Pabellón 6 aretoak antzerki-testuak argitaratuko ditu
Sara Cabrera
Bilbao, 2023-11

      Pabellón 6 Deustuko Erribera kalean, 47. zenbakian dago eta aurten hamabi urte bete ditu. Aukera paregabea da, beraz, ekimen berri baten inguruan hitz egiteko. Izan ere, beste urrats bat egitera ausartu da eta Pabellón 6 antzerki-testuak argitaratzen hasiko da. “Antzezlanen testuak bizitza eszenikoa izan dute, eta izaten jarrai dezakete”, esan dute. Aurreratu dutenez, bi ale eramango dituzte argitara: Ramón Barearen Palabrarismos, eta Javier Liñeraren Zer gertatu ote zitzaion Ana Garcíari? Euskarazko bertsioa Idoia Barrondok egin du.

      Iragarri dutenez, liburu horien atzetik beste batzuk etorriko dira: estreinatzear dauden testuak; duela urte batzuetako testuak; gaztelaniazko eta euskarazko testuak; antzezlan luzeetakoak zein pieza laburretakoak (Antzerki Arineko Jardunaldietan aurkeztu eta nabarmendu ziren testuak, alegia); Gazte Konpainiako egileek idatzitako testuak; liburu batzuk bi antzezlanekin, eta beste batzuk, bakarrarekin...

      “Pixkanaka-pixkanaka argitalpen berriak ateratzeko asmoa dugu, gutxi gorabehera bi hilabetero. Kasu batzuetan, musikak, diseinuek-eta eta argazkiek osatuko dituzte argitalpenak”, diote. Besteak beste, hauek izango dira izango dira hurrengo aleen egileak: Felipe Loza, Patxo Telleria, Braulio Cortes, Unai Izquierdo, Iñigo Cobo, David Caiña, Galder Pérez, Lander Otaola eta Ana García.

      Ekimenak “antzerki-sorkuntzako ondare bat sortzea eta mantentzea” du helburu. Horrela, Pabellón 6 aretoan egindako muntaiak beste konpainia batzuek egin ahal izango dituzte. Gainera, eskoletako praktiketan ere erabili ahal izango dira, edo beste barik, gustura irakurri ere bai.

      Ekimena aurkezteko, Ramón Barea ibili zen hizlari. “Antzezlan-testu interesgarriak ditugula uste dugu, eta horiek ez dira galdu behar. Proiektu jaioberri horrek ikuskizunetako soinu-bandak argitaratzea, eta testuak irrati-nobela (soinu-fikzioak) bihurtzea aurreikusten du”.

      Argitalpenak Pabellón 6ko taldeak autoeditatu ditu: liburuak Bilbon inprimatu dira eta azalaren diseinua María Casanuevaren eta Lucía Sáizen ardura izan da. Argitalpenek www.pabellon6.org webgunean jarriko dira irakurgai atal berezi batean, eta horretan Pabellón 6ren inguruko informazio anitza, egutegia eta historia ere kontsultatu ahalko dira. Halaber, liburuak webgunean eta leihatilan jarriko dira salgai, eta laster baita liburu-denda batzuetan ere. Prezioa hamabi eurotik hemezortzi eurora bitartekoa izango da.

 

      Antzerki laborategia

      Pabellón 6 aretoak arte eszenikoei pasioa dioten hainbat lagun batzen ditu. Sortzaileak, beraz, bertan elkartzen dira sinergiak sortzeko eta esperientziak trukatzeko. Hasiera batean, proiektua hamahiru begiradak sustatu zuten, eta gero, euren hitzetan, 200 kidek egin zuten bat egitasmoarekin. “Proiektuan sinetsi zuten, eta haien babesa emateko, alegiazko eserleku baña erosi zuten”.

      Proiektuaren oinarri bat antzerki laborategia da. Horrek sormen-lanak garatzeko aukera ematen die antzerki-konpainiei eta profesionalei, bereziki ohikoak ez direnei. Horrela, “edozein zuzendari, testu edo proiektu artistiko baten inguruan, entrenamendu iraunkor bat sortzen da, eta, bide batez, astetik astera gero eta handiagoa den publiko leial bat lortu”. Pabellón 6 sortu zenetik, hainbat lan egin dira bertan: Esencia patria (2012), Cavaret Billano de la Ribera (2012), Hoy, última función (2013), Cabaret Chihuahua (2013), Godot (2014), Fausto, ciudadano ejemplar (2014), Orquesta de señoritas (2014), La noche árabe (2015), Planteamiento, nudo y desenlace (2015), Teatro mohicano (2015), Chichinabo Cabaret (2015), El convite de Don Juan (2015), El otro es nosotros (2016) eta La casa de Bernarda Alba (2017).

 

      Azaroko programazioa

      Azaroan, antzezlan gehiago egingo dira Pabellón 6 aretoan. Machos en flor lanak, esate baterako, harrituko gaitu. “Errealitatetik abiatzen gara. Eta hobeak izan nahi duten gizonengan jarriko dugu arreta. Lan horretako pertsonaiak gizonen zirkulu batekoak dira. Estatu osoko zenbait hiritan banatuta, zirkulu horiek berdintasunezkoak izan nahi duten gizonen elkarte egonkorrak dira, patriarkatuaren aginduetatik ihesi. Hausnartu, kritikatu eta kultura-aldaketa feministari laguntzeko talde bat osatzeko biltzen dira. Ez dira ohartzen. Isiltasuna nahiago dute. Zaratarik gabeko aldaketa. Haiek elkartu, hitz egin, barre egin eta negar egiten dute. Eta guk haiekin”, adierazi dute. Ikusteko gogoa piztu zaizue? Sarreren erreserba webgunean egin dezakezue...