Zergatik Jamil?
Patxo Telleria
Zergatik Jamil?
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
Zergatik Jamil?
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Iluna.

 

AGENDTEA OFF: Hilketa lazgarria izan zen. Hildakoa ohean aurkitu zuten, bularrean hurbiletik egindako tiro bat zeukala. Elbarria zen, atrofia muskular progresiboagatik, beraz ezin izan zuen inolaz ere defenditu. Ustezko hiltzailea Jamil Chauan da, magrebiar jatorriko gaztea, biktimaren zaintzailea izandakoa.

            Gazteak etxaurrea konpontzeko jarrita zegoen andamioa erabili zuen etxeraino iristeko. Krimena burutu eta gero, andamiotik behera jeistean, laban eginda lurrera erori zen, eta konortegaberik geratu. Bere ondoan bederatzi milimetroko Sauer pistola semiautomatiko bat zegoen, isilgailuarekin. Biktima hiltzeko erabili zen pistola bera. Susmagariari ezin izan zaio galdeketarik egin, kolpearen ondorioz, aldibaterako amnesia jasaten ari delako.

            Susmagarria epaitegira eramatea erabaki da, baina lekualdatzea atzeratu da, segurtasun errefuertzoen zain. Izan ere, komisaldegiko atarian jende multzoa pilatzen hasi da, berria barreiatu ahala, krimenaren bortizkeria eta krudelkeriak suminduta.

 

Kanpotik ohiuak entzuten dira. jamilek ohiuekin erantzuten die ohiuei.

 

JAMIL: Gauto, gauto, hjaraimía! (Egin garrasi, kabroiak) Ána ma jaiafshi mánkow! Katsmaani? Ána ma jaiafshi mánkow! Ein garrasi! Benga, ein garrasi, putakumiak! Altuau, eztot entzuten eta! Ein garrasi eztarrixak urratu artian, astindu ukabilak, atara makilak eta aiztuak, nahibozue! Eztaukat bilurrik! Ia, altuau ein, eztot entzuten! Hartuixue hemendik!

 

 

Buelta ematen du, amorruz.

 

JAMIL: Ez, itxaron. Ez alperrik galdu indarrak, hemen luzatuko naiz ta. Eztakit zenbat, ordubete, bi, hiru… Eta ertetzen naizenian, han ikusi nahi zaitxuet ondiok. Zuen amorruak apur bat gehixau aguantatzia nahiko neuke, nitaz aspertu eta beste zeozerren bila hasi baino lehen! Zuen arpegiak ikusi nahi ditxut! Nire arpegia ikusi deixuen nahi dot!! Beiratu ondo, irribarriakin ertengo naizelako. Irribarriakin, ostia! Eta zuen mutur putara esanez: “Eztot inor akatu!” Ni enaiz izan!! Enaiz izan!! Putakumiak!!

 

Bere amorrazioan, ez da konturatu gizon bat espazioan dagoela.

 

EZEZAGUNA: Harritzen zara garrasiengatik?

 

jamil-ek buelta eman eta ezezaguna ikusten du.

 

EZEZAGUNA: Elbarritu bat akatu duzu kupida gabe. Moro hiltzaile bat zara. Normala ohiukatzea.

JAMIL: Jun zaitxe infernura. Ospa hemendik.

EZEZAGUNA: Biok kabitzen gara hemen.

JAMIL: Bakarrik egongo nitzala esan die.

EZEZAGUNA: Hainbeste inporta dizu?

JAMIL: Bai. Eztot inokin egon nahi. Bakarrik itxiko nindutela esan die. Eztebe esan beste atxilotuekin egongo nitzanik.

EZEZAGUNA: Ni ez naiz atxilotua.

JAMIL: Nor zara?

EZEZAGUNA: Xabier.

JAMIL: Ez jat zure izena inporta!

XABIER: Zeuk galdetu duzu.

JAMIL: Ze ostia eitxen dozu hemen, atxilotuta ezpazaure?

XABIER: Esaidazu zuk.

JAMIL: Polizia zara, ezta?

XABIER: Ez.

JAMIL: Ni zaintzeko bidali zaitxue, ez? Ezer arrarorik ez eitxeko.

XABIER: Zer egin zenezake arrarorik?

JAMIL: Ihes eitxen saiatu. Edo barrotietatik zintzilikatu.

XABIER: Suizidatzeko gogoa duzu?

JAMIL: Ez ba, ze koño...!

XABIER: Zeuk aipatu duzu.

JAMIL: Hori izaten da pasatzen dana. Laga bakian! Ospa hemendik!

XABIER: Damututa zaude?

JAMIL: Joder! Ez, ostia, eztaukat inungo damurik!! Memoria puta galdu dot, eztot gogoratzen zetaz damutu biharko nitzan.

XABIER: Baina jakingo duzu gizon bat hil duzula.

 

 

JAMIL: Joder... Nik eztot inor hil!

XABIER: Elbarritu bat, laguntza eskatzeko indarrik ere ez zeukan gizagaixo bat.

JAMIL: Ni enaiz ba izan!!

XABIER: Eta orduan zer egiten zenuen andamioen azpian lurrean botata, pistola oraindik bero batekin?

JAMIL: Eztaukat idea putarik ere ez! Ze ostiatan zabiz, galdeketia ein diate ya. Alperrik zabiz, hobe dozu etorri zaren bidetik jutia.

XABIER: Zergatik uste duzu errugabea zarela?

JAMIL: Eztakitx nor naizen, eztakitx zelakua naizen. Baina nik ez neuke holakorik eingo.

XABIER: Ez zenuke inor hilko?

JAMIL: Paralitiko bat behintzat ez, joder.

XABIER: Polbora arrastoak aurkitu dizkizute eskuan.

JAMIL: Eta polizia eztala esaten deu putakumiak.

XABIER: Esan dizut ba ez naizela.

JAMIL: Nekatu ein naiz joku honekin.

XABIER: Hasi besterik ez du egin.

JAMIL: Nahikua, ostia! Esaiazu nor zaran, esaiazu ze ostia eitxen dozun hemen! Pazientzia galdu dot ya!

XABIER: Jo egingo nauzu?

JAMIL: Eztaukat galtzeko askorik. XABIER: Hobe duzu lasaitzea. Eta saiatu zaitez gogoratzen. Diotenez, oroimena berreskuratuko duzu piskanaka. Tira, begiratu aurpegira arretaz eta saiatu oriotzen.

JAMIL: Ez. Eztakitx. Ezaitxut ezautzen. Eztakit nor zaren. Jun hemendik.

XABIER: Begiratuidazu! Begiratzeko esan dut!! Badakizu nor naizen? Begiratu ondo, kabroia!! Gogoratzen duzu jada? Gogoratzen duzu?

 

jamil gogoratzen hasten da.

 

JAMIL: Ez!!

XABIER: Ez, zer?

JAMIL: Zu ez zara...

XABIER: Ni ez naiz, nor?

JAMIL: Eztot holako kakatan sinisten.

XABIER: Zertan ez duzu sinisten?

JAMIL: Itxi bakian! Ospa!

XABIER: Lasai.

JAMIL: Kolpiak burua nahastau ditx, hori da. Zu ez...

XABIER: Ondo dakizu banaizela.

JAMIL: Mamuak eztia esistitzen.

XABIER: Horixe existitzen direla! Izena daukan guztia existitzen da. Honela edo bestela. Ni neu, adibidez, zeure buruan existitzen naiz. Entzun nahi ez duzun abotsa naiz, behin eta berriro ohikukatzen dizuna: zergatik?? Zergatik??

JAMIL: Isildu!

XABIER: Zergatik, Jamil, miserablea, doilorra, zergatik akatu duzu odol hotzean bere ohean etzanda zegoen elbarritu errugabe bat? Zergatik akatu nauzu??

JAMIL: Nahikoa da!

XABIER: Uste baino luzeaga izango da hau.

JAMIL: Itzi bakian, joder! Lagatzeko, kabroia!

XABIER: Ez zaitut utziko, moro nazkagarria, zergatik egin zenuen jakin arte.

