Gizonak eta Ez, M. de Pedrolo LEHENDABIZIKO AKTOA Bi Burni-habe bi hillarek, hiru gela desberdin egingo dituzte. Erdikoa, alboetako biak baiño meharragoa, estuagoa. Alboetako bi gelen aboetako bi paretak, zuri zuriak. Eszenarioaren barren guztian, oihal bat, goitik behera zuzen zuzena, kolorez beltza. Alboetako bi geletan, pareta zurien kontra, biña aulki, edo bestela, banku luze bat; oso anka-motz dira alki hok. Erdiko gelan, alki bat, ondoko geletakoa baiño txikiagoa. (Lan hau lehendabizikoz eman zanean, bankuaren edo alkiaren ordez, «mezedora» bat ipiñi zuen gidariek.) Alboetako gela bakoitzean, gizon bat eta emakume bat daude. Gazte dira oraindik. Fabi, eskubiko gelako gizona, lurrean etzanik bezala dago; eta emakumea, Selena, burni-habeei lotuta erdiko gelako gizonari begira. Gizon hau, EZ deritza, lurrean etzanik lokarturik dago. Ezkerreko gelako gizona, Bret, eta emakumea, Eliana, erdiko gizonari begira daude. Eliana erdi belauniko, eta Bret zutik. Eskuiñeko gelaren barren-barrenean, lurrean eserita, geldi eta nunbait galdurik bezala, mutil bat. Ezkerreko gelaren barren-barrenean, neska bat: mutillak duen postura bera du. Oihala altxa eta minutu batez edo, dena isil isilik. BRET: Hilik ote dago? FABI: Ez, lo dagoela dirudi. BRET: Orain arte ez zan sekula lokartu. ELIANA: EZ du mugimendu txikienik... FABI: Lo dago. ELIANA: Arnasarik ez duela, esango nuke... FABI: Ezpaiñetan mugimentu txiki bat ba du. SELENA: Hil zorian bide dago... FABI: Hil zori luzea litzake. BRET: Noizpait hil beharko daba. FABI: Zergatik hilko da? Hori baiño lehenago hilko ez ote geran, nork daki? ELIANA: Gazteago gera. FABI: Hori ere gazte da. Zenbat urte duen, iñork ez daki. BRET: (Ez-engandik hurbilago egoteko, lurrean etzan da.) Hilko balitz... ELIANA: Libre gindezke. FABI: Ez gera sekula libre izango. Begira bestela burni hoiei... (Burniei begira geratu dira guztiak; zenbait minututan denak isil. Gero, berriz denak EZ-i begira. Burni tartetik besoa luza eta gizonaren ikutzen ahalegiñak egin bitza BRET-ek. Dena alperrik!) BRET: Nahi eta ezin. FABI: Ez dugu sekula ikutu ahal izan. BRET: Ausartu ere ez gera sekula ausartu. ELIANA: Noizpait ausartuko bagiña... eta ikutu ahal bageneza, dana apurtuko litzakeala iduritzen zait. SELENA: (Burniak astindu bitza.) Gogorrik daude burniok... BRET: (Gizona ikutzeaz etsi beza eta lurrean eseri bedi.) Hare gogorragoa da diogun bildurra. (EZ, posturaz kanbiatu da.) SELENA: Mugitu egin da! (Hari begira danak.) FABI: Esan ere esan nizuen ez zegoela hil-da. (Zutitu bedi, burnien ondoan egonki.) BRET: Pozik nintzake makilla bat edo zerbait banu, kolpe bat edo beste emateko. (Gelaren barren alderat begira beza. Hori bera egin bezate FABI-k eta SELENA-k.) FABI: Makilla bat? (Atzean duen alkirat egin beza urrats bat eta hari begira, haren ondoan gera bedi.) Alkiaren anka batez zer egin ditekean, nork daki... (Har beza anka.) SELENA: Zer da hori Fabi? (FABI-rengana kurri egin eta.) FABI: Burni tartetik anka batez jo genezake... (Alkiari anka kentzen ahalegiñak egin bitza.) SELENA: Ez holakorik Fabi, ez holakorik! (BRET-en ondoan eseri da ELIANA, eta burniez beste aldeko gelan gertatzen ari danari begira geratu dira.) FABI: Zer dala eta ez? Saia gaitezen zerbait egiten... Aspaldi hontan ez gera ezer egiten saiatu. BRET: Gisako zerbait egiten ez gera behiñere saiatu. FABI: Lo dago-eta, oraintxe da gurea. Joan eta billa berriro noiz lokartuko dan! BRET: Bai, oraintxe da gurea. (Zutitu eta alkiraiño doa.) ELIANA: (Haren atzetik joaki.) Nik lagunduko zaitut. SELENA: Burutik eginda ahal zaudete? Zerbait gertatuta ere. BRET: Zerbait gertatuko balitz, hobe. FABI: Zu zerorri, burniotaz ez ote zaude asea? SELENA: Hala da. Baiñan, zer ondorenik izango dan ez dakigu-eta... (Denak geldi.) BRET: (Burnietara joaki) Ondorenik, diozu...? SELENA: Bai. Duguna bera baiño ere zerbait txarragorik etor dakigukeala, ez ote dakizute? FABI: Ez. Bai eta zera ere! Presondegia baiño txarragorik ezer ez dukegu. SELENA: Batek bost ba daki! Heriotza... Hil gintzake. BRET: Ez guk bera lehenago hiltzen badugu. SELENA: Besterik gabe, zauritu bakarrik egin bageneza? BRET: Orduan ere ez liguke ezer egingo. Gu gabe ez diteke bizi. Gu gabe ez litzake, ezer, ez litzake nor. FABI: (Alkiari anka oraintxe kendu dio.) Aproba bat egin nahi dut. BRET: Ni armatu arte, zaude. Erdi hilik uzten baduzu eta atzera egin badeza, hementxe egongo naiz gertu bertan behera zerraldo uzteko. ELIANA: (Oraintxe-arestian alkiari anka kendu dio.) Har zazu, Bret. SELENA: Eliana, ez ahal zera bildur ala? ELIANA: Bai, zuk bezelaxe gutxi gora behera, bildur espentagarria sentitzen dut. Bildur naizelako hain zuzen nahiko nuke hil lezaten. Beti izan naiz bildur... (FABI-k besoa burnien tartetatik sartu du, bainan, anka txikiegia dala ohartu da.) FABI: Ez dut ikutzen ahal... BRET: Ea nik... (Sar beza besoa, baiñan doi doia ikutu besterik ez beza egin gizona.) FABI: Zerbait luzegorik beharko genuke. (BRET-ek, bere hartan jarrai beza; besteak, ingurumaria begira bezate zerbaiten billa bezala; baiñan, errenik geratu diran alkiak beste ezer ez dago haien geletan.) ELIANA: Piska bat itxoegitea hobe genuke... Posturaz kanbia diteke. BRET: Ditekeana da. Itxoegin zagun. (Aspertu da; eginahal guztiak alperrekoak dirala ikusi du; utz bitza bertan behera; orain, denak, gizonari begira geratu dira.) SELENA: Ez diogu sekula ezer egiten ahal! FABI: Isilik zaude! Guk baiño gehiago ote dakizu? SELENA: Dena den, denok dakigu horren kontra ez dezakegula ezertxo ere egin. BRET: Zer dakigu guk! Gure indarrak horren kontra buruz buru nehurtu arte, ez dugu jakingo. SELENA: Milla aldiz nehurtu ditugu. FABI: Ez da hori. Hitz