Aurkibidea
Trein baten konpartimenduan gira. Parrean berina, eta bi aldeetarik jar lekuak (8 jarleku). Ikusten da ere alarma seinalea.
andere bat sartzen da, hatsankatua, maleta eskuan, alde guzietarat so. Ageri da zerbaitetaz beldur dela! Berinatik kanporat behako bat eman eta, jartzen da, maleta altzoan atxikiz! Hor agertzen da kontroladorea, sos bolsa gerrikoan emana.
MANEXA - KONTROLADOREA
KONTROLADOREA: Donibane Garazi! Donibane Garazi! Herri hunek balu nik bezain bat grazi! (irriz) Zoin irringarria nizan! (berriz serios eta oihuka). Kasu, kasu! Ateak hets! Treina minuta baten buruan partituko da!
MANEXA: Otoi jauna! Apalago mintza zaitez!
KONTROLADOREA: (gaitzitua). Errazu anderea... bainan... Hauxe da! Ez balin badut oihu egiten, ez naute beste bidaiantek entzunen!
MANEXA: Bainan bidaiant bakarra niz!
KONTROLADOREA: Tematzen bazira, ikusiko duzu zer prozadura emanen dautzutan!
MANEXA: Barkatu jauna bainan konpreni nezazu! Beldur niz, beldur!
KONTROLADOREA: Zertaz?
M.: Hil nahi nute!
K.: Zer derasazu! Nork?!?
M.: Banaki! Baina beha ezazu gutun hau!
K.: (hartzen du) Jesus! Zoin zikinki ixkiratua den! Tinta tatxaz emokatua da paper hau. (irakurtzen du) “Aitor ezazu nun gordetzen duzun bestenaz betikotz desagertaraziko zaitugu!”. Ordian, nun gordetzen duzu?
M.: Zer?
K.: Zer dakit nik! Ni baino hobekiago badakizu!
M.: Hain zuzen, ez dakit! Hortan da mixterio guzia! Eta eskuratzen dutan gisa hortako hamargarren mehatxua da, guttienez! Zainak higatuak ditut! Ezin dut gehiago Donibanen egon! Eta ez ezazula otoi kondatu dautzutana nehori aipa!
K.: Bah! Bakemazu zure mentskeriekin! Zuhaurrek pentsatu ixtorioak dituzu horiek!
M.: Bainan hitz dauzut...
K.: (oihuka) Arrosa, Pont Noblia, Bidarrai, Luhuso, Itsasu, Kanbo, Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafranga, Beherearta (irriz): Beherearta! Ez dut sekulan konprenitu zer pasatu zaioten burutik geltoki bat han plantatu duteneri, ez bait dut hor behin ere norbait jausten edo igaiten ikusi! Beherearta! (irriz) (eta berriz oihuka) Eta azkenik Baiona! Baionarat helduko gira hamarrak eta hamaseietan xuxen, ez balin bagaituzte segurik indioek anartean atakatzen (irriz karkailaka). Ez dela enekin enoatzeko irriskurik! (oihuka ateratzen da). Burdin bide bazterretik ken Abiatzen da!
(Ordian, entzuten da treinaren partitzearen azantza, eta bultaño baten buruan, erizain bat agertzen da, eri bat kadera ibilkari batean daramala. Hunek aurpegia osoki bandatua eta beraz kukutua du. Anderearen ondoan instalatzen dira, hunek mesfidantza ainitzekin so egiten deiela, hastapenean, bainan laster goxatzen da).
MANEXA - ERIZAINA - ERIA
MANEXA: Jauna! Ez zaitut ezagutzen bainan jakin ezazu zuen presentziak plazer egiten dautala, iziturik egonen bainitzan, konpartimendu huntan bakarrik gelditu banintz!
ERIZAINA: (eztiki) Zendako? Lasai zaitez! Ez da hemen lanjerik!
M.: Norbaitek nahi nu garbitu eta ez dakit zendako! Bainan ez ezazula nehori errepika! Gure artean egon dadila!
ERIZAINA: (haur bati bezala) Baietz! Ez zaitela arrangura! Harzkizu pastilla hauek! On eginen dautzuete!
M.: Egia da gero.
ERIZAINA: Ez da dudarik! Funtsean nihaur ere otso handiak jan nahi ninduen atzo!
M.: Sendi dut ez nuzula sinesten!
ERIZAINA: Ba, ba!
KONTROLADOREA: (oihuka) Tiketen kontrola! (bat batean sesitua erizaina eta eria ikusiz). Bainan nundik ateratzen zauzkit bi horiek? Noiz igan zirezte?
ERIZAINA: Treina abiatzen ari zelarik!
K.: Ai, ai, ai! Treina jadanik martxan zelarik. Hori ez da aizu! Prozadura bat eman behar dauzuet. Ez da kario: bost sos!
ERIZAINA: Bainan ez zen arras partitua ere! Eta ez duzu inbalditu bati ordainaraziko.
K.: Ah! Errebelatu zira! Beha dezagun! (bere liburua leitzen du). “Kontroladoreari errebelatuko den pidaiantak beharko du pagatu: bost sos, bere oldartzea hitzetan mugatu balin bada, hamar sos bortizki gobernatu bada! Zaude! Zuk ez nuzu jo? Ez! Beraz heldu zauzu bost sos!
ERIZAINA: Ez zirea eri huntaz urrikaltzen?
K.: Ba, ba! Biziki! Zer du?
ERIZAINA: Izpurako klinikarat joan da zangoaren artatzerat, azazkal bat larruan sartua zuelakotz eta osoki errerik atera da handik! Baionako ospitalerat daramat!
K.: Gaixoa! Holako estatuan izanki eta bost soseko prozadura pagatu behar! Ez da justiziarik mundu huntan! Lehenik tiketak! (erizainak bienak emaiten dazko). Jesus! Bainan tronpatu zirezte! Behereartaraino hartu duzue! Ez dautazu erran Baionako ospitalerat zinoaztela?
ERIZAINA: Bai, bainan lehenik badugu zerbait egiteko Behereartan!
K.: Zer egiten ahal da Behereartan?
ERIZAINA: Zer axola duzu?
K.: Hauxe da! Hamar urte liña huntan ari naizela eta lehen aldia da norbait Behereartan gelditzen ikusten dutala! Hori erranen dakotetelarik ene lankider, ez nute sinetsiko!
MANEXA: (bat batean, erizainari) Jauna otoi serioski har ezazu nik kondatua!
ERIZAINA: gezur aski! Bestenaz sudurra luzatuko zauzu. Harzkizu pilula hauk!
K.: Bainan! Ez dituzue zuen tiketak xilatu!
ERIZAINA: Xilatu?!?
K.: Eta bai! Geltokian bada makina bat espresa hortarako! Pena dut bainan prozadura bat eman behar dautzuet. Ez da kario: zortzi sos bakotxak!
ERIZAINA: Eta zendako behar da tiketa xilatu?
K.: Argi da! Nahi balin bagaituzu enganatu tiketa bera baliatuz bi pidaientzat, bigarren xiloak traituko zaitu!
ERIZAINA: Bainan ez balin badut bigarrenean xilatzen.
K.: Hau maltzurra! Aitortuko dauzut ez dutala xilo horien beharraren arrazoina nihaurrek ere sekulan sesitu bainan hala da legea! Hogoi ta sei sos heldu zauzue orotarat (prozadura egiten du eta erizainak pagatzen). Milesker! Orai zoazte ondoko konpartimendurat, hura baita inbaldituentzat egokia! Berehala heldu niz!
ERIZAINA: Heldu? Zendako?
K.: Hebe! Nola ez zirezten zuendako zen tokian plantatu, beste prozadura bat eman behar bait dauzuet. (erizaina, kexu, eta eria ateratzen dira ezker alderat).
KONTROLADOREA - MANEXA
K.: Zure tiketa otoi!
MANEXA: Nola treinerat tarrapatan igan nizan, oxtian esplikatu arrazoinen gatik, ez dut hartzeko hastirik izan, hemen zuzenean erosiko nuela!
K.: (irriz) Eta zure hiltzailea agertu dea? Hari galdatu behar dakota nuntsu garbituko zaituen, bidai saria araberan karkula dezatan! Ordian! Gauden serios! Noraino abian zira?
M.: Behereartarat!
K.: Behere... zu ere?
M.: Ezda Behereartan gelditzea debekatua, dakidanaz!
K.: Ez, ez bainan... Ximiko bat egizaazu, segurta dezatan ez naizela amentsetarik ari! (neskak ximikatzen du eta kontroladoreak bere liburuari so egiten). Beraz, erran dugu: bortizki gobernatzen den pidaiantari hamar soseko prozadura... (neskari) Hamar sos otoi!
M.: Bainan, zuhaurrek erran dautazu...
K.: (liburuari so eginez). Hitzez errebelatzen denari bost sos! Heldu zauzu hamabost sos! (paperra betetzen du). Huna prozadura! Eta huna tiketa! (tiketari so egiten du). Bainan! Ez duzu geltokiko makinan xilatua!
M.: Alabainan! Zuhaurrek emaiten dautazu eskurat!
K.: Bost sos gehiago otoi! Eta omore onean bait niz, aldi huntan errebela, paso! (andereak ordaintzen du, kexu). Milesker! Ah! Ahanzten nuen! Donibanen, Garako kaian atxeman dut gutun hau! Lurrean utzia, aski bixtan, ikus nezan! Begira! Manexa batentzat da!
M.: (izitua) Bai! Manexa dut izena!
K.: Buruz beltz ala buru gorri? Oizu! (ateratzen da irriz karkailaka, eria eta erizaina atera alderat, ezkerrerat). (Ordian neskak gutuna idekitzen du, eskuan daldaran).
MANEXA
MANEXA: Puahh! hau ere tinta tatxaz emokatua! “Manexa! Bilatzen duguna gordetzen daukuzu! Merexi duzuna trein huntan ukanen duzu. Zure gaztigatzailea edozoin geltokitan igan ditaike!” Bainan zer makur egin dut nik! Eta nork igortzen dauzkit gutun horiek! (Ordian, treinaren txistua eta arrastak entzuten dira. Treina Arrosako geltokirat heltzen da). Arrosarat helduak gira! Ez dut bakarrik egon nahi. (harriturik eskapatzen da ezker alderat. Ondotik, kontroladorea agertzen da).
K.: (oihuka) Arrosa! Arrosa! Zuek mutur, ni berriz, airosa! (irriz) Zer ateraldi pollita! (berriz oihuka) Bi minuta gelditze!
(Ateratzen da. Hor sartzen da gizon bat xuriz bezti, palto ta galtzak, krabataduna, “borsalino” xapela, betaurriko beltzak, eta mitralleta baten forma duen maleta eskuan. Erreposki dabil, deneri so. Jartzen da. Itxura beldurgarria emaiten du).
(kontroladorea berriz jiten da).
KONTROLADOREA - MAFFIOSOA
K.: (oihuka) Bidarrai, Luhuso, Itsasu, Kanbo, Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafranga, Beherearta! (ahapetik). Boh, nork erranen zuen! (berriz oihuka) Eta 10 eta 16tan helduko gira Baionarat, treina ez balin bada burdin bidetik jalgitzen segurrik (irriz) Xantza dutela ezagutzen nutenek (oihuka). Kasu ateak hets! (treina arrapartitzen da. kontroladorea bidaiantaren parrean jartzen da).
K.: Beharrik omoretsu sortu nintzala! Horrek nau iraunarazten! Bait nuke gogo ilunekoa izaiteko arrazoinik! Hamar urte Garazi eta Baionaren arteko bidaia egiten dutala, lau aldiz egunero! Aspertua niz! (lirikoa) Batzutan, ene aments segretuenetan, ikusten dut nere burua kateak hausten! Trein hau beregisa uzten eta beste norapait, hemendik biziki urrun eremanen nuen beste batean igaiten, burua berinatik ateraia, aurpegia haizeak joa, libro!
MAFFIOSOA: Debekatua da!
K.: Zer ote?
M.: Treinean, burua berinatik ateratzea!
K.: (gaitzitua) Badakit! Erraiteko manera bat da! Hain beste nahi nuke neretzat oraino arrotzak diren eskualdeetan barna ibili! Badut urrunaren eta ez ezagutuaren egarri izigarria!
M.: San Petersburg, Istanbul?