JAMIL: Laga, bestela...!

XABIER: Bestela zer? Berirro akatuko nauzu?

JAMIL: Nik ez...!

XABIER: Bai!! Eta zerbait gogoratu behar duzu. Pistolaren hotza eskuan. Elbarritu errugabe baten aurpegia, armaren kanoi-zuloa izuturik ikusten. Polboraren usaina. Odola. Tira! Gogoratu!

 

Beste oroitzapen bat datorkio burura. Etsipena eta amorruz beterik dago jamil.

 

JAMIL: Ez!! Ez!!

 

Zoruan kolpeka hasten da, amorrazioaren amorrazioaz.

 

XABIER: Ondo, Jamil, pausu handia eman duzu, azkenean ere gogoratu duzu zeu izan zinela akatu ninduen urdekumea, oso harro dago zurekin.

JAMIL: Joder...!

XABIER: Ez, motel, ez da hondoa jotzeko unea. Oraindik ez. Lan handia geratzen zaigu.

 

jamil-ek ez du erreakzionatzen.

 

XABIER: Ea ba, zerria, esna zaitez! Ez zaitut bakean utziko zergatik egin zenuen aitortu arte. Tira! Zergatik? Zergatik??

JAMIL: Eztakitx!

 

 

XABIER: Gogoratu behar duzu! Gogoratu egin behar duzu! Ea, pentsa! Zer datorkizu burura?

 

Zerbait gogoratzen du.

 

JAMIL: Odola.

XABIER: Nire odola?

JAMIL: Ez, niria. Odola botatzen neban ahotik. Zeatik?

XABIER: Nirekin lan egin aurretik borroka klandestinoetan aritzen zinen.

JAMIL: Bai. Ona nitzan. Dirutza irabazten neban apostuetan.

XABIER: Esku hezurrak apurtu zenituen arte. Eta lan bila hasi zinen. Polizi-txosten potoloa zenuen, baina nik lerdo honek, kontratatu zintudan.

JAMIL: Errua zuria, fiatziarren.

XABIER: Arrazoi, errua nirea. Lehengoetara bueltatu zinen, ez? Borrokan ez, baina apostuetan ibili zintezke. Gaizki apostatuko zenuen, diru mordoa galdu...

JAMIL: Asunto txarra da jente horrekin zorretan ibiltzia.

XABIER: Eta niri lapurtzea otu zitzaizun. Baina gauzak okertu eta akatu ninduzun, kabroia.

JAMIL: Badakizu, orduan. Oin ni jodiduta nau eta zu hilda. Galtzen erten zara. Suerte txarra. Ospa.

XABIER: Nire zaindariak lapurtu eta hiltzen nau. Itzela naiz langileak kontratatzen!

JAMIL: Ya enitzan zure zaindarixa. Kalera bota ninduzun.

XABIER: Interesatzen zaizuna gogoratu egiten duzu.

JAMIL: Eurak esan diate. Beltzian pagatzen zinazula ere jakin dot.

XABIER: Beltzean! Ez esan hori, morito, kutsu arrazista dauka. Ezin nizun beste modu batez ordaindu, ez nizulako kontraturik egin. Esan dizute zenbat kobratzen zenuen?

JAMIL: Ez.

XABIER: Kakazahar bat! Oso erreza neukan, ezin zenuen protestarik egin. Nire etxean ez bazen, non aurkituko zuen lanik poliziak fitxatutako inmigrante batek?

JAMIL: Ni berton jaiotakua naiz.

XABIER: Okerragoa oraindik. Ez hemengoa eta ez hangoa ere. Kontentu egon behar zenuen zu bezelako bat kontratatzeagatik.

JAMIL: Eta kontentu ere gero kale gorrira botatziarren?

XABIER: Zure errua izan zen. Ez duzu gogoratzen?

 

Beste zerbait gogoratzen du.

 

JAMIL: Emakume horren begiak, beti niri beira...

XABIER: Nire emaztea.

 

Argi aldaketa. xabier orain gurpildun aulki batean dago. Berna eta besoak dagokien atrofiarekin.

 

XABIER: Jamil!

JAMIL: Bai?

XABIER: Emaztea joan da kaxatik dirua hartzera... eta ehun euro falta ziren.

JAMIL: Ehun euro falta?

XABIER: Nola egin diguzu hau, Jamil?

JAMIL: Parkatu, baina nik eztot...

XABIER: Ez hartu ergeltzat!

JAMIL: Benetan esateixut nik ez......

XABIER: Bildu zure gauzak eta alde etxe honetatik.

JAMIL: Ez, mesedez.

XABIER: Ez dago bueltarik.

 

 

JAMIL: Eztot dirurik hartu, benetan...

XABIER: Apustutan ibili zara, ez?

JAMIL: Urtiak dia garito bat zapaltzen eztotela.

XABIER: Gezurra!

JAMIL: Mesedez, ez ein hau. Deskontaiazuz ehun euro horrek datorren hileko soldatatik.

XABIER: Ez didazu ba esan ez dituzula hartu?

JAMIL: Mesedez, bualtako deutsudaz. Ez ein hau. Eztaukat nora jun.

XABIER: Ospa etxe honetatik! Ospa!

 

Ohiko argia dator.

 

XABIER: Burumakur joan zinen etxetik, barkamena eskatuz bezela. Itxurakeria, mendekua planeatzen hasita zeunden jada. Hobe sentitzen zara orain, kabroia, bularrean tiroa jo eta gero?

JAMIL: Eneukan zu hiltzeko asmorik. Lapurtzera sartu nitzan.

XABIER: Pistola batekin?

JAMIL: Lapurtzera! Lapurtzera bakarrik!

XABIER: Eta orduan zergatik egin zenidan tiro?

JAMIL: Eztakitx. Norbait sartzen etzungo zendun. Igarriko zendun ni nitzala. Salatuko ninduzula esango zendun.

XABIER: Nolatan igarriko nuen zu zinela? Ni ohean nengoen, etxea ezagutzen duzu, bazenekien nire gelan ez zegoela ezer baliozkorik. Ez zinen gelan sartuko. Nola ikusiko zintudan, Nola jakingo nuen zu zinela?

JAMIL: Neure ibilkeraren soinuagatik?

XABIER: Mesedez! Sherlock Holmes banintz ere!

JAMIL: Usainatik.

XABIER: Usaina?

JAMIL: Bakoitzak bere usain propiua dauka. Txakurrek ondo dakixie. Eta persona batzuk ere bai.

XABIER: Ados, nire usaimena hobetzen zihoan, beste guztia ondora zihoan heinean. Eta bai, baliteke zure usaina nabaritzea.

JAMIL: Orduan badakizu: zorretan nenguan, lapurtzera jun, baina ezagutu ninduzun eta zu hiltzia beste erremeixorik ez neban izan. Dana argitxuta dau. Oin laga bakian.

XABIER: Eta harrapakina?

JAMIL: Zela?

XABIER: Hartu zenuen?

JAMIL: Eztakitx zetaz…

XABIER: Kaxa fuertean zegoena. Dirua, bitxiak, lapurretaren arrazoia. Non dago?

JAMIL: Eztakitx.

XABIER: Kuriosoa. Poliziak ere ez daki. Ez da harrigarria?

JAMIL: Zer?

XABIER: Poliziak kaxa fuertea irekita aurkitu zuen, eta hutsik. Baina zure arropetan ere ez zegoen ezer, ezta etxean edo andamioren azpian...

JAMIL: Argi berba eingoixut, higuinduta naualako ya: eztixut esango dirua nun dauan. Batetik eztakitxelako. Eta bestetik, inoiz berriro gogoratzen bot, eztiotelako inori esango.

XABIER: Hilda nago, zer ajola dizu?