egitea eta alkar nehurtzea, besterik da. Beste alde, gugandik aparte bizi da. SELENA: Hor datza bere indarra. BRET: (Buruari eragiñaz.) Ez, ez dago hor. SELENA: Nun bada? BRET: Gauzen berri dakielako du indar. SELENA: Zer daki? FABI: Guk al dakigu! BRET: Gora behera guztien, ixillenen ere berri du. ELIANA: Ez digu sekula agertu. FABI: Ez eta agertuko ere. BRET: Hori egitea, isil-gorderik isillenak adiskideei esatea bezela litzake. Ez dizaiguke ezertxo ere esan, bestenaz bere burua traizionatuko luke eta. Bere etsaiak gera. FABI: Gure etsaia dala, esan nahiko zenukean. BRET: Gauza bera da. ELIANA: (Alkian eseri bedi.) Neri berriz, batzuetan, gure gora beherei, aza osto bati baiño garrantzi gutxiago ematen diela, iruditzen zait. FABI: Ez genioke begiratuko begiratzen diogun bezala, hori egia balitz. ELIANA: Berarekin ez bagera sartzen, ez da sartzen gurekin, baiñan. BRET: Zer dala eta sartuko da gurekin? Mendean hartu ginduen, eta orain bere eskuetan gauzka... ala uste du behintzat. Ez da bada-ez-bada ere sartuko gurekin, baitaki, hala, egin baleza, hemen barnean izkutaturik daramazkigun indarrak eta sena piztaraziko lituzkeala eta burnien kontra oldartuko giñakeala. (Alkiaren anka lurrera bota eta burniak astintzen hasiko da.) ELIANA: Ba dugu senarik. Burrukan ari gera halaz guztiz ere. SELENA: Bera ez da konturatu ere egiten... BRET: Noiz eta noiz hori! ... (Burniak pakean utz eta alkiaren anka har beza.) Ahaztutzeko betarik ere ez baidiogu ematen. FABI: Egia esan, ez du sekula ahaztu. Itxuraz bakarrik du indiferentzia guretzako. ELIANA: Aza hostoaren pare gera horrentzako. FABI: Isilik zaude! Dan guztia, gu gera horrentzako. ELIANA: Bai eta ez: ba gera eta ez gera deus. BRET: Hori da. Gure beharrean da, baiñan ez balitz bezala bizi da. FABI: Gure baitan ez baitu konfiantzarik. (EZ zertxobait mugitu da.) SELENA: (Haren begira baitzegoen.) Horra, mugimentu txiki bat zuen orain arestian. BRET: Txiki txikia... hutsa! Oraindi ere ez dago gure esku. FABI: Ez da sekula egon gure esku. Ez bera, ez bere pentsamendua eta ez bere naitasuna. Gure baitan zer ikusten duen ere ez dakigu. ELIANA: Ikusi, beharbada ez gaitu ikusi ere egiten. FABI: Hori horrela balitz ez lezake gurekin sekula diskuti. ELIANA: Besterik diot: geren burua ikusten dugun bezala ez gaituela ikusten alegia. Ba daki ba duela aurrean norbait, beharrezko duen norbait, baiñan ez daki norbait hori nor dan, norbait hori nolakoa dan. Horrentzat ez dugu nortasunik, ez izenik, denok berdiñak gera, itxura zerbait, aurrean dituen ezerez batzuek, gaitzitzen duten aza hostoak... BRET: Horixe berorixe da guretzat: izenik ez duen norbait. ELIANA: Ez deritza. FABI: Ez deritzagu. Beti eta guztiok, Ez otsegin diogu. Guk geok gure gurasoen deitura-apellidoa hartu genuen, bainan deitura hura egiazkoa ala alegiazkoa zan jakiteko ez genuen ezer egin. BRET: Hor konpon bere izena! Bera, bere izateko eta jokatzeko erazaigu ardura. SELENA: Kanbiakor eta aldakor da; beiñere ez bat eta hura. BRET: Ez, hain zuzen ere beti da bat eta hura. ELIANA: Ez du egiazko nortasunik. Gu nola, hala ari da. FABI: Momentuero mugatzen gaitu. (Harrituta bezala alkarri begira geratu dira laurak. Luzaz isilik.) BRET: Gizon hori buruz gutako bakoitzak ideia diferentea du! FABI: Bai eta zera ere! Hitzak ditugu desberdiñak, baiñan dena den, gauza bera ikutzen dugu guztiok. Beharrik esaten dugu guztiok, gauza bera! Bestela balitz, izan, ez litzake izango! BRET: Horrexengatik da izanago, kualidade eta defeto guztiak bat honen gaiñera botatzen ditugulako. ELIANA: Hori horrela balitz... FABI: (Aski urduri eta beroturik.) Hori horrela balitz deseginduko genuke! BRET: (Buruari eragiñaz.) Ez, orain beranduegi da. Baiñan, geok asmatu, sortu genuela beharbada egia da. ELIANA: Zer dala eta sortuko genuen kartzelero bat? BRET: (Bizkarra bildu-eta.) Haren beharrean aurkitzen giñalako edo. FABI: Orain ez dugu horren beharrik. BRET: Hori da, orain ez dugu horren beharrik. Gaitzitzen gaitu, oztopo bat kaltegarri da. ELIANA: Desegin dezagun beraz! FABI: Hortan ari gera hain zuzen. Baiñan... (Besoak zabal bitza, etsipena eman eta gelaren barrenera doa.) BRET: Zaude. Onenean... (EZ-i begira geratu dira laurak. ) FABI: Onenean? BRET: Ixo! Gauza bat bururatu zait. Gizon hau ba dalako ote daude hemen burniok, ala alderantziz, burniok hemen daudelako ote da gizon hau? Hortik jo behar genuke, hortik hasi... (Anka alde batera utz, eta has bedi burniak hastintzen.) FABI: (Horren ahalegiñan alperrokoak ikusi ondoren.) Ez. Norbaitek hala nahi izan zuelakoz dira gauza guztiak, bateren batek hala erabaki zuelakoz. Borondate batek altxatu zituen burniok. ELIANA: Geok edo gure gurasoak sortuak dira. FABI: Behar da hortarako prozedimentu bat... ELIANA: Gure borondatea. FABI: Borondateak ez digu ezertarako balio izan. Beti izan dugu borondaterik. ELIANA: Ez beharbada beti behar genukean beste. Bildur piska batek, gure indarretan konfiantza ezak ez bide dio utzi libreki ager zedin. FABI: Libreki! Burni tartean zer diteke azaldu libreki? SELENA: (Burniei lotu da, oiñazez beterik.) Ez dut konprenditzen, ez dut ulertzen! FABI: Zer ez duzu ulertzen? SELENA: Dena eta ezer ez. Gizon hori, zuek, ni neroni. BRET: Zer konprenditurik ez ikusten ez dagoelako edo da, eta iñork baiño argiago zuk duzu ikusten. FABI: Beti dago zerbait konprenditzekorik. Hori dala eta gaude hemen. Besterik ez bada, zerbait konprenditzen saiatzeko. Oraiña eta geroa gure da, oiñazetan eta preokupazioetan bizitzeko. Enima hau miatzeko eta konprenditzeko, urteak urteen gain, gure ditugu. Noizpait konprendituko dugu. BRET: Horrekin edo hori gabe. ELIANA: Gabe, beharbada. BRET: Zergatik esan duzu hori? ELIANA: Azken mugaraiño iristen galeraziko baitigu. Gauzak garbi eta zuzen ipintzeko momentua etor dakiguneen, gauza guztiak itxuraldatzen saiatuko baita... BRET: Ia ia azken mugaraiño iritxi geranik ez bide du pentsatzen; gure barnean sarturik, isilik isilik, hitzik aipatu gabe zertan ari geran iñork ez dakiela, gure egoerari soluzio bat billatzen ari geranik ere ez zaio burura etorriko! Eta gero, berriro lokartu dediñean... SELENA: Berriz gehiago lokartuko ez balitz? FABI: Egia. Beharbada gure bizitza guztian ez da gehiago lokartuko... BRET: Ez dakigu zuzen. Dana dala, prepara gaitezen... SELENA: Zer besterik egin dugu bizitza guztian? BRET: Orain besterik da. SELENA: (Lehengoan gogor.) Beti hortan gera: orain besterik da, joanak joan, orain beste momentu batean bizi gera. FABI: Zuzen ari da Selena. BRET: (Oiñaze-miñetan.) Selena beti zuzen ari da. Bildurtiena ere bera baita... SELENA: Gauza guztiak izkutuan gordetzen ditut, ahaztu gabe. FABI: (SELENA-ri begira.) Zer gordetzen duzula? SELENA: Bai, zuek ahaztutzen duzuen gauza guztien oroitzapena. BRET: Ez dugu ezer ahaztu. Zertaz oroiturik ez baitago izan ere. Geon baitan ezer esan gabe pentsatu dugun guztia, ez baigenezaiokean ezertxo ere esan. SELENA: Barne muiñetan bizi ditugunak oroit diteke. ELIANA: Hitz egitea ez digu behiñere debekatu... SELENA: Guk zer esango esnai, hor zegoen beti ordea. Zertaz mintzatzen giñan? (Beste hiruek mugimendu bat dute, eta zer esan ez dakitela bezala, alkar begiratuko dute.) SELENA: Garrantzirik duenik ezer, iñoiz esan ote dugu? BRET: (Buru makurrik.) Hortaz oroitzea neke da, Selena. SELENA: Ni bai, ni oroitzen naiz. Eguneroko gora behera xinpleak aipatu ditugu beti. FABI: Gora behera horiek aipatzen genituenean hain zuzen ari giñan hontarako preparatzen. SELENA: Bai, preparatzen ari giñan. Horrexengatik ez dugu orain, presenteon ezer berririk egiten, ditugun pentsamentuok bata besteari agertu baizik. Egiteko genuen guztia, aspaldidanik zuen guretako bakoitzak nola egin behar zuen erabakirik. Eta zertarako balio izandu du? BRET: Horretxek bultzatu bide gaitu momentu hontara. SELENA: Beste edozein momentu bezin momentu da hau. Esnatuko baita, eta dana lehengora etorriko da: hain usaturik gauden ordenara. BRET: (Ankaz berriz zerbait egiten saia bedi.) Arrapa ahal baneza... SELENA: Ez zenezake ordea. Horrek ere baduke sendituren bat. FABI: Ez, hala gertatu beharrezkoa izango zan. Burnietatik gertuago lokartu izan balitz... SELENA: Balitz eta ez balitz... Hori da ez duena egin! FABI: (Zerbait egin gogoz.) Egitea pentsaturik genuena bertan behera utziko ahal diogu ba? SELENA: Ez; hobe dugu zerbait egiten saiatu. BRET: (Ankaz saiatu ondoren, bertan behera utzi du dana.) Alperrik ari naiz. Noizpait nekatuko ahal da betiko postura horretan! SELENA: Hori ere jakin ez dakigu. ELIANA: (Kejatuz bezala.) Zuk bihotzgabetzen badituzu... SELENA: Ez dut iñor bihotz gabetu. Lan eta lan aritu eta gero esku hutsik aurkitzeak emango lieken atsekabea eta nahigabea aldendu nahi nieke. FABI: Esku hutsik aurkitzea baiño milla aldiz tristeago da ezer gertatu gabe egunak eta egunak etortzen sentitzea. ELIANA: Beti da zerbait berririk gertatzen. Gero eta txikiagoa da dugun itxaropena. Hemen sartu giñanean, zenbait egunetarako bakarrik izango zala, uste genuela, ondo asko gogoratzen zait. FABI: Egungo egunean ere hori bera uste dugu. Bizitza hontara ez gerala sekula jarri ondotxo dakizu. Zerbait hoberik aurki ditekealako da noski; ez burnirik eta ez bildurrik ezagutuko ez dugun egun argi bat halako batean etorriko zaigulako. Ez gabe bizitzerik izango dugun eguna. SELENA: Ez beti izandu dugu gaiñean. BRET: Izan dana eta izango dana ez da berdin. Egunero dira gauzak kanbiatzen. SELENA: Kanbio hori izateko kondizioa Ez da beharbada. BRET: Mugarri bat da. FABI: Gure borondateari eragiteko dira on mugarriok. (Anka burnitartean sar beza.) Eskurago baneduka... (SELENA gelaren barrenera joan da eta ahal dan bezela eseri egin da. Besteak SELENA-ri begira.) FABI: (Besteei itzuli.) Momentu honetan gugandik apartzeak, zeronik dakarke? SELENA: Ez naiz apartatu. Nekaturik nago. Itxoin beharraren itxoin beharra!... Lehen esnai bezinbat denbora orain lo egongo ote dan, batek ba'daki!!... BRET: Hala hobe. Zenbat eta lo luzeegoa eta kolpe gehiago ematen ahal diogu. Beste zerbaiten billa ahalegindu gaitezke gaiñera... Ankaz besterik zerbait gehiago ba dagoke. FABI: Bai, ba dagoke, baiñan nun? ELIANA: Burnien artean dagoen tartea zabalagotu genezake, agian... BRET: Edo agian... Ixo! Ba da bide bat. FABI: Zein bide? BRET: (Ezin egonez eta urduri.) Hobeto jotzeko guregana erakartzeko bide bat. FABI: Nola? BRET: Uztai antzeko zer edo zer egin eta burutik behera sartuta edo eta zangoetatik lotuta guregana erakar genezake. FABI: (Erabat harrituta.) Uztai baten antzeko zerbait, esan duzu? Zerekin egingo dugu? BRET: (Ingurumarira begiratuaz.) Ezdakit ba... ELIANA: Gerrikoekin... BRET: Hori esan! gerrikoekin gerrikoez! (Fabi-ri.) Bota zazu zure hori. (Bai batek eta bai besteak gerrikoak kenbitzate.) FABI: (Burni tartetik bota beza berea.) Har zazu. ELIANA: (Bilduaz.) Neuk egingo dut. Binbitartean, har zazu anka bat eta kolpeka hasteko zaude prest... (Bi gerrikoak lotu, eta mutur bat hebillatik pasatuaz, uztai baten antzeko zerbait egin beza.) FABI: Nik zer egin nezake? BRET: Geldi zu. Ez gaitezke denok batera lanean har. Zaude prest, beste aldera eskapatzen balitz ere. Erne, beraz! (Ez mugitu egin da. Zutitzea bezela egin du, baiñan, gero, lurrean etzan bedi. Besteak hari begira daude.) FABI: Ikusi ahal duzue? BRET: Bai. Esnatuko zala uste nuen. Horrela mugitzeko, nahi eta nahiez esnai dago gizon hau... SELENA: (Bankutik.) Ez; ez bide da lokartzen gu bezala. Gu ez bezalakoa da. BRET: Hala bide da. Baiñan ez dezagun denborarik alperrik gal. Emazu hor, Eliana! (Mutur batitik eldu eta beste muturra gizonaren kontra botako du; Binbitartean BRET, ankari bi eskuekin elduta, joka hasteko gertu dago. Baiñan, soka, doidoia eta goxoki erori da EZ-en gaiñera.) FABI: Orain bai esnatuko dala... (ELIANA, bere hartan saiatzen da, bainan gauza onik ez zaio atera. SELENA, alkitik altxa eta besteengana hurbildu da, haiek dagitena ikus asmotan.) ELIANA: (Porfiatuaz.) Hauxen ere zailla da... BRET: Utz idazu. (Soka hartzen dio eta anka ematen.) Honeraiño ekartzen banu, has berehalaxe kaskaka, erdi-erdian kolpe bat eman. (EZ-en zangoak lotu nahiez, hara egorri du soka. Denak begira begira daude. Soka ez da lotu EZ-en zangoei.) BRET: Bai, egiazki gauza zailla da... FABI: Ez dugu ezer onik lortuko. Beste era batetara beharbada. Zaude... (Alkandora kendu, bi puska egin eta muturrez bibiztoa egin du. Aski luzea dala iruditu zaio eta, lot bezaio ankari.) BRET: (Zer ari ote dan jakin miñez.) Zertarako duzu hori? FABI: Ikusiko duzu. Har zazu... (Burniz bestaldera anka bota beza; BRET-ek, makurtuaz, har beza.) ELIANA: Zertarako dan oraintxe konturatu naiz. Zangoen azpitik pasa eta... FABI: Hori bera. (Bret-i). Ba dakizu orain. (Alde banatatik sokari elduaz, Ez-en zangoen azpitik soka pasa bezate.) BRET: Zer egingo dugu orain? FABI: Itzul idazu anka. BRET: Zer asmazioa! Zer gauza bitxia! (Anka bota dio; FABI-k har beza.) FABI: (Soka askatu eta Selena-ri.) Zer nahi duzu; lotuta honeraiño ekartzea ala bertan kolpeka hastea? (EZ, bapatean, BRET eta ELIANA dauden gelatara bihurtu da. Zangoak mugitu ditu, eta mugimentuaz, eskuetan zituen bi soka muturrak aldegin diote FABI-ri.) BRET: Otx! otx! FABI: Madarikatu alena! (Burni tartetatik eskuak luza eta sokaren bi muturrak hartu nahi ditu.) BRET: Zaude! Orain gertuago dadukagu eta. (ELIANA makurtuaz EZ-en zango bati lotu da, eta burnietaraiño erakartzen saiatuko da. Binbitartean BRET, ankaz kolpea emateko gertu dago.) BRET: Eldu zaiozu gogorrago! (Bere burua loturik ikusi danean, EZ esnatu egin da. Oiña askatzen ahalegiñak egin bitza; aska beza eta zutitu bedi. Lurrean eseri da, eta beste guztiek atzera egin dute. Ez haien begira geratu da.) EZ: Zer demontre gertatzen da hemen? ELIANA: Zer? EZ: Zer egin nahi zenuten? (Soka har eta ikusmira beza.) BRET: Ezer ez. FABI: Ez orain eta ez behiñere ez gera ezer egiten saiatu. (FABI-k eta BRET-ek atzera egiñaz, norberaren alkira jo dute; han ankak utz bitzate.) EZ: (Soka erakuski.) Hau zer da ba? ELIANA: Jolasean genbiltzan. EZ: (Zorrotz eta akusatzaille.) Preso altxatu nahi ninduzuten! ELIANA: Zuk nahi ez duzunik ezin egin genezake. EZ: Lokarturik nintzan ordea. ELIANA: Dana dala, ez dugu borondaterik, ez gera gure esku. EZ: (Mespretxuz.) Arratoiak ez besteak! (Soka alde batera boteaz.) Laguntzarik gabe diranei kalte egiten dien arratoiak bezalakoak zerate. Eskua jaso orduko txistu bizian aldegiten bai dute! BRET: (Bere onera etorri da.) Ez da egia. Ez digu berak uste duan bezelako bildurrik sartzen, ez... EZ: Saiatu ere ez nauk saiatu sekula bildurrik sartzen. Bildurrak bizi bazerate, bildur hori, zeok zeren barruan sortu duzutelako da. FABI: Burniak sartu digute. EZ: Burniok zeokin izan dituzue beti. FABI: Halako batean ez ordea. SELENA: (Erreguz.) Fabi! FABI: Zer nahi duzu Selena? SELENA: Zer ari zakizkio zirika? FABI: Ez natzaio zirika ari. Egunen batez gertatuko dana adierazi diot. ELIANA: Zu beste iñor ez da hemen bildurrak dagoenik. Zure burua gordetzeko jarri dituzu hain zuzen burniok. EZ: Zerk egiten zidan kalterik horrela gorde nadin? ELIANA: Gure baitan dugun indar izkutuak. Berak ikusten ez duen indar bat ba dugu, su bat, eta hori dala eta gaitu preso altxatu. EZ: Zeon burugabekerien kontra gordetzen zaituztet. BRET: Arnasarik har ez ditekean mundu zikin hontan hori dala eta biziarazten ote gaitu? Gu zaintzeko beste nehurririk ez ote diteke hartu? Dakien guztia guri jakiñaraziaz edo? (EZ altxatu egin da, bainan ez du erantzunik eman.) BRET: (Burnien ondoraiño hurbilduaz.) Zure jakinduria hartzeko nor ez bagiña bezela, dakizun guztia zuretzako bakarrik zergatik gordetzen duzu? EZ: (Burnietara keiñu bat egin-eta.) Atzera ortik! (BRET ez da mugitu.) EZ: Zer esan diat? Egin ezak atzera hortik! BRET: Zergatik egingo dut? Nere barrutian nago. Mugarriok ipiñi bazenituen, gu eta zure arteko barrutia mugatzeko jarri zenituen hain zuzen. Begira: mugarria honeraiño da. EZ: Ez ahal duk nere esanik egin nahi? FABI: (Burnietaraiño aurreratu ondoren.) Ez nik eta ez iñork ez du egin nahi zure esanik, Ez. Burniz barrutik dagoen guztia, gure da. Halako batean, burniz kanpotik dagoena ere halaxe izango da. SELENA: Fabi! EZ: (Mespretxuz.) Gaixo errukarriak!... Hobeto beharrean ari zerate bainan ez baiduzue hortarako mediorik... FABI: (Entzuteak pupua egin dio.) Har zazu berriz lo eta ikusiko dugu. EZ: Zerbait egin nahi izan didazutela, egia da beraz? FABI: (Behingoan dena esan nahi du.) Bai, ez dizut gehiago izkutatuko, eta garbi esango dut. Hemendik aurrera, ahal dugun guztian ahal bestean saiatuko gera gaiñera. EZ: Zergatik hemendik aurrera? Zer da gertatu? FABI: Geon konzientziaren berri piskana piskana ikasten ari gera. Berez etorri dan gauza da. EZ: (Selena-ri ari da.) Hi ere bai? FABI: Hau ere bai. EZ: Mintza bekit bera. SELENA: Ni... hauekin bat nago. ELIANA: Hori da, Selena! EZ: Ez ote dakizute zigortu zaitzazkedala? FABI: (Sinisgogor.) Bai ote? EZ: Bai. FABI: Aditu ahal duzu, Bret? Aditu ahal duzue zuek? BRET: Bai. Barruz dan bezelakoxea agertzen hasi da. Lehenago ager zedin, zergatik ez ote dugu