Tabernaria
Patxo Telleria
Tabernaria
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
Tabernaria
Patxo Telleria
Booktegi, 2017
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Ikusleak taberna batean daude.

Barraren gainean lore sorta bat, lorontzitik kanpo eta zerbeza kopa bat, hutsik, aparraren arrastoekin.

Bazter batean pizarra bat, kaña ondo botatzeko bete behar diren sei pausoak idatzirik dituela.

Horman dagoen erlojuak denbora atzetik aurrera neurtzen du.

Ikuskizuna ilunean hasten da. Argia egiten denean tabernaria sartzen da, kaletik tabernara.

 

 

20:30

 

            Eta hirugarrena: Agur. Bezero zoragarriak izan zarete. Gogoan izango zaituztet. Beti. Agur betirako. Bigarrena: espero dut sikeran hemendik kaña bat ondo botatzen ikasita aterako zaretela. Lehenengoa: gaizki esanak barkatu eta ondo esanak, baldin eta egon badira, gogoan hartu. Baina joan baino lehen, gauza pare bat esan nahi dut, hiru, hobeto esanda.

 

 

20:29

 

Publiko arteko emakume bati begira

 

            Ondo pentsatuta… ez nago damututa, andrea. Ezta lotsatuta ere. Denboran atzera egiterik banu, berriro gauza bera egingo nuke. Une honetan ez daukat ezer galtzerik. Eta ezer galtzerik ez izateak sekulako askatasuna ematen du. Horrek eman dit ausardia eta ez alkoholak. Ez dakit ezer zutaz, ezta bakarrik ala norbaitekin bizi zaren. Molestatu bazaitut, ahaztu gertatutakoa, eta gogoratzekotan, gogoratu zaitez urte guzti hauetan gosaria prestatu dizun profesional isilaz. Baina menturaz nire hitzak ez baditu haizeak eraman… badakizu non nagoen, nahi duzunean eta nahi duzunerako.

 

 

20:28

 

Mostradoreko loreak eskuetan hartuz.

 

            Baina ze esan dut!! Zer egin dut!! Ez naiz ni izan!! Alkohola baizik. Kaña bat besterik ez da izan, baina kalte egiten dit, kalte! Barkatu, andrea! Hau lotsa!! Hau lotsa… Eta zuek ere, barkatu espektakulo lamentagarri honengatik.

 

 

20:26

 

emakumearen aurrean belauniko jarrita.

 

            Nere bihotzeko anderea! Prestatu dizkizudan 2345 gosariek hau esateko konfiantza ematen didate. Ole zure begiak, ole zure gerria, ole, ole eta ole, guapa eta guapa!! Maite zaitut ate horretatik agertu zinen lehenengo unetik, orain hamar urte. Ez dugu sekula hitz egin, zure izena ere ez dakit, baina maite zaitut, morena! Eta agian zuk ere ni, izan ere plaza honetan taberna asko daude, kafe onarekin eta tabernari gazteagoekin. Eta hala ere zu beti etorri zara hona. 2345 aldiz. Hori maitasuna ez bada, zer da? Maitasuna niganako edo nire kroasan tostatuenganako, baina maitasuna, behinik behin! Goazen hemendik! Urrutira! Biok elkarrekin! (Lore sorta luzatzen dio) Kroasanak tostatu nahi dizkizut osasunean eta gaixoaldian, heriotzak banandu arte!! (…)

 

 

20:24

 

Altzatzen da loreak eskuan dituela. Loreei begira geratu eta irribarre egiten dut.

 

            Loreak ikusi eta zorakeria bat egitea bururatzen zait… Baina ez… kendu hori burutik. Kendu. Hartu dudan kaña hori da. Kontrola galtzen dut edan ondoren. Kontua da… (irribarrez) zoragarria litekeela ausartzea. (emakumeari zeharka begira) Gure artean dagoen batek sekulako sustoa hartuko luke! Ez dut uste grazia egingo zionik. Edo agian bai. Agian sekulako poza emango nioke. Agian esango lidake, “Ba zen garaia, motel, hamar urte daramat itxoiten!” (…) Zergatik ez? Batzuetan gutxiesten dugu geure burua. Ezin daiteke baztertu tabernari heldu baina ondo kontserbatuaren morboa. Gainera, zer daukat ba, galtzerik?