JAMIL: Hori esaten dot nik, ze inporta jatzu zuri? Emaztian etorkizunak arduratzen zaitxu? Maite zendun? Ba sentitzen dot, diruripe gelditxuko da. Eztakitx ze pasau zan diru putiakin. Igual eninduan bakarrik. Igual baneukan konplize bat, eta diruakin alde ein dau putakumiak. Edo igual ez, igual ezkutatzia beste erremeixorik ezteu euki eta dirua nirekin banatzeko asmua dauka. Ondo etorriko jat, dirua biharko dot abokatuari ordaintzeko.

 

xabier barrez.

 

JAMIL: Ze pasatzen jatzu?

XABIER: Barre egiten dudala zurekin. Amorratzen nau, akatu nauzulako, baina barregurea ematen didazu, Jamil.

JAMIL: Hau absurdua da.

XABIER: Heriotza da absurdoa. Eta bizitza ere bai.

JAMIL: Bueno, nahikua da! Ez ein barrerik. Honek eztauka grazia putarik!

XABIER: Arrazoi. Kito jolasak, Jamil! Jakin nahi duzu zergatik egin dudan barre? Inortxok ere ez duelako zurekin euro bakar bat ere partituko, ezer ez zenuelako lapurtu.

JAMIL: Zer?

XABIER: Kaxafuertea hutsik zegoen. Gaixotasunak nire aurrezkiak xahutuak zituen.

JAMIL: Ezeuan dirurik??

XABIER: Estu bizi ginen aspalditik, emaztearen soldatarekin, ozta ozta. Eta zuk bazenekien. Ondotxo jakin ere.

JAMIL: Eztauka zenturik.

XABIER: Euki behar du! Tira, esna zaitez behingoagatik!

JAMIL: Eztakitx, ostia! Zoroaldi bat izango zan!

XABIER: Ez. Zuk ez duzu inoiz zoroaldirik izan.

JAMIL: Baina gaba haretan sobran edan neban. Enekien zer eitxen neban.

XABIER: Bapateko eroaldia eta alkoholaren eragina. Argudio bikaina epaiketarako. Sorte pixka batekin laister kartzelatik irten eta beste gizajo baten bizitza izorratu ahal izango duzu.

JAMIL: Holan izan bihar izan zan! Derrepenteko zoroaldia!

 

xabierrek zerbait gogoratzen du.

 

XABIER: Ez, Jamil. Sentitzen dut ilusioa kentzea, baina epaiketan ez zara oso urrun iritsiko eroaldiaren aitzakiarekin.

JAMIL: Zeatik ez?

XABIER: Krimena aspaldi prestatzen hasi zinelako, kabroia!

JAMIL: Zer?

XABIER: Koartada bat atondu zenuen.

 

 

JAMIL: Nola?

            Afrikara alde egin zenuela sinestarazi zenigun. Zure postale bat heldu zitzaigun handik.

JAMIL: Bai. Telefonoz deitxu nizuen, nire gurasuen herrian nenguala esaten, Morokon, Atlas Mendietan.

XABIER: Damua sentitzen zenuela esan zenuen...

JAMIL: ...eta faltan botatzen zintxuedala.

XABIER: Zure “amonatxo maiteak” ere agur egin zigun telefonoz, bereber hizkuntzaz, ez genion ezer ulertu baina.

JAMIL: Bi zentimo terdi ordaindu niozen atso bati berba eitxeko. Ezan bereberra erez.

XABIER: Hemen jarraitzen zenuen, nire etxetik oso gertu.

JAMIL: Pentsio zatar baten.

XABIER: Andamioan behera erori ez bazina, inork ez zukeen zure susmorik izango. Koartada ona prestatu zenuen. Ez zen bapateko eroaldia izan, Jamil. Aurrez prestaturikoa zen, alebosiaz.

 

jamil abailduta.

 

XABIER: Arrazoi bat egon behar du! Pentsa! Pentsa, kabroia! Gogoratu etxean bizi zinenekoa. Zer datorkizu burura?

 

Oroitzapen gehiago.

 

JAMIL: Zure emaztia. Bere begiradia gogoratzen dot. Beti niri beira.

XABIER: Bigarren aldia da emaztea gogoratzen duzuna. Zergatik?

JAMIL: Zure emazteak eta biok harreman bat geunkan.

XABIER: Nola?

JAMIL: Maitaliak ginan.

XABIER: Ez ergelkeriarik esan. Maite ninduen.

JAMIL: Izan leike, baina zuk eman ezin zenduna bihar zeban.

XABIER: Jarraitu, jarraitu...

JAMIL: Ezan gaztia, baina ondiok… emakume ederra zan. Hasieran sexua baino ez zan, arina, ezkutukua... Nire gelan sartzen zan eta txortan eitxen gendun isil isilian. Zaila da, baina eszitantia. Denporiakin sakontzen jun zan gure artekua, elkarren biharra geunkan, baina hor zeunden zu, gure artian zeuan oztopua zinan, traban zeunden. Bion artian antolatu gendun. Zure emaztiatik izan zan. Biok bakarrik egon nahi gendulako hil zintxudan!!

 

xabier barrez.

 

JAMIL: Zertaz eitxen dozu barre oin?

XABIER: Ez zaitut mindu nahi, baina barregarria da pentsatzea emaztea eta zu...

JAMIL: Nik eztiot graziarik ikusten.

XABIER: Barka, baina abantailaz jokatzen ari naiz. Emazteak bazituen... prejuizio etnikoak... Denbora zeraman zu kalera bota nahian. Maiteminduta dagoen emakume baten portaera iruditzen zaizu?

JAMIL: Etxetik bota nahi nindun?

XABIER: Ez zen konpontzen zurekin. Fikzioa eta errealitatea nahastu dituzu. Benetakoa iruditu zaidana, ordea, zera da, zure desioa. (Burlaz) Hara, hara, emaztea gustoko zenuen, eh?

JAMIL: Igual... eztakit. Igual.

XABIER: Horixe zenuela. Eta dudarik gabe larrutan egin zenuen berarekin, zure ohean, isilean... eta bakar bakarrik.

 

xabier barrez.

 

JAMIL: Ez barrerik ein.

XABIER: Barkatu, baina oso barregarria zara batzuetan.

 

xabier barrez. jamil-ek pazientzia galtzen du.

 

JAMIL: Isildu behingoz!!

 

xabierrek bortizki astintzen du jamil.

 

XABIER: Ixildu zu! Ez zaude niri oihukatzeko moduan! Gogoratu zeu zarela akatu nauzuna!

 

jamil-i oroitzapen bat datorkio.

 

JAMIL: Tratu txarrak ematen zizkiazun!

XABIER: Nik?

JAMIL: Umillatu eitxen ninduzun.

XABIER: Hara... Jarraitu hortik.

 

Argi aldaketa.

xabier, gurpildun aulkian, elbarritasun osoaz.

 

XABIER: Jamil!! Jamil!!

JAMIL: Banixe!

XABIER: Non arraio zeunden? Deika ari nintzen, joder!!

JAMIL: Parkatu, nik...

XABIER: Garbitu nazazu!

JAMIL: Zela?

XABIER: Garbitzeko!

JAMIL: Baina...

XABIER: Kaka egin dut gainean.

JAMIL: Baina... zeatik...?

XABIER: Nola zergatik? Ze galdera txatxua da hori? Garbitu eta isildu.

JAMIL: Baina zuk eztozu inoiz...

XABIER: Noizbait gertatu behar zuen lehenengo aldiz. Segi, zeren zai zaude? Nazka ematen dizu? Ba izorra zaitez. Horretarako pagatzen dizut. Aguantatzeko.

JAMIL: Xabier, zeatik esaten diazu...?

 

xabier-ek listua botatzen dio jamil-i.

 

XABIER: Garbitzeko, joder!

 

Ohiko argia.

 

JAMIL: Putakume galanta zinan!

XABIER: Ez hola jarri, elbarritu samindu bat nintzen, ulertu behar duzu.

JAMIL: Nahitxa ein zendun, ez? Abisau ahal zendun. Gainian ein zendun ni fastidixatzeko.

XABIER: Egia. Nazkagarria, baina egia.

JAMIL: Disfrutatzen zendun, ezta? Gustatzen zitzazun abusatzia. Plazerra ematen zizun. Zelako suertia, koitxau baten bizitza zure kapritxuen menera eukitzia.