K.: Ba, ba! Edo berdin Akize, Puyoo. Bainan ez gaitzatela itxaropen zoro horiek lillura eta gure eginbidetik bazter! Zure tiketa otoi! (emaiten dako). Beha dezagun: Arrosa... (sesitua) Beherearta! Zu ere? Bainan zer gertatzen da egun? Zer duzue denek Behereartan? (bidaiantak so gaixtoa). Uzten zaitut! (eta badoa gogoetak eginez). Akize — Puyoo! Eta nork daki, egun batez, behar bada, Morcenx.
(bidaianta berriz bakarrik).
(Ordian, erreposki esku larruak ateratzen ditu sakelatik eta jaunzten. Maleta idekitzen hasten da bainan brauki hesten du, manexa agertzen delakotz).
MANEXA - SOINULARIA
MANEXA: Jauna! Ez du nehork ene beldurreri kasurik egiten! Zuk bederen entzun nezazu! Norbaitek nahi nau beste mundurat igorri! Irakur ezazu gutun hau! Bainan ez ezazula nehori aipa!
(bidaiantak hartzen du eta leitzen hasten da. Bat batean, durduzatua!).
MAFFIOSOA: Zer paper zikina! Zonbat tatxa! Manexa!?! Manexa duzu izena?
M.: Bai (bestea hipaka hasten da). Zer duzu? (hor, ustezko maffioso hain beldurgarri horrek bere egiazko itxura erakutsiko du).
MAFFIOSOA: Manexa bat ongi ezagutu dut! Maite nuen sekulan nehor maitatu ez dutan bezala, eta utzi nau !
M.: Konprenitzen dut zure pena, segur, bainan ez nitzaizu hortaz ari! Irakur ezazu hor ixkiriatua dena!
MAFFIOSOA: (nigarrez) Bi urtez bizi izan ginen elgarrekin! Hastapenetik segur nintzan egun batez abandonatuko ninduela! Funtsean, egunero, goizero, arratsaldero erraiten nakon: “Zuk egun batez utziko nauzu! Badakit utziko nauzula!”. Gauaz ere, hiruzpalau aldiz iratzar-arazten nuen ene arranguren berri emaiteko! Eta xuxen nintzan! Egun batez joan baita, alegia kakastengarria nintzalakotz! Ez zakien zer estakuru atxeman!
M.: Jauna, otoi! Beha ezazu zer emana den gutun huntan!
MAFFIOSOA: (edo soinularia) Geroztik, hamarka musika moldatu ditut haren orroimenez! (Biolina bat ateratzen du metralletaren forma duen maletatik). Soinularia naiz eta noiztenka konpositorea! Segur niz zu ere musikafinari sensible zirela!
M.: Ba, ba! Lehenago bonboa jotzen nuen txarranga batean bainan bidaliak izan zauzkitan mehatxuetarat berriz jiteko...
MAFFIOSOA: (edo soinularia) Entzun ezazu hau! (hasten da biolina jotzen).
M.: (gaitzitua) Delako Manexa hura bi urtez egon dela zurekin? He be! Badu mereximendu! (ateratzen da ezker alderat).
(soinulariak segitzen du biolina jotzen, hipaka, eta kontroladorea sartzen da).
SOINULARIA - KONTROLADOREA
K.: (Naukela) Jauna? Plazer baduzu! Bere zinkurrin horiek geldiaraz ezazkozu lehen bai lehen tresna horri! Ez da aizu biolina jotzea treinean! Damu dut bainan prozadura bat eman behar dauzut!
S.: (hipaka) Zer derasazu? Zendako ez da aizu?
K.: Ez da aizu Arrosa eta Pont Nobliaren artean! Sei sos! (eskua luzatuz)
S.: Hemen zen andereak gogoarazi dauzkit lehenagoko andregai batekin bizi izan nintuen pairamenak eta soinua jo dut ene penaren eztitzeko! Segur niz konprenitzen nuzula!
K.: Ba, ba, gaixoa! Nik ere badut bihotz bat ez idurian eta zure minak arras hunkitzen nu! Gaixoa! Sei sos!
S.: Bainan...
K.: Aski zinuen zure kinkalleria hori etxean uztea! Norat daramazu?
S.: Baionako konserbatoriorat noa!
K.: (arrastak entzutearekin, oihuka) Pont Noblia! Pont Noblia: Hemengo gizonak zero, emazteak doblia! (irriz ari da eta bere ordulariari so egiten dio). Zer beranta dugun! (oihuka eskuin alderat, hots trein gidariari). Segi aintzina! Ez geldi! Ez dugu astirik! (berinatik so eginez) Bidailari bat bada bainan hitsua da! Gerore, plenitzen bada, erranen dugu ez dugula ikusi!
K.: Bainan zuk (soinulariari) Baionako konserbatoriorat balin bazoaz, zendako zuk ere bidai saria Behereartaraino hartu duzu? Afera hau ez da batere argi!
SOINULARIA: (berriz hipaka) Argi! Argi deitzen zen neska batekin ere ukan nintuen harremanak denboran! Ene maitasun guzia eskaini nakon bainan harek ere utzi ninduen!
K.: To! Ene prozaduren karneta bururatua dut! Ez du gehiago paperrik! Harrigarri da karnet horiek zoinfite husten diren!
SOINULARIA: Beti orroituko niz! Arrats guziz.... Argi etzatzen zen eta ni ohearen hegian jartzen biolina jotzeko, amodioz, eztiki, lokar zadin! Harek erraiten zautan nere amodioa beste maneraz erakusten ahal nakola bainan ez dut ikusten zer egiten ahal nuen besterik!
K.: Segi nezazu nere kabinarat. Han ditut beste karnetak! Berri bat estrenatuko duzu! (biolina jar lekuan utzirik, soinularia ateratzen da eskuin aldera. Treinaren arrastak entzuten dira. Eta jalgitzekotan zen kontroladorea gelditzen da). Bidarrai! Bidarrai! Eskuzartak ene talendu ta indarrai! (irriz) Boh! Zer vedetta egiten dutan bestenaz.
(Jalgitzen da. Ordian, gizon bat sartzen da, gabardina luze bat soinean, eskuak sakeletan, xapel bat eta bisaia begietaraino gordetzen dakon kaxenet batekin! Hau jarri orduko, agertzen dira bi atso: tomaxa eta xerafina! Bakotxak bere zare baratzekariz betea besapean!).
GABARDINDIMA - XERAFINA - TOMAXA
XERAFINA: Nun jartzen gitun!
TOMAXA: Nahi dunan lekuan! Ze inporta din, mila lezafin!
XERAFINA: Hemen?
T.: BaietzJ Edo hor berdin, mila pikotin!
XERAFINA: Tomaxa! Hobe dinagu bidai saria pagatzea!
T.: Apal mintza hadi! Ez din nehorke jakiteko beharrik! Xerafina; Alo! Ikusi duna zonbat gosta din, mila klabelin!
XERAFINA: Bainan Tomaxa! Kontroladoreak kausitzen bagitin, xahu gitun!
T.: Ez hizala kexa hortako! Huts eginen gitin, mila espartin!
X.: Ez nun trankil, kotxino!
T.: Kasu eman nola mintzo hizan! Jenden artean gitun, mekago en la puta, koño!
X.: Joanen nun tiketen xeka!
T.: Ez hizala hemendik mugi eh! Hago enekin, mila tupin! To! Beha zan hau! (soinulariak utzi biolinari so eginez). Zer dun hau! (Jarririk den gizonari) Jauna! Barkamenduekin, zurea dea tresna hau?
GABARDINDUNA: Ez!
T.: Eta badakizia zertan baliatzen den?
G.: Ontsa futitzen niz to!
T.: Barkatu eh desarrañatu bazitut! (xerafinari ahapetik). Hau gizon mierda!
X.: Hori ez dea palotea, pilotan artzeko? (jestua eginez, biolina eskuan)
T.: Baduna burutik! Gaixo Xerafina, nik uste baino ergelago hiz! Ez duna ikusten zertaina dela!
X.: Eta makila, zendako dun!
T.: Arroltzearen mugitzeko, lot ez dadin mila zerri kutin! (Biolina eta huni doakion zirika eskuetan erabiliz).
X.: Jesus, Maria eta Josepe!
T.: Zer dun?
X.: Pix egilea nun!
T.: Bah! Ez dun ez probetxurik! Hori gininan falta! Ez hina lehenago pensatzen ahal, ez?
X.: Lehenago pensatu dinat bat!
T.: Ordian!
X.: Bainan lehenago ez nindunan pix egile!
T.: Debru miserablea hi! Haugi enekin mila sorgin! Hor ditun komoditateak! Borta atxikiko dahinat, hi barnean izanen hizalarik beste nehor sar ez dadin, mila mutxurdin!
(Eta ateratzen dira eskuin alderat. Memento berean, manexa berriz agertzen da ezkerretik. gizonari so egin eta, jartzen da parrean).
GABARDINDUNA - MANEXA
MANEXA: Jauna! Zure ondoan egon nindaike? Izitua niz! Norbaitek hil nahi nu eta trein huntarat iganen da! So egizu gutun hau! Pouh! Zonbat tinta tatxa!
GABARDINDUNA: (beti eskuak sakeletan). Ontsa futitzen niz, to, zure gutunaz!
M.: Ez baniz trein huntarik bizirik ateratzen, konzienzian izanen duzu!
G.: Eta nola!
(manexa desagertzen da, jin lekutik, gaitzitua. Hor, sartzen dira eskuinetik kontroladorea eta soinularia).
GABARDINDUNA - KONTROLADOREA - SOINULARIA
K.: Ez dutala biolonik hemen aditu nahi, erraiteaz geroz! Hau gizon temuntzia! Jesus Maria!
SOINULARIA: (hipaka) Maria! Maria bat ongi ezagutu dut! Hartaz azkarki maite mindu nintzan eta...
K.: Baietz (gizonari). Zure tiketa otoi! Ah, bainan zu ikusi zaitut oxtian berina ixkinetik (haur bati mintzo balitz bezala). Aitor ezaidazu nundik pasatu ziren trein huntarat igaiteko?
G.: Ontsa futitzen niz to, nundik igan nizan
K.: Burdin bidea zehiarkatu duzu, pasaia egokiaren hartzea ahantziz! Prozadura baten emaiterat borxatzen nauzu! Hamabi sos, otoi (prozadura eginez).
G.: Ontsa futitzen niz zure prozaduraz!
K.: (Nola ez den gabardinduna mugitzen, kontroladoreak berak miatzen dako sakela. Eta dirua ateratuz): Ah! Zure tiketa ere hor duzu! (behatzen du, eta sesiturik gelditzen). Bidarrai-Beherearta! Zu ere? (bat batean orenaz orroiturik oihuka hasten da). Luhoso, Itsasu, Kanbo, Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafrango, Beherearta (hau doinua kanbiatuz) eta 10 eta 16tan helduko gira Bionarat, ez balin bada, anartean, tunel bat litatzen gu pean girelarik! (irriz). Ni irringarria? Uste nuke! (eta ateratzen da eskuin aldera. Treina abiatzen da).
GABARDINDUNA - SOINULARIA
S.: Bai! Hasia nintzan kondatzen! Maria izeneko neska batetaz maite mindu nintzan!
G.: Ontsa futitzen niz!
S.: Hain zen sensible eta delikata! Harri altxatzailea zen! Ez zen sekulan bere harriaz berexten! Beti besapean zaukan! Gaixoa! Behin, Miarritzeko kasinoko gala batetarat ereman nuelarik, erran nakon ez zela errex balsa manera hortan dantzatzea, harria poxulu ginuela eta hauta zezan gu bien artean! Eta hautatu zuen! Dena ene falta da! Bere sensibilitatea kolpatu nuen!
(Oihuak entzuten dira: kontroladorea eta tomaxarenak! Sartzen dira, xerafinak segitzen dituela).
GABARDINDUNA - SOINULARIA
KONTROLADOREA - TOMAXA XERAFINA
K.: Ez anderea! Ez da aizu komoditateen baliatzea, treina gelditua delarik!
T.: Guk ez ginakin, mila lapin!
K.: Abisua handizki ixkiratua da!
T.: Ez baitu Xerafinek kasurik egin, mila lapatin!
K.: (prozadura eginez) Hain zuzen! Hori dakot erreproxatzen! Hamar sos! Huna prozadura!
T.: Hau kontroladore inutila!
K.: Kontroladorea laidostatu duzue: bost gehiago!
