Neskatilla ezkongai, Eugene Ionesco
Egan, 1/6-1964

 

NESKATILLA EZKONGAI

(Le jeune fille á marier)

 

Eujenio Ionésco

 

        Mundu zabaleko teatro-saillean agertzen diran berrikeriak gure irakurleek ezagun ditzaten, EGAN-en azaltzen joango gatzaizkizue, banakaren batzuek beinik-bein.

        Auen artean, Eujenio Ionésco prantzes idazlearen teatro-lanak nabarmenetakoak ditugu. Eztabaida bizia sortu dute bai Paris'en eta bai mundu guzian. Ionesco'k zenbait liburu argitaratu ditu, bere asmoak adierazi naiez: azkenengoz New York'en (Notes and Counter Notes, 1964). Liburu ortan kritikari ta maxiatzalleai erantzun gura die, aren ustez ez baitituzte bear bezela ulertzen. Ez nik ere, egia aitortzeko, Ionesco'ren teatroa «surrealista» dugu, realismoaren gaiñetik dagoana, egiaren itxurarik gabekoa. Amets estu baten idurikoa. Aren egia ez da gure egia; aren mundua ez da gure mundua. Izkera ere ez da guk darabilguna. Nola bat etorri?... Ez da arritzekoa, beraz, teatro mota orrek gure gogoa ez ase-betetzea.

        Ez du ezer erakutsi nai, testigutza baizik; ez da lekuko bat besterik. Ibsen'en eskolak ideia-teatroa sortu ba zuan, Ionesco'rena da «absurdozko» teatroa, ta onela deritzaie. Gerora, bear bada, iritziz aldatuko gera, baiña oraingoz, Ionesco'ren komeriak irakurri ta ikusi ondoren, ortan gaude. Alaz ta guziz, aren lan labur bat, La jeune fille á marier deritzana, euskeratzeko errez ta egokia ote zan-ta, Neskatila ezkongai izenaz bataiatu dugu. Eta, bertatik bertara aztertuta, ez da ain «aldrebesa». Pentsa! Quintero anaien Mañana de sol komeritxoaren antza ematen diote eta! Onoko au Ionesco'rena baño borobillagoa noski, naiz gaur egunean Quintero'tarren aurka gaizki esatea modan egon. Aitatu dezagun bidenabar Mañana de sol ori gure J. Olaizola agurgarriak aspaldixko euskeratu zuala.

        Askok uste izan arren izugarrizko sumaketak egin dituztela iñork ez dakien lekuan, besteren aztarrenak agertu oi dira.

        Gu baño lenago ere gizonak izan baitziran eta aiei loturik nolabait eta giza-batasunaren mendean gaude eguzkiaren azpian bizi geran guztiok.

 

Antonio M.ª Labayen.

 

 

JOKO LAGUNAK

ZALDUNA

ANDREA

GIZASEME - NESKATILLA

 

 

 

(ANDREA ginbail ta guzi, orratz aundi bat eta lorez apaindura. Eskuan zorro pampiña ta more-kolore soñeko bizez jantzia.

ZALDUNA ere oso dotare: lebita, lepoko zuri-gogor, bizar zuri, korbata beltz eta ator eskumutur zuriak agerian. Iri'ko egurastoki-aulki batean eserita daude.)

 

ANDREA: Nere alabaK ikaskizunak oso ederki bururatu dituala esan dezaizuket.

ZALDUNA: Ez nekien ezer, baiñan ez nuen gutxiago espero. Neskatxa oso artze onekoa zala aditzera ba-nuen-ta.

ANDREA: Ez daukat kejatzerik beste zenbait gurasok bezela. Beti, eskubete atsegin eman oi izan digu.

ZALDUNA: Zuretzat omengarri da. Ondo ezitzen jakin dazun siñale. Onelako seme-alabak ikustea gauza bakana da gaurko egunean.

ANDREA: Alaxen da, bai.

ZALDUNA: Nere gazte denboran, aurrak esanekoak ziran, gurasoai obeditzen zekitenak. Aita-amen kezka, buru-auste ta estuasunak, arretaz artzen zituzten... Bear bada ez jakitea obe dute.

ANDREA: Esango nuke! Orduko seme-alabak, ez dakit bada... asko zaz...

