Emakume gazte eta euskaldun baten dramak kontatu ditu Ni eta nitarrak antzezlanean. Umorea eta esajerazioa baliatu ditu eguneroko bizimoduaren gordintasuna erakusteko.
Maria Osesentzat (Arrasate, Gipuzkoa, 2000) ametsa zen antzezlan bat sortzea, eta bete du: Ni eta nitarrak bakarrizketa sortu du, AED Arrasate Euskaldun Dezagun-ek eskatuta. Iholdi Beristainek jokatzen du Maria Jesusen rola, emakume gazte eta euskaldun batena. Haren eguneroko dramak kontatzen ditu, umore kritikoa baliatuta. Urriaren 22an estreinatu zuten, eta abenduaren 3an taularatuko dute berriro, Atxondon (Bizkaia).
Nola sortu antzezlan bat?
Argi neukan niretik kontatu nahi nuela: gazte izatea, transfeminismoa... Pertsonaia nahiko bitxia sortu nuen, pixka bat nigan oinarritua.
Beraz, Ni eta nitarrak zer dira, Maria Oses eta mariaosestarrak?
Hori da abiapuntua. Gero, pertsonaia esajeratu samarra da, nahiko dramatikoa, nahiko kaotikoa. Maria Osesen karikatura bat.
“Dramak kontatzera nator”, esan zenuen. Zer eratako dramak?
Neska gazte euskaldun batek eduki ditzakeen dramak dira ildo nagusia: maitasunaren inguruan, euskalduntasunaren inguruan, heldu bihurtzearen inguruan...
Eguneroko dramak dira. Eguneroko bizitza drama da?
Pertsonaiarentzat, bai. Baina ez da drama triste bat: dramak kontatzen ditu bere burua barregarri utziz, umorea eta kritika baliatuz.
Umorea erabili duzu ikusleengana hobeto heltzeko?
Bai, betiko diskurtsoa erabili gabe ikusleengana heltzeko era bat da.
“Erdipurdikotasunaren apologia da”. Maria Jesus erdipurdikoa da, eta harro dago?
Hasieran, erdipurdikotasun hori azaleratzen hasten da, eta, bukaeran, bere egiten du erdipurdikotasun hori. Antzerkian konturatzen da ezinezkoa dela perfekzioa lortzea.
Herritar asko zoriontsuagoak izango lirateke onartuko balute erdipurdikoak direla?
Bai. Emakume, gazte, sortzaile... izanda, presio handia jasaten dugu, eta ematen du bikainak ez bagara ezin dugula ezer plazaratu edo egindakoa erakutsi. Perfekzioa edo ezer ez.
Erdipurdikoa izateak beldurra ematen du?
Askotan, erdipurdikotasun horren beldurrak paralizatu egiten gaitu. Antzezlanaren mezua da gauzak egitera ausartu behar dela, erdipurdikoak badira ere; gero gauza bikainak ateratzen badira, zoragarri. Egin eta bizi ditzagun. Erdipurdi ateratzen bazaizkigu, ez da ezer gertatzen, jende gehiena da erdipurdikoa.
Hala ere, ametsak behar dira?
Ez da erdipurdikotasun konformista bat, gauzak egiteko bidea ematen dizuna baizik.
Emakume gazte eta euskalduna da protagonista: Maria Isabel. Ez da, ziurrenik, ohiko izena emakume gazte eta euskaldunen artean. Zergatik aukeratu duzu?
Euskalduna da, baina zalantzak eta gatazkak ditu euskaldun izate horrekin, euskaldun identitatearekin. Euskalduntasun zurrun horretatik irtetea ere bada gaietako bat, zalantzan jartzea orain arte euskaldun izateaz esan diguten guztia.
Bakarrizketa bat da, umorea du, baina ez da stand-up comedy bat. Gehiago du antzerkitik. Zergatik?
Mugimendua eta dinamismo fisiko hori eskatzen zituen. 40-50 minutuko bakarrizketa bat da, eta ikuslea adi egonarazteko moduko eszenografia du; guztiak laguntzen du istorioa ulertzen.
Gazteek gertuago sentituko dituzte pertsonaia eta pertsonaiari gertatzen zaizkionak. Zer ikusiko eta ikasiko dute helduek?
Gazteen bizipenak kontatzen ditu, baina helduek gure dramak, eguneroko zailtasunak, zalantzak... ikusteko modu bat ere bada. Uste dut bide ematen duela helduek ulertzeko zer den gu izatea gaur egungo gizartean, zerk kezkatzen gaituen eta zer daukagun buruan.