gehiago behartu? EZ: Burugabeok! (Makurtu, periodikoa har eta urduri-urduri tolesta beza.) BRET: Iseka hasi adi, hori behar genian orain! EZ: Hika hitz egin didak! BRET: Eta, hik, zer nola egiten didak? EZ: (Periodikoaz kolpe bat eman nahiaz.) Zoroa! FABI: Hontara jarri geran ezkero, Ez, gure eskuetara beharko duk. EZ: (Isiltasun bat, eta gero hotz-hotz.) Lokarturik nintzan bitartean, zer arraio gertatu da hemen? FABI: Ez ote dakik ba? ELIANA: Ez diagu esango. BRET: Zergatik ez diogu ezango? SELENA: Geok bai ahal dakigu? (EZ parrez ari da.) FABI: Egin zak parre! Zer gertatu dan ez dakigula eta, zer? Norbaitentzat bai eta hiretzak dik garrantzia, ez guretzat. Lokartu haiz, eta esnatu haizenean, gizon berri batzuekin aurkitu haiz. EZ: Buruan nahasmendu bat zerabilten miserable batzuekin... FABI: Heuk esan duk. Eta horra, orain, behar ditugun erantzunak ematera behartuko haugu. EZ: (Gaitzitu da, eta periodikoaz kolpeka has bedi.) Egin zak atzera hortik, ero arraioa! FABI: (Atzera egin du.) Egingo diat, bainan hare gogorrago salto egiteko... (Ideia berri bat etorri balitzaio bezala, atzera egin du eta alkiaren anka biltzera joan da.) SELENA: Fabi! Fabi! FABI: (SELENA-ren aurrean gelditurik.) Ez genezake berriz atzera egin. Konturatu ahalzera, Selena? SELENA: (Apal-apal.) Hala da bai, Fabi; barka nazazu. FABI: (Burnietara jo du, zuzenik EZ-engana.) Orain, hik eta biok... (Burnien tarteetatik sar beza anka, baiñan EZ ankari lotu zaio eta errez kentzen dio. BRET, bere ankaren billa doa korrika.) EZ: Txotxoloa! (Burnien kontra kolpeka has bedi; ordurako FABI-k eskua erretiraturik du.) Indar hoiek zertarako dirala uste duk? BRET: Eta hireak zertarako balio dio? EZ: (EZ eta BRET buruz buru, BRET-ek anka atzean izkuta beza.) Ez diat iñoiz zigorraz baliatu nahi izan. Zuek bai, bururik gabeko pertsona... BRET: (Lasa-lasai.) Bai, e? Hurbildu adi piska bat... (Bapatean EZ burnietara hurbildu da eta bere ankaz burnian kontra kolpeka, hasiko da.) BRET: Zer ari haiz hor kolpeka? Burniok gure kolpetatik gordetzen hauten bezala gaituztek hire kolpetatik gordetzen. FABI: (Bere onera etorri da.) Eta gaiñera, burniok gora behera, burruka irabazik egingo diagu. EZ: (Gelaren erdian zutik, mespretxuz beterik.) Galdoak! ELIANA: Lehenago giñuen ez orain hik esan bezelako; izan ere lokartu haiz garbi asko ikusi diagu nolako ahula haizen. BRET: Kate-txakurra ez bestea. EZ: Zeon gorrotoari lotuta bizi zerate... BRET: Gorrotoa, esan duk? Nundik nora ikasi diagu norbait gorroto izaten? Gure inguruan egin dan presondegi hau bezelakoa egiteko ez ote da behar gorroto bizia? EZ: Zeon kontra zaituztet gordetzen. FABI: (Isekaz eta ironiaz.) Maite ahal gaituk, beraz? EZ: Hartzen ditudan neke guztiak zeungatik ez ote dizkiat hartzen? FABI: Gu ez beste iñor eta ezer ez duk hirerik, eta zer behar duk hik gugatik nekerik hartu! Hor bazterrean utziko bahindugu, zer egingo ote uke? ELIANA: Oraintxe ere lehen baiño gutxiago balio duk, izan ere hire kontra altxatu bai gaituk. EZ: Zer ote dakizute horretxen beharrean ez ote nintzan aurkitzen? BRET: (Sinisgogor.) Hori ere bai? Zertarako nahi izango huen? EZ: Zuen ezerezaz eta umiltasunaz nekaturik bide nengoan. BRET: Ez gaituk sekula izan hik uste bezin ezerez eta umil. Gure baitan, beti hire kontra egin gaituk. EZ: Ni neroni niñuen nere kontra ari nintzana... BRET: Beharbada. Baiñan hori horrela delarik, luzenean ere, kondenaturik hago. FABI: Uztazu pakean. Ez du gurekin zer eginik. Gugandik urruti, bizi da, mugaz beste aldetik. Zer nolako suaz anka kendu didan, ez ahal zerate ohartu? Eta burnien kontra zer nolako amorrazioaz hasi dan? BRET: Egia diozu, bai. FABI: Berenez ahul utsa dan batek bakarrik joka zezakean horrela. Bere onetik atera dan batek. EZ: Ez duzue ezer konprenditzen! ELIANA: Horrela bada, zergatik ez gaituk argitzen? EZ: Zergatik ez dio zuetako bakoitzak bere buruari argitasunik galdegiten? FABI: Egin zioagu, eta orain hor dakusak ondorioa. BRET: Sekula atera ez bezelakoa atera zaigula iruditu zaiguk. SELENA: (Nun dagoen ez dakien batek bezala.) Gure mugarria hi haiz. ELIANA eta BRET: (Biak batera.) Zer diozu? (Denak ari begira, EZ barne.) FABI: (Gauza bera dio.) Gure mugarria hi haiz... Selena. (Ondora joan bekio eta besotik eldu.) Zer esan duzun bai ote dakizu? SELENA: Bai... EZ: Horren esanak ez du bururik ez aztalik. (Atzera egin eta barrenean dagoen alkiraiño joango da.) BRET: Minbera dan lekuan ikutu bide dugu... Mintza zaite, Selena. SELENA: EZ dakit... ELIANA: Hizketan ari giñalarik, gure hizketaldia hautsi du Ez-ek, gogoko ez balu bezala. Zerbaitetara hurbiltzen ari ote giñan nago... SELENA: ...bai, gure baitan dugun azken posibilidadera. BRET: Zer da hori? FABI: Nik neuk ez dut konprenditzen. Zer esan nahi izan duzu, Selena? SELENA: Gu guztion azken muga Ez da... harengana ari gera. BRET: (ELIANA-ri mintzo.) Zerbaiten berri ba du! ELIANA: Gu geran bezelakoa ez baita sekula izandu. FABI: Hitzegin zazu, Selena! SELENA: Berak markatzen digu muga. Handik aurrera... beste aldera... FABI: Beste aldera... Esazu, esazu, Selena! SELENA: Handik beste aldera... sekula igaro ez ditezkean burniak daude! (Zerraldo bezela erori da.) FABI: (SELENA-rengana makurtuaz.) Selena! BRET: Zer du? ELIANA: Zer gertatzen zaio, Fabi? FABI: (Eztiki eztiki masailleko bat emanaz.) Selena, Selena! SELENA: Zer nahi duzu, Fabi? FABI: Hobeto ahal zaude? SELENA: Bai, baiñan oso nekatuta. FABI: Zer dira beste burni hoiek? SELENA: Beste burni hoiek? Ez dakit. Ez oraindik ere lo ahal dago? FABI: Esnatu zala, ez ahal zera oroitzen? SELENA: (Nekatuta bezela.) A, baliteke bai. Utz nazazu atseden piska bat hartzen. ELIANA: Zer du? FABI: (Zutituaz.) Atseden