T.: Norbaitek atxik nezala edo gizon perreka huni emaiten dazkot bi beharrondoko fin, mila hargin!
X.: Geldi hadi Tomaxa. Ez din balio zinaurri kaka hunekin tematzea. Pagatuko dinat! Oizu! (dirua emanez, kontroladorea eta tomaxa elgarri so daudela, murmurika gaixtoak eginez. Dirua hartu eta, kontroladorea jalgitzen da).
GABARDIDUNA - SOINULARIA
TOMAXA - XERAFINA
X.: Jar hadi Tomaxa! Ezti hadi! Hobe dinagu gure xokoan ixil ixila egoitea! Ez dun oraino ohartua bidaia ez dugula pagatua!
T.: Hori kontroladore mentsa!
X.: Eta nola ateraarazi nin komoditatetarik! (ahapetik) Ez ninan fini-re! Ez dinat erdiaren egiteko hastirik izan!
T.: Hori kontroladore soraioa!
X.: Oraino pix egilea nun!
T.: Orai joaiten ahal hiz! Treina ibilki dun! (beti kontroladorea desagertu den alderat gaixtoki so). Hori kontroladore triste paketa!
X.: Ez ez! Ez zazkinala komoditate horiek gehiago aipa! Hemendik jautsi artio egonen nun! Jesus, zoin luze izanen den! Ez gitun oraino Baionan!
T.: Zer derasan!
X.: Ez girea Baionako merkaturat ari!
T.: Bainan! ahantzia duna jausten girela Baionarat heldu aintzin, mila kaputzin! Behereartan!
X.: Ah ba! Egia dun! Beherearta!
T.: Hori kontroladore pika buztana!
X.: Pix egilea nun!
TOMAXA: Erran! beha zan hunen jauntzia (soinulariaz) Ma chere! Koketa dela! Nola deitzen dun arropa mota hori!
X.: Ez dea hori “costume deuxpieces en coton”?
T.: Baduna burutik. Hori “redingote tergal” dun!
X.: Galde eginen dakonagu! Jauna, nola deitzen da soinean duzuna?
S.: “costume deux pieces en coton”!
T.: Ah! aditu dun! zer errana ninan, Xerafina!
SOINULARIA: Anderea! Xerafina duzu izena? Xerafina izena duen presuna bat ongi ezagutzen dut! Funtsean ene oraiko andre gaia da!
GABARDINDUNA: (asperturik) Hau gizon hastiala! (eta ateratzen da ezker alderat).
SOINULARIA - TOMAXA - XERAFINA
X.: Errazu jauna! Tresna hori zertan baliatzen da?
S.: Hori biolina duzu! Musika xoragarri bat ateratzen zako, sokak zirika hunekin perekatuz!
T.: Ah! ikusi dun nik errana!
S.: Beraz, nion Xerafina ene oraiko lagunaren izen ttipia dela, bainan badu bi hilabete ez dutala ikusia! Ez dakit nun den! Bainan badakit berriz jinen zautala, ene diru guziarekin partitua da, ohartu gabe! Zer xori burua!
X.: To, diruaz mintzo bait gira! Aditu duna zer eskandala gertatu den erenegun, Donibanen, Garateneko trinketean?
T.: Ez, ez dakinat! Hori kontroladore errementa!
S.: Barkatu andereak! Ez zaituztet sobera nardatuko soinu moldatzen artzen banaiz zuen ondoan?
X.: Delako desafio handi hura zutenan!
T.: Zer desafio! Hori kontroladore ñaukela:
S.: Zeren, balin bada gauza bat hastio dutana, hori da eh: nardagarri izaitea!
X.: Hebe! Panpi Sare eta Petto Aire pilotarien artekoa!
S.: Beraz, nardagarri atxematen banuzue, errazue ahoan bilorik gabe!
T.: Ixilduko hiza, to! Mila lasto!
S.: (hipaka, paper eta arkatza ateratzen ditu). Musika moldatuko dut!
X.: Sekulako jendea bildua zunan partidaren ikusteko! Guttienez mila!
S.: (notak markatzen). mi-la.
X.: Eta urrunetik jinak: eskualdun amerikano eta espanol batzu ere etorriak zirela...
S.: si-re-la
X.: Beraz, sekulako sosa Parioan: franko, peseta, dollare...
S.: do-la-re
X.: Eta Petto Aire erosia izan dun, espres galtzeko. Pilota guziak huts egiten! Berhogoi eta esperantxa zirelarik, jendea mesfidatzen hasi dun, Panpi Sarek falta egin baitu botetik eta Petto Aire zer nahi erranka jujeari, baizik eta ona zela. Beretako pariatu zutenak erotuak, galerietarik trinketerat jautsi nahiak Petto Aireri zafraldi on bat emaiteko. Eta gizona eskapatu. Geroztik nehork ez din horren berririk!
T.: Ez nakinan ez ixtorio hori. Hori gizon ezazola!
SOINULARIA: sol-la
T.: Euntsean atzo ez nun etxetik atera, gure Terexa-ren tipiaren zain egon nun egun guzia!
X.: Zoin tipi?
T.: Remi!
X.: re-mi.
T.: Ba, ba gaizoa! Erenegun, gure zakur tzar horrek ausiki din, mila hagin!
X.: Zoinek?
T.: Lassi!
SOINULARIA: la-si.
T.: Egun guzian tutulian egon dun ene altzoan! Ari zunan “Mimi!” Eta ni: “Dodo!”
SOINULARIA: mi-mi-do-do.
X.: Gaixoa! Booh! Zoin pix egile nizan!
SOINULARIA: (arraleitzen bere notak) mi-la-si-re-la-do-la.
re-re-mi-la-si-mi-mi-do-do.
(Hor treinaren arrastak entzuten dira eta kontroladorea sartzen da).
SOINULARIA - TOMAXA
XERAFINA - KONTROLADOREA
K.: (oihuka) Luhuso! Luhuso! Hemengo jendeak burua balu oso! (irriz) Booh! (eta ateratzen da irriz).
T.: Hori kontroladore pistoleta!
(erizaina sartzen da, eria karroan pusatuz).
SOINULARIA - TOMAXA
XERAFINA - ERIZAINA - ERIA
ERIZAINA: Nun gira?
TOMAXA: Luhuson! (eria ikusiz, bisaia osoki bandaturik). Andre dena Maria! Zer gertatu zako? Nun du min, mila birjin?
ERIZAINA: Zangoko azazkal bat larruan sartu zako! Hemen egon gintaizke? Gibeleko konpartimendu hartan ezin dut gehiago! Bada neska aspergarri bat bere gutun ixtorioekin!
(Ordian, hitsu bat igaiten da treinerat, betaurriko beltz eta kana xuriarekin).
SOINULARIA - TOMAXA - XERAFINA
ERIZAINA - ERIA - HITSUA
HITSUA: Badea norbait ene laguntzeko?
(erizainak hartzen du besotik eta jararazten. Gero, berak ere hartzen du jar leku bat).
T.: (ahapetik xerafinari) He be! Bat burutik zango aztaletarat bandatua! Bestea hitsua! (irriz) Eta ondokoak zer ukanen din, mila zurgin! Beso motza?
(Eta hain zuzen, beso motz bat sartzen da. Armadako gudari ohia dela ageri da, papoa medailaz eta militar apainduraz emokatua. Daukan esku bakarran, esku larrua!).
SOINULARIA - TOMAXA - XERAFINA
ERIZAINA - ERIA - HITSUA ADOLF BURDINGORRI
TOMAXA: (xerafinari, inbaldituer so eginez) Ez gituna treinez tronpatu! Hau Lurderat doan, inposiblez!
A. BURDINGORRI: Jaun andereak, agurtzen zaituztet! Presenta nadin: Adolf Burdingorri kapitaina! Gudari ohi! Utz nezazue pasatzerat, plazer balin baduzue, berinaren ondoan jar nadin, soldado on batek behar baitu beti begi bat kanpoan izan, sekulan etsaia agertzen balitz!
(Jartzen da mitraren ondoan, soinulariaren parean).
XERAFINA: Jaun andereak barkatuko duzue, bainan nik pix egiterat joan behar dut!
T.: Ez dine jakiteko beharrik!
X.: Ez dauztan sekulan nehork manera delikatuak erakutsi!
T.: Ohartu gitun! (izter artea hatzankatuz) Mila eraztun!
X.: Ez balin baditun kontent, aski ditine beharriak tapatzea!
T.: Ez ahal ditun gainera elkortarazi nahi! Ez duna uste hemengo zonbait aski hunkituak direla hola hola!
(xerafina ateratzen da).
SOINULARIA - TOMAXA - HITSUA
A. BURDINGORRI - ERIZAINA ERIA
A. BURDINGORRI: Jauna! utz iezaidazu zure tokia hutsik, ene zangoa pausa dezatan!
(soinularia jartzen da adolf burdingorriren ezkerreko tokian, eta hunek zangoa soinulariak utzi jarlekuan pausatzen).
ERIZAINA: Zer duzu? Eskuineko belauna gogortua?
A. BURDINGORRI: Ene belauna, jauna, zurez da! Berz-el Kebireko batailan xinxirikatua! Eta bai jauna! Egungo gazteak egun guzian daudelarik pipan eta alferkerian, gure kondu, nik, heien adinean, aberria defendiatzen nuen! Hain zuzen, Baionako kasernara noa, mereximenduaren medaila pausatu behar dautatelakotz!
T.: Nun ezarriko dauzute? Ez duzu gehiago lekurik! (alabainan, papo guzia medailaz betea du).
A. BURDINGORRI: Egun, bizkarra estrenatzen dugu! Bizkarra erraiteko manera! Erran behar nuke metalea, bizkarraren gaineko partea burdinez baitut! Beir-el-Zour-eko batailaren oparia! (erizainari, eria erakutsiz). Eta hau, nungo batailan kolpatu da?
ERIZAINA: Izpurako klinikakoan!
(kontroladorea sartzen da).
KONTROLADOREA - SOINULARIA - TOMAXA
HITSUA - A. BURDINGORRI - ERIZAINA - ERIA
K.: Tiketak otoi!
T.: Hori kontroladore imizila!
HITSUA: Kontroladorea zirea?
K.: Bai! Ni naiz! Zendako?
HITSUA: Zendako ez duzue treina Pont Noblian geldiarazi? Han beha nindagon Baionarat joaiteko! Keinu egin dut!
K.: Ba bainan burdinbideari bizkarrez zinen, lanpadorari so, so edo lanpadoraren parrean alo! Ez ginakien guri ari zinela keinuka!
HITSUA: Ah bai! Ikusten dut!
K.: Ikusten duzu?
HITSUA: Ez! Erraiteko manera bat da!
K.: Hortako dugu aintzina segitu!
HITSUA: Bixtan da!... Beharrik bihotz oneko gizon batek Luhosoraino lagundu nuela bere karroarekin! Izena nola duela erran daut? Ah ba, Fuñategiko Proxper!
T.: Bai! Gaizo Prosper! Bihotz oneko gizona!
K.: Eta horiek hola prozadura bat eman behar dauzut ez baitute hitsuek treinbide bazterretan bakarrik egoiteko dretxorik! Hamabi sos!
HITSUA: Hainbeste?
K.: Ez bazira kontent, zure kana berinatik botatzen dauzut eh! (prozadura eginez).
T.: Hau kontroladore ustela!
K.: (hitsuari dirua hartu eta). Zure tiketa! (so egiten du). Zer! Zu ere Baionarat joanki eta tiketa Behereartaraino hartu? Bainan zer duzue denek egun? (burdingorri-ri) Zure tiketa! Zu berdin pentsatzen dut: Baionarat abian eta Behereartan jausten, dudarik gabe!
A. BURDINGORRI: Nola pentsatu duzu?
K.: Usatzen hasia niz! Bainan! Zer ikusten dut? Zangoa jarleku baten gainean pausatua duzula? Prozadura!
A. BURDINGORRI: Jauna! Adolf Burdingorri kapitain eta gudari ohiari mintzo zira! Errespetua zor dautazu!
K.: Ai ama! Aintzindari ohi eta gainera inbalditua! Erretreta ez aski, pensione gottor bat ere hunkitzen zuk, hain segur, dituzun bizpahiru xarratakoentzat, eta nork pagatzen dauzkizu horiek denak? Guk! Ez zirea gure bizkar bizitzeaz ahalge!