XABIER: Beraz sadiko makur puta bat nintzen.

JAMIL: Horreatik hil zintxudan! Hilketa justua izan zan. Ni nitzan biktima. Zela enaiz oin arte konturatu? Ni naiz krimen honetan biktimia!

XABIER: Teoria polita, baina ez dizu ezertarako balio izango epaiketan. Baduzu frogarik? Tratu txar horien lekukorik dago?

JAMIL: Oin ezin neike jakin.

XABIER: Ez orain ta ez inoiz. Ez dago lekukorik, tratu txarrik egon ez zelako. Joder, esnatu behingoz!

JAMIL: Ez ikutu! Berriz ere ikutzen banozu...!

 

jamil-ek lepotik heltzen du xabier, ito nahiean. Ondorioz, xabierri oroitzapen bat datorkio.

 

XABIER: Aurreko batean ere ni hiltzen saiatu zinen!

JAMIL: Nola? Noiz?

XABIER: Ez dakit. Orain urtebete, edo. Labana gogoratzen dut zure eskuan. Odola nire eztarritik irtetzen…

JAMIL: Zu akatzen saiatu nintzan?

XABIER: Bai.

JAMIL: Oin urtebete baino gehiao?

XABIER: Bai.

JAMIL: Ta halan da guzti be, zuretzako lanean jarraitu neuan?

XABIER: Ez, ez du zentzurik. Nahastuko ninzten. Konzentratu gaitezen, itsumustuan ari gara, bueltaka, inora jo gabe.

JAMIL: Nazkatu naiz ya asmakizunen joku honekin! Ze pasau zan baldin badakizu esaiazu behingoz, eta itxi nirekin jolastiari.

XABIER: Hasteko ez nago jolasean. Jarraitzeko, ezin dizut ezer esan. Hemen zeu zaude bakar bakarik. Zeu eta zure oritzapenak. Eta bakar bakarrik aurkitu beharko duzu zergatik egin zenidan basakeria hau.

JAMIL: Gorroto zintxudalako. Insultatzen, umillatzen ninduzulako.

XABIER: Listua zergatik bota nizun aurpegira egun hartan?

JAMIL: Putakume bat zinalako. Nik ze dakit!

XABIER: Zerbait egingo zenidan zuk, ez?

 

Oroitzapen gehiago.

 

JAMIL: Pastillak! Gauza bat gogoratzen dot, hori baino lehenao pasau zana. Zu ondiok eskuekin manejatzen zinan.

XABIER: Eskuak! Hori hasieran izango zen. Ni oraindik sasoian nengen.

JAMIL: Pastilla pote bat zabaltzen zenbizen.

 

Argi aldaketa.

xabier, aulkian, pastilla pote bat dorpeziaz irekitzen. Lortzen duenean, ahora eramaten ditu, nekez. Une horretan jamil oldartzen zaio eta pastilla potea kendu.

 

JAMIL: Zetan zabiz!! Zoratu ein zara ala??

XABIER: Eman hori.

JAMIL: Ez! Ze demonio nahi dozu?

XABIER: Ta zuk zer uste duzu? Eman nire pastillak.

JAMIL: Bat emangoizut, nahibozu. Bat bakarrik.

XABIER: Nor zarela uste duzu ba, nire medikua?

JAMIL: Ez.

XABIER: Laguntzeko ordaintzen dizut, ez izorratzeko.

JAMIL: Nire ustez oin laguntzen nabil, jauna.

XABIER: Bai zera!

JAMIL: Pastilak gordekoitxut, zuk eskuratu ezin ditxuzun leku baten.

XABIER: Ez.

JAMIL: Eta bihar badozuz, eskatu niri, edo zure emaztiari.

XABIER: Eman pastilla puta horiek!

 

jamil badoa.

 

XABIER: Zatoz hona, Jamil. Jamil! (...) Alua!

 

Ohiko argia.

 

JAMIL: Zure emaztiari kontau nion. Asko arduratu zan. Esan zian inoiz depresioren bat edo eukin zendula, baina inoiz ere ez puntu horretara heltzeko beste. Erne ibiltzeko eskatu zian, zuri begirik ez kentzeko, eta ondo gordetzeko medikamentuak eta zeure buruari kalte eitxeko erabili ahal zendun guztia.

XABIER: Ondo bete zenuen zure lana.

JAMIL: Ein biharrekua ein neban.

XABIER: A ze bihotz zabala!

JAMIL: Zu zinan nire lana. Zulora jun ezkero, agur dirua.

 

xabier barrez.

 

XABIER: Erantzun ona! Egiak esan behar ditugu, bestela ez gara inora helduko.

JAMIL: Jakingo baneu nora heldu nahi dozun...

XABIER: Ulertzeraino zergatik joan zinen nire etxera ni akatzera. Ofizioko abokatu bat jarriko dizute, jakin beharko duzu zure defentsa nola enfokatu.

JAMIL: Oin badirudi niri lagundu nahian zabizela!

XABIER: Arraroa iruditzen zaizu?

JAMIL: Ze joku ostia da hau? Ze bilatzen zabiz? Nik hil zintxudan. Eztot sinisten lagundu nahi nozunik.

XABIER: Moro burugogorra! Hemen zu zaude bakarrik, eta espabilatzen ez bazara, zelda puta batean zahartuko zara. Egin esfortzu bat, joder!

JAMIL: Ezin dot, kantzauta nau. Eztot ezer gehiau gogoratzen. Higoinduta nau guzti honekin. Higoinduta nau zurekin. Horreatik hil zintxudan, gaizki tratau ninduzulako. Hil zintxundan ni trapu zahar baten mouan erabiltzeko eskubidia zeunkalako, nitaz abusau ahal zendulako zigorrik jasotzeko arriskuripe. Hil zintxudan merezi zendulako. Eta kitxo. Amaitxu da jolasa.

 

Kaleko oihuak entzuten dira berriro.

 

XABIER: Hara ta hona zabiltza noraezean, Jamil. Konturatu zara zenbat teoria asmatu duzun dagoeneko? Hil ninduzun diruagatik, patuagatik, maitasunagatik, eromenagatik, gorrotoagatik eta justizia sozialagatik. Sei. Katua banintz bizitza bakarra geratuko litzaidake.

JAMIL: Baina ez zara. Katua bazina, zure buztana astinduko zenduke, eta zure buztana ezta...

 

Biok irribarrez.

 

XABIER: Oso zorrotza. Baina gorde ezazu umore pixka bat kartzeletako dutxatan jaboneta erortzen zaizunerako. Beharko duzu ta.

JAMIL: Nik gitxienez bizirik jarraitzen dot.

XABIER: Hobe taladratua, inzineratua baino.

 

Biak barrez.

 

JAMIL: Gustua hartukoiot igual.

XABIER: Agian neuk hartuko diot. Beti gustatu izan zaizkit barbakoak.

JAMIL: Ostia, egixa, haragi azala ondo erreta!

XABIER: Martxan elbarritu bat plantxan! Nola nahi duzu, asko eginda...?

JAMIL: Puntuan, inporta ezpajatzu.

 

xabier serio jartzen da.

 

XABIER: Ez dakit zergatik gauden barrez; zure egoera beltza da.

JAMIL: Beltza ez, magrebiarra!

XABIER: Gauza bera, azken finean. Herri puta honetan bakarrik kristauok egiten dugu barre.

JAMIL: Jaiungoikoaren Graziagatik.

 

Barrez berriro.

 

JAMIL: Arrazoi dozu, eztauka zentzurik. Ze eitxen dou guk biok barrez?

XABIER: Txistea ematen du: akatu nauzu, baina a ze ondo pasa genuen! (...) Ez, ez du zentzurik.

JAMIL: Edo bai... igual zentzua dauka.

XABIER: Zerk?

JAMIL: Barre eitxen gendun. Zuk eta bixok, lagun onak ginan.

XABIER: Ea argitzen zaren, oraintxe bertan gorrotoa aipatu duzu ta.