piska bat hartu nahi du. BRET: (EZ zertan dan begira egon eta gero.) Begira! (Hara begira geratu dira danak.) Ezertarako gauza ez balitz bezela dago. FABI: Delako beste burni hoiek aipatu ditualako ote da? ELIANA: Baliteke. Baiñan, zer esan nahi zuen? EZ: Ezer ez. BRET: Ikusirik dago horrek zer esango duen. Gu gera gu Selena-k esandakoari adierazpen bat billatuko diogunak. FABI: (EZ markatuaz.) Gu guztion muga dala esan du... BRET: Baiñan zer arraio! Bertaraiño iritxi eta aurrera egiten uzten ez duen mugarria da muga... FABI: Eginkizun zegoen gauza baten gertatzea da muga. ELIANA: Gauza baten zertzea, alegia... BRET: Biok gauza bat eta bera esan duzue. FABI: Ba da beste berzait... A, ez dakit zuzen zer dan! Ikusten bezela dut eta halaz guztiz ere ez zait bururatzen. ELIANA: Hori bera gertatzen zait... BRET: (EZ markatuaz.) Horrek ordea ez du argitasunik emango. ELIANA: Zangoz gora botatzeko beste pauso eman bai dugu. EZ: Zeon buruak ondatzeko, iñozuak. FABI: Ez da hori... gauden hontatik, zure kontura aurrera pauso bat emateko baizik. ELIANA: Nago, ez ote diran orain burniok ahultxeago... EZ: Lilluretatik bakarrik bizi izandu zerate beti. Oraindik ere ez ahal duzute konprenditu? Zuen muga burniok dira. Gauza berririk eta ez zenekitenik, ez dizute esan! FABI: Ez da gure muga, esan du. EZ: Aspaldidanik iritxi zerate mugaraiño. Betidanik... SELENA: (Lurretik, nahaste-mahaste.) Burniak kanpoan daude. EZ: Burniak barruan daude. FABI: (SELENA-rengana makurtuaz.) Selena. SELENA: Nekatuta nago... BRET: Lehengoaz ari ahal dira? ELIANA: Ez dirudi. EZ: (Altxatu eta.) Zuen hitzontzikeriak aspertu naute oraintxe! Behingoz isilduko ahal zerate? BRET: Oraintxe bai ez gerala gehiago isilduko. EZ: (Ankaz burniak joaz.) Isilik egoteko agindu dizuet! FABI: (SELENA bere hartan utzi eta.) Lehenik burni hoien berri emaiguk. EZ: Ez dago zer berririk eman. FABI: Ez daukak hortarako aski kemenik. Geu baiño bildurrago haiz. Hi ere, apurtu eta desegingu ote intake? BRET: Bai horixe! Denon artean apurtuko dugula gaiñera, agintzen dizuet. EZ: Behin eta betirako isildu zaitezte! BRET: Hi baiño sendoago gerala, egunen batez ohartuko bai gaituk. EZ: Zaudeteneko barruti hortatik, ala? BRET: Hemendik eta nun-nahitik. FABI: Ez gaude beharbada ezeren atzean. Egia bide da, burniok barnean ditugula eta ez beste iñon, eta hala edo hola hoiezaz libratuko gerala. Hori gerta dediñean, hire atzaparretatik libre izango gaituk. EZ: Orain arte, ez duk iñor libratu nere atzaparretatik. FABI: Orain arte ez... Baiñan seguru gaudek, ba dala nunbait gizonarentzat libertaderik. Nola edo hala lortzen, ikasiko diagu. SELENA: (Emeki-emeki altxatu eta.) Geok ez badugu lortzen, gure seme-alabek lortuko dute. EZ: (Isekaz.) Nun dituzue seme-alaba hoiek? SELENA: Noiz ekarriko eta hartuko ditugun zai daude. Gaur arte gazteegi giñan eta ez geunden hortarako preparaturik. Baiñan, seme-alaba hoiek zai dauzkagu. Seme bat izango diagu, burrukan hire kontra jarraitzeko. BRET: Denetan bildurtiena bera zalakoan da! FABI: Selena! Baiñan, hori... SELENA: Bai, Fabi. Gu baiño bizkorragoa izango dan seme bat ekarriko dut zuretzat, denontzat. FABI: Baiñan, noiztik... ? SELENA: Oraintxe bertatik... EZ: Haur miserable bat! SELENA: (Ez dio kasorik egingo, eta zorabiatuta bezela, lilluratuta bezela.) Nere erraietan sentitzen dut, eta zer nolakoa izango dan ba dakit. Gu baiño ederragoa eta bizkorragoa!! (Gela barrenan orain arte eserita eta geldi egon dan mutilla zutitu eta emakumearen eta FABI-ren erdian jarriko da. Zutik egongo da, batere mugimenturik gabe. Orain datorren deskripzio laburra alda diteke; aktorearen kontura hori.) SELENA: Mutil sendo, haundi eta itxurakoa izango da, arpegikera bizi bizikoa eta illea beltza... FABI: Ikusten edo dut, Selena. Azala beltxarana du eta begien dirdaia bizi-bizia... BRET: (ELIANA-ri.) Baiñan, egiazki ikusten bide dute! SELENA: Gu bion antzik ez du izango... FABI: Ahoa gozoa du, baiñan bai ermoa ere!... EZ: (Bere buruari mintzo.) Burutik eginda daude! (Ankaz burniaren kontra kolpeka has bedi, baiñan, besteak, bere hartan jarraituko dute, lilluratuta bezala.) SELENA: Besoak zaintsuak eta sendoak... FABI: Buruz argia iñor bada... ELIANA: (SELENA-k hartu duen tankera bera, estua eta zorrotza harturik.) Nere alaba erabat eztia eta goxoa izango da, izandu zan lehendabiziko emakume hura bezelakoa... BRET: (Arri eta zur.) Eliana! (Gelaren barrenean zetzan neskatxa altxatu eta BRET eta ELIANA-ren erdira etorriko da. Mutillari eman dizkiogun karateristika berak izango ditu neskak.) ELIANA: Goxoa dalarik ere, ba duke bere barruan halakoxe indar berezi bat, ez baita sekula santan jarriko jaiotzen ikusi zuten burni tartean bizitzera... BRET: Eliana! Baiñan zu ere... ELIANA: Ispillu bat bezin garbiak eta argiak dira bere begiak, eta ba daki hitz berorik esaten. Gudariarentzat berebiziko laguna liteke. SELENA: Ez dute bidean etsiko, eta ez ditu iñork menderatuko. ELIANA: Biak bat eginik, beste edonor eta beste edozer baiño gogorragoak eta sendoagoak izango dira. EZ: (Parrez.) Amets, edonori egin lezake amets! FABI: Hago isilik! SELENA: Burrukan jarraituko duten gure ondorengoak eta EZ-i su eta fu erasoko diotenak, dira. ELIANA: Itxaropen indarrak ereginda eta maitasunak darion sinismenean bat egin-da. BRET: Aditu ahal duzu, Fabi? FABI: Bai, aditu dut eta ba dakust nere seme hau... eta zuen alaba hori ere. BRET: Nik ere. Ederra da neskatxa, zuen semearentzat gisakoa, narrua fiña du eta illea urrezkoa. Gisako izen bat aurkitu dut honentzat... FABI: Zein izen? EZ: (Bapatean hizketan sartu eta.) Lotan zaudete eta konturatu ere ez zerate egiten. Zuen ametsak gora behera, bizitzak aurrera jarraitzen