A. BURDINGORRI: Jauna! Ez banu, gelditzen zautan beso bakarra, Anouar-al-Wata-ko batailaz gerozplastikaz, zer ukumiloa bil zinezaken!
K.: Izitzen nuzu to! Berhogoi urtetan erretretan eta pleñi! Treinetako funkzionario bazine ni bezala, bazinakike zer den sufritzea! Zuek? Inutil hutsak!
A. BURDINGORRI: Jauna! Gure banderaren zangopilatzen ari zira! Ez dira zure laidoak ondoriorik gabe egonen!
K.: Baietz, baietz! Ah! artetik erteko! Baditut loteriako billetak treinbideetako kontroladoreen bestarentzat! Nork nahi du? (Ez dako nehork kasurik egiten).
T.: Hori kontroladore petenta!
K.: Bon! Ados! Orroituko naiz! (oihuka) Itsasu, Kanbo, Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafranga, Beherearta eta Baionarat helduko gira hamarrak eta hamaseietan, ez badu segurik trein gidariak anartean erretreta hartzen! (irriz ateratzen hasten da eta treina abiatzen). (bat batean, ohartzen da lurrean den letra bati! Biltzen du, berriz irriz hasten, eta beste konpartimenduari buruz dei egiten): Manexa?
(manexa sartzen da).
KONTROLADOREA - SOINULARIA - TOMAXA - HITSUA
A. BURDINGORRI - ERIZAINA - ERIA - MANEXA
MANEXA: Bai! Zer da?
K.: (beti irriz) Zurekin ez dakit gehiago kontroladore ala pietun nizan! Bigarren gutun bat atxeman dut! Hau ere zuretako! Zure hiltzailearena aments? Ea! Leit ezazu irri egin dezagun!
(manexa jartzen da, erhiak daldaran).
M.: Eta betiko tinta tatxa zikin horiek (leitzen du). “Manexa! Hain bat gaixto zuretako gutun hau beste norbaiti erakusten edo irakurtzen baduzu. Eta hobe duzu bilatzen dutana zurekin izaitea bestenaz bidai hau zure azkena izanen da. Alegia deus, pausa ezazu trein huntako jarleku baten gainean”. (deneri so egiten du mesfidantza ainitzekin). Bainan zer dut pausatu behar! Zer hartu nahi daut!
K.: Segur niz letra horiek zuhaurrek idatziak dituzula! Zuk ez duzu burua xuxen! (eta ateratzen da).
SOINULARIA - TOMAXA - HITSUA
A. BURDINGORRI - ERIZAINA ERIA - MANEXA
MANEXA: (erizainari) Sinesten nuzu orai! Hemen duzu norbaitek kalte egin nahi dautalako froga!
ERIZAINA: Bai bai! Segurki! Ez zitela arrangura! Printze xarmanta jinen zauzu salbatzerat bere zaldi xuriarekin! Orai pausa zite! Har ezazu ziropa huntarik!
MANEXA: Bake emazu zure ziropa, pilula, pastilla eta botigekin eh! (bester) Zuek bederen kasu egidazue, lanjerrean niz!
A. BURDINGORRI: Lanjerra! Ez zaitela ezagutzen ez duzunaz mintza! Berz-el-Kebir, Beir-el-Zoor, Anouar-al-Wata! Al-Buhay-Raf! Ah! Al-Buhay-Raf! Betikotz markatu nuen bataila, huntan etsaiak eman zauriaz geroz baita ene ipurdiko eskuin matela alzeiruz! Ez naiz ni lanjerraren aintzinean ihes egiten duten maltzur horietarik!
T.: To! Ez zira Petto Aire bezala! Badakizu pilotaria! Garateneko partidatik eskapatu da partida trukatu eta! Funtsean, nik aspaldian errana dut, falsuak eta ohoinak dituzu pilotari horiek!... Ah hemen ez da pilotaririk araiz? (burdingorriri) Zu ez zira hala? (besomotzari oharturik) Ah ez! Zu? (hitsuari)
HITSUA: Eni ari balin bazira anderea, ihardetsiko dauzut neke zonbait badituztala pilotan artzeko! Bizia ez da beti errex ilunpean bizi girenentzat!
SOINULARIA: Egia da ilunpeak bere itzalak badituela! Beti orroituko naiz! Trein huntan nintzan aldi batez! (hipaka). Neska xoragarri bat jarri zen ene parrean eta hartaz berehala maite mindu nintzan! Irriño pollitak egiten zauzkitala, tunela baten ilunpeaz nahi izan nuen baliatu musu bat delikatuki pausatzeko bere ezpainen gainean, bainan gaizki karkulatu nuen ene mogimendua eta bere ondoan jarria zenari eman nakon! Funtsean mustatxa senditu orduko ohartu nintzan ene hutsaz, eta justu justua hor ginen tunelatik atera! Gero, dutan azken orroitzapena: delako gizon haren ukumiloa zalutasun izigarrian ene sudurrari buruz heldu! Iratzartu nintzalarik, neska desagertua zen!
M.: Bainan entzun nezazue!
ERIZAINA: Zu, aski, erraiteaz geroz! Mamu handia deitzen dut eh! Har ezazu xerto hau!
A. BURDINGORRI: Berz-el-Kebir, Beir-el-zoor, Anuar-al-Wata, Al-Buhuz-Raf, Rub-al-Kebil, Rub-al-Kebileko batailaz geroz dut ezkerreko beharria plastrez!
T.: Dollarak, pesetak, frankoak! Zonbat sos pariaturik eta gure gizonak partida espres galtzen!
SOINULARIA: Zelestina! Ernestina! Justina! Zonbat amodio ixtorio eder!
(Ordian, asperturik ez bait dako nehork kasurik egiten, manexa xutitzen da eta lanjer-xilintxa tiratzen! Treina gelditzen da arrasten arrabots eta kurrinka entzuten dela. kontroladorea sartzen da eroturik!).
KONTROLADOREA - SOINULARIA - TOMAXA - HITSUA
A. BURDINGORRI - ERIZAINA - ERIA - MANEXA
K.: Nork hunkitu du lanjer-xilintxa! (manexa ikusiz). Zuk? Erotua zirea ondarra?
M.: Aski dautazue kasu egitea! Hiltzeko irriskuan niz! Eta ene zaintzea galdatzen dauzuet!
K.: Aspertua naiz zure fantesietaz! (bester). Orduan, andere hau garbitu nahi duena zuen artean balin bada, deklara dadila eta egin behar duena obra beza, bakea ukan dezagun azkenean!
M.: (harritua). Ez zazula holakorik erran!
T.: Hori kontroladore pilda!
HITSUA: Ez dakit zer gertatzen den bainan andere hunek badu, behar bada, izitua izaiteko arrazoinik!
K.: Zu, zaude ixilik eh! Ikus eta mintza! Edo nahi duzu zure lunetek kanaren bidea segi dezaten! (berina erakutsiz)
T.: Hori kontroladore okaztagarria!
A. BURDINGORRI: Plazer baduzue, jaun andereak! Zerbait trenka ezazue arra parti giten! Ez nuke medaila eskaintzaren zeremoniarat berantegi heldu nahi!
K.: (manexari) Zu, zatoz enekin kabinarat! Han dut, ukanen duzun prozadura handiaren araberako karneta!
(kontroladorea eta manexa ateratzen dira eta treina arra abiatzen da).
SOIMILARIA - A. BURDINGORRI
HITSUA - TOMAXA - ERIA - ERIZAINA
T.: Hori kontroladore mekanika! Ebasten daukun sos meta hortaz zer egiten duen nahi nuke jakin, mila irrintzin! Oxtian ere, eni eta Xerafinari... Mila xardin! Xerafina! Nun da? Luhosoko geltokian ahantzi dugu? Behar dugu xeka joan! Treina nola geldiarazi duela neska horrek? Ah bai!
(Eta lanjer xilintxa tiratzen du. Treinaren arrasta bortitza entzuten da. kontroladorea berriz sartzen da, eroturik! manexa, bere gibeletik heldu, jartzen da. kontroladoreak ez du gehiago sos bolsa berekin).
MANEXA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA - TOMAXA ERIA - ERIZAINA - KONTROLADOREA
K.: Ai, ai, ai! Gerla nahi baduzue, ukanen duzue!
A. BURDINGORRI: Ez ezazula hemen gerlarik aipa, ene kautzuzko izterraren errespetuz!
TOMAXA: Xerafina ahantzi dugu Luhoson! Haren bila joan behar dugu!
K.: Ah zu zirea treineko tresneriarekin jostetan ari! Zuk ez duzu fini!
HITSUA: Konpreni ezazu griñatua dela bere lagunarentzat eta...
K.: To! Gure satorra orai! Zu ixil zite ez balin baduzu zure kana eta luneten zorte bera ukan nahi! Ergela! Ordian, anderea! Eni burua galarazteko xedearekin igan bazira trein huntarat, ez du balio! Ez zira helduko! (orroaz) Eta nahiago zaitut abisatu pettako ikaragarria hartuko duela zure moltsak, mittonatuko dauzutan prozadurarekin!
T.: Masakratzen hiut eh! Xerafina ahantzi dugula!
K.: Zimizta batek erre dezala eta zu harekin!
T.: (hitsuari) Jauna! Presta zauzu zure kana! (eta hartzen du eskuan). Xehatzen hiut eh nik, berdin, mila izokin!
K.: (harritua) Mehatxatu nu! Ikusi duzue?
HITSUA: Nik ez!
ERIZAINA: Ezti zaitezte biak ere! Har ezazue pastilla hauetarik!
KONTROLADOREA: Jakin ezazu anderea zure burua kenka txarrean eman duzula! Egin duzuna ezin grabeagoa da! Bon! Ez dezala gehiago lanjer xilintxa hau nehork hunki eh! Euntsean, ez niz gehiago hemendik mugituko, zuen barrandan egonen naiz! Ah! Bidailari batfalta dut! Nun da gure Fantomas! (eta deika doa ezker alderat, beste konpartimendurat). Zu, hemen jar zaite, bestekin, denak ene begien bixtan izan zaitezten!
(gabardinduna berriz sartzen da, eskuak beti sakelan).
GABARDINDUNA - KONTROLADOREA - MANEXA
SOINULARIA A. BURDINGORRI - HITSUA
TOMASA - ERIA - ERIZAINA
GABARDINDUNA: Ontsa futitzen niz nun jarria nizan! (eta jartzen da).
(Treina berriz partitzen. Bulta batez izanen da ixiltasuna, ez dela treinaren arrabotsa baizik entzuten, zortzi bidaiantak jarririk eta kontroladorea, xutik, heier so! Memento baten buruan, tomaxak ixiltasuna hausten du).
TOMAXA: Hori kontroladore mukuzu zikina! Gaixo Xerafina! (eta berriz ixiltasuna)
(Bat batean, adolf burdingorri, berinatik zerbaiti oharturik, larga bixtekin, xutitzen da).
A. BURDINGORRI: (oihukatuz) Han! Etsai bat! (eta lanjer xilintxa tiratzen du. Arrasta ukaldi bortitza. Bolaiarekin, kontroladorea tomaxaren altzorat erortzen da).
TOMAXA: Ken zite hortik agudo, eh! Zer uste duzu egitea enekin, mila Josefin! Hori kontroladore porkeria!
K.: (orroaz, tomaxaren alzotik xutituz). Bainan erotu nahi nuzue ondarra! zer gertatzen da oraino!
MANEXA: Jia! Zer pasatzen da! Segur niz enetako dela!
ERIZAINA: Zu, aski orai! Edo orratz pozoindatu hunekin xixtatzen zaitut eta lo eginen duzu ehun urtez eh!
K.: Zer ikusi duzu?
A. BURDINGORRI: Han! Behi bat! Burdin bide erdi erdian jarria! (treinaren tuta)
K.: Ez da mugitzen! Lagunt nezazue baztertzen!
A. BURDINGORRI: Zaude! Badut holako misione delikatuen usaia! Utz nezazu kudeatzerat! Ordian! Egoera iker dezagun! Etsaia, behia alo, tematzen da gure aintzinatzea trabatu nahiz! (soinulariari). Emazkidazu paper eta arkatz!
(Atakaren planoa marrazkitzen du).
Hau gure treina da! Treinaren iparraldean, bospasei metroetarat, etsaia! (eriari eta hitsuari) Kolpatuak hemen geldituko zirezte! Lehen patrulla, zuek (kontroladore eta soinulariari). Trein hunen mendebaletik jautsiko zirezte eta aintzin hartarat hurbilduko, ahuspez, azantzik egin gabe! Bigarren patrulla, ni eta jaun hau (gabardinduna).
