Zaldun Bitxia, Michel de Ghelderode
Egan, 1/6-1965

 

ZALDUN BITXIA

 

Michel de Ghelderode

 

 

(Le cavalier bizarro)

(1920)

Egitalde bateko antzerkia.

Euskeratzaillea: Juan San Martin.

Bruxelles-go Louis De Winter, gizon ongilleari eskeiñia.

 

 

JOKO LAGUNAK

        Zelataria.

        Atso ta agureak

        Guziak naigabetuak, asmaz, eztulez, makuluekin eta soiñeko zaarrez jantziak. Beren artean, atso bat. Mundutik erdi aldendutako jende onek, beren ingurua kolorezko indarrez eta usaiez aberats du. Breughel-en pintzela edo Jacques Callot-en gubilla zirikatzeko bezelakoak dira. Gaiñera, bertako giroak, doiñu-ots berezi bat du bere sakonean.

 

 

TOKIA

        Flandes-en. Tetxu edo sapai biribillez gaiña duan ospital zahar baten gela. Atzekaldean, gotiku erako ojibal punta zorrozdun leio bat. Atea ezkerrean dago. Eskubian, zaindu gabeko aldare bat, utzita bezela. Ormetatik zintzillizka eleiz kuadru illun batzuek eta heraldika armarriak erakutsiaz, mamu-iduriz bezela.

 

 

 

Agureak, oeratuak daude. Etzanda edo oe gaiñetan kukurtuak. Bat bakarrik dabil batera ta bestera, azkar, dardaraz eragiña. Zelataria edo oartzaillea da, bizarduna eta ile aundiduna.

 

ZELATARIA: Entzun dizkiat, Benetan! Eta neretzat egia dana, kidekoak geranez, zuentzat ere badek! Entzun!

AGURE BAT: Ametsak, otsa dik. Irudiak eta argiak bakarrik ez; zaporeak, usaiak eta doñuak ere badizkik. Zoro gizarajoa, ametsak bost sentidu dizkik. Ametsa bezin zoro ago!

ZELATARIA: Ori dek egi modua! Oraindik ixtante bat dala entzun dizkiat: metalezko kanpaiak!

BESTE AGURE BAT: Inguru oietako lautasun guzian, etzegok kanpantorrerik amar leguaren biran.

ZELATARIA: Nere belarriekin! Kanpaiak! Gezurra esaten badiat, belarriak ebaki dizaizkidatela! Kanpai gogorrak, biziak!

IRUGARREN AGUREA: Bai, sukarraren kanpaiak.

ZELATARIA: Eta, zertaz joten zuten?, zuek esango al didazute?

LENENGO AGUREA: Ire txorabioen jaiotzari.

BIGARREN AGUREA: Ire ezkontzak, erotasunarekin.

IRUGARREN AGUREA: Ire zentzuaren illetak.

ZELATARIA: Naiz urrutikoak izan, kanpai ikaragarriak, ikaragarriak. Zelakoak ziran kanpai oiek? Adieraziko al didazute?

LENENGO AGUREA: Ekaitzak itxasontzia ondoratzen duaneko erakoak...

BIGARREN AGUREA: Suak uzta erretzen duan erakoak...

IRUGARREN AGUREA: Erria errebelatuaz jaikitzen dan eran... Gerra danean...

ZELATARIA: Bai. Oien danon antzera... Bat-batean! Beldurra sartu zait.

LAUGARREN AGUREA: (zutik) Erantzun zak, otzean: Kanpaiak entzun al dituk?

ZELATARIA: Etzanda nengoan. Aldi batean zain nengoan, eta nere arimak ezagutu dizkik nere entzumenak baiño len. Ene Jainkoa!, zer adierazi nai dute ezkilla oiek, gure zelaiaren sarraski, miserizko erri onetan?

LENENGO AGUREA: Bakoitzak berari dagokiona ikusten dik eta entzuten dik! Bein batean, paradisua ikusi nian, baiña iñor ez nian beartu sinistera.

ZELATARIA: Nik egiztatzen diat. Ondamendiaren deia dek!

BIGARREN AGUREA: Oraindik bereizten al diagu suertea ondamenditik? Aitortzen badidak gurekin isekaz ari aizela, nere rapé erdia emango diat.