JAMIL: Barre eitxen gendun edozertaz. Zure gaixotasunaz, heriotzaz ere bai, ointxe bertan ein doun moduan.

XABIER: Bai, Jamil. Barre egiten genuen, sano. Norbaitek ikusi edo entzun izan ezkero, inuxente parea ginela pentsatuko zuen.

JAMIL: Oso umore arrarua zeunkan.

XABIER: Ba zuk ere...

 

Biak irriz.

 

XABIER: Denek hitz egin zidaten zure aurka. Baita emazteak ere. Zure anteedenteekin, ez zinen ni zaintzeko pertsona egokia. Baina hasiera hasieratik jakin nuen. Lehenengo elkarrizketa hartan ikusi nuen zu eta ni onda berean genbiltzala.

 

Argi aldaketa.

xabier aulkian. Paper bat dauka eskuan. Oraindik eskuak erabili ditzake.

 

XABIER: Ikustagun... (Irakurriz) Jamil Chauhán.

JAMIL: Yamil.

XABIER: Barkatu, Yamil. Marokoarra?

JAMIL: Hemen jaio nitzan.

XABIER: Badakizu ze gaixotasuna dudan? Azaldu dizute?

JAMIL: Ezinduta zaure.

XABIER: Paralisi mukular progresiboa daukat. Orain lau urte aurkitu zidaten. Aurreko urtean hasi nintzen aulkia erabiltzen. Ez dakit noiz arte baliatu ahal izango ditudan eskuak. Medikuek diote ondo eusten ari naizela.

JAMIL: Itxura ona ikusten dizut nik.

XABIER: Lan esperientzia duzu?

JAMIL: Zu moduko gaixuekin? Ez.

XABIER: Bestelako elbarrituekin?

 

 

JAMIL: Paralitikuekin? Ez, hori ere ez.

XABIER: Ah. Lan egin duzu jende... nola esan... normala zaintzen.

JAMIL: Ez.

XABIER: Ea ba... Nor zaindu duzu orduan?

JAMIL: Oin arte nire burua zaintzen ibili naiz bakarrik. Eta nahikua lan euki dot.

XABIER: Baina hemen dio esperientzia handia duzula...

JAMIL: Egixa esaten bot eztiazu elkarrizketarik eingo.

XABIER: Baina orain egia esaten ari zara.

JAMIL: Konturatu naiz, bai.

XABIER: Zertan ibili zara orain arte?

JAMIL: Betikuan, amamatxua zaintzen, mezkitan errezatzen, eta asko ikasten, ganorazko gizona eitxeko.

 

Biak elkarri begira eta laster barrez.

 

XABIER: Banekien gezurra esango zenuela.

JAMIL: Zertarako galdetu dozu orduan?

XABIER: Hemen diploma bat dago, zigilu ta guzti, gaixo dependienteak zaintzeko kurtso batena. Hau ere faltsoa da?

JAMIL: Ez. Hori egia da, benetan. Kurso hori ein neban. Epailiak derrigortu nindun.

XABIER: Ze epaile?

JAMIL: Joder! Ez zan ezer izan.

XABIER: Antezedenteak dituzu?

JAMIL: Danok sartzen dou hankia noizbait. Baina bizimodua zuzentzeko asmua daukat, Ala, nire guraso eta zure laguntziakin.

 

Biak elkarri begira eta laster barrez.

 

 

XABIER: Nire ustez, putakume galanta eginda zaude, Jamil.

JAMIL: Herri honetan arin ikasten da hori.

XABIER: Badakizu zer suposatzen duen ni bezalako bat zaintzeak?

JAMIL: Suposatzen deu lana eta soldatia.

XABIER: Denetarako prest zaude? Prest zaude ni garbitzeko, erabat ezinduta geratzen naizenean?

JAMIL: Zelan garbitzeko? Esan nahi dozu, komunera jun ostian, eta kakazahar guzti hori?

XABIER: Kakazahar hori, bai.

JAMIL: Joder zelako nazkia!

XABIER: Ba ohitu egin beharko zinateke.

JAMIL: Seguru momentua heltzen danerako kriston makinak asmatu debezela dan-dana garbitzeko.

XABIER: Gauza bat... egiteko prest ote zauden jakin nahiko nuke.

JAMIL: Esan.

XABIER: Nire gaixotasunak muskuloak atrofiatzen ditu. Haien artean, trakea eta esofagokoak. Horregatik askotan gertatzen zaigu eztarrian janaria trabatzea. Asko itota hiltzen dira. Azaldu dizute zer egin behar duzun?

JAMIL: Joder. Bai. Baina eztaukat hori eitxeko asmorik.

XABIER: Baina...

JAMIL: Ez, ez. Eztot holakorik eingo. Nireatik hil ahal zara itxota, baina nik eztot...

XABIER: Ea ulertu dudan, Jamil. Antezedenteak dituzu, ez duzu esperientziarik, ez didazu ipurdia garbituko, eta ez nauzu salbatuko itotzen banaiz. Laburpen ona egin dut?

JAMIL: Bai.

XABIER: Eta ze demontretara etorri zara?

JAMIL: Eztakitx. Ia suerte apur bat neukan...

XABIER: Eta emango zenidake arrazoi bat, arrazoi bakar bat besterik ez bada, zu aukeratzeko?

JAMIL: Ba... (...) Ez.

XABIER: Ondo da. Bukatu dugu beraz.

JAMIL: Plazer bat. Politxa, etxia.

 

Irtetera doa, baina gelditu eta buelta ematen du.

 

JAMIL: Bai. Badao gauza bat. Nirekin bazuaz, inor ezta zurekin sartuko.

XABIER: Zergatik?

JAMIL: Burrukalari izan naizelako. Eta oso ona.

XABIER: Borrokalaria? Ez duzu itxurarik.

JAMIL: Hori da onena, inork eztebela nire krotxeta espero.

XABIER: Eta “pisu astuneko” batekin topatzen bazara.

JAMIL: Kasu horretan...

 

Abaiada handiaz laban automatikoa atera eta irekitzen du.

 

JAMIL: ...laguntxo bat daukat.

 

jamil labana eskuan duela dago irribarrez. Une batez xabierrek beldurra sentitzen du. Baina gutxira, jamil-ek labana gordetzen du berriro.

 

JAMIL: Nirekin bazuaz, eztozu inungo erasorik eukiko.

XABIER: Jamil. Ez dut inoiz erasorik izan.

JAMIL: Ah, ez? Mundu desberdinetan bizi gara.

XABIER: Ez dut bizkarzaina behar. Zaintzailea behar dut.

JAMIL: Ulertu dot. Bueno... ia baten bat topatzen dozun.

 

jamil irteten ari da.

 

XABIER: Zer da borrokalaria izan zaren kontu hori? Esan beldurrik gabe, edonola ere ez zaitut hartuko.

JAMIL: Burrukak eitxen nitxun.

XABIER: Diruagatik?

JAMIL: Ez, maitasunatik. (...) Apostuak. Batzutan diru mordua irabazten neban. Beste batzutan galdu. Orokorrian moldatzen nitzan.

XABIER: Zergatik utzi zenuen?

JAMIL: Okerreko bidetik ninduala konturatu nitzan eta...

XABIER: Jamil, ez zaitudala kontratatuko.

JAMIL: Eskua fastidixau neban. Amaitxu zan jaixa niretzat.

XABIER: Ah. Ongi, bukatu dugu.

 

jamil irtetera doa, baina buelta ematen du.

 

JAMIL: Ikusi nahi dozu bat?

XABIER: Bat zer?

JAMIL: Burruka bat. Nirekin jun zeinke. Eztiue edozeini sartzen izten.

XABIER: Ez zait interesatzen.

JAMIL: Eztozu inoiz antzerakorik ikusiko. Benetako burrukak dia, ez guanterik ez legerik.

XABIER: Jendea hiltzen da?

JAMIL: Ez! Oso gitxitan.

XABIER: Basakeria!

JAMIL: Ondo, ezpozu nahi...

