Poesiaren biomekanika
Mikel Ayllon
ehaze.eus, 2024-11-18
Marmarra

Antzezlana: Marmarra. Zuzendaritza: Atx Teatroa. Gidoia: Jon Gerediaga / Atx Teatroa. Aktoreak: Aitor Etxarte, Alazne Astorga, Estibaliz Villa, Garazi Etxaburu, Mirian K. Martxante, Sandra Fdz. Agirre, Sandra Tejero. Ekoizpena: Atx Teatroa. Saioa: 2024ko azaroaren 8a, Zornotza Aretoa.

Gezurra dirudi. Gaur egunetik begiratuta, behintzat, bai. Baina hala izan zen: Vsevolod Meyerhold Konstantin Stanislavskiren ikasle eta are miresle sutsua izan zen. Baina gaur egun gertakari hori sinesgaitza iruditzen bazaigu, kulpa ez dauka Konstantin gaixoak, baizik eta haren legatua, behartzearen behatzeaz, eremu psikologizista hutsera ekarri duten haren jarraitzaileek.

Naturalismoaren ondoren Chejov, Ibsen eta enparauak sortzen ari ziren antzerki modernoarentzako autobide bat eraiki zuen Stanislavskik. Ez nolanahikoa, gainera. Inoizko autobiderik luze eta zabalena. Metodo bat, pentsatzen eta sentitzen hasi ziren pertsonaiak interpretatu ahal izateko. Modernitatearen beste katebegi bat.

Eta Stanislavskiren autobidean aurrera eginda aurkituko dugu Meyerholden mundura daraman irteera. Eta bertan, lan fisikoa, mugimendua, estetika industriala, aktoreek ibiltzeko/erabiltzeko/mugitzeko moduko eszenografiak, izerdia… Antzerki bat berak eta bere alderdi boltxebikeak sortzen ari ziren munduaren neurrikoa. Antzerki bat ekintzari emana. Batez ere gorputzarekin pentsatu eta sentitzen dugulako. Aurrekoaren beharra duen beste katebegi bat, funtsean.

Lubaki lainotsuarekin lur gainera burua atera ondoren, lurrazpira itzuli da Atx Teatroa Marmarra honekin. Munduaren makineria guztia eta lurrari eusteko aldamioak ezkutatzen dituen lurrazpi horretara. Eta, bertatik, Jon Gerediagaren zeru-lurren poemen oihartzuna helduko zaigu belarrietara. Ia lanturu diren pertsonaien esanek bizirik dagoen natura bati begira jarriko gaituzte, errotazio bakoitzean marmar egiten duen ama-lurrari begira, zahartzen eta beldurretan itotzen ari zaigun bizitza bati begira.
Eta beti etortzeko mehatxuka ari den beldurrezko Godot horren aurrean, familia babesgabe bat, erantzunak aurkitzeko ezgauza. Godot iristen den arte. Berriro denari hasiera emateko. Amaierarik gabeko ritornello batean kateatuta geratzeko. Berriro galdera zaharretan endredatzeko. Erantzunak, azken beltzean, galdera berriak baino ez direla ohartu nahi gabe.

Egia esan, hitzek baino, mugimenduak ematen dio obrari dirdira. Poema funtzionarazten duen (bio)mekanika du indargune nagusi: Metalezko egituren mundu hori, antzezleen lan fisikoa, edo, nahiago bada, ekintzaren gramatika. Horregatik gertatzen dira bereziki erakargarriak taula gaineko bi giza-animaliak, Sandra Fernandez-Agirreren anfibioa eta Garazi Etxabururen oilarra.

Nolanahi ere, faltan bota dugu apustu estetiko sendoago bat, bereziki eszenografiari eta aktoreen lan fisikoari lagunduko dion argien diseinu aberatsago bat. Beharbada, pieza aretoetarako zein kalerako baliagarria izateko nahi horretan, aretoko bertsioak indar estetiko pixka bat galdu du, kaleak eskatzen duen diseinu tekniko autonomoago baten mesedetan.

Hori bai, gauza ezin gustagarriagoa da antzoki batera joatea eta antzerkia ikustea. Ariketa etiko eta estetiko zintzo bat. Horrek ere gezurra dirudi, baina ez da uste bezain sarri gertatzen.
Chejovek esana da Meyerhold imitaezina dela, baina ez dabilzkio oso urruti Atx Teatrokoak.