ZELATARIA: Aitortzen diat. Illuna ukan... illuna... illuna...

BIGARREN AGUREA: Koldar ori!

ZELATARIA: Eta nere rapé?

LAUGARREN AGUREA: Aoa gozatu zak entzun dituken otsekin!

 

(Agureak berriz oeratu dute, muzindurik. Ixilla.)

 

ZELATARIA: Kanpaiak laiñoetan... Kanpaiak osiñondoan... Kanpaiak nere kaskoan... ia, ez dute otsik egiten? Izan ere, dudan jarri naute. Baiña, ixillera oituak daudenak beste mundutik datozen zaratak, kantak, alakak, somatzen dituzte. Oiek dakarte batzuentzat iseka, bestentzat ames-zoro. Loak artzera nijoa. Gogaitu dedilla jotzaillea! Berriro sekula ez dut adieraziko mundua baiño aruntzago somatzen dedanik...

 

(Bat-batean, urbil samar, iru kanpai ots klaru entzuten dira. Oeratuak, zutintzen dira.)

 

LENENGO AGUREA: Kanpaiak? E, bizarduna? Entzun al dituk?

ZELATARIA: Ez! Zer entzun dek!

LENENGO AGUREA: Kanpaiak, madarikatua, kanpaiak!

ZELATARIA: Ez al dek izango igarotako denborak burura igotzen zaizkikala? Ire errian kanpaiak jotzen ituen! Lepotik sokakin zintzilizkatuko al aute...

IRUGARREN AGUREA: Ni ez nengoan lokartua.

LAUGARREN AGUREA: Zergaitik asi gaituk kanpaiez mintzatzen, emen barnean? Gau ta egun entzungo dizkiagu, modan jarriko dituk.

BOSGARREN AGUREA: Beste gauzarik zer egin genezakek?

LENENGO AGUREA: Batez ere, entzumena adi jar dezagun eta ez dizaiogun sinistu berari besterik...

 

(Ixil-une luzea. Agure zaharrak adi daude.)

 

ZELATARIA: (Kampaien antzera.) Dilin, dalan, dilin, dalan... Dilin, Dalan...

 

(Agureak, aserrez, zelataria inguratzen dute.)

 

BIGARREN AGUREA: Bera ukan! Gezurtia alakoa!

IRUGARREN AGUREA: Gezurruts gorrotagarria!

LAUGARREN AGUREA: Bai, eroaren asmaketa!

ATSOA: (Bere makuluari eragiñaz.) Ausartu adi berriz, iguingarri!

ZELATARIA: Nere eztarria brontzezkoa den! Makulu, ire ohorez egingo diñat zintzur otsa! Entzun zan! (Agoa irikitzen du, baiña, kanpoan, egiazko kanpaiak joaz asten dira. ZELATARIAK parre egite du.) O! joku inpernutiarra. Deabruaren adiskidea naiz! (Kanpaieri antz emanaz.) Dilin, dalan, dalan... orrela... Leun-leun... Eta goragotik. (Kanpaiak urbilduaz entzuten dira.) Eta urbillago oraindik... (kanpaiak boleran azkartuz.) Eta ez txuriak, ez txurigorri, ez urdin, ez eta ere urrezko, ez! kanpai beltzak, beltzak, gau-kanpaiak, illeta-kanpaiak, kanpai izoztuak...

LENENGO AGUREA: Zer dan jakin nai luke batek.

ATSOA: Aztarnak...

ZELATARIA: Gezurrezkoak zirala esaten zenuenez! Itzari eusten zioat gezurra dala!

BOSGARREN AGUREA: Gu, gizarajook! Zentzunik bai al du gertaera onek? Kanpaiak ez dute joten kanpantorretik kanpora! Gertatu daiteke ori? Jendea, esan neri...

ZELATARIA: Gertatu daitekean konprenitu ezak beldurtzen au? Ni ez.

SEIGARREN AGUREA: Deitu dizaiogun nagusiari.

ZELATARIA: Nagusia, ere gu bezelako zahar bat dek, beste ezer egiten ez dakiena, bere liburuan zaharren izenak eskribitzea izan ezik, emen iltzen diran zaharren izenak.

LENENGO AGUREA: Nik, berriz, kanpairik ez dagoala zioat. Ez diat ezer sinisten, ikusten dedana izan ezik. Eta, kanpai oiek ez dituk ikusten!