 

jamil irteten ari da.

 

XABIER: Egon!

 

jamil gelditzen da.

 

XABIER: Egia esan zeharo aspertuta bizi naiz. Eta... beno... Denetarik ikusi behar da.

JAMIL: Bixar ordu honetan etorri eta eruango zaitxut.

XABIER: Bihar arte, Jamil.

JAMIL: Bixar arte... eh... ondiok eztakit zure izena.

XABIER: Xabier.

JAMIL: Okey. Bihar arte, Jauna.

 

jamil badoa.

Ohiko argia.

 

XABIER: A ze nazka, borroka hura! Gauak eman niruen lorik egin gabe.

JAMIL: Gizon makala!

XABIER: Bai zera! Ez nituen borrokak gustoko.

JAMIL: Egia, zu beste kirol bat nahiago zenuen.

XABIER: Zer, katxondeoan?

 

 jamil-ek xabier-en aulkia gidatzen du paseoan.

 

JAMIL: Pasiatzia gustatzen zitzakun!

XABIER: Ah, bai! Eguzkia aurpegian sentitzea.

JAMIL: Ibiltzia.

XABIER: Korrika egitea. Biok egiten genuen korrika zure ankekin.

 

Argi aldaketa.

xabier aulkian.

 

XABIER: Nora joan nahi duzu gaur, Jamil?

JAMIL: Autobus geltokira.

XABIER: Zergatik?

 

 

JAMIL: Takillak daurelako. Zu takilla baten sartu, giltzakin itxi eta putetara jungo nitzeke.

XABIER: Oso azkarra, bakeroa. Biok joan gintezke.

JAMIL: Zu putetan, jauna?

XABIER: Bakan batzuek ni bezelako bezeroak atenditzen dituzte.

JAMIL: Santa hutsak, puta horrek.

XABIER: Bai, santu mirarigile bat izan beharko zen, nire kirtena altzatzea lortuko zuena.

JAMIL: Santa Viagra Benedikatua.

XABIER: Santu hori ez da existitzen. Eliza katolikoak emagalduak biziotik apartatu ohi dituzte.

JAMIL: Ba goazen eliz horretara ea pare bat “apartatzen” dizkiguten.

 

Biak barrez.

 

JAMIL: Nora jutia nahi dozu, jauna?

XABIER: Lorategi Botanikora.

JAMIL: Ondiok goiz da. Mobilidadian ia ehuneko ehuna galdu dozu ya, baina ondiok eztozu pausua eman animalitik landare izatera.

 

xabier barrez.

 

XABIER: Ja! Hori bai ona! Ze astopotroa zaren, Jamil! Nirekin lan egiteari uzten diozunean, gomendio gutun bat idatziko dizut zirkuko pailazorako.

 

 

JAMIL: Nire ustez zuk papel hobia eingo zeunke zirkuan, feriako atrakzio moduan, emakume bizardunakin. “Zuekin, Emakume Bizarduna eta Paralitikoa Kakapraketan!”

XABIER: Ja!

JAMIL: Portzierto, eztaukat gomendio gutunen biharrik. Jakinarazteizut inoiz eztotela lan hau itxiko.

XABIER: Kaka zaharra, ez esan hori!! Noizbait bukatu beharko da zurekin egoteko tortura hau!

JAMIL: Ez. Lehengo egunian lagun batek galdetu zian: “Berriz jaioko bazina, Don Xabierrekin lan eingo zeunke, berriro?” Eta nik erantzun: “Bai, berakin lan eingo neuke berriro. Fastidixau daitxela!”

XABIER: A ze putakumea!

 

Ixilune bat.

 

XABIER: Jamil, entzun: “Jamil oh shadir koi almahirid bi”.

JAMIL: Zer?

XABIER: Joder, ez duzu zure hizkuntza ulertzen? “Jamil oh shadir koi almahirid bi”. “Jamil nire lagun lagun marokoarra da”.

JAMIL: Bai, ulertu dizut, baina zela...?

XABIER: Ikasten hasi naiz.

JAMIL: Zer?

XABIER: Hiztegia erosi dut. Eta gramatika.

JAMIL: Zoratuta zaude!

XABIER: Denbora asko sobran daukat. Baina esaidazu, ondo esan dut?

JAMIL: Errepikatu.

XABIER: “Jamil oh shadir koi almahirid bi”.

JAMIL: Beno...

XABIER: Beno, zer?

JAMIL: Belarria sudurra baino okerragoa duzula oraindik.

 

jamil barrez.

 

XABIER: Jaraimi del jra!

JAMIL: Ez zaitez pasa!

XABIER: Pikutara joateko esan dizut, besterik ez.

JAMIL: Hori gure hizkuntzaz oso irain larria da.

XABIER: Barkatu. Orduan.. Jaraimi del Jra!

 

xabierrek barre egiten du.

 

JAMIL: Milesker, jauna.

XABIER: Pikutara botatzeagatik?

JAMIL: Arrotz sentitu naz beti, han eta hemen. Lehenengo aldia da norbait... Kristoren poza ematen dit.

XABIER: Kristorena ez, Mahomarena.

 

Barre egiten dute.

Gelditzen dira. jamil-ek paperezko zapi bat ateratzen du poltsikotik.

 

XABIER: Zertan zabiltza?

JAMIL: Zera apur bat jausi jatzu...

 

jamil-ek xamurki xabier-en ezpainetako listua sekatzen du zapiaz. Honek gozo begiratzen dio.

 

XABIER: Milesker.

 

Ohiko argia.

 

JAMIL: Xabier... Zu ta biok ez ginan izango, kasualitatez...

XABIER: Zer?

JAMIL: Joder... Badakizu, bikotea.

XABIER: Nola ez! Nola ez! Armairutik atera ninduzun. Nire emaztea utzi nuen, zure hitzetan emakume puska eder eta oraindik gaztea utzi nuen, nire zaindari ganorabako eta dirubakoaren besoetan erortzeko. (...)

JAMIL: Edo ikustagun beste ikuspuntu batetik. Hogeita gutxi urtetako morrosko exotiko bat, gainean txiza egiten dauen paralitiko batekin amoratzen da; azala zimur eta sudurra okerra duen paralitiko zantar batekin!

 

Biak barrez.

 

XABIER: Ez duzu benetan pentsatu, ez?

JAMIL: Ez.

XABIER: Lasaiago geratzen naiz.

JAMIL: Neu be. Ez zara nire tipua.

XABIER: Hobeto!

 

jamil xabier-en eztarriari begira.

 

JAMIL: Zikatriza daukazu eztarrian. Arrazoi zenuen.

XABIER: Zertan?

XABIER: Lehen gogoratu duzuna. Aspaldi izan zen, gau batean... zu eta biok bakarrik geunden etxean... Zugana joan nintzen labana batekin.

XABIER: Bai!! Gogor heldu ninduzun, ezin nuen mugitu, ezin nuen defendatu. Gogoan dut odola, nire eztarritik borborka irteten.

JAMIL: Eta goguan daukazu zeatik?

XABIER: Saiatzen ari naiz. (...) Gau hartan hiltzeko zorian egon nintzen.

 

Argi aldaketa.

xabier aulkian. Eztarria trabaturik dauka eta itotzen ari da.

jamil iristen da.

 

JAMIL: Jauna! Jauna, zer dozu? (...) Ostia!

 

Bizkarrean kolpeak ematen dizkio.

 

JAMIL: Ia, hartu arnasia! Hartu arnasia! (...) Lagundu! Lagundu!

 

xabier gero eta itoago.

 

JAMIL: Jauna, mesedez, ez ein hau. Nik ezin dot... ez ein hau, joder... tragau ein biozu... ein esfortzua, tragau, mesedez... mesedez!!

 

Beriro kolpatzen dio, alferrik.

 

JAMIL: Ez, mesedez, Jauna, eutsi... Mesedez... (...) Lagundu!! Lagundu!!

 

xabier azkenetan dago. jamil berari begira geratzen da, pentsakor. Azkenean erabakitzen du.

