Javier Liñeraren Barro rojo antzezlana euskarara ekarri du konpainiak, eta ostegunean estreinatuko du, Gasteizen. Gayek Europako kontzentrazio esparruetan izandako baldintzak kontatzen dira obran. Aitor Perez aktorea da protagonista.
Aurki beteko dira hamar urte Javier Liñerak Barro rojo antzezlana estreinatu zuenetik, eta, urtemuga horren karietara, lan horren euskarazko bertsioa ekoitzi du Ekoma Teatrok: Lohi gorria. Liñerak berak zuzendu du lana, eta Aitor Perez du protagonista. Europako kontzentrazio esparruetan eta Francoren garaian kartzeletan homosexualek bizi izan zuten jazarpena kontatzen du antzezlanak, drama eta komedia nahastuta. Ostegunean taularatuko dute estreinakoz, Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko antzokian, 19:30ean. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatuko dute lana.
Gay bat Europako kontzentrazio esparru batean eta Francoren kartzeletan giltzapetu zuteneko istorioa, haren iloba Amelia transformistak kontatuta. Elkar gurutzatzen duten bi istorio oholtzara eramango ditu Lohi gorria-k. Perezek adierazi duenez, “istorio bat beste istorio baten barruan” kontatu nahi dute antzezlanaren bidez, hots, protagonistarena eta haren osaba homosexualarena. Eta hori dena iraganeko bi errealitatetan islatuta: Hitlerren Europa eta Francoren Espainia.
Bi pertsonaiaren eta haien bizipenen arteko “bidaia bat” dela kontatu du Perezek. Baina ez edonolakoa. “Kontrastez beteriko bidaia bat baita”. Eta, hala, “negarraren eta barrearen arteko bidaia bat” proposatuko dio konpainiak ikusleari, baina baita “amorruaren eta adiskidetzearen artekoa, kabaretaren eta dramaren artekoa, beldurraren eta pozaren artekoa, eta krudelkeriaren eta maitasunaren artekoa ere”, Perezen hitzetan.
Ahaztutako istorio bat kontatzen du obrak: homosexualek Europako kontzentrazio esparruetan izandako baldintzak. Perezek azaldu duenez, bazuten nolabaiteko “beharra” homosexualek bizi izan duten eta oraindik bizi duten jazarpena salatzeko. Bereziki egungo testuinguruan, zeinetan Europa osoan “gorrotoaren diskurtsoak gero eta indartsuagoak diren”. Salaketa egiteko modu bat ere bada antzezlana, finean: “Nondik gatozen jakiteko eta jende askoren borrokari eta lanari balioa emateko beharra genuen”. Aktorearen esanetan, “memoria demokratikorako” ariketa bat egin nahi dute, eta nahiko lukete publikoak gogoeta egitea eskubideen galerari buruz: “Asko irabazi dugu, baina asko galtzeko arriskua ere badago”.
Transformista baten larruan jartzea nekeza egin zaio Perezi. Kontatu duenez, pertsonaia bera irudikatzea izan da zailena, eta, prozesu horretan, bere buruarekin zituen “borroka eta beldur franko” uxatu behar izan ditu: “Beti saiatu naiz nire luma ezkutuan izaten eta heteronormatiboa izaten, baina, bat-batean, hori dena askatzera ausartu behar izan nuen: luma izatera, nire alde femeninoa erakustera...”. Behin pausoa eman eta beldurrak alboratuta, onartu du gustura egon dela Amelia transformistaren rola jokatzen.
Euskaraz, ospatzeko
Liñerak Barro rojo antzezlana estreinatu zuenetik hamarkada bat igaro da, eta Perezek iritzi dio lan hori euskaraz taularatzea dela “ospatzeko” modurik onena. Ekoma Teatrok eta Liñerak berak ekoitzi dute lana, eta Idoia Barrondok euskaratu. Hain justu, Barrondok “mimo handiz” eraman du testua euskarara. Izan ere, ez du gaztelaniazko hitzez hitzezko itzulpenik egin, “moldaketa poetiko bat” baizik, Perezek azaldu duenez. Barrondok ongi daki Liñerarekin lan egitea zer den, elkarrekin aritu baitziren Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari antzezlanean, eta, beraz, bazuen lan hau beste modu batez itzultzeko lizentzia moduko bat. Lantaldea gustura dago emaitzarekin, “hizkuntza izugarri zaindu” dutelako: “Hizkuntza modu poetikoan erabili dugu, eta, aldi berean, publikoarentzat gertukoa egin”.
Hizkuntzarena ez ezik, bestelako ezberdintasunak ere baditu gaztelerazko lanarekin alderatuta. Estetikoki ere egin dira aldaketak, dela argiztapenean, dela oholtzaratzeko orduan, eta hainbat pasarte egungo testuingurura moldatu dira, lanak gaurkotasun handiagoa izan dezan.