Errealitatearen prisma baliatuz
Jaime Valverde
Gara, 2014-04-07
“Hamlet”

Eguna eta lekua: 2014-04-05, Markina-Xemenin (Uhagon Aretoa). Idazlea: Shakespeare (Xabier Mendiguren). Zuzendaria: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu, Urko Redondo.

      “Errautsak”-en ondoren, Le Petit Théâtre du Pain, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedrama taldeek testu klasiko bati heltzeko erronka hartu dute, Xabier Mendiguren idazlearen kolaborazioarekin. “Hamlet”-en moldaketa honetan, ausardia handia erakusten du Ximun Fuchs zuzendariak publikoa harritzeko bere asmoan.

      Zer ikusiko genuke Shakespeareren klasikoa orain eta hemengo prismaren zehar proiektatuko bagenu? Zein izango litzateke traidorea? Zein printze etsia? Noren aurka mendekua? Zeinek akabatuko luke zein? Nor erotuko litzateke? Badirudi abentura dramatiko honen abiapuntuan horrelako galderak planteatu direla.

      Aurreko proiektuan bezala, “Hamlet”-en nabarmentzen da aktore lan bikaina eta koro dramatikoan aritzeko trebetasuna. Antzoki osoaren espazioa baliatuz publikoa gertutik inplikatzen dute jokalariek, erritmo biziko tarteak introspekziorako momentuekin tartekatuz.

      Philippe Ducouren koreografia oniriko eta iradokitzaileak kontraste handia sortzen du obraren tonu orokorrarekin eta aproposa suertatzen da zuzendariak bilatu duen kutsu surrealista gauzatzeko. Jakina denez, eromena da “Hamlet”-en gai nagusietako bat; eromena injustizien aurrean.

      Agintarien diskurtso hutsala, salbatzaileen hipokresia edota izatearen kontingentzia; injustizia horiek geurera ekarriak dira obran, Shakespeareren testuarekiko erreferentzia eta jolas dramatikoko sare aberats bat osatuz. Izan ere, nire ustez obra honetan “Errautsak”-en arrakasta ahalbidetu zuten baliabide teatralak konbinatu dira arreta handiagoa eskatzen duten zenbait aspekturekin.

      Nolanahi ere, talde hauen kolaborazioek maila handiko muntaketak ziurtatzen dituzte, eta, kasu honetan gainera, oso interesgarria da “Hamlet” obraren izpiritua eta galderak gaurkotzeko baliatu duten estrategia: boterearen injustiziak jende arruntaren bizimodua muturrera desitxuratzen duenean, Danimarkan edo hemen, ez dakigu eromena horren ondorioa den, edota horri aurre egiteko zentzuzko estrategia bakarra.