ZELATARIA: I, Tomas zaharra; kanpaiak naturaz gaiñekoak dituk; bear bada entzunak izaten uzten ditek, baiña ez zaiek gogoko ikusiak izaten. Ikusten diranak, bataiatzerakoan eta lur-ematerakoan joten dituztenak bakarrik izaten dituk.

LENENGO AGUREA: Guzion kontra eusten zioat nere itzari, ez dagoala kanpairik.

 

(Kanpai ots bat, indartsu, oso urbil.)

 

ATSOA: Jesus Maria!

ZELATARIA: (Isekaz antzemanaz.) Susmauria!

LENENGO AGUREA: Eraman eziñezkoa dek au. Kejatzea erabakitzen diat, izkribatu dezagun letra dotorezko pankarta bat.

BIGARREN AGUREA: Eta nik ainbeste gauza ikusi ditudalarik nere bizitzan! Ostera, kanpaiak dabiltzala, oiñak dituztela?

IRUGARREN AGUREA: Bidez-bide ateratzea beren gauza dek; baiña ez dezatela artu gure pobre-etxe au ostatutzat!

ZELATARIA: Trankildu zaitezte; zuen biotz zahartuak metalezkoak izan gabe, kanpaiak bezin fuerteak dizkitek beren taupotsak. Jakin bear diat ia zer dan kanpoan boleraz dabillen ori; ikustera niak, eta zuek sinistu bearko didazute. Bear bada ederra izan ditekek... (Gelaren atzekaldera dijoa korrika eta mai gaiñera igo, andik leioraiño eltzeko. Isiltasuna. Agureak belaxe biltzen dira gelaren atzekalde artan.) Edo, bear bada, naiago al dezute ezer ez jakitea?

LAUGARREN AGUREA: Jakin nai diagu. Ez da, adiskideak? Nai diagu...

BOSGARREN AGUREA: Nai diagu jakin zer deabrukeri dan, Zelataria, zer dek?

ZELATARIA: Zelai lautasuna dakus illunabarrean, dena gorrizkara, bere estaiñuzko intziriz.

SEIGARREN AGUREA: Eta gero?

ZELATARIA: Ikusten dek... (Ixiltasuna.) Gaitza dek ikusten dedana adieraztea. Badakizute ni ez nauala ezerk arritzen...

LENENGO AGUREA: Jainkoaren izenean, zer dek ikusten dekana?

ZELATARIA: Zaldi bat, aundia, oso aundia. Bayard ommegang deitzen zaiona bezin aundia. Itzala edo ez bada beintzat! Bere lepotik zintzillizka arranak dituala, arran aundiak, oso aundiak, kanpaiak bezelakoak...

LENENGO AGUREA: Neurri ortako zaldiak? Olakorik etzeok.

BOSGARREN AGUREA: Itzala ez bada beintzat... Batzuetan, arrastiruntza, era ortako irudimenak biurtzen dituk gure sukarrezko zelai oietan. Baiña, eta gero, ikusle?

ZELATARIA: Zaldi gaiñean dijoana ere erraldoia dek. Zaldun bitxia! Ene ama! Itxura ikaragarria dik! Au ere itzal bat ez bada, beste itzal baten gaiñean...

BOSGARREN AGUREA: Batez ere, ispillu disdirekin ez ote dituk betetzen aireak?

ZELATARIA: Urrutiko azken gabeak desurrezten dijoazkik. Jantzi gorriz zegok. Lautara guzia, ametsegaitik zabaldua, ia lo zegok. Kutsatzen dan zerbait dek!

ATSOA: Esna adi! Zalduna?

ZELATARIA: Buru-arro paseatzen dik. Ospitaleruntza zetorrek. Pauso batzuek geiago eta garbi asko ikusi ditzakek.

BIGARREN AGUREA: Zelataria, ire itzak ez dituk zeatzak! Itz egin zak jende zintzoa mintzatzen dan bezela edo beste bat igo dedilla leiora!

ZELATARIA: Sinistu zaidazute! Ain ondo itz ez egiñarren, beste iñork baiño obeto ikusten diat. (Isiltasuna.) A! zamalkatuz datorren ori ezagutzen diat! bai orixe! Eta guziok ezagutzen dezute.