Arpegi gordea: Ni ontsa futitzen niz behi hortaz!
A. BURDINGORRI: Jauna, ez da beharrik aberria zure beha egon! Badea boluntariorik?
TOMAXA: Baietz! Ni! Zer ixtorioak behi tzar baten dako, mila Petako!
A. BURDINGORRI: Arrastatzen zaitut! Ez da etsaia sekulan mesprexatu behar! Hori, Maz-el-jedal-ko batailan ikasia dut! Ez banu egun hartan etsaia mesprexatu, ez nuen menturaz egun ene buru kasko gibela plomuz izanen! Beraz, gu biak ekialdetik jalgiko gira, eta zuek (erizaina eta manexari) treinean egonen zirezte, kularrean, parrez par diren kanpoko bi aten artean, hauek zabalik, sahets bakotxeko patrullari bestearen berri eman dezazuen! Goazen! Nik seinalea emanen dutalarik, etsaiaren gainerat jauzi eginen duzue. Zu (soinulariari) ezkerreko adarrari lotuko zira, zu (kontroladoreari) eskuinekoari eta zu (tomaxari) buztanari! Ni, maniobra kudeatuko dut bazterretik! Oren berak eman ditzagun gure ordularietan! Hamarrak hamazazpi gutti dira! Hamarrak hamalau guttitan abiatuko dugu ofensiba! (ospetsuki) Ez gira behar bada denak misione huntarik bizirik itzuliko bainan badakigu gure eginbidea dela, ez baitugu sekulan onartuko modernismoaren martxa traba dezan kabala adardun batek! Suerte on deneri.
(Denak elgarri so eta keinuka a. burdingorriren erokeriaz, ateratzen dira! a. burdingorri eta tomaxa aintzinean, soinularia eta kontroladorea ondotik, manexa eta erizaina azkenik).
ERIZAINA: (eriari) Zatoz zu ere ikusterat! distrakzione zonbait merexi dituzu zure zoritxarrean!
HITSUA - GABARDINDUNA
(Bizpahiru segundaz mugitu gabe eta ixilik egon eta, gabardinduna xutitzen da eta eskuin alderat edo kontroladorearen kabina alderat doa! hitsua bakarrik gelditzen da).
HITSUA
(Hunek segunda zonbaiten buruan, luneta beltzak altxatzen ditu, eskuin eta ezker so egiten, gero bere ordulariari, gero berinatik, eta azkenik paper eta arkatzak hartzen ditu sakelatik eta ixkiriatzen hasten. Bainan bat batean tomaxa sartzen da hatsankatua, eta gibeletik erizaina, eria pusatzen duela kadera ibilkarian. Alegiazko hitsuak luneta beltzak berriz jaunzten ditu tarrapatan).
HITSUA - TOMAXA - ERIZAINA - ERIA
ERIZAINA: (eriari) zaude hemen! Sobera irriskutsua da!
HITSUA: Zer gertatzen da?
TOMAXA: Ez zen behia! Zezena zen! Doi doietarik eskapatu niz!
HITSUA: Adio mila demonio! Eta nun dira besteak?
ERIZAINA: Ez dakit! Alde guzietarat eskapatu dira! Banoa ikusterat! (eta ateratzen da).
HITSUA - TOMAXA - ERIA
TOMAXA: Kontroladorea eta mindulina lotu direlarik adarreri, zezenaren kopeta! Nik oraino suertea ukan dut, buztanari lotua nintzan! Zer xixtuan xutitu den, ikusi behar zinin, mila erregin! Agian, norbait masakratzekotan, kontroladore ergel hori eginen du!
HITSUA: Nun dira orai?
TOMAXA: Ez dakit! Berinatik behatuko dugu! Ah! Beti ahanzten dut hitsua zirela! (tomaxa, aldizka, berinatik eta hitsuari so dago, gero, kuriostatez, bakarrik hitsuari, gero ta hurbilagotik, grimaska edo sinoka hasten zakola. Hortarik landa, gabardinduna berriz jiten da jartzerat ezkerretik, eta soinularia ta kontroladorea berriz agertzen dira eskuinetik; hatsankatuak!)
ERIA - HITSUA - TOMAXA - GABARDINDUNA
SOINULARIA - KONTROLADOREA
K.: Hori zezen eroa! Doi doietarik egin du ez bait nu kausitu! Zer prozadura merexi luken!
T.: Zer pena! Nun dira besteak?
SOINULARIA: Heldu dira!
(Hor sartzen da a. burdingorri, erizainak lagundurik, biloak harro, papoko medaila andana bat falta).
ERIA - HITSUA - TOMAXA - GABARDINDUNA
SOINULARIA KONTROLADOREA
A. BURDINGORRI - ERIZAINA
ERIZAINA: Hara! Emeki! Jar zite!
A. BURDINGORRI: Futxo! Ene medailak! Erdia galdu dut!
ERIZAINA: Adarra nola makurtu zako zezenari?
A. BURDINGORRI: Ene ipurdiko eskuin matela jo baitu! Goresmenak dener! Zuen kuraia eta sakrifizio izpiritua ez dira debaldetan izan!
K.: (oihuka) Goazen aintzina! (Treina berriz partitzen da).
A. BURDINGORRI: Pentsatzen dutalarik zezen horrek beste zikatriza bat egiter dautala tripan, jadanik bat ukanki eta!
ERIZAINA: Nungo batailatik?
A. BURDINGORRI: Ez ez! Apendizitarena!
TOMAXA: Hori kabala mentsa! Gisa bereko behi bat bazuen lehenago Xerafinak, berdin eroa, adar luzeduna! Anita zuen izena!
SOINULARIA: (hipaka) Anita? Bitxi da, Anita eta adar luzeak aipatzen baitituzu, hain zuzen, luzaz ukan nuen andre gai batek Anita zuen izena! Hain zen maitagarri eta Fidela! eta lagun guziek zioten adar pare ederra egina zautala! (erdi irriz hipen artetik). Ez dut sekulan sesitu zer erran nahi zuten!
TOMAXA: Gaixo Xerafina ! Xifritua ditaike, Luhosoko garan bakarrik!
K.: Ez ahal gituzu bidai guzian zure Xerafina horrekin kakinaraziko!
(Treinaren arrasta entzuten dira!).
Ah, azkenean (oihuka). Itsasu, itsasu...
TOMAXA: (kontroladoreari, doinu berean). Zuk, hemen berean leher in zazu!
(tomaxari so gaixto bat egin eta, kontroladorea ateratzen da, treina gelditzen).
ERIA - ERIZAINA - HITSUA - TOMAXA
GABARDINDUNA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI
TOMAXA: Lekua atxikazue! Banoa Xerafinaren berririk badutenez jakiterat!
SOINULARIA: (hipaka). Jesus! Itsasu! Geltoki huntako trein arduraduna biziki ontsa ezagutzen dut! Mixeline du izena! Amodio ixtorio triste bat bizi izan dut harekin eta ez dut ikusi nahi! Banoa beste konpartimenduan kukutzerat!
(tomaxa ateratzen da eskuinetik, soinularia ezker aldetik. Bi hauek atera orduko, igaiten dira beste bi presuna: bat ordu artio ez ezaguna, aire misterios eta gaixto batekin, eta xerafina. Lehenago manexak utzi tokian jartzen da emaztea, xerafina tomaxarenean!).
ERIA - ERIZAINA - HITSUA - ARPEGI GORDEA
A. BURDINGORRI XERAFINA - EMAZTEA
XERAFINA: Errazue jaun andereak! Badakizue Tomaxa zer bilakatu den? Oxtian enekin zen emaztea!
ERIZAINA: Ba, ba! Hor da! Zure xeka joaiteko jautsi da, hain zuzen!
XERAFINA: Ah bon! Berriz jinen da! Zer ixtorioa! Luhuson ez dea treina ni gabe partitu? Beharrik, fuñategiko Proxper hor baitzen! Bidarraitik Luhosorat jina omen zen karroz, hitsu baten laguntzeko! Zoin dela hitsua hemen?
HITSUA: Ni?
XERAFINA: So egizu!
HITSUA: Ez! Ezin dut! Hitsua niz!
XERAFINA: Ta, Fuñategiko Proxperrek proposatu daut bere karroarekin Itsasuraino laguntzea! Gaixo Proxper! Beharrik hor zen!
(kontroladorea sartzen da lasterka).
ERIA - ERIZAINA - HITSUA - GABARDINDUNA
A. BURDINGORRI XERAFINA - EMAZTEA - KONTROLADOREA
K.: Are, goazen! Ez dugu hastirik! Zer beranta hartu dugun zezen horrekin! (oihuka) Kanbo, Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafranga, Beherearta Baionara (treina partitzen da).
A. BURDINGORRI: Jauna! Gidariari galda ezakozu fiteago ibiltzea, bestenaz ene medaila huts eginen baitut!
K.: Ah zure medaila! Ez dut beste arrangurarik to!
A. BURDINGORRI: Jauna! Ikustate gehiago ene bronzezko papoarentzat, otoi! Medaila bat zor diogu!
K.: Zer duzu gerla hirugarren finitu? (irriz) Zerflexa ni! (azkenik igan den emazteari). Zure tiketa! (so egiten du). Itsasu... Beherearta! Are, Beherearta! Bat gehiago! Zuek burxoarazi nahi nauzue egun! Eta zuen ikusteaz nardatua niz! Are! Inbaldituak inbaldituen lekuetarat! Beso motza (burdingorrirentzat) Momia (eriarentzat) eta satorra (hitsuarentzat). Fuera! Erna!
ERIZAINA: Errespetu gehiago behar zinuke erakutsi jende gaixo horier!
K.: Zuk, hol hola segitzen baduzu eni arrapostu emaiten, hiru hauen sintesia eginen dut zutaz!
A. BURDINGORRI: Jauna! Adolf Burdingorri naiz eta...
K.: Hi, Terminator, hobe duk ixilik egoitea!
A. BURDINGORRI: Bizi dugun eskandala hunek ondorio latzak ukanen ditu zuretako! Eta diot, ene zangoetako erhi muturrak kobrez balin badira ere...
K.: Baietz! Fuera hemendik! Zuen jartokietarat!
(eria eta erizaina, hitsua, a. burdingorri ateratzen dira, kontroladoreak segiturik).
GABARDINDUNA - XERAFINA - EMAZTEA
XERAFINA: Zer zafraldia merexi luken kontroladore txar horrek!
EMAZTEA: Badakizu zer egin behar den jende klasa horri? Bizirik lurperatu leporaino, burua agerian utziz, eta xinaurri gorri haragi jale horietarik palatra bat ahoan sartu!
XERAFINA: Tomaxak beti erraiten daut... Tomaxa! Tomaxa Itsasun ahantzi dugu! Trein hau nola geldiarazten da? Hau dea? (lanjer xilintxari so eginez. Tiratzen du. Treinaren arrasta bortitzak. adolf burdingorri agertzen da ezkerretik).
A. BURDINGORRI: Etsai bat? (kontroladorea sartzen da gibeletik, eroturik).
K.: Zu, zoazi zure lekurat, zure burdineriarekin! (a. burdingorri berriz ateratzen da).
GABARDINDUNA - XERAFINA - EMAZTEA - KONTROLADOREA
K.: Aldi huntan nor dut kalitzen? Zu?
XERAFINA: Hurbil hadi ikusteko, lakasta zikina hi!
K.: Eni zuka mintzatzen da! Lakasta zikina zu erran behar dautazu! Zendako lanjer xilintxa hunkitu duzu?
XERAFINA: Tomaxa Itsasun ahantzi dugu!
K.: Zer afera dut atso tzar hartaz?
X.: (emazteari) Anderea! Oxtian aipatu dauztazun xinaurri gorri heetarik baduzia zurekin?
K.: Segi nezazu ene kabinarat, prozadurarentzat! (emazteari) Eta zuk ere!
EMAZTEA: Nik ere prozadura? Zendako?
K.: Ez dakit oraino bainan arrazoin bat atxemanen dut! Ez zitela kexa hortako! (oihuka) Goazen! (treina arra partitzen da).
(kontroladorea, xerafina eta emaztea ateratzen dira).
EMAZTEA: (ateratzean, Xerafinari). Behar ginuke lehenik bizirik larrutu eta gatzitu!