 

 

20:22

 

Loreei nazkaz begiratzen die.

 

            Lore puta hauek!!! Muturra behar da, gero, lore puta hauek erregalatzako!!! Nor uste dute naizela? Zer uste dute naizela? Eta nik, ergel honek “milesker, andrea” esan diot. “Milesker”, babua ni!! Buruan neukana esan behar nion. Eta une hartan gauza asko nuen buruan. Esatebaterako: turismoari esker, ostalaritza sektorea goraka doa, kamareroen bizimaila behera doan modu berean! Esatebaterako: burbuila turistikoak eztanda egingo dizue muturrean, burbuila inmobiliarioak eztanda egin zuen modu berean!! Hori nuen buruan eta hori esan behar nion. Eta segituan loreak zakarrontzira bota.

 

 

20:20

 

tabernariak loreak lorontzian uzten ditu.

 

            Nor dago turisten kontra? Ni ez. Zer du txarrik, turismoak? er du txarrik turismo sistema honek? Dirua dakar, lanpostuak sortzen ditu… Ados, turismoaren irabaziak esku gutxitara doaz, baina horretaz aparte, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Bai, lanpostu prekarioak sortzen ditu, baina irabaziak esku gutxitara doazela eta lan prekarioa sortzen duela kenduta, zer du ba txarrik turismo sistema honek? (…) Arrazoi, bertoko biztanleei etxebizitzen prezioa garestitzen zaie eta oinarrizko serbitzuak urritu. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela eta bertokoentzat bizimodua garestitzen dela kenduta, zer du ba txarrik turismo sistema honek? (…) Beno, ingurogiroaren inpaktoa, bai. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela eta ingurogiroa kaltetzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Ah, egia, turismo masiboak dena berdintzeko joera du, hiriek euren nortasuna galtzen dute, idiosinkrasia. Baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela, ingurogiroa kaltetzen dela eta idiosinkrasia galtzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? (…) Baita: turismoa baldin bada herri baten industria bakarra, morroien gizarte bat sortzen duzu, serbitzarien gizarte bat, etorkizunean baliokoa izateko beharrezkoa litzatekeen I+D horretatik guztiz urrun, baina irabaziak esku gutxitara doazela, lan prekarioa sortzen duela, bertokoentzat bizimodua garestitzen dela, ingurogiroa kaltetzen dela, idiosinkrasia galtzen dela eta serbitzarien gizarte bat sortzen dela kenduta, zer du txarrik turismo sistema honek? Ezer ez. Dirua dakar. Eta dirua dena omen da bitzitza puta honetan!! Berez, turismo sistema puta honek dena du ona, eta kitto!!!

 

 

20:17

 

tabernariak barra gaineko kopa hartzen du, hutsik eta apar arrastoak dituena.

 

            Hau izan da kaña bat ondo botatzeaz esan behar nuen guztia. Hemen dago… Hemen zegoen, edan baino lehenago. Kristalean ikusten diren aparrezko zirkulu konzentrikoek adierazten dute kaña ondo botata zegoela. Ez duzu genio bat izan behar hau egiteko. Gauza bakarra behar duzu: denbora hartzea. Baina denbora hartzea, dirudienez, “antiekonomikoa” da. Kaña ahalik eta azkarren bota behar da, bezeroak azkar edan eta hurrengo bezeroari tokia egiten diozuen. Laister tabernak desagertuko dira. Haien ordez autoserbitzurako aretoak besterik ez dira egongo, gasolindegiak bezalakoak. Dena abantailak: espazioaren optimizazioa, inbertsioaren merketzea, esku lanaren murriztea... Tokia behar da, turista asko etorriko direlako. Eta ondo dago turistak etortzea.

 

 

20:15

 

tabernariak malko bat xurgatuko du.