du, eta lehen bezalako da: antzu eta miserablea, hots, burnien tartekoa. BRET: (EZ-engana itzuli eta aski eztiki.) Isilik hago, Ez. Burniok apurtuko dituztela entzun duk eta... EZ: Zuek ere, hautsi nahiko zenituzkean... FABI: Gure gurasoa bildurtiak baiño gehiago lortu diagu behintzat. SELENA: Feda-rekin bukatuko dira kateak... EZ: Feda? FABI: Feda deritza gure semea. BRET: Sorne barriz gure alaba. SELENA: Alkar maitatuko dute, eta burrukatuko dira. EZ: (Parrez.) Bakoitza bere gelatik! ELIANA: Ez dagoko hoientzat gelarik. Jaiotzetik bertatik hoien semea libre izango da. EZ: Zuek baiño esklaboago izango da. Egiten ori zeratenaz ere ez zerate konturatzen: oiñazezko eta itxaropenik gabeko biharamona ari zerate sortzen, alegia. SELENA: Alkarren artean hitz gutxi egingo dute, izan ere, hitzak ez baiñan egiñak izango bai dituzte erakusgarri. ELIANA: Ez-en gaiñetik pasatuko dira, izan ere, geok asmatu dugun ataka faltso bat besterik ez baita gizon hau. EZ: (Isekaz.) Hori behar nuen. Ba naizela ere uka ezazue! (Serioski.) Hor daude burniak bizi naizelako zeiñale. Edo eta zer uste duzue, aski dala zuen deseoa eta gurariz burniok ankaz gora botatzeko? Begira ezazue eta ikus zein sendo dauden! (Burniei zenbait kolpe bezaie.) SELENA: Horrenak ia egin du. Feda, nere erraietan, dagoaneko burrukan hasia da. Bera da mintzo. Gauden eldu arte. Gure erraien isiltasunean eta pakean, biak, Feda eta Sorne garatu arte... (Mutillak eta neskak atzera egin dute; gela hondora joan eta lehen zeuden bezala geratuko dira. Emakume biak lurrera erori dira, erabat nekatuta. Gizonak, haiengana makurtu bitez.) FABI: Selena... BRET: Eliana.. . FABI: (Aurpegian zenbait kolpe txiki emanaz.) Selena, Selena! BRET: (Illea igurtziaz.) Eliana, zer duzu? SELENA: (Begiak iriki eta.) Fabi... FABI: Bai. ELIANA: (Begiak iriki ditu.) Ene, Bret! SELENA: Zu ahal zera? EZ: (Ez hotz ez bero.) Hauek dira komediak egiteko moduak!! BRET: Eliana... FABI: Ni ez eta nor izango da ba! SELENA eta ELIANA: (Biak batera.) Zer gertatu da hemen? FABI eta BRET: (Biak batera.) Ez ahal zera oroitzen? (Instante batzuk eta bi emakumeak, nekatuta bezela, zuzpirioka.) SELENA: Behin eta betirako Ez burrukatu genuela, amets egin dut. ELIANA: Jakiña ba burrukatu dugula! EZ: (Burniak poliki poliki joaz.) Oraindik ere hemen nago. Gaiñera egon, hementxe egongo naiz orain eta beti. BRET: (Zerbait ausnar baleza bezala.) Auskalo! Beharbada ez zaude eta hortaz ez gera konturatu ere egiten. Piskanaka piskanaka... EZ: Ez naizela esatea ez duzue aski nitaz libratzeko, ni gabe gelditzeko. ELIANA: (Altxatu eta.) Ator honerago... EZ: Neri esan ahal didan? ELIANA: Bai, ator gertuago. (Zer gerta ere, poliki poliki hondoratu da EZ, behar balitz, kolpeka hasteko eskuan anka prest duelarik. Burnietara gabe gertu-gertu ordea, gelditu da.) Gertuago. EZ: (Ez da pio.) Zergatik? ELIANA: (Lasai.) Ikusi egin nahi haut. EZ: Ikusten naun nagoen lekutik bertatik ere. ELIANA: Hare hobeto ikusi nahi haut. (EZ-ek beste urrats bat egin du, eta burnien kontra gelditu da, besoa gora, kolpeka hasteko prest.) EZ: Begira nazan, ba. ELIANA: (Zorrotz eta luze begiratu ondoren.) Ez, ez haiz lehengoa. EZ: (Isekaz.) Ez, e? ELIANA: Hire barruan zerbait ziak amilbehera. Iñolaz ere, usteltzen ari dan zer bait ikusten edo... BRET: (Ondora etor bekio eta azter beza Ez.) Nik ez dut ezer ikusten horren baitan, Eliana. ELIANA: Bai. Gaurgero ez da muga. Gaurgero ez da ezer... EZ: (Lasai.) Ikusteko guztiak ikusi ahal ditun? ELIANA: Bai, joan indeke pakean. EZ: (Harro eta antustez beterik.) Aztertu nahi nauenik, besterik iñor bai ahal da? Orain da garaia, galdegin ezazue! SELENA: (Altxatu eta.) Bai, nik. EZ: (Burnietara joaki.) Ikustagun zer billatzen dunan! (SELENA-k eta FABI-k azter bezate.) SELENA: Ezerez bat haiz... EZ: Zuek bezalakoa beraz?... SELENA: Okerragoa noski; gu behintzat humil jokatu gaituk gure bizitza guztian, hi berriz harro. EZ: Honelako isil-gordeak argitara atera dituzuenez gero, zer egin behar duzue? (Ez du iñork erantzunik.) Zertarako baliaraz ditzakezue? Agi danez, orain lehen bezala, burnien atzean jarraitzen duzue. BRET: Burni eta guzti, egiaren billa goatzek. Zenbat eta hitz gehiago eta egiatik hurbiltzenago gaituk. EZ: Egia? Ez ote duzue bata edo bestea beti zuekin izen? Oraindañokoan ez ote naiz zuen egia izan? BRET: Gure egia, ez. Hirea. EZ: Hau edo bestea sinistera ez zaituzte iñork behartu. FABI: Bai, burniok behartu gaituztek hire egia sinistera. Astindu bat ematen ez giñuen iñoiz ere saiatu. Behingoz hasi geran ezkero, naiz eta sendo eta gogor tinkaturik egon, ez zigutek halako errespeturik sartzen. EZ: Iges egiteko asmoa duzue beraz? BRET: Nola nahi ere, gauzak garbi esan, iges, egin diagu iges. EZ: Eta zer aurkitu duzue? FABI: (Buru makurrik.) Oraindik ezer ez. EZ: Hortik kanpora ezertxo ere ez bide dagoelako duk. Zuen eta nere egia, bat eta bera dalako edo duk; izan ere, egia bat besterik ez baitago. BRET: Egia bat bakarra dala, jakiña ba!... baiñan ez nik eman diguana. Nola nahi ere, gezurra sakatu diguala iruditzen zaidak. EZ: (Burniak señalatuaz.) Burniok gezurrik dioten, esaidezute! ELIANA: Hortxe hago hain zuzen oker. Naiz eta beroien barruan sarturik egon, hoien tartetatik ez zitekek ezertxo ere ikus. Burniok pareta bat bezala dituk, beste aldetik zer egon ditekean ez bai zitekek jakin. Eta horra! orian arte, beste aldetik ezertxo ere ez zegoela sinisten edo genian. BRET: Orain berriz, beste alde hori gure zai zeuden gauzez beterik dagoela konprenditu diagu. EZ: Ederki ari zerate. Luza hitzazue beraz eskuek... FABI: Hor sartzea debekaturik zedukagu, eta sar gaitezen ere ez duk nahi, baitakik, hor bestaldetik ez daukakeala