GABARDINDUNA
(Bakarrik gelditzen da! Kaxeneta ateratzen du! Gero, esparadraz beterik dituen eskuak sakeletik. Pilotariak bezala, perekatzen ditu. Ondotik pilota ateratzen du sakelatik eta punpa arazten! Berriz sakelan sartu eta, oxtian kontroladoreak zuen sos bolsa jalgitzen du gabardina petik, idekitzen eta dirua kondatzen. Hor, entzuten dira kontroladorearen oihuak! Sartzen da, harritua, gizonak berriz, tarrapatan, arpegia kaxenetarekin kukutzen, eta sos boltsa gabardinan kukutzen).
GABARDINDUNA - KONTROLADOREA
K.: Sokorri! Sokorri! Arrapa ohoina! Ene sos bolsa ebatsi dautate! (gabardindunari) Jauna! Ez duzu sos bolsa ebatsi dautana ikusi?
G.: Ontsa futitzen niz, to, zure sos bolsaz!
(Treinaren arrastak entzuten dira. kontroladoreak kanporat so egiten du).
K.: (desesperatua). Kanbo! Kanbo! Ene ekonomiak akabo!
(Ateratzen da eskuinetik, berriz bere lekurat heldu den emaztea eta xerafina gurutzatuz! emaztea jartzen da).
GABARDINDUNA - XERAFINA - EMAZTEA
X.: Kanbon gira? Hemen behar bada jakinen dute Tomaxa zer bilakatu den!
(Ateratzen da eskuinetik! Hau atera orduko, personai berri bat sartzen da, ezkerretik, tomaxak segitzen duela. zakarias putxapal. Biak jartzen dira).
GABARDINDUNA - EMAZTEA - TOMAXA - ZAKARIAS PUTXAPAL
T.: Aiei, aiei! Ez nuen sekulan holako bidai mogimendutsurik egin, mila buruko min! (ikusiz nor den jarria). Bainan, zer bilakatuak dira beste guziak? (gabardindunari) Badakizia Xerafina nun den?
G.: Ontsa futitzen niz zure Xerafinaz!
T.: Barkatu eh! (ahapetik). Hori gizon mierda!
EMAZTEA: Treinetik jautsia da zure berri hartzeko!
TOMAXA: Ah, bon! Hola paso! Itsasun utzi nu kontroladore kaka jale horrek! Trein hunek lehertzen ahal balu bederen!
EMAZTEA: Hori eztiegi da! Badakizu zer egin behar zakon? Estekatu, pinta bat ezantza edanarazi, sua eman mitxa bati eta hau bere zintzur zolarat bota!
T.: Beharrik Fuñategiko Proxper kausitu baitut no, Itsasuko geltokian! Harat jina zen Xerafinaren laguntzerat Luhusotik eta Kanboraino ereman nu bere karroarekin! Gaixo Prosper! Bihotz handiko gizona!
(kontroladorea berriz sartzen da).
GABARDINDUNA - EMAZTEA - TOMAXA
ZAKARIAS PUTXAPAL KONTROLADOREA
K.: Ene dirua! Ai urde zikina! Arrapatzen badut! (zakarias putxapali oharturik). Zure tiketa! (emaiten dako). Kanbo... Beherearta, bixtan da! Denak Behereartan jausten! Nago ez zireztenez bidaiant guziak partzuergoan ari eni diruaren ebasteko! Auzi hau argituko dugu lehen bai lehen! (oihuka beste konpartimenduari buruz). Errazue zuek! Zatozte denak hunarat! Bi solas egin behar ditugu elgarrekin!
(beste guziak sartzen dira eta jartzen).
GABARDINDUNA - EMAZTEA - TOMAXA
ZAKARIAS PUTXAPAL KONTROLADOREA - ERIA
ERIZAINA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
K.: (oihuka) Goazen! Halsu, Jatsu, Ustaritze, Milafranga, Beherearta eta... ez gira Baionarat helduko ene sos bolsa eskuratuko ez dutano!
(Treina partitzen da) Ordian! Zoin da hemen ohoina?
ZAKARIAS: Jauna! Konprenitu dutanaz, dirua arrobatua izan zauzu! Beraz, ados bazira, utziko nuzu inkestaren eremaiterat!
K.: Zendako zu?
Z.P.: Nere ofizioa baita! Zakarias Putxapal! Detektibo pribatua naiz! Donibane Garaziko trinketeko pariatzailek bidaltzen naute ihes egin duen Petto Aire, pilotari maltzurra kausi dezatan. Baditut arrazoin onak trein huntarat igan dela uste izaiteko.
GABARDINDUNA: Zer dakizu zuk?
Z.P.: Erran zahararren gatik. Erran zahar batek dio: “Treina, treina! Pilota frikunaren ihes molde hoberena”
BESTEK: Ah bai!
TOMAXA: Ah bai! Xerafinak kondatu daut ixtorioa!... Mila mindulin! Xerafina! (falta dela oharturik, xutitzen da lanjer xilintxa tiratu nahiz, bainan kontroladoreak trabatzen du).
K.: Ez hunki lanjer xilintx hau erteaz geroz! Eta zuk dautazia sos zakua ebatsi?
TOMAXA: Hori kontroladore zikinkeria!
EMAZTEA: (ahapetik) Zangoetarik atxik dilindan eta burua barrika mitriolaz bete batean sararazi! Bost minutaz atxik trenpan!
TOMAXA: Agian Fuñategiko Proxperrek lagunduko du Halsuraino, karroz! (eta ateratzen da ezker alderat, xerafina ageri denez gibeletik so egin nahi balu bezala). Zer pixtoleta den Xerafina hori, bestenaz! Beti hari gertatzen zazko holakoak.
GABARDINDUNA - EMAZTEA - ZAKARIAS PUTXAPAL
KONTROLADOREA - ERIA - ERIZAINA
SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
Z.P.: Diot gure ohoina (kontroladoreari) eta gure pilotariak bat egiten dutela. Eta ez ezagutua izaiteko, segurrago ere, bere begitartea gordetzen du, jaun hunek bezala!
G.: Zer dakizu?
Z.P.: Erran zahararren gatik. Erran zahar batek dio: “Treinetan arrobatzaile, maiz pilota jokatzaile!”.
BESTEK: Ah bai, egia!
EMAZTEA: Merexi luke suge pozointsu bat galtzetan sartzea!
(gabardinduna xutitzen da ezker alderat ateratzean. Beste konpartimendura doa).
EMAZTEA - ZAKARIAS PUTXAPAL - KONTROLADOREA
ERIA - ERIZAINA - SOINUIARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
Z.P.: Ez duzue ikusi, bisaia kukuturik daukan presunik? Jaun hori bezala (atera den gabardindunaz ari da).
BESTEK: Ez!
Z.P.: Alta segur nintzan trein huntarat igana zela! Bon! Trein hunen zoko guziak miatuko ditut!
(Hasten da ateratzen, ezker alderat, bainan laster berriz agertuko da letra bat eskuan! Eta tomaxa, horren gibeletik, berriz heldu da jartzerat!).
TOMAXA - EMAZTEA - Z. PUTXAPAL - KONTROLADOREA
ERIZAINA ERIA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
Z.P.: Beha ezazue zer arrapatu dutan lurrean!
K.: Ene boltsa???
Z.P.: Ez! Gutun bat “Manexa” izeneko andere batentzat da! Zuetarik bat dea?
BESTEK: Ez!
KONTROLADOREA: Ene diruaz axolatzen zirea, puxka bat zu (bester). Hobendunak berehala aitor dezala eta ikusiko du zer eginen dakotan!
EMAZTEA: Sartu labean eta eman sua azkarrenean!
Z.P.: (gutuna irakurtzen du): “Manexa, hobe duzu bilatzen dutana zurekin izaitea, alegia deus, pausa ezazu trein huntako jar leku baten gainean”. Zuetarik batek ikusi dueia delako Manexa hori?
BESTEK: Ez! (arrasta ukaldia entzuten da).
K.: (oihuka) Halsu! Halsu! Trein huntan zonbat jende faltsu! (eta ateratzen da eskuinetik. Treina gelditua delarik, xerafina berriz agertzen da ezkerretik).
TOMAXA - EMAZTEA - Z. PUTXAPAL
ERIZAINA - ERIA - SOINULARIA
A. BURDINGORRI - HITSUA - XERAFINA
XERAFINA: Tomaxa! (trantxiturik agertzen da).
TOMAXA: Xerafina! Uste duna helduko girela bide puxka baten egiterat elgarrekin, mila irin!
XERAFINA: Fuñategiko Proxper tzar horrek karreatu nin huneraino eta bidean atakatu nin!
TOMAXA: Atakatu?
XERAFINA: Ez duna konprenitzen ez! Karroa geldiarazi din eta besarkatu nahi nindinan!
TOMAXA: Besarkatu? Hi? Zerk eman dako hire besarkatzeko tirria? Badin mereximendu!
XERAFINA: Zer erran nahi dun? Zendako ez lukete nitarik nahi gizonek?
TOMAXA: Alo! Doi bat ontsa egina izan behar din, mila kuxin! Funtsean ez nun Proxper hortaz harritzen! Betidanik errana dinat gizon lanjerosa zela! Hago! Jautsiko nun eta galdatuko dakonat lagun nezan Jatsuraino! Ea enekin menturatuko den! Nahiz, hor normalago izanen den!
X.: Alo Tomaxa! Ez zanala holako irriskurik har!
(tomaxa jausten da eta xerafina bere lekuan jartzen).
EMAZTEA - ERIZAINA - ERIA - SOINULARIA
A. BURDINGORRI - HITSUA - ZJPUTXAPAL - XERAFINA
EMAZTEA: Badakizu zer egin behar den holakoer: Begiak errotik kendu! Hauen tokian, Afrikako lipu edo armiarmu bilodun horietarik eman eta begiak berriz planta! Barnetik hasiko dira jaten eta...
Z. PUTXAPAL: Anderea! Zuk ikusi duzia Manexa deitzen den neskarik trein huntan?
X.: Ba, ba segurki! Utzazu den tokian! Oxtian beharriak tapatu dauzku bere buru buztanik gabe ixtorioekin! Nun da?
Z. PUTXAPAL: Hori nuke, hain zuzen, jakin nahi (bester). Ordian, jaun andereak! Argitasun zonbait nahi nintuzke! (beste guziek ez adituarena egiten. soinularia berriz hasten da soinua konposatzen, eta huni mintzatzen zakarias putxapal!).
Z. PUTXAPAL: Ordian, zuk? Zendako gezurra bota dautazu lehenago?
SOINULARIA: (hipaka) Egia da gurekin zela Itsasuraino bainan nitaz azkarki maite mintzen hasi zela oharturik, nahiago izan dut ahantzi, beldur bait naiz ez naizela eni buruz duen sendimendu sobera indartsu horri ihardesteko gai izanen!
Z. PUTXAPAL: (a. burdingorriri) Eta zuk? Zendako ukatu duzu?
A. BURDINGORRI: Baionako kasernara noa, zor zautan ohorezko medaila baten bila! Naski ene lastozko xilkoak merexitua duen! Abd-el-Buzir-eko batailaren orhoitzapena! Eta ez nuen denborarik galdu nahi neska txar horren gatik! Jadanik aski berandu gira Itsasuko zezenarekin! Gisa guziz, gerlan ginelarik ere, ez ginen gelditzen lagun bat galtzen ginuelarik! Beti aintzina etsaia desegin artio!
Z. PUTXAPAL: (erizainari) Eta zuk?
ERIZAINA: Bake ederra baitugu hura gabe! Ez dakizu zonbat aspertu gituen, oxtian, bere mehatxu gutunekin! Eta ni nehor baino prisanago naiz, eri hau lehen bai lehen eraman behar baitut ospitalerat!
Z. PUTXAPAL: (hitsuari) Eta zuk?
HITSUA: Nola nahi zinuen nik ikus nezan?
Z. PUTXAPAL: Egia! (emazteari) Eta zu?
EMAZTEA: Nik treina Itsasun hartu dut eta iduriz orduko desagertua zen!
Z. PUTXAPAL: (xerafinari). Eta zuk anderea! Esplikatuko dautazia zendako zure lagunak ere, delako Tomaxak ukatu duen!
XERAFINA: Zerbait aitortu behar dauzut! Ez zen gure abantailetan inkesta bat idekia izan zadin, kontroladorea ohartuko baitzen ez dugula billetik hartu! (bester) Gure artean egon dadila!