 

            Ez nuke nire kuitaz hitz egin beharko. Tabernaria entzuteko dago, ez entzuna izateko. Hitz egin izan banu inoiz, inoiz nire barrua askatu izan banio bezeroren bati, akaso gaur, nire ohea berotuko lukeen emakume baten gorputza senti nezake. Baina tira, ez zaituztet gogaituko nire bizitza pribatuarekin. Gainera, ez da interesgarria. Hogei urte lau horma hauen artean eman ditut… alperrikaldu ditut. Ez naiz zoriontsua izan, baina hori ez da txarrena. Txarrena da zoriona ez dudala faltan bota izan.

 

 

20:13

 

Hustsik dagoen kopa eskuen duela.

 

            Ahhh! Gozoa benetan!! Medikua haserretuko zait, alkoholak kalte egiten dit. Urteak ziren edaten ez nuela. Azkeneko aldiz, nagusiaren semea jaio zenean. Hain zuzen ere orain tabernako nagusia dena jaio zenean. Bataiora konbidatu ninduen nagusiak. Estimu handian ninduen. Tabernan lau kamarero geunden eta ni bakarrik konbidatu ninduen. Bataio osoa negarrez eman zuen. Esan nion bere aitari, txantxaz: “hau jefe izateko jaioa da, Jauna!” Ez nintzen okertu. Nagusi zaharra hil eta bera agintean jarri zenetik, fakturazioa bikoiztu egin du, eta plantilla erdian uzti. Genio bat da. Txikitan nere besoetan izan nuen. Mutil koskorra zelarik, kaña ondo botatzen erakutsi nion. Nola da esakune hori…? “Cría cuervos…”

 

 

20:10

 

            Seigarren eta azken urratsa. Bigarren aldiz erreposoan utzi ondoren, kopa aparrez beteko dugu goraino, ertzak gainditu arte, txorrota apurtxo bat irekiz. (Hala egiten du) Badago. Erreparartu aparraren hiru geruzei: goian, burbuila lodiez osaturikoa, azpian burbuila finagoaz, eta beherago lanbro moduko bat, goraka egin nahi duten burbuiltaxoez osatua. (Kopari begira) Edateko gogoa ematen dit! Baina ezin dut. Bigarren arrazoia, alkoholak kalte egiten didala. Lehenengo arrazoia, profesional bat naizela. Ez dut sekula edaten bi arrazoiengatik… Dena den, barruan sekulako korapiloa sentitzen dut, eta… ze arraio, popatik hartzera!

 

tabernariak kaña trago batez edaten du.

 

 

20:09

 

            Bostgarren urratsa. Kaña erreposoan utzi bigarren aldiz. Presarik gabe. Nagusi zaharrak goraipatzen zidan denbora patxadaz hartzeko nire doai hau. “Zure ondoan, denborak atzera egiten duela ematen du, eta ez aurrera!” Nagusi berriak, bere semeak, gauza bera pentsatzen du, baina berarentzat defektua da. Begira, begira nola igotzen diren burbuilak, bakoitza munduan bere tokia aurkitu nahiean bezala! Batzuetan, basoari begira jarri eta horrelako burbuila bat naizela pentsatzen dut… neure tokia bilatzen, beste milaka burbuilen artean. Nire tokia aurkitu dut nik? Lehen baietz uste nuen, hau zela, taberna hau. Hain ziur nengoen horretaz, ze ez naiz inoiz saiatu besterik topatzen. Bakarrik bizi naiz. “Emakumeren bat topatu beharko zenuke”, esaten zidaten. Eta topatu, topatu nuen. Aspaldi. Arazoa da berak jakin ere ez dakiela. Eta ez du jakingo, jada beranduegi da… Beranduegi. Ondo pentsatuta, ni ez naiz goraka dihoazen burbuila horietako bat, burbuila horiek azalera iritsi eta aidean desagertzen dira, aske. Ni koparen kristalari pegatuta geratu diren horietako bat naiz… Mugitzeko, gora egiteko, askatzeko beldurrez. (…) Barkatu! Burbuilei begira jarri eta burua joaten zait. Beno… zertan nengoen? Ah, bai, bostgarren urratsa, kaña erreposatzen utzi bigarren aldiz.