ZALDUNA: Bai, askozaz ugariagoak ziran.

ANDREA: Orain aur gutxiago jaiotzen ote dan.... diotenez.

ZALDUNA: Ortan gora-berak dituzu. Orain berriz gora aldera goazela dirudi. Lengo utsuneak betetzea ez da ordea errez izango.

ANDREA: Arrazoi duzu. Ori bera esaten nion nere buruari. Pentsa!

ZALDUNA: Zer nai duzu?... Seme-alabak azitzea oraingo aldi ontan gaitza da.

ANDREA: Zeñi esaten diozu! Bizimodua gero ta garestiago dago. Zer ez dute bear seme-alabok! Nola ase aien eskea?

ZALDUNA: Nora goaz?... Zoritxarrez oraingo bizi-mañan gezurra bakarrik dago merke.

ANDREA: Orixen da egia! Ala derizkiot. Arrazoi aundia duzu!

ZALDUNA: Lurrikarak dirala, automobilletan gerta oi diran ezbearrak, abioietan iltzen dan jendea, oraingo min-bizi, eritasun, eriotz ta atomiko bomba...

ANDREA: Ori esan, orrek guzia azpikoz gora jarriko du. Bazterrak ondatuko ditu. Zer nolako aldaketa! Ez balitz ori besterik! Ikaragarria da! Zer entzun dedala uste duzu?

ZALDUNA: Ainbeste gauza entzuten dira...! Jendeak esaten dituen guziak sinistu bear ba'genitu...

ANDREA: Egi-egia diozu. Ez genuke beñere bukatuko. Gero, egunkari ta gañerako berri paperak ain dira gezurti... Bai gezurzulo utsak!, gezurti alenak ez bestenak!

ZALDUNA: Nere andre on orrek, nik bezela egin: ez deus sinetsi, ez iñori fida, ez zure burua aizez betetzen utzi...! Ez periodikorik erosi!

ANDREA: Zurekin bat nator... Bai orixe! Aolkari ona zaitut, bai noski!

ZALDUNA: Ez da orrenbesteraño. Zentzu pixka hat ha dudala, ori da guzia.

ANDREA: Ortan dago koska, bada! Ez dezakete askok esan beste orrenbeste. Ez alajaña!

ZALDUNA: Begira, andre agurgarri orrek! Gaurko eguneko jolas, atseginaldi, festa, ikusgarri, emozio zirrada, zineko mintza latzak dirala; kontribuzio-petxak ordaintzea dala, telefonoa, radioa, telebista, pick-up..., ots...

ANDREA: Zer? Zer? «Pikoa»?

ZALDUNA: Pikopean al zaude edo...? Esaten ari nintzaitzun, mikrofonoa, gramofonoa, magnetofonoa, radio, televista ta gañerako dibertsio...

ANDREA: Geiegizkoak dira.... zurekin konporme nago.

ZALDUNA: Orrek guziek mundua erabat aldatu duala.

ANDREA: Kaltegarri da, bai. Ni ere burutik nastutzen asia nazu.

ZALDUNA: Bizimodu berri orrek guziok aldatu gaitu eta ez dugu elkar ezagutzen.

ANDREA: Gauza negargarria benetan.

ZALDUNA: Ezin uka diteke, ordea, munduak aurrerapen aundia egin duala.

ANDREA: Nik ez dut ukatuko! Ez orixe!

ZALDUNA: ...teknika, mekanika, jakituria ta artea...

ANDREA: Jende artetsua ba-dala, ez da esan bearrik: agirian dago.

ZALDUNA: Zibilizazioa beti aurrera doala esan diteke. Beti aurrera errialde guzien laguntzari eskerrak.

ANDREA: Begiratzea besterik ez dago...

ZALDUNA: Aurrerapenaren bidea... Lenago, antziñan gizonezkoak leiza-zuloetan bizi oi ziran ardi larruz jantziak eta elkar jaten zuten... goseak, otzez...

ANDREA: Ez zan orduan kalefazio konturik... Ez al da ala jauna? ez zan «butano»-rik...

ZALDUNA: Gogo emazu, andretxoa, ni mutil koxkorra nintzalarik...