 

JAMIL: (Oso urduri) Ondo da... Ondo da, jauna. Ein eingo dot. Eingo dot.

 

jamilek bere labana atera, ireki eta xabierri begira geratzen da, beldurrez.

 

JAMIL: Banua... Lasai, jauna. Banua.

 

jamilek xabier gogor heldu eta eztarrian zuloa egiteari ekiten dio.

Ohiko argia.

 

XABIER: Bizia salbatu zenidan.

JAMIL: Gero eta gitxiau ulertzen dot. Ondo geunden. Lagun onak ginan. Barre eitxen gendun.

XABIER: Ez beti. Batzutan deprimitzen zinan.

JAMIL: Ni konsolatzen ahalegintzen nitzan.

 

jamil-ek eskuak pausatzen ditu Xabie-en lepo gainean.

 

XABIER: Jamil.

JAMIL: Zer?

XABIER: Ez nazazu horrela ikutu, katxondo jartzen nauzu ta.

 

Biak irribarrez.

jamil serio.

 

JAMIL: Miresten zintxudan. Zure adoria miresten neban, zure umoria.

XABIER: Ahal bezela eramaten saiatzen nintzen.

JAMIL: Bizipoza zeunkan.

XABIER: Ez beti.

JAMIL: Ez, klaro, egun txarrak ere bazeuren.

XABIER: Oso txarrak.

 

Argi aldaketa.

xabier aulkian.

 

XABIER: Jamil!¡Jamil!

JAMIL: Zer dozu?

XABIER: Basoa!

JAMIL: Bai, ikusten dot.

XABIER: Basoa!

JAMIL: Bai, apurtu ein da. Ez arduratu, ti-ta baten batuko dot.

XABIER: Jausi egin zait.

JAMIL: Bai.

XABIER: Jausi egin zait!

JAMIL: Bai. Ez arduratu, baso gehiau daure. Eskobian bila nua.

XABIER: Ez duzu ulertzen!

JAMIL: Zer, Jauna?

 

 

XABIER: Ezin ditut jada eskuak erabili!!

 

Ohiko argia.

 

XABIER: Oin urtebete pasau zan haura. Gogorra izan zan niretzat. Batez ere kontu bategatik. Detaile txiki bategatik. Gauza bat egitea galerazten zidalako. Horregatik, basoarena gertatu eta gutxira, zurekin mintzatu nintzen.

 

Argi aldaketa.

jamil xabier garbitzen ari da aulkian.

 

XABIER: Gogoan duzu pastila potea kendu zenidan egun hura?

JAMIL: Bai.

XABIER: Makalaldi bat izan zen.

JAMIL: Baina gainditu ein zendun. Bizitzeko gogua berreskuratu zendun.

XABIER: Bai. Eta une ederrak pasatu ditut ordutik. Horregatik, nahiz eta une hartan zurekin haserretu, orain eskerrak eman nahi dizkizut.

JAMIL: Eztaukazu zetan eman.

XABIER: Bai, bai horixe, une ederrak bizi izan ditut. Eta beti pentsatu dut, inoiz iristen bazen eguna... inoiz konturatzen banintzen ez zuela merezi aurrera jarraitzeak, zuk eta emazteak bigilatu arren, moldatuko nintzela pastilla potea berriro eskuratzeko, eta denak kolpe batez irensteko.

 

Ixiltasuna.

 

XABIER: Baina detailetxo bat pasatu zitzaidan oharkabean. Une hura iristean, jada ezingo nituela eskuak baliatu. (Irriz) Ze txorakeria, ez? A ze despiste tontoa! Beno ba, Jamil, iritsi da egun hura. Eta jada... ezin izango dut pastilla horiek sekula hartu.

JAMIL: Hobe hola. Ondo gaure.

XABIER: Baina ez dut jarraitu nahi.

 

 

JAMIL: Ez esan hori.

XABIER: Hemendik aurrera geratzen zaidana ez dut gustoko. Ondo egon da orain arte, orain zaborraren minutuak geratzen zaizkit. Jamil, ekarri pastilla horiek, eta lagundu hartzen.

JAMIL: Zoratu ein zara!

XABIER: Ez, senean nago gustiz.

JAMIL: Ez. Depresiua da. Lehenguan moduan. Pasauko jatzu. Gauzak baikor ikusiko ditxuzu berriz.

XABIER: Jada ez, jada ez. Zama besterik ez naiz. Gero eta astunagoa. Ez dut horrela jarraitu nahi. Pastillak, mesedez!!

JAMIL: Ez, jauna. Gainera, eskatzekotan emaztiari eskatu biharko zinozuzen, ez niri.

XABIER: Eskatu diot! Eskatu diot!. Baina Berak ez... berak ez luke... Beraz ezin... Zuk egitea behar dut!

JAMIL: Ezin dot.

XABIER: Agindua da! Obeditzeko ordaintzen dizut.

 

jamil badoa.

 

XABIER: Pastilak! Pastillak!!

 

Ohiko argia.

jamil-en oroitzapena.

 

JAMIL: Horreatik umillau ninduzun gero! Horreatik bota zinazun txistua arpegira! Pastillak ematea nahi zenuelako!

 

jamil xabierren tokian jarrita, aurreko eskena hura gogoratzen.

 

JAMIL: Garbitu nazazu! (...) Garbitzeko ostia! (...) Kaka egin dut gainean. (...) Nola zergatik? Ze galdera txatxua da hori? Nazka ematen dizu? Ba izorra zaitez. Horretarako pagatzen dizut. Aguantatzeko.

 

jamilek listua botatzen du.

 

JAMIL: Garbitu, joder!

XABIER: Ez zintudan umiliatu nahi. Laguntza eskatzen ari nintzen.

JAMIL: Eta nik mezua jaso neban. Gaba asko pasau nitxun lorik einbe, zuk eskatutakuari bueltak eta bueltak ematen. Azkenian laguntzia erabaki neban.

XABIER: Harreman ederra genuen.

JAMIL: Ez, jauna, ez hain ederra!

XABIER: Nola?

JAMIL: Gezurretan zenbiltzalako. Eszena haura, hain dramatikua, hain benetazkua, antzerki hutsa izan zan! Gogoratzen zara, ezta? Gogoratzen zara orain, putakumia?

XABIER: Bai. Gogoratzen hasi naiz.

 

Argi aldaketa.

xabier aulkian.

 

JAMIL: Jauna.

XABIER: Zer nahi duzu, Jamil?

JAMIL: Gauza bat ekarri dizut.

XABIER: Ze gauza?

JAMIL: Eztozu igartzen?

XABIER: Igarri behar dut? Pistaren bat ez badidazu ematen...

 

jamil-ek pastilla potea erakusten dio.

 

XABIER: Ah...!

JAMIL: Eztakitx ondo eitxen dozun ala ez, eztakitx, baina lagunduko zaitxutela erabaki dot.

 

xabier poteari begira.

 

XABIER: Aha...

 

Isilaldia.

 

JAMIL: Eztozu ezer esan bihar?

XABIER: Ez ditut hartuko.

JAMIL: Ez, klaro, eztizut esaten oin hartzeko, bakarrik esplikau nahi dizut laguntzeko prest nauala zuk eskatzen diazunian.

XABIER: Ez didazu ulertu. Ez ditut sekula hartuko.

JAMIL: Sekula ere ez?

XABIER: Hori esan dut.

JAMIL: Baina...

XABIER: Ulertzen duzu “sekula” hitza, ez?

JAMIL: Baina zuk esan ziazun...

XABIER: Eritziz aldatu naiz.

JAMIL: Horrela, bapatean?

XABIER: Edo pixkanaka!! Ze ajola dizu zuri ze belozitatean aldatu dudan eritzia? Depresio aldia pasatzen ari nintzen, baina gainditu egin dut.

JAMIL: Eta ya eztozu nahi...?

XABIER: Joder, Jamil, batzuetan tontoa ematen duzu.

JAMIL: Bale, bale, argi geratu da.

XABIER: Ea egia den.