 

 

20:08

 

            Laugarren uratsa! Zerbeza lehenengo aldiz erreposatu ondoren, txorrotaren azpian jarri, bi atzamarreko distantzian, eta berrogeita bost gradutako inklinazioarekin, koparen bi heren bete arte.

 

 

20:07

 

            Hirugarren urratsa! Behin koparen heren bat bete ondoren, erreposatzen uzten da, baina lehenago kolpetxo bat emango diogu, burbuilak azkarrago igo daitezen. Kolpearena beste detaile bat da, eta lehen esan dut, detaileak inportanteak direla. Kaña on eta txar baten arteko aldea, detaile txikiek erabakitzen dute.

 

 

20:06

 

            Bigarren urratsa! Behin kopa freskaturik, txorrotaren azpian jarriko dugu, bi hatzamarreko distantzian, eta berrogeita hamar graduko inklinazioaz, heren bat bete arte. Ondoren erreposatzen utzi.

 

 

20:05

 

            Lehenengo urratsa: kopa busti eta freskatu. Hau, kopa bustitzearena eta freskatzearena detaile txikia ematen du, eta tabernari askok ez dute haintzat hartzen, baina detaileak inportanteak dira.

 

 

20:04

 

            Loreak ikusten dituzue? Hemengo betiko bezeroak direnak, seguraski erreparatu diote detaileari. Eta arraro somatu. Hemen ez da inoiz egoten lorerik. Gaur bai. Nagusiaren andreak oparitu dizkit. Detaile bat da. Loreak oparitzen dizkidaten lehenengo aldia da. Nik neuk ere ez diot inoiz lorerik oparitu inori. Ez zait burutik pasatu ere egin. Romantizismoak romantikeria iruditzen zaizkit. Baina detaile bat da. Gutxitan azaltzen da hemendik nagusiaren andrea. Baina gaur etorri da, eta nagusiarekin hitz egin eta gero, berak, lore sorta hau oparitu dit, eta eskerrik asko guztiagatik esan dit. Eta nik “Milesker zuri ere, Andrea, bihotzez, milesker zuri ere” erantzun diot, eta uste dut benetan esan diodala. Esan nahi dut, ez zuela inolako beharrik detaile hori izateko, eta hala ere… Eskertzekoa da.

 

 

20:03

 

            Kaña bat ondo botatzeko instrukzioak… Ez da azaltzeko zaila, baina ez dakit nola moldatuko naizen. Apur bat urduri nago, arraro egiten zait hainbesteko protagonismoa hartzea. Aurpegi ezagun batzu ikusten ditut, betiko bezero batzu… Arratsaldeon, andrea. Arraro egiten zait “arratsaldeon” esatea. Normalean “egun on” esaten diot beti, egunero egunero, gosaltzera datorrenean. “Egun on”. Ez dugu besterik esan behar, nik badakit zer ipini behar diodan, kafea eta kroasana plantxan, eta berak badaki zenbat ordaindu behar duen, bi euro eta hamar. Zertarako gehiago esan?

 

 

20:02

 

            Hasi baino lehen ekitaldi xume honen zergatia azaldu nahi dizuet. Gaur nagusiarekin hitz egin dut. Bere emaztearekin etorri da tabernara, aspaldiko partez. Nire finikitoa negoziatzera etorri da. Plantilla murriztu beharra dagoela eta nire erritmoa ez omen dela egoera berrira ondo egokitzen. Niri paradojikoa iruditu zait negozioa hobeto doenean, plantilla murriztea, baina nagusiak ondo azaldu dit, eta ulertu diodala uste dut. Ezingo nizueke kontatu, baina berak ondo azaldu dit. Asko daki ekonomiaz. Ondo hartu dut. Beste gauza asko egiteko denbora izango dut. Kontua da nire betiko bezeroei agur esan nahi nizuela eta beno… bide batez, hainbeste urtetan baturiko jakinduriaren parte bat eskeini, joan baino lehen, haizeak eraman dezan baino lehen. Nire ondarea, nolabait esanda. Kaña ondo botatzen erakutsi nahi dizuet.

 

 

20:00

 

            Beno. Hasi gaitezen. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña: honetara hitzaldi etorriak ongi, jaunandreak milesker.

 

Iluna.