BIARREN AGUREA: Nor dek, ba, nor?

ZELATARIA: Berak gogoratzen dik gure ospitala, Jainko onaren izenez, maiz bere oiñak jartzen dituan etxe agurgarri bat bezela!

LAUGARREN AGUREA: Bere izena, bere agerkundea?

ZELATARIA: Ez diat geiago esango. (Kanpai otsa, kanpoan.) Zaudete ixillik. Oeratu zaitezte.

LENENGO AGUREA: Zergaitik aolku edo konseju oiek?

ZELATARIA: (Lurrera jauziaz.) Erantzun; eriotzaren beldurrik ba duzue?

LENENGO AGUREA: Galdera tontoa! Gure edadean?

BIGARREN AGUREA: Guretzat ez ote ukan ba dana bukatu urte asko dirala?

IRUGARREN AGUREA: Eriotzari buruz ari gaituk? Baiña, gero ere biziko geralarik?

LAUGARREN AGUREA: Iltzea gizonen bete bearra dek.

ATSOA: Zer besterik egiten diagu etxe onetan gure azken bukaerari itxaro izan ezik?

ZELATARIA: Zuen itzak orrenbeste jakintza adierazten duelarik, orduan, ez zerate geiegi arrituko... (Isiltasuna.) Zalduna urreratzen dala? (Kanpai ots bat.) Eriotza dek!

BOSGARREN AGUREA: Eriotza?

ZELATARIA: Eriotza zamalkatuz!

SEIGARREN AGUREA: Zer diok? Eriotza?

ZELATARIA: Eriotza!, ospetsu, kobrezko kaskoarekin, eta gaiñekoa pavorealaren lumekin!

LENENGO AGUREA: Zerekin? Eriotza?

ZELATARIA: Eriotza!, bere buruz arrotuta, okotza gora duela, esku bata mokor gaiñean, belaunetaraiñoko larruzko bortzegiekin, zatitutako kapusai batekin goitik behera estalia eta zillarrezko gurutzetxoz beterik.

ATSOA: Eriotza esan dek?

ZELATARIA: Bai, bera, eta ez beste. (Kanpai otsak.) Eta norengana zetorrek? Iregana, zuengana; nerogana, guzion gana? Arrera ona egin bearko zioagu, edukazio onez portatu bearko gaituk. Batez ere, ezkutatu zuen sentipen beldurtiak, agure zahar orrek uste baitik maitatzaille atsegiña dala.

LENENGO AGUREA: Beldurra? Sartu dedilla, ia! Zirituz agurtuko diagu, ongi-etorri alaia adieraziz, sakristiako egiazko latiñez!

BIGARREN AGUREA: Argizagi mutur bat gelditzen zaidak. Nik eskintzen diat argia!

IRUGARREN AGUREA: Neuk kantatuko diat lizunkoien meza beltza eta dantzatuko diagu zera...

LAUGARREN AGUREA: Agurrak antolatuko al dizkiagu?

ZELATARIA: Obeto izango litzakek zeuen arimak zaintzen pentsatzea! Sustraitik atera estaltzen dituzuen zikinkeriak!

ATSOA: Baiña, zer? Eriotza al dek? Astearteko iñauterian ain ondo antz ematen ditek, nahastu egiten dek nornai.

ZELATARIA: Egiazkoa, antz eman eziñezkoa...

BOSGARREN AGUREA: (Atsoari.) Emakume, iguingarria ba aiz ere, azken pekatua egin nai diñat.

SEIGARREN AGUREA: Jarabe ganbelan ez diat ezer utzi bear!

LENENGO AGUREA: Oraindik zazpi pesetaren jabe nauk, gastatu bear dizkiat...

 

(Kampai otsak ari dira, geroago eta urbillago.)

 

ZELATARIA: Eriotzari ez zaizkiok gustatuko zuen komeri ta iñozokeriak; neurridun pertsona dek, legezko agerkaritza maite duana.

LENENGO AGUREA: Eta guri, bere bisitak gustatzen zaizkiguk ala? Gauza biziak gaituk ta parrea gurea dek!

BIGARREN AGUREA: Eta beren azken egunak bizitzen gaudenak! Edan nai diat.

IRUGARREN AGUREA: Nik kantatu nai diat, munduaren amaia kantatuko diat!