JAMIL: Hala ta guztiz ere, iritziz aldatzen bozu...

XABIER: Joder, Jamil! Zer da ulertzen ez duzuna?

JAMIL: Ez, ez, argi dau. Eztozu nahi. Oin. Baina hemendik aurrera aldatzen bozu...

XABIER: Ea ba, zuk akatu nahi nauzu ala ze demontre?

JAMIL: Zer esaten dozu?

XABIER: Katxondo jartzen zara jendea pozoitzeko ideiarekin? Herio Doktorea zara?

JAMIL: Ez.

XABIER: Ba bota zazu ditxosozko pastilla potea komuneko zulotik behera eta utzi bakean, ostia!

JAMIL: Nahi dozun mouan.

Jamil badoa.

XABIER: Edo irentsi itzazu zuk zeuk, alferrik galtzeak pena ematen badizu... Agoantatu behar dena!

 

Ohiko argia.

 

JAMIL: Zer? Eztidazu ezer esan biar?

XABIER: Ez. Hahastuta nago. Orainm neu naiz ezer ulertzen ez duena.

JAMIL: Argi dao. Nirekin jolasean ibili zinan. Frogan jarri ninduzun, nire fideltasuna noraino ailegetan zan ikusteko.

XABIER: Ez dut uste jolasten nenbilenik. Ez dut uste. Suposatzen dut beldurtu nintzela. Gauza bat da hil nahi izatea, eta beste bat, ausartzea….

 

Isilunea.

 

XABIER: Kontua da une hartatik aurrera gure harreman eder hura pikutara joan zela.

JAMIL: Ta zer espero zendun?

XABIER: Lapurtu zenigun.

JAMIL: Ta zuk kalera bota. Kupidarik be. Zugatik ein neuena einda gero. Ehun euro ziztrinengatik!

XABIER: Horregatik egin zenuen, beraz? Horregatik hil ninduzun?

JAMIL: Ez zendun askorik galdu. Ez zendun zeure bizitza istimuan.

XABIER: Horrek ez dizu askotarako balio izango epaitegian!

 

Kalean suminduriko jendearen ohiuak entzuten dira berriro, hiltzailearentzako zigor gogorra eskatuz.

 

XABIER: Dezepzionaturik nagoela aitortu behar dizut. Esperantza izpiren bat banuen…

 

xabier irteten hasten da.

 

XABIER: Agur. Ez itxaron epaileen errukirik. Ez duzu merezi. Egin duzunagatik ordainduko duzu. Pena dut, mendekuaz disfrutatu ezin izango dudalako.

JAMIL: Ez kezkatu. Zure emazteak egingo du zure ordez.

 

xabier gelditzen da.

 

XABIER: Nire emaztea!

JAMIL: Ez zenuen joan behar?

XABIER: Nire emaztea…!

JAMIL: Zer?

XABIER: Zergatik oroitu duzu hainbestetan?

JAMIL: Eztakit. Nire zelatan egoten zalako, begirik kentzen etzidalako.

XABIER: Berari eskatu nion hiltzeko laguntza aurrena. Ez zuen onartu. Bere maitasuna zalantzan jartzea zela zioen. Azken unerarte ni zaintzeko prest zegoela esan zidan. Azken unerarte! Maitasuna erakusteko modu lazgarria. Nik erregutu egiten nion, baina ez nuen biguntzerik lortu. Orduan laguntza zuri eskatuko nizula esan nion. Esan egin nion! Nire emaztea da erantzuna! Ulertzen?

JAMIL: Ez!

XABIER: Niri laguntzeko prest zeundela esatera etorri zinenean…

JAMIL: …bera entzuten egoan?

XABIER: Zelatan zegoen, bai.

JAMIL: Brti zelatan. Gabaz ta egunez, deskantzuripe.

XABIER: Ni hilez gero, poliziagana joan eta hiltzailea zeu zinela salatuko zuen. Ez zintudan ataka horretan jarri nahi. Horregatik asmatu genuen irtenbide hau.

 

 

JAMIL: Zelan “asmatu genuen”? Zuk eta nik?

XABIER: Bai, Jamil, bai, zu eta biok! Moldatu behar ginen emazteak susmorik har ez zezan.

JAMIL: Horreatik bota ninduzun etxetik.

XABIER: Berak bazekien ez zintudala bota nahi. Arrazoi sinesgarri bat aurkitu behar genuen.

JAMIL: Dirua lapurtzia.

XABIER: Ehun euro.

JAMIL: Pensio batera jun nitzan, hemendik ez oso urrutira.

XABIER: Arma bat lortu zenuen.

JAMIL: Sauer automatiko bat.

XABIER: Zure koartada prestatu zenuen: postale bat zure letrarekin, Marokotik bidalita...

JAMIL: ...eta telefono deia. Konferentzia bat Atlas Mendietatik.

XABIER: Emazteak ez zuen susmatuko hemen zeundenik.

JAMIL: Azkenian aukera egokixa heldu zan.

XABIER: Emaztearen ama ospitalera eraman zuten, eta hara joan zen bera, ama gauez zaintzera.

JAMIL: Gelako argia piztuta laga zendun. Haura zan adostutako seinalia.

XABIER: Gauez etorriko zinen...

JAMIL: Leihoa bortsaz ireki..

XABIER: Etxea ankazgora jarri...

JAMIL: Kaxa fuertea irekita utzi...

BIOK: Lapurreta baten itxura emateko...

XABIER: Eta azkenean... nire gelan sartu eta...

 

Tiro hotsa entzuten da.

 

XABIER: Mila esker.

 

Isiltasuna. xabier abailduta.

 

XABIER: Hain erreza zen! Hain erreza! Ez zitzaidan burutik pasatu okertu zitekeenik. Andamio madarikatua...

 

jamil hurbiltzen zaio konsolatu nahiean.

 

JAMIL: Ia, Xabier...

XABIER: Ez nazazu kontsola! Ez ni kontsola! Ni orain ondo nago. Zu zara zuloan zaudena. Izorratu zaitut, Jamil, zure bizitza izorratu dut! Kabroi madarikatua naiz!

JAMIL: Ezta zure errua izan.

XABIER: Bai, nire errua izan da!! Zure tokian jarri behar nintzen. Konturatu behar nintzen plana ez zela perkfektoa, okertu litekeela. Ez nuen horretan pentsatu. Ez nuen horretan pentsatu nahi izan. Erruduna naiz, nire bizitza zurea baino inportanteagoa zela pentsatu nuelako.

 

xabier jamil-engana doa.

 

XABIER: Entzun, entzuidazu: ondo prestatu behar duzu zure defentsa. Kanpoko laguntza beharko duzu. Etzazu ofizioko abokatu bat onartu. Zure alde egiteko prest dagoen norbait bilatu behar duzu.

JAMIL: Ze dirukin?

XABIER: Hitz egin emaztearekin. Kostatuko zaio onartzea, baina zure alde jarri liteke dena ulertzen badu. Saiatu zaitez! Esaiozu beragatik ere egin dudala. Maite dudalako. Ez dudalako berak sufritzea nahi. Eta epaiketan esan ni orain ondo nagoela zuri esker.

JAMIL: Zeatik ez zatoz epaiketara, testigantzia ematera?

XABIER: Kode penala aztertu beharko dugu, ea hildakoen lekukotza onartzen duten.

JAMIL: Berriz eingo neuke.

XABIER: Hala balitz, ipini kasko bat.

 

xabier badoa kanporuntz.

 

XABIER: Orain kalean, jende guzti horren aurrean pasatu ahal zara, begirada garbiarekin. Orain badakizu zergatik.

 

jamil irtetera doa. Gelditu eta buelta ematen du.

Elkar besarkatzen dute.

 

XABIER: Betirarte, Jamil.

JAMIL: Ila el abad, Xabier.

XABIER: Ila el abad.

 

jamil badoa.

Kanpoko jendearen ohiuak entzuten ditugu ozen.

 

JAMIL: Ez nao damututa!

 

Esertzen da.

 

JAMIL: Ez nao damututa.