenak, ia kasu guztietan. Lehen egunean bi emanaldi labur izango dira, Arene Onaindia Abrisketaren Le nouveau menú du chef eta Aitzol Iraolaren Hustu; eta hurrengo egunetan emanaldi bat izango da eguneko: Artxibo biluzia (Metrokoadroka), Mendia (Mikele Urroz), Platea (Tripak), Miñan (Artedrama) eta Itzulera (Dejabu).

      Egitaraua pentsatzeko orduan, aniztasuna izan dute beti ardatz, Lipusen hitzetan, “herritarrek ere aukera bat izan dezaten euskal sorkuntzaren abanikoa ikusteko, ez osorik, baina bai zati txiki bat”. Molde diferenteko piezak programatu dituzte aurten ere horregatik, eta Aulestitik pasatu diren ikasleei “atea irekita” uzteari ere eman dio garrantzia antzerkigileak; Onaindiaren eta Urrozen kasua izango da hori aurten.

 

      “Badago zerbait hazi dena”

      Hogei urteko bideari begira, denborarekin eskaintza nola handitu den nabarmendu du Lipusek. “Hasieran oso emanaldi gutxi egiten genituen, bi edo hiru, tabernetan, gaztetxeetan... eta dena zen oso informala. Baina badago zerbait bidean hazi egin dena: jendeak badauka gauzak kontatzeko gogoa, antzerkia egiteko eta emateko gogoa. Hori asko biderkatu da. Duela 20 urte, antzerki talde profesionalak bazeuden, baina hasiberriak-edo gutxiago ziren, eta hori asko aldatu da”. Irudipena du lehen euskaraz ematen ziren antzezlanen parte handi bat erdarazkoen “bertsioak” zirela, gainera. “Orain askoz gehiago dira euskaraz pentsatuak eta sortuak, eta hor ikusten dugu topaketak ere emankorrak izan direla. Erreferentziazko puntu bat bilakatu dira, eta arnasa ere ematen digu antzerkian ari garenoi; gure trabak zein diren elkarri kontatzeko, eta, batez ere, elkar ezagutzeko”.

      Trabak ere ez baitira gutxi, haren esanetan. Antzerkian modu profesionalean jarduten dutenak “gurpil zoro batean” sartuta dabiltzala uste du, esaterako. “Gero eta sorkuntza gehiago, gero eta diru gutxiago, eta azkenean elkarri muturka bezala ari gara. Ze bati ematen badiote [diru laguntza], besteari ez diote ematen, eta horrek oso egoera bortitza sortzen du”. Erroraino helduko den “paradigma aldaketa baten beharra” ikusten du berak. “Bistan da jendeak gauzak dituela kontatzeko, baina sarritan entzuten diegu programatzaileei ‘aurten 40 antzerki talde daude, eta ez dira sartzen denak’. Eta ez, sartu ahalko lirateke, futbola egunero sartzen duten bezala. Jendea horrekin ez da kexatzen, eta kulturarekin horrelako zerbait bilatu behar da. Zergatik ez goaz asteazken batean antzerkira herrian bertan? Politikarien aldetik benetako indar bat egin behar da horretarako”.

      Euskarazko antzerkia, preseski, oraindik ere zokoratzen dela uste du antzerkigileak. Duela gutxi salatu zuen, hain justu, euskarazko antzerkiek plazak galdu dituztela Ipar Euskal Herrian, Miñan-ekin ikusi dutela hori berriki Artedramako kideek. Johañe Etxebest Euskal Kultur Erakundeko zuzendariari galdegin zion horren inguruan Berriak, eta hark argudiatu zuen kultur eskaintzak egitean lurraldearen egoera soziolinguistikoa izan behar dela kontuan, euskal hiztunak %20 inguru izatea, alegia. Ikusmolde hori gaitzetsi du Lipusek: “Hori bada jarrera, ez goaz inora”. Eta maiz entzuten duten beste ideia bati ere egin dio aurre: “Programatzaileek esaten dizute: ‘Euskaraz egiten dugunean, ez da etortzen publikoa’. Eta ez da egia. Zuk ohitura bat sortzen baduzu, jendea edukiko duzu. Laster 30.000 lagun izango dira Miñan ikusi dutenak; ehun emanalditik gora egingo ditugu laster. Horrek esan nahi du publikoa badagoela, baina publiko horrek informatuta egon behar du; zaindu egin behar da; lanketa berezi bat egin behar da”.

      Auzitegiez harago, “euskararen kontrako oldarraldia” beste eremu batzuetan ere agerikoa iruditzen zaio hari. “Askotan okerrena da guk geuk, euskaldunok, ez dugula sentitzen gure hizkuntza eta kultura zerbait intimoa, soziala eta sakratua denik. Ez baduzu hori sinesten, berdin zaizu, eta denak balio du. Eta guri berdin bazaigu, azkenean boterean dagoenak edozer egin dezake”.