ANDREA: Zer nolako sasoi polita izan oi dan...

ZALDUNA: Erri txiki batean bizi nintzan. Otz zanean eguzkitan berotu bear izaten genuen, neguan; argia berriz petroleozkoa, egia da orain baño merkexeagoa zala, ta askotan kandelak piztuta ere bai

ANDREA: Orain ere piztu bear izaten ditugu elektrizidadeak utsegiten digunean.

ZALDUNA: Makina ta tresnak ez dira akatsik gabekoak. Gizonak sumatuak diran ezkero beren okerrak izan oi dituzte.

ANDREA: Ez neri gizonezkoen okerrez mintza! Ondotxo ezagutzen ditut. Emakumezkoen okerrak aña balio dute. Antzekoak dira, ez dago aukerarik.

ZALDUNA: Ala dala, eman zagun! Baiñan zergatik eskatu gizonari makinak berak egin ez ditzaken gauzak?

ANDREA: Ez dakit, bada. Ez zait gogoratu nola ditekenik. Agian bidezkoa da, zergatik ez?

ZALDUNA: Gizataldearen etorkizuna gerora datorke... laudare ta abereena berriz, aitzitik, kontrakoa... Ez uste, ordea, makiña «deus ex machina» danik, Jainkoa ta aurrerapenaren ordez, jarriko dana gure alegiñik gabe. Guziz bestaldera da, andre.

ANDREA: Ez dizut ezetz esaten.

ZALDUNA: Nik diotsut, ordea, makinarik onena gizonezkoa bera dala. Makina, gizonak zuzentzen baitu, onek ematen baitio espiritua.

ANDREA: Baita olioa ere.

ZALDUNA: Eta makina, noski, makina da kontuak egiteko makina ez ezik, onek kontuak berez ateratzen ditulako.

ANDREA: Orixe da egia! Makinak kontuak atera ta guk ordaindu.

ZALDUNA: Ez da beti ala gertatzen, baiñan berdin da. Arestian ari nintzaizun esaten petroleo ta kandelaren denborako gauzak. Orduan sos batekin arraultza zenduen. Ez geiago ta ez gutxiago.

ANDREA: Ez zan orrenbesteraño izango.

ZALDUNA: Nik ez dut gezurrik esaten, Sines zaidazu, nai baldin ba duzu.

ANDREA: Zure itzak ez ditut duda-mudan jartzen...

ZALDUNA: Garai artan otordu on bat lau errealean egiten zenduen. Jatena ez zan ea ezer kostatzen.

ANDREA: Ez du gaurko antzik.

ZALDUNA: Ogerleko (duro) batean larruzko oñetakorik ederrenak. Oraingo gazteak ez dakite ura zer zan.

ANDREA: Gazteak ez dakite zoriona nun dagon ezagutzen. Oso eskergabeak dituzu.

ZALDUNA: Gaurko egunean guzia askozaz garestiago dago. Eta onela izanik, makinen asmakizuna onuragarri izan dala esan al diteke?... Eta aurrerapena gauza ona dala?

ANDREA: Ez alajañetan!

ZALDUNA: Bear bada, esango zenuke aurrerapen ona eta aurrerapen txarra dirala. Lapur ona ta lapur txarra, pelikula onak eta zinepelikula txarrak diran bezela.

ANDREA: Ni ez naiz ortan sartzen.

ZALDUNA: Zergatik ez! Eskubidea ba duzu.

ANDREA: Ori bai, baiñan...

ZALDUNA: Nik iritzi guziak errespetatzen ditut. Ni idea kontuan zabala, ta berrizalea nazu. Ez zan alperrik gertatu Prantzia'ko Erreboluzio aundia. Eta antziñako matxinadak. Gero berriz Napoleon, Hitler, Mussolini eta ainbeste odol-isurtze. Orain nai dugun guzia esateko eskubidea ondotxo kosta zaigu ta ez dugu galtzen utzi bear.

ANDREA: Ez noski! Gere etxean gaude! Ikusiko litzake!

ZALDUNA: Ez dago bizirik San Iñazio gure patroi aundia! Zer esango ote luke?

ANDREA:Or dituzu aren seme jesuitak erantzuteko.