Z. PUTXAPAL: Dena den, behar dugu misterio hau berehala argitu! (Xutitzen da eta lanjer-xilintxa tiratzen. Erroten kurrinka entzuten da eta treina gelditzen. kontroladorea sartzen da).
KONTROLADOREA - EMAZTEA - ERIZAINA
ERIA - SOINULARIA A. BURDINGORRI
HITSUA - ZAKARIAS PUTXAPAL - XERAFINA
K.: Zer duzue, ene molsa atxeman?
Z. PUTXAPAL: Ez jauna! Neska gazte bat desagertu da trein huntarik!
K.: Eta treina hortako geldiarazten?
Z. PUTXAPAL: Jauna! Zendako ez dautazu seinalatu delako Manexa hurafalta zela?
K.: Gero ni izanen naiz erresponsable eta adio ene primak! Ez dut ixtoriorik nahi! Eta zu, hain abila bait zira, hobe zinuke lehenik ene moltsa atxemaitea! Naski prisatuagoa den!
EMAZTEA: (kontroladoreari) Ez nuke kaka nahasle izan nahi bainan andre hunek ez omen du billetik! (xerafina erakutsiz).
K.: Ah eza!
XERAFINA: Hau emazte pilda!
KONTROLADOREA: Zuk ez duzufini! Prozadura! Segi nezazu ene kabinarat! (oihuka) Goazen! (treina berriz partitzen da eta kontroladorea eta xerafina ateratzen).
EMAZTEA - ERIZAINA - ERIA - SOINULARIA
A. BURDINGORRI - HITSUA - ZAKARIAS PUTXAPAL
SOINULARIA: (mindulinean) Hara! Treinak eman duen ukaldiarekin, ez dut lerro onean eman nota, eta Mi-ren ordez, la egin dut! Behar dut kendu! Hara! Orai tatxa egin dut!
Z. PUTXAPAL: Tatxa? Erakutsazu! (Paperra hartzen du eta manexak utziarekin konparatzen). Konprenitzen dut orai! Zuk, notarekin bezala, Manexak eskuratu gutunetako tatxa horiek eginak izan dira zerbaiten kukutzeko! Bainan zer ote?
(eriaz aparte, denak xutitzen dira —hitsua ere— z. putxapalen espaldaren gainetik so egiteko eskutan duen paperrari).
HITSUA: Ah, egia! Ez dut ikusten! Beti ahanzten dut! (eta berriz jartzen da. z. putxapalek behatzen du azkarki mesfidatuz).
Z. PUTXAPAL: Dena den, ikus ezazue nun emanak diren! Ez zirezte deusi ohartzen? (bestek ezetz!) Denak “U” hitzkiaren gainekaldian! Argi da! Gutun hau ixkiriatu duen presunak bi puntu ezarri ditu U guzien gainean, Xiberotarrez egiten den bezala, eta horiek traituko zutela arranguraturik, gorde nahi izan ditu tatxa itsusi horiek eginez! Bai, jaun andereak! Diot paper hau ixkiratu duena eta Manexa desagertarazi duena Xiberotarra dela! Funtsean, gauza jakina da “Manexak hastio dituztela xiberotarrek”. Beraz, neke bada sinestea ere, trein huntan bada xiberotar bat. Funtsean, banakien hastapenetik, erran zaharren gatik. Erran zaharrak dio: “trein bat dabilenean segur xiberotarra baduela barnean”.
BESTEK: ah bai! Egia!
Z. PUTXAPAL: Zoin da hemen xiberotarra? (denek burua apaltzen dute). Eta arpegia gorderik ibiltzen den delako bidaiant gabardindun hura balitz! Zuek zaudete hor! Banoa galdezketzerat! (ezker alderat ateratzen da).
EMAZTEA - ERIA - ERIZAINA
SOINULARIA - A. BURDINGORRI HITSUA
ERIZAINA: Ordin! Fripua Xiberotarra dukezu, maneala!
EMAZTEA: Itxura guzien arabera bai, phu! Maltzur eijerra!
HITSUA: Eta, balin bada, ez dizu aitortuko nunebaita!
A. BURDINGORRI: Alabade! Hurtaz segur gututzu!
SOINULARIA: Bai, prefosta!
(Bat batean oharturik denak xiberotarrez mintzo direla, elgarri so daude mesfidantza handiarekin! Hor gabardinduna sartzen da lasterka, z. putxapal gibeletik duela).
GABARDINDUNA - ZAKARIAS PUTXAPAL
EMAZTEA - ERIA - ERIZAINA
SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
Z. PUTXAPAL: Arrasta ezazue! Eskapatu nahi du! (eskuin alderat ateratzen dira).
A. BURDINGORRI: (xutitzen da) Denak ene gibeletik! Etsaia lasterkatuko dut. Ruf-al-Kabder-eko batailaz geroz zango sagarrak buztinez izanik ere! (emazteak, erizainak eta soinulariak segitzen dute. eria eta hitsua dira gelditzen. Oihuak entzuten dira eta gabardinduna berriz pasatzen da beste alderat! Luneta beltzen gainetik so egiten dako delako “hitsuak!”. Besteak agertzen dira lerroan, gibeletik!).
HITSUA: Hortik pasatu da! (z. putxapal gelditzen zonbait segundaz, “hitsuari” so eta pentsaketan, eta bertzen gibeletik ateratzen. Berriz ere oihuak eta lasterkatzaile guziak agertzen dira, “Gabardinduna” berekin daramatela! Jar-arazten dute! Hunen galdezketa hastekotan dira bainan hor, kontroladorea agertzen da).
KONTROLADOREA - GABARDINDUNA
ZAKARIAS PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIA
ERIZAINA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
K.: Jatsu! Jatsu! (eta jalgitzen da).
EMAZTEA: (gabardindunari doinu berean). Mintza hadi edo emanen dahiat su!
(kontroladorea ateratzen da. Treina gelditzen. xerafina berriz agertzen da eta tomaxa bestaldetik. Beste guziek gabardinduna beti mantentzen dutela).
TOMAXA - XERAFINA - GABARDINDUNA
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIA
ERIZAINA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
TOMAXA: Ai urde zikina!
XERAFINA: Zer dun Tomaxa! Ez ahal dun Fuñategiko Proxper txar hori hirekin ere ensegatu?
TOMAXA: Bai eta nola! Hasi dun ene perekatzen eta gerritik hartzen! Jakin ezan ez dela eman dakotan beharrondokoaren ahanztekotan, mila buztan! Badakina zer eginen dugun: Orai, biak jautsiko gitun eta galde eginen dakonagu Ustaritzeraino laguntzen ahal gaituen!
XERAFINA: Uste duna?
TOMAXA: Baietz! Haugi hunarat! Ea, gu biak izanez, berdin menturako den!
(Eta bi atsoak ateratzen dira, denbora berean kontroladorea sartzen dela bestetik).
KONTROLADOREA - GABARDINDUNA - Z. PUTXAPAL
EMAZTEA ERIA - ERIZAINA - SOINULARIA
A. BURDINGORRI - HITSUA
K.: (oihuka) Ustaritze, Milafranga, Beherearta, Baiona. (Treina berriz partitzen da. Bestek gabardinduna mantentzen dutela beti).
Z. PUTXAPAL: (gabardindunari) Ordian! Aitortuko duka!
GABARDINDUNA: Ez! Ez naiz Petto Aire! Ez naiz pilotaria!
Z. PUTXAPAL: Zer da?
GABARDINDUNA: Falta.
Z. PUTXAPAL: Guk jakin nahi duguna da Manexa zcr hilakatu den! Mintza hadi edo bina zarta emaiten dahiagu! Edo hiruna berdin!
GABARDINDUNA: (kantuz, pilotako moldean) Ados jaunak ados!
A. BURDINGORRI: Ezagutzen dut molde finago bat mintzarazteko! Jaun huni (soinularia erakutsiz) soinu zati bat joaraziko dakogu!
EMAZTEA: Zer berriz? Alo! Basakeriarik ez! Gizonki joka gaiten! Ez du holakorik merexi! Badugu oxtian aski entzunik! Ez! hortz guziak errotik kentzen baginazko, bat bestearen ondotik, trukesekin! Nun ditut ene trukesak? (bere zakua miatuz).
K.: Eta ene bolsa? Hik hartu duka?
Z. PUTXAPAL: (kontroladoreari) Otoi! Manexaren faltatzea dugu mementoko griña! Ez ditzagun afera guziak nahas! (kontroladorea aparte hartzen du). Badakigu hobenduna Xiberotarra dela! Eta gure gizona hala den jakiteko, zepo bat prestatuko dakogu! Errazu: Xiberotarra berez nola da!
K.: Gaixtoa!
Z. PUTXAPAL: Bai! Hori ere! Bainan beste gisan? Zer kalitate dauka? (kontroladorea gogoetan eta ezin atxemanez).
Z.P.: Kantaria dela! Hasiko zira “Berreterretxeren kanthoria” emaiten, Xiberotarrak eta ni gira hunen hitzak dazkiten bakarrak, eta heen kantu bat abiatzen dugularik, ezin dira segida hartu gabe egon! Erran zaharrak dion bezala: “eman kanthore bat Xiberoaz, Xiberotarra berehala hasiko orroaz”.
K.: Ah egia! Ahantzia nuen! Bainan ez dut zure mentskerietan parte hartzeko gutizia izpirik. Naski badutan beste griñarik! (eta ateratzen da).
GABARDINDUNA - Z. PUTXAPAL
EMAZTEA - ERIA - ERIZAINA SOINULARIA
A. BURDINGORRI - HITSUA
Z.P.: Igual du! Nihaur ariko niz! “Haltzak eztu bihotzik, ez gaztanberak hezurrik”.
(Beste guziek, Gabardinduna ezik, kantuz:)
“Enian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik”
Z.P.: (sesitua) Trein hau xiberotarrez emokatua da. (gabardindunari) Kantatu ez duzun bakarra zira. Zuk ez duzu deus ikustekorik Manexaren desagertze hortan. Zoazi ondorat, inkesta, zuretzat, bururatua da!
GABARDINDUNA: (ateratzean, pilota partida bururatzean erraiten den bezala) Partida!
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIA
ERIZAINA SOINULARIA - A. BURDINGORRI - HITSUA
Z.P.: Beraz denak xiberotarrak zirezte!
EMAZTEA: Frogatu beharko duzu.
Z.P.: Errex izanen da: Nola duzu izena? U hizkiez betea hain segur.
EMAZTEA: Ez hain beste!
Z.P.: Nola duzu?
EMAZTEA: Huruspuru!
Z.P.: Izen ttipia?
EMAZTEA: Ursule.
Z.P.: Jaun andereak, enetako ez da gehiago dudarik! Zuetarik batek du jukutria burutu! Nork eta zendako ez dakit bainan hitz dauzuet denbora gutti emanen dutala eskas dituztan argitasun guzien ardiesteko! Hortako nahi zintuzketet galdezketatu. Ordian, omen hitsua ziren hori, zaude hemen eta beste guziak zoazte ondorat! (Erran guziak jalgitzen dira).
Z.P. - HITSUA
Z.P.: Jauna! Ez du balio gehiago ene enganatzerat ensegatzea! Zu hitsua zira ni mutu nizan bezala !
HITSUA: Nola dakizu?
Z.P.: Erran zaharraren gatik! Erran zaharrak dio: “Treinez bereber doan hitsu batek, bixta atope dikek!”.
HITSUA: Ah egia! (betaurrikoak kenduz). Naski aitortu behar dudan nor nizan: Urbain Burguburu Altzukutarra. Treinetako administrazioniaren kontu ari nuzu inspekturgoan eta kontroladurra begistatzeko igan nuzu hunarat, plinta elhi bat ukhen dugulako, nola omen sosa paketa nola nahika erretiratzen dien piaianter, eta bere sakolako atxikitzen!
Z.P.: Eta zendako gorde duzu Xiberotarra zinela manexez mintzatuz?
Hitsua edo inspekturra: Ez nuzu gordatzen arizan bainan gure administrazioneak debekatzen diguzu Xiberotar mintzajia! Ez dute Baxenafartarra baizik onhartzen eta berezikiago Baigorri aldeko eskuara!
Z.P.: Ordian Manexa ikusi duzu?
