Ekoizpena: Tanttaka. Egilea: Simon Stephens. Zuzendaritza eta eremu eszenikoa: Fernando Bernues. Argiak: David Bernues. Jantziak: Ana Turrillas. Antzezleak: Ramon Agirre, Naiara Arnedo. Lekua: Getxoko Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoa. Eguna: Urtarrilaren 25a.
Ziurgabetasunaren printzipioa 1927an formulatu zuen Werner Heisenberg fisikari alemanak, esanez —barka formulazioaren akatsak— ezinezkoa dela objektu baten posizioa eta abiadura aldi berean neurtzea. Kontzeptu horretan inspiratuta idatzi zuen Simon Stephens dramaturgo britainiarrak Heisenberg antzezlana, harekin irudikatuz giza harremanen ziurgabetasuna.
Londresko metro geltoki batean ezagutu dute elkar emakume batek eta gizon batek, baina euren arteko diferentziak askotarikoak dira, edadearenetik hasita: gizona zahartzaroaren atarian dago eta emakumea helduaro onean dabil oraindik. Ezinezkoa dirudi bien arteko harremanak aurrera egitea, baina horretarako dago antzerkia, gauza ezinezkoak egia bihurtzeko, tarte batez behintzat, eta haien bidez giza kondizioari buruzko gogoetak gugan pizteko.
Beste kontu askotan ere badira desberdinak bi protagonistak: Georgie alaia da, hitzontzi porrokatua eta nahiko zatarra besteak tratatzean; Alex, aldiz, gizon herabea da, berba gutxikoa eta errespetuzko harremanetan iaioa. Osagai politak, beraz, testu dramatiko on bat garatzeko, eta ikusle guztiok adi egon gara bien arteko kontu horrek nola egin zezakeen aurrera, edo nola egin porrot, dena zegoelako zabalik posibilitateen artean.
Simon Stephensek, noski, ofizio handiz jakin du esku artean zeuzkan elementuekin jokatzen eta giza intereseko testua idatzi du bi pertsonaien nortasuna era koherentean diseinatuz eta biengandik atera zitezkeen kontraesanak zukutuz. Hala ere, beti gabiltza berdin, gizona emakume gazteagoengan zoriontasuna aurkitu nahian eta emakumea edadetuagoengan heldutasun eta diru bila. Analisi sakon askotarako emango luke kontuak.
Eszenaratzerako, egilearen oharrei jarraitu die Bernuesek, eta bi aulki eta tripode gaineko foku mugikor batzuk baino ez ditu erabili eremu biluzian. Era horretan, testuaren eta antzezleen gainean geratu da pisu guztia, eta duelu eszeniko polita bihurtu da Ramon Agirre eta Naiara Arnedoren artekoa. Arnedok antzezpen erakustaldia egin du bere gainean zegoen ardurari eusteko, eta Agirrek ia-ia bere presentzia eszeniko soilarekin eraiki du Alexen pertsonaia estoikoa, bien arteko panoramari komikotasun neurtua gehituz hitz bakarreko erantzunekin edo esaldi labur-labur batzuekin.
Amaitzeko esango dugu emanaldiaren minutuak azkar batean igaro direla eta antzokitik irten garela sartzean geunden baino asebeteago. Antzerki onaren mirariak!