ZALDUNA: Pizti onak! Ez dira gauza berriaz ikaratzen.

ANDREA: Ez beintzat jainkoaren aldekoak baldin ba'dira.

ZALDUNA: Itz aundia aitatu duzu. Burutsua zera! Bejondeizula!

ANDREA: Ni ez nazu emakume argal bat besterik.

ZALDUNA: Andretxo bat egiak esaten dakizuna.

ANDREA: (Jekitzen da.) Losintxatu egin nai al nazu?

ZALDUNA: (Berriz eseri-araziaz.) Ezta pentsatu ere! Begiz jo duzu gizarteko gaitz nagusienetako bat. Orren etsai aundia naiz. Gizonezkoak gauza utsa gaituzu... nardagarri...

ANDREA: Ez duzu zere burua orrela zapaldu bear...

ZALDUNA: Besteengatik diotsut... Ikusi bestela zer gertatzen ari dan. Jendea, erruz, erri txikietatik erri aundietara dator nekazari lana utzita...

ANDREA: Zuk esan! Familia osoak gañera! Ez dakit nun lan egin bear duten emen.

ZALDUNA: Lanik egiten ez dutela nola azi bear dituzte seme-alabak?

ANDREA: Arrazoi duzu, Aur gaixoak...

ZALDUNA: Eta aurrik gabe, gerora... jakiña, mundua bukatuko litzake.

ANDREA: Ez nintzan kontuan erori! Gogorra litzake!

ZALDUNA: Ez dakit nora, goazen. Ez bait da itzik errespetatzen.

ANDREA: Izugarria da ori!

ZALDUNA: -Ondorengoak okerrago oraindik.

ANDREA: Zurekin bat nator. Orrengatik nere alaba alik eta zuzenena ezi dut; ixturio mota guziak ikasarazi dizkiot gerora bizimodua errez irabazi dezan; lagun urkoa errespetatuaz, baiñan lenengo bere burua.

ZALDUNA: Ederki egiña! Zertan da trebena?

ANDREA: Gauza askotan. Mekanografi-daktilografia nuen nik oso gogokoa, eta ortan leiatu da geienik. Diploma agiri bat eman diote ta lana ere laister sortuko zaio.

ZALDUNA: Pozik egon diteke.

ANDREA: Pozik? Dantzan ari da goiz eta arratsalde. Nai litzake hainbeste lan egin ta gero. Koitadua!

ZALDUNA: Lanaren ordaña da ori.

ANDREA: Orain ez zaio falta senar on bat arkitzea besterik.

ZALDUNA: Onelako neskatxa on batek...

ANDREA: (Barren aldera begiraturik.) Ain zuzen emen dator nere alaba. Oraintxe ezagutu araziko dizut.

 

(Alaba sar bedi. Ogeitamar bat urteko gizasemea da, morrosko sendo, bigote beltz luzeduna ta soñeko illunez jatitzia.)

 

ALABA-GIZASEMEA: Egun on, amatxo! (Abots lodia du, gizonezkoa. Ama besarkatzen du.)

ZALDUNA: Zure antza du. Andre.

ANDREA: (Gizaseme-Alabari.). Agurtu zazu zaldun auxe.

ALABA-GIZASEMEA: (Burua makurtuaz.) Egun on, jauna!

ZALDUNA: Egun on andereño...! (ANDREA'ri.) Oso ondo ezia dago, benetan. Zenbat urte ditu.

ANDREA: Larogeita amairu urte!

ZALDUNA: Zaartxoa da orduan?...

ANDREA: Ez bada, larogei arte zor baitizkigu. Beraz ez zaizkio gelditzen amairu besterik.

ZALDUNA: Besteak bezin aguro joango zaizkio. (Alaba-gizasemeari.) Ume bat zera!

ALABA-GIZASEMEA: (Abots indartsuaz.) Bai, ume bat, baiñan ez aztu «Ume bati, umeterdi...!» Edo bestela: «Mari Andresen kokotza, lau libra ta bost ontza.»

 

(ZALDUNA ta ANDREA izuturik jeikitzen dira, alkarri begiratuaz.)

 

OIALA

 

Neskatilla ezkongai, Eugene Ionesco
Egan, 1/6-1964