HITSUA: Alabade! Bena ez nian erraiten ahal bestenaz ene buria traituko bait nian! Luhuso eta Itsasu artean baratu gututzu zezen baten baztertzeko eta han duzu desagertu!
(Arrasta ukaldia entzuten da eta kontroladorea agertzen da).
Z. PUTXAPAL - HITSUA - KONTROLADOREA
KONTROLADOREA: Uztaritze, Uztaritze! Ene bolsan izan dela uzta arintze!
(z. putxapal xutitzen da eta beste konpartimendurat joaiten).
HITSUA - KONTROLADOREA
HITSUA: Jaun kontroladorea!
K.: Zer duk hik oraino! Ez hiza ene kakinarazteaz aspertua!
HITSUA: Treinetik jautsi beharko dutalarik, laguntzen ahalko nuzia?
(Eta kontroladoreak “izorra hadi” erran nahi duen keinua egiten dako, besoarekin. xerafina eta tomaxa sartzen dira).
HITSUA - KONTROLADOREA - XERAFINA - TOMAXA
TOMAXA: Hori gizon kabrona!
XERAFINA: Ez ninan uste Fuñateko Proxper hain bihurria zenik!
TOMAXA: Ikusi duna? Gu biak izanik ere, ez din dudatu! Hori zerria!
XERAFINA: Zer pasoa eman dakonan!
TOMAXA: Ez zuena merexitua! Hori zikinkeria! Bon! Badakin zer eginen dugun? Galdeginen diakonagu ea Milafrangaraino laguntzen ahal gaituen! Ea berriz menturatuko den bere aztaparrak gure gainean pausatzerat!
XERAFINA: Erran! Ez dia pentsatuko guk ere xekatzen dugula, puxka bat!
K.: Bainan, bainan! Andereak! Orai heldu zaut gogorat: ez ditut zure bidai txartelak kontrolatuak!
TOMAXA: Alo! Aspaldian eginak dituzu! Luhusorat heldu baino lehen! Ez dea hala Xerafina?
XERAFINA: (durduzatua) Ez dakinat!
TOMAXA: (begi keinuka) Ez hiza orroit?
XERAFINA: Bainan ez dinau txartelik hartu?
K.: (irri satifos batean) Ah ah! Iduritzen zitzautan ba!
XERAFINA: Ez dakinat gezurrik egiten!
TOMAXA: Hi ere ez hintzala abila sortu, mila gatu!
K.: Zer prozadura hartuko duzuen! Ahantzi gabe bidaiaren saria! Zer pettakoa hartuko duen zuen buxetak! (irriz)
TOMAXA: Zer bidai sari? Kasik bide guzia Euñategiko Proxperreen karroan egina-ta!
K.: Zatozte enekin ene kañota arra munta dezatan!
INSPEKTURA: Zer egiten duzu Pidaianten ganik bildu diruarekin?
K.: Ene sakolan ezartzen to! Ta, funtsean, zer afera duk hik?
INSPEKTURA: Eta ez zirea beldur aitortu dautazuna zure buruzagier sala dezatan!
K.: Nola nahi duk hitsu bat sinets dezaten! Dena den, (irriz) hobe duk kasu egitea, ez ditezen, hi bezalako sator itsusia ikusi eta, aitzur baten bila joan! Zaudete hor andereak! Berriz heldu niz, ez arrangura! (oihuka) Ateak hets! Milafranga, Beherearta eta Baionarat helduko gira 10 eta 16tan: kontroladore, bidaiant, atso, sator, denak! (beti irriz! Treina partitzen da).
INSPEKTURA: Naski erran behar dauzutan egiazki nor naizen: Urbain Burguburu!
K.: Zer izen mentsa! Gure inspekturra bezala, beraz!
INSPEKTURA: Ni naiz! Huna ene karta (erakusten dako, betaurrikoak kenduz).
K.: (xifritua) To! Zer diozu! Ontsa? Bidai ona egiten duzia?
TOMAXA: (hitsuaz, xerafinari) Ez dun gehiago hitsua! Errana ninan trein hau Lurderat zoala!
INSPEKTURA: Zure joka moldeak ikertu ditut eta bakan ditut, gisa hortako inkesta batetarik emaitza hain beltzak atera! Hain zuzen, ez dautazia hitzeman, oxtian, leihotik botako ninduzula ene kana eta luneten ondotik!
K.: Arrallerian ari nintzan! Gisa guziz, zu ez zinituan eginen!
INSPEKTURA: Goazen zure kabinarat! Naski jadanik hasten ahal ziren beste ofizio bati pentsatzen!
TOMAXA: Merexi, merexi!
K.: (ateratzean) Otoi! Nitaz urrikal zaitez! Pentsa ezazu ene zortzi haurreri!
HITSUA: Zer derasazu? Zure dozierra estudiatu dut: ez duzu haurrik!
K.: Orainokoan ez, bainan egin gogo ditut! (bi gizonak ateratzen dira kabina edo eskuin alderat).
TOMAXA - XERAFINA
T.: (leher egina irriz). Jesus, zer irriak! Ontsa izorratua dun!
X.: Eta gure prozadura? Nori pagatuko dinau orai?
T.: Hi net ergela hiz! Segur nindunan bazela jainko bat “reskillurentzat”!
(z. putxapal, soinularia eta adolf burdingorri sartzen dira).
TOMAXA - XERAFINA - Z. PUTXAPAL
SOINULARIA - A. BURDINGORRI
Z. PUTXAPAL: Otoi andereak! Zoazte ondorat! Nahi nuke jaun hauekin solastatu!
TOMAXA: Errazu! Zu baino lehen instalatuak ginen hemen! Ez gituzu tokiz aldatzerat borxatuko zuk!
Z. PUTXAPAL: Zaudete, nahi baduzue, bainan ez dakizue zer huts egiten duzuen! Bada zerbait biziki interesgarri beste konpartimenduan!
TOMAXA: Ez ahal gituzu azken eurian sortu inoxententzat hartzen, guri haurrer bezala artzeko, lekuak huts ditzaten nahi dugularik!
XERAFINA: Eta zerbait interesgarri balitz ere, zer axola dinagu guk?
TOMAXA: Eta dena den, zer izaiten ahal dun hain interesgarririk ondoko konpartimenduan?
XERAFINA: Zer dakinat nik? Ez nun izan ikusterat!
TOMAXA: Beraz ez balin bahiz izan nola badakin hik ez dela deus interesgarririk?
XERAFINA: Ez dinat erran ez zela! Erran dinat ez nakiela!
TOMAXA: Ordian, hobe dinagu ikusterat joaitea segurtamenaren ukaiteko!
XERAFINA: Goazen! (eta bi emazteak ateratzen dira).
Z. PUTXAPAL - SOINULARIA - A. BURDINGORRI
Z. PUTXAPAL: Jaunak! Zergatik ez zirezte xiberotar bezala deklaratu?
SOINULARIA: (hipaka) Sobera xangrina jasan dut, aintzineko urtetan, Larrañeko neskatxa batekin! Bestetan dantza baten emaiterat gomitatu nuen. Eta bulta baten buruan hasi ginen eztiki besarkatzen. Bat batean ene inarrosten hasi zen kexaturik, oihukatuz: “besarkatu baino lehen behar laike solastatu”, eta joan zen ni hor bakarrik utzizZer ustegabe latza! Hain bestetaraino sofritu nuen nun, ixtorio huntarik landa ene xiberotartasuna ukatua dutan!
Z. PUTXAPAL: Eta zuk? (a. burdingorriri)
A. BURDINGORRI: Engoitik konprenitua dukezu soldado ohia naizela, ene Ferlankazko kokotza lekuko, Ibn-el-Fatah-ko batailak betikotz utzi marka! Eta ez du ni bezalako gudari batek “u”ka hitz egiten ahal! Hori emazter eta arras gizon ez diren presuna fazoinadun horier uzten dakotet! Egiazko gizona U-ka mintzatzen da eta ez “u”-ka!
(Treinaren arrasta! kontroladorea sartzen da eskuinetik, jartzerat doan hitsu edo inspekturrak segiturik, eta ezkerretik tomaxa eta xerafina, konkorturik, burua apalduz, lepoa luzatuz noiztenka berinatik so egiteko).
ZJPUTXAPAL - A. BURDINGORRI - SOINULARIA
KONTROLADOREA TOMAXA - XERAFINA
K.: (oihuka) Milafranga, Milafranga! Nik egun galdu milafrango (eta beste alderat ateratzen da bi emazteak kurutzatuz).
TOMAXA: Beha zan! Fuñategiko Proxper, hantxet, geltokiko kaian, hunarat so!
XERAFINA: Beha ezan lepoa nola luzatzen duen! Bilatzen gitin! Kuku giten!
TOMAXA: Apal ezan buru hori! (eta ateratzen dira, jin bezala, kabina edo eskuin alderat).
Z. PUTXAPAL: (a. burdingorri eta soinulariari) Zoazte erizaina eta Ursule Huruspuru haren bila! (a. burdingorri eta soinularia ateratzen dira beste konpartimendurat eta laster emaztea eta erizain sartzen dira, hunek eriaren kadera errotaduna pusatzen duela. Hor, kontroladorearen oihua entzuten da, emaztea eta erizaina jartzeko artean).
“Kasu! Ateak hets! Beherearta! Baiona! (doinu berean) Funtsean zer axola duzue Baionaz denak Behereartan jausten bait zirezte!
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIZAINA - ERIA
Z. PUTXAPAL: (erizainari) Zu treina hartu duzu Donibane Garazin eta hain zuzen, han zako Manexari lehen mehatxu gutuna utzia izan!
ERIZAINA: Zer erran nahi duzu?
Z. PUTXAPAL: Gehiago dena, jakin dutanaz, hunarat tarrapatan igan zira, treina partitzeko punduan zelakotz!
ERIZAINA: Bai, egia da!
Z. PUTXAPAL: Orduan, nola egin duzu eriaren kadera errotaduna bakarrik iganarazteko?
ERIZAINA: Ahal nuen bezala!
Z. PUTXAPAL: Ez da posible! Behar zinuen laguntza bat!
ERIZAINA: Eta nork lagundu nu zure ustez?
Z. PUTXAPAL: (emaztea erakutsiz). Hunek!
EMAZTEA: Baduzia burutik? Nik Itsasun hartu dut treina!
Z. PUTXAPAL: Gezurra! Oxtian norbaitek proposatu duelarik soinulariak biolina jotzea gabardinadunaren mintza arazteko, erran duzu: “Zer berriz? Badugu oxtian aski entzunik!”. Eta jakin dut ez duela Bidarraiez geroz musikarik bota, kontroladoreak debekaturik! Beraz, Itsasun igan bazira, nolaz dakizu lehenago ari izan dela? Funtsean, (erizainari) kasik hastapenetik segur nintzan zu hobendun zinela!
ERIZAINA: Nolaz?
Z. PUTXAPAL: Erran zaharraren gatik! Erran zaharrenak dio: “Detektiboak ongi ereman nahi badu bere lana, lehenik begista dezala kadera errotadunarekin dabilana”.
(erizainak eta emazteak burua apaltzen dute. Batbatean, kontroladorea agertzen da, lasterka).
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIA - ERIZAINA - KONTROLADOREA
K.: Lanjer xilintxa tira ezazue! Fite!
(z. putxapalek egiten du! Treinaren arrastak entzuten dira, eta beste guziak sartzen dira, denek “Zer da, zer gertatzen da” diotela! tomaxa eta xerafina eskuineko kabinatik).
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIA - ERIZAINA
KONTROLADOREA A. BURDINGORRI - SOINULARIA
TOMAXA - XERAFINA - HITSUA GABARDINDUNA
KONTROLADOREA: (berinatik erakutsiz) (denak han metatzen dira salbu erizaina eta emaztea). Han! Beha ezazue! Norbaitek bere karroa burdin bidearen gainean utzi du trebeska!
TOMAXA: Xerafina! So egizan! Fuñategiko Proxperrena dun! Espres eman din gure harrapatzeko! Haugi! Kuku giten! (berriz jalgitzen dira, konkortuz, eskuineko kabina alderat).
K.: (bester) Are! Mugi hortik! Zoazte karro horren kentzerat!
HITSUA: Nola?!?
K.: Nihaur joanen niz! (eta ateratzen da ezker alderat).
ERIZAINA: (ateratzen hasten da, emazteak segiturik). Guk lagunduko zaitugu!
Z. PUTXAPAL: Ez! Zuek hