Odisea bat
Mikel Ayllon
ehaze.eus, 2025-01-29
“Itzulera”

Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia. Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Redondo eta David Aguilar. Zinegintza zuzenean: David Aguilar, Zazpiterdi. Gidoia eta testuak: Dejabu konpainia. Saioa: 2025eko urtarrilaren 23a, Bilboko Alondegia.

      Iragan urtean, poema bat idatzi nuen mugikorraren oharren aplikazioan lehen aldiz. 2024an. Hor hasi zen XXI. mendea niretzat, 24 urteko atzerapenarekin. Hilabete batzuk geroago, Bilboko Alondegiko antzokian berriro etorri zait XXI. mendea bisitan. Ez luke albiste izan behar. XXI. mendea bisitan etortzea XXI. mendean. Kazetaritzako fakultatean irakatsiko dizute txakur batek pertsona bati haginka egiten badio, ez dagoela nabarmendu beharreko notiziarik. Alderantziz, ordea, bai. Pertsona batek txakur bati haginka egiten badio. Baina hain gutxi haginkatzen den garaiotan, izan bitez ongi etorriak haginkada guztiak.

      Barkatuko didazu nire buruaz hizketan hasi izana kritika hau; baina, egia esan, kritika guztiak ez al dira gehiago kritikariari berari buruzkoak aztergai duen obrari buruzkoak baino? Zilegi bekit, beraz, metakritika pixka bat obra honek dakarren metanarrazioarentzat.

      Itzulera ere, kritika honen moduan, errealitatetik abiatzen da. Eguneko nekeak antzokira arrastaka dakartzan publikoaren gorputzekin nahasiko dira artisten gorputzak. Aktoreak dira ikuslearen errealitatera etorriko direnak, publikoa eskutik heldu eta, oharkabean, fikziora eramateko. Taula gainetik ere ohartaraziko digute mugaren lausoaz, gero eta zalantzazkoagoa delako non hasten den fikzioa eta non bukatzen errealitatea. Eta Dejabuko hirukoteak lortuko du, kontaketaren unerik zoroenetan ere, ikusleak zalantza egitea, ez jakitea beste ostegun batez bizirauteko borrokan ari den Bilbon, edo hileta ezinezko batean dagoen Mexikon. Kosk! XXI. mendearen hortzak zure haragian.

      Aurkia lehenbizi. Kontatzeko moduan jotzen du goia Itzulerak. Lengoaia zinematografikoa ezin hobeto aukeratu eta erabili dute, objektuen antzerkiarekin konbinatuta. Katie Mitchell antzerki zuzendari ingelesaren zuzeneko zinemaren bidetik, film baten errodajean gaudela sentituko dugu une batzuetan. Beste zenbaitetan, aldiz, Agrupación Señor Serrano talde katalanaren bideoaren eta objektuen manipulazioa etorriko zaigu gogora, The Mountain edo Extinción lanen bidetik. Funtsean, ondo jositako bideoeszena bat, sortu duten mundua zabaldu eta ia amaiezin bihurtzen duena.

      Zinema bidelagun hartuta, Dejabukoek jolas egingo dute diziplina horretatik ekarritako erreferentziekin ere bai. Thelma eta Louise film gogoangarriaren eszena gogoangarrienarekin egingo dute jolas, edo, bidaiak lurralde oniriko eta surrealistagoetara jotzen duenean, egunotan joan zaigun David Lynchen begirada bereziarekin. Beste urrats sendo bat obra mugarik gabe zabaltzeko.

      Ifrentzuan, kontakizuna bera. Proposatzen diguten bidaiak ez du helmuga oso argi bat eta, beraz, zaila egiten da une batzuetan tentsio narratiboari eustea. Zenbait eszenaren arteko loturak ahul sentitzen dira tarteka. Nolanahi ere, komediaren kolpeek estaliko dituzte, nola edo hala, hain ondo josi gabe geratutako hari-muturrak.

      Itzultzea, batzuetan, daitekeen langintzarik zailena dela idatzi zuen Sarrionandiak, oraindik harentzat itzultzeak ia ezinezkoa ematen zuen sasoian. Beldur ematen digu utzi genuen leku hura orain beste leku bat dela pentsatzeak; akaso, nola edo hala, nora itzuli ez dugula uste izateak. Gazte antzerkilari batek gaztigatu omen zien Dejabukoei garaiak eta publikoak aldatu direla eta, agian, itzuleran, ez zutela jakingo nola atximurkatu bihotzak. Baina ikusleak ez ote garen apur bat Ulyses potrohandiaren zain zegoen Penelope hura bezalakoak, egunez josi eta josi, izan ginena atzean utzi nahi izango bagenu bezala, baina gauez lan guztia desegiten, jada ez dugulako, ez gaitezen engaina, beste inor izateko gogo handiegirik.

      Dejabu itzuli da eta itzultzea zer langintza zaila den kontatu digu. Ohi bezalako mimoz, ofizioarekiko miresmenez eta ondo eraikitako lengoaiez. Horregatik sekula joan izan ez balira bezala sentitu gara gure besaulkian, pozik, bihar ez dugulako berriro beste norbait izateko gogoa dugula antzeratzen ibili beharrik izango.

      Ulyses etxean da. Has dadila festa. Eta mendea.