aginpiderik ez eskubiderik. EZ: Eskuak luzatzeko esan eta esan ari natzaizue-eta... FABI: Zertarako? Makillaz kolpeka hasteko?... EZ: Auskalo! Ez ahal zerate ausartzen? SELENA: Bai, ba diagu hortarako aski ausardia, Ez; baiñan, aspaldi hontan, gauza asko ikasi diagu. Hire begira egonaz, hamaikatxo gauza ikasi diagu! BRET: Iritxi nahi dugun garaitzapena eta bitoria, hi gabe iritxiko dugula alegia, ikasi diagu. EZ: Ni gabe ez duzue gauza onik egingo. BRET: Egunen batez lokartuko haiz eta orduan... EZ:Hori ikusteko zagok. Ononean ez nauk sekula gehiago lokartuko. SELENA: Edo eta, behin eta betirako lokartuko haiz. Oraintxe bertan ere, erdi lo erdi esnai hago. EZ: (Oso alai.) Zer dion? SELENA: Burua nahasten ari gatzaizkik eta hi konturatu ere ez haiz egiten. Honela nahastuta egotea eta lo egotea gauza bera duk. EZ: (Bizkarra bildu-eta.) Ez du zentzurik... BRET: Ba du! ELIANA: (Bero eta urduri.) Noizpait behar eta oraintxe esan diagu zerbait zuzenik eta ez diguk konprenditu! EZ: (Piska bat atzera egin du, harridurak hartuta bezala.) Baiñan, horrekin zer esan nahi duzue? BRET: Hi gora behera, higandik aparte dagoen zerbait, gure gurea dan zerbait asmatzen, sortzen hasiak gerala... FABI: (Besteak esandakoa sendotu nahiez.) Ez, hauxe esan nahi dik: oraintxe lehendabiziko aldiz aparte utzi haugula. SELENA: Higandik iges goazela... EZ: (Alkian eseri eta lasaixeago agertu nahi du.) Ondo dago. Kanpoan zaudete, libre zerate! BRET: (Erronkan hasi nahiez.) Kanpora, gogoak ematen digunean joango gaituk. Higandik ezkutaku beharrik ere ez dugula, orain konturatzen nauk. EZ: (Eskua luza beza.) Luza zak esku hori. BRET: Zer? EZ: Eskua luzatzeko! BRET: Ez diat nahi. EZ: (Buruari batera eta bestera eragiñaz.) Ezin dealako. Hori esan nahi nian. Oraindik ere burnia sendo zegok. BRET: Ez egotea ba litekek. Bildurtu egin nahi gaituk. EZ: Aproba bat egin zak. BRET: Noizpait egiten ba dut ere ez diat nik agindu dealako egingo, baizik eta gogoak emango didalako. EZ: Burni tartetatik, batetik bestera posa intekeala uste ahal duk beraz? BRET: Bai, orain hala uste diat. EZ: Jo zak aurrera beraz, pasa zak. BRET: Lehen ere esan diat: gogoak emango didanean pasako diat. EZ: (FABI-ri mintzo.) Eta hik? FABI: (Ez da BRET bezin seguru.) Nik ere bai. Denok pasako diagu, seguruasko. EZ: Hitz eta amets asko darabilkizue kasko hortan, hori da dana. SELENA: Giltza misteriosoak bezela dira hitzak... EZ: ...baiñan ezer irikitzen ez dutenak. Hain misteriosoak eta ezkutuak, zein sarrailletan sar ez baidakiak zue, ez zein atetarako balio duten. (Altxa eta lehendabiziko planoan paseatzen has bedi.) Sakelan gorderik daukazuten bitartean, urre gorria gordetzen duzuelakoan zaudete. Giltz bat! (Eskua sakelan sar eta bat atera beza.) Zerbaitetarako egin zuten, ez da? Baiñan, norbaitek egin ote du giltz honi zegokion sarrailla? Norbaitek egin ba du, nun ote dago ordea? ELIANA: Giltz bat, hontarako eta hartarako egokitu diteke, konpondu diteke. FABI: Hitz egiteko gogoa besterik ez da hori. EZ: Jakiña ba! Hitzak, hitzak. Horra! Hortaz ohartu zaitezten garaia ba da. Hortxe nahasten zerate. Giltz bat ez baiñan, giltz mordo bat baiduzue zeokin, denak nahas mahas. BRET: Horrela bada, batekin eta bestearekin aprobak egitea diagu onena. EZ: (Giltza gorde-eta.) Hori behar diagu! Egunak eta gauak aprobak egiten igaro eta azkenean heriotza gaiñean. Izan ere hainbeste eta hainbeste giltz zegok! ELIANA: Baiñan hainbesteren artean, zein behar eta huraxe aukeratuko ziguk senak. EZ: Senak? ELIANA: Bai. Otsegiok nahi dean bezala. EZ: Sarraillak behin eta berriz berritu diralako, eta giltzak zaharregiak diralako giltz hoietako batek ere ez duela ezertarako balio, ez ote dizute esaten senak? BRET: Hik zer dakik, giltzok berritzen eta kanbiatzen eta zer nahi sarrailleri egokitzen ez ote dakigun? Eta orain, orain hain zuzen ere, beharko genukean hura aurkituko ez ote dugun? EZ: Horrela ote da? Iriki zak, beraz! BRET: Gogoak emango digunean irikiko dugula, lehen ere esan diagu. EZ: (Isekaz.) Orain presondegia maite duzutelakoz eta bertatik atera ez nahi duzutelakoz ote da? FABI: Baiñan, askatasuna, libertadea eman zaion gizona, bere kabuz lortu badu batez ere, ez lezake iñork geldiaraz. EZ: Lasa lasai hementxe itxoegingo dut ba. (Alkira itzulieta eseri egingo da.) FABI: (Geldiune bat; denak EZ-i begira.) Bret... BRET: Zer? FABI: Atoz. (Lehen planora etor dedin galdegiten dio, eta bera ere halaxe dator.) Seguru ahal zaude? BRET: Zertaz egon naiteke seguru? FABI: Ateratzerik izango dugula? BRET: Zuk ateratzerik izango duzunez, ez dakit... FABI: Zergatik ez? BRET: Dudatzen duzulako, horrexengatik hain zuzen. FABI: Zuk ez? BRET: Ez. Hemen bagaude, gugan konfiantzarik ez dugulakoz dala hain zuzen ere, garbi ikusi dut. Orain ordea. (Atzera egin beza, indarrik hartzeko edo.) Begira! (Burnietara habia bedi; FABI eta emakumeak haren begira daude.) Begiak hetsi ditu, aurrean duen ostopoa ez ikusteko; baiñan, burniak ez diote pasa-biderik eman. Burnien kontra leher bedi. ELIANA: (Burnietara kurri.) Bret! (Ez alkitik bertatik, parrez leher gaizto egin beharrez.) EZ: Zuzenez kontrako giltzaren bat hartuko huen, ez da? (ELIANA alde batera utz eta bere gelaran barrena, EZ-en billa doa zuzenik.) BRET: Parre egin zak, egin zak parre kartzelero madarikatua! Mia eta mia jarraituko diat eta halako batean aurkituko diat. Murkituko diagu! EZ: (Lasa-lasai.) Zeok aurkitzen ez baduzute, zeon seme-alabak, ez dea? (BRET-ek ez beste guztiek, gelarren barrenera, atzera egin dute.) BRET: Euk esan duk, hala gertatuko duk. EZ: Nik ba zekiat horra ez! (BRET-ek atzera egin eta EZ parrez ari dan bitartean, jetsi bedi.) OIHALA Gizonak eta Ez, M. de Pedrolo |