Teatro herrikoiaren birsortzea
Jaime Valverde
Gara, 2014-04-15
“Harresia”

Eguna eta lekua: Izpura, 2014-04-11. Idazle eta zuzendaria: Antton Luku. Aktoreak: Donibane Garaziko Lizeoko ikasleak.

      Urtero bezala, Antton Lukuk antzezlan bat eraman du taulara bere lizeoko ikasleekin. Esan daiteke “Harresia” tobera beste koska bat gehiago dela Luku forma herrikoi honekin egiten ari den eraberritze eta esperimentatze prozesuan; pauso garrantzitsu bat, esango nuke. Izan ere, zaila da 192 km autoz egitea justifikatzen duen lan honen aberastasunaren berri lerro bakar batzuetan ematea. Has gaitezen esanez toberari dagokion bezala, gizartearen kritika zorrotz eta sakon bat dela. Istorio alegoriko baten bidez, egungo Iparraldeko euskal komunitatean antzemandako hipokrisiak eta inkoherentziak gogor salatzen ditu Lukuk. Esaterako, Amets Arzallusek iazko Aberri Egunean izan zuen jarrera eta irakurri zuen diskurtsoa erreproduzituz, “euskararen gaia serioski hartu” ez duen abertzaletasun mota bat denuntziatzen du aho betez.

      Shakespeare-ren “Richard II” obran oinarrituz, Lukuren alegoriak bi botere guneren artean kokatzen du euskal gizarte ipartarra: batetik, Rikardo erregeak arestian aipatu abertzaletasun mota hori islatuko luke, boterea atxikitzea beste helbururik ez duena eta klima aldaketaren aurrean entzungor egiten duena; bere aurrean, Bullingbrook aurkaria, ezker frantses ekologista baina jakobinoa irudikatuz. Istorioa osatzeko, Jakes Oihenarteren “Kaniko eta Belixtina” testu zaharra ere hartu du oinarri Lukuk, eta tobera zahar honen giro lizun eta bihurria gehituz, emaitza zoragarri bat lortu du autoreak, adierazi nahi duen horri indarra eta originaltasuna ematen baitio.

      Baina agian alderdirik interesgarriena da hori guztia taula gainean gauzatzeko erabili moldea; Commedia Dell'Arte-ri dagokion maskara teknika baliatu baita obran. Pertsonaien tarak edo akatsak adierazteko, animalia baten mugimenduari lotua dago bakoitzaren jarrera. Horrela, testuaz gain aktorearen gorputzak garrantzi handia eskuratzen du, eta gako bihurtzen da publikoarekiko komunikazioan. Ohiko errealismo psikologikoa baztertzen da eta teatroak berreskuratzen du garai bateko indarra. Esan dezadan bide batez zoragarria dela ikustea lizeoko aktore gazte hauek erronkari aurre egiteko erakutsi duten ausardia, trebetasuna eta ilusioa.

      “Harresia” obrak inauteriaren izpiritu herrikoi eta iraultzailea gaurkotzeko meritua dauka. Teatroak behinola izan zuen gordintasuna eta freskotasuna berreskuratzen du; gizartea astindu, boteredunak egurtu eta publikoa sakonki hunkitzeko zeukan ahalmen berezia. Geratzen zaidan pena bakarra: teatrozale askok agian ez dutela izango obra eder hau ikusteko aukerarik.