LAUGARREN AGUREA: (Filarmonika ­akordeoia— bat zabalduaz.) Nik idikitzen diat dantza, illeta itxusiaren dantza!

BOSGARREN AGUREA: Dantza egin dizaiogun Erio-ri! Dantza dezagun illeta itxusia! Agura zaharren jaia dek, illetsi taldearena!

ATSOA: Ni dantzatzen nauk zuzenera eta okerrera!

SEIGARREN AGUREA: Soiñua?

 

(Filarmonikak dantza astun bat ari du. Agure batek eltzen du ATSOA eta dantzara beartzen du. Itxura gabe biak saltoka ari dira toki beretik alde gabe. Gaiñerakoak, korroa egiñaz, musikaren antzera kantatuz, txaloak joaz edo orruaka. Antz-irudizko zarata oiek ixtantetxo bat bakarrik irauten dute. Pareja zaharra, arnasa-estuz, oe batean erortzen da; filarmonika orron dabil; agureen korroa puskatu da.)

 

LENENGO AGUREA: Eta kanpaiak, ia ez dituk entzuten?

ZELATARIA: Arkupean deitu dik. Gure jaialdi au gora-bera, kolpeak entzun dizkiat.

LENENGO AGUREA: Gezurra! Bere bidea jarraitu dik!

BIGARREN AGUREA: Iriki al diote?

IRUGARREN AGUREA: :Pentsatzen dedana esango dizuet: bukatu dik eta berriz joan dek. Ez zetorren guregana, pobre-etxekoengana, ospitalekoengana baizik, bestaldeko gelara. Gu? Eriotzak ere aiztutakoak gaituk...

ZELATARIA: Bere billa natxiak.

 

(Azkar dijoa atzekalderaiño. Baiña, agureak eldu diote ta ez die uzten.)

 

LAUGARREN AGUREA: Zentzugabea! Gure gelara begiratu dezan dei egin nai al diok?

ZELATARIA: Zuek zerate zentzugabeak! Egiñalak ez al dituzute egin bera zuen gelara iritxi dedin? Bestaldetik, bizitasunezko gora-bera dek. Eta, bere billa joanda, zoritxar gutxiago emango ziguk.

BOSGARREN AGUREA: Ago emen geldi!

ZELATARIA: Nai dezuten bezela. Ajolakabetzen nauk asuntu onekin.

ATSOA: Miserere!

ZELATARIA: Zer dion, amona?

ATSOA: Deitu zaiok kapeillauari!

ZELATARIA: Upel batean ezkutatu den.

SEIGARREN AGUREA: Ba, orduan, norekin aitortuko gaituk?

ZELATARIA: Jainkoak entzuten zaituzte, aurrera!

LENENGO AGUREA: Ni ez nauk zuzena, ez!

BIGARREN AGUREA: Nik neronen burua pekataritzat diat, esan dezagun serioski!

IRUGARREN AGUREA: Eta ni, pekatari aundi bat nauk. Bat, egiazkoa.

LAUGARREN AGUREA: Nik geiegi edan diat!

BOSGARREN AGUREA: Nik iñoiz, asko edo gutxi, lapurretan egin diat!

SEIGARREN AGUREA: Nik ugari izurratu diat!

ATSOA: Ni ederra, nintzan, eta nere gorputza saltzen nian!

LENENGO AGUREA: Egintza sakrilegu batzuek dizkiat nere gain!

BIGARREN AGUREA: Bai! Nik, sakrilejiuak baño zerbait obea! Aita Santuak bakarrik barkatu ditzakean pekatuak!

ZELATARIA: Etorriko dituk kontuak. Numeratuaz zatozte neri jarraika, inpernuetara jetxi bear diat.

ATSOA: Ez zak aipatu inpernurik! Gure oinpean zegok.

ZELATARIA: A, bai?, azufre usaia zegok. Merezi al zuan Eriotza ainbeste mukertasunez tratatzea? Eten zazute zuen espa, gerorakotu zuen zikinkeria. Iruditzen zaidak Erio eskillaretan dagoala zerbait arritua. Ainbeste atekin!

IRUGARREN AGUREA: Joan dedilla nai duan lekura, baiña ez dedilla onera etorri...

ZELATARIA: Ajajai! Itxura danez arnasa sendoak dituk bizitzetan! Orrela, ba, gaixo guzi oientzat, elbarri auentzat, bizitza doai bat al dek? Lanera, o Erio!, eta zenbat zerraldo eskatuak? Baso osoa! Oiana!

 

(Aureak gelan, ara ta ona dabiltza, galduta bezela.)

 

LAUGARREN AGUREA: Zer egin?

ZELATARIA: Errezatu! Gizonak bide au bakarrik ditek eta.

BOSGARREN AGUREA: Zelan errezatu?

ZELATARIA: Nik zer zekiat? Esan, adibidez: «Jauna! beldur naiz. Beldur eriotzaren eta zigorraren. Zuregana deika gatoz arriskuan, beingoz ez da oitura bat. Guk bizi nai dugu, utzi gaitzazu bizitzen. Amen!...»

ATSOA: Bizi!

SEIGARREN AGUREA: Edozein modutan, gaixorik, oiñazez, zauriturik eta arrez estalirik, baiña bizi!

ZELATARIA: Etsi baiña ez abere-iltokira daramaten zerria bezela. Begiratu, jostatu. Jolastu asmakizunetan. Zuetarik lenengo nor lertuko dek? Neuk zekiat, lenengo, adin gutxien duana.

LENENGO AGUREA: Nik ez diat eun urte ere.

BIGARREN AGUREA: Nik eun da bat dizkiat.

IRUGARREN AGUREA: Itxaron, Erio-k utziko ziguk kalkulatzeko momentua.

ZELATARIA: Azkar! Katarrosa au ez zegok urruti, eztula egin dik. A! zelako leizea dagoan gorpuztxo orretan! (Poliki dijoa atzekaldeko bazterrera.) Eskillaretan oztopo egin bear izan dik. E! naikoa duk utsik, urreratuaz zetorrek; aurretik daraman egaztadaren aizea somatzen diat.

 

(Agureak ezkutatuz gordetzen dira mantapeetan edo oepeetan. Batbatean, gela ustu egin dala dirudi. ZELATARIA-k aurrerantza jarraitzen du, amesetan bezela, mozkor baten gisa.)

 

AGURE BATEN ABOTSA: Eta Erio?

ZELATARIA: Pazientzi pixkabat.

BESTE ABOTS BAT: ...ora pro nobis?...

ZELATARIA: Azkenean! ik ikutu gaituk! Puaj! bere arnasa, errementariaren auspo indartsu ori! Illargi au bezela, azkar joango zera, ezta, maitea? Derrepente illa, esaten duten bezela. Eta plaf!, illobira, panpin sorta bat bezela... (Batzuek ai-ene samiñez, besteak biraoka, besteak negarrez, besteak letania zatiak mantapeetatik eta oepeetatik. Ziri-sartuaz ere bai. ZELATARIA ate-kontra golpe batzuek ematen ditu, beldurtzen da atera duan zarataz, guziz bultza egiten dio ateari eta atzerunzka dator gelara, berak ere igartzeke jolasean dabillen ala ez.) Nor da? (Bere abotsa aultzen da.) Ezagutzen baitzaitut? Arren! (Isil-unea.) Garaillea! (Isil-unea.) Zure zerbitzaria! (Berriz ere isil-unea.) Eta bedorrek jakin nai du... (Isil-urtea.) Gela onetan Santa Gertrudis deitua? Neu naiz baliagarri jo ditekean bakarra, bai. Emen, agureak bakarrik, agureak besterik ezer ez, zure begirapenik merezi ez dutenak; agure leloak, mamariak, aragi gabeak, zikiñak, istu-jarioak. Zenbaketa? Akiles, rapé artzen duana; Erromano, puzkertia; Gomario, aisa-kantaria; Erronbaut, zuritzen dana; Simon, turutaria; Chislan, puzten dana; Arnaldo, sikatzen dana; eta aintziñako Furnez-ko prezezioko Birjiña, Maria, malko-jarioz zutik dagoana! Ziñezko itza! (Entzuten dago, kukilduta, eskua belarrostean duala.) Ez! Zuaz behera, be-behera... O! Erio maltzurra! (Parrez dio.) Nere zorionak! (Iru edo lau aldiz agurtzen du.) Garaillea... (Momentu batean alde egiten du, berriz dator eta atea ixten du. Baiña, entzuten jarraitzen du.) Behera dijoa. Billa ari da. Arkituko ote du billa dabillena? (Ixilaldi luzea.) Ai! Uste dut arkitu duala! Garrasi ori, emakumezkoaren garrasi ori! Arkitu du! Gorputza gogorrean menderatuz izurratzea nai ote du, mutilzar lotsagabe orrek? (Parre egiten du.) Ja, ja, jai! Erio dagoan lekuan ez da falta aragikeria! (Azkar pasatzen da gelan, alde batetik bestera.) Kaixo, agurea? (Ezer ez du mugitzen.) Aragi ustelok, atera zaitezte oeko lastairatatik!

AGURE ABOTSA: Erio?

ZELATARIA: Igesiari eman dio! Ospa egin du! (Oeetatik agertzen diran burueri.) Ikusi al dezute?

LENENGO AGUREA: Ez, ito bearrean nengoan.

BIGARREN AGUREA: Ni konorterik gabe bezela egon nauk. Dena beltz eta zuri biurtzen zan.

IRUGARREN AGUREA: Nere odola gelditua izan duk, arraiñ-odola bezela.

LAUGARREN AGUREA: Sinesten duk joan dala?

ZELATARIA: Zer demontre egin ote dik behe ortan? Entzun, berriz ari duk zamalkatuz.

 

(Kanpai otsa entzuten da.)

 

BOSGARREN AGUREA: Arnasa badiat. Au poza!

SEIGARREN AGUREA: Berriz ere bizirik arkitzen gaituk, bizirik!

LENENGO AGUREA: Joan dedilla bere sarraskietara; guretzat, arrosak! (Oetik-oera dijoa astinduaz mugimentua sortzen.) Zutik!... (Agure guziak zutik eta alde guzietara korrika, urduri.) Nor falta da deira? Iñor ere ez! Baiña, zertara etorri ote dek, zaldun bitxia?

BIGARREN AGUREA: Eta zer esan nai ote ditek bere legunkeriak? Zertako erotu pobre-etxe guzi au? Nik madarikatzen diat!

 

(Urrutiratuaz entzuten dira kanpaiak. Bitartean, ZELATARIA leiora itzuli da eta, bertan igota, kanpakaldera so dago itzalean biltzen diran lurretaruntza.)

 

ZELATARIA: Ba zijoak. Gaua bazetorrek. Bear bada itzala izango dek...

LENENGO AGUREA: Edaria billatu nedin! Nik konbidatzen diat jinebra edatera!

IRUGARREN AGUREA: Nork du filamionika soiñua?

BIGARREN AGUREA: Baator emakume? Ez zan jarraitu ezkutatuz...

ATSOA: (Oe batetik irtenez.) Nor zegok illik?

LAUGARREN AGUREA: Ez i, ta ez ni! Besteegaitik parre egiten diñat!

ZELATARIA: Ixii! Erio-k norbait zeramak. Bear bada ori ere itzal bat izan ditekek...

ATSOA: Ai! Errezatu, errezatu errosario bat!

BOSGARREN AGUREA: Eroa! Itzalegaitik errezatu?

ZELATARIA: Otoi, isilik! Erio-k zeramak...

SEIGARREN AGUREA: Ixil ordu au gora-bera, gau guzian zelebratu bear diagu. Ordu oparotsu batzuk bizi bear dizkiagu, lenago bezela!

LENENGO AGUREA: Zer ba, zaldun ori etorri al dek?

BIGARREN AGUREA: Eta kanpai oiek, irudimenezko kanpai oiek?

ZELATARIA: ...Besoetan zeramak, kontu aundiz, arduratsu, itzal txiki bat...

IRUGARREN AGUREA: Filarmonika arkitu diat!

ATSOA: (Leiora korrika joanaz.) Ba daramala?

ZELATARIA: Jaio-berri bat!

 

(Leun-leun parre egiten du eta aurpegia bueltatu. ATSOA-k aitaren egiten du. Baiña filarmonika soiñua asten da. Zalaparta ekin da. Uluaka. Agureen gogoz kontrako dantza, agoa zabalik, eta ukabillak itxita, marionetak, bezela.)

 

OIALA

Zaldun Bitxia, Michel de Ghelderode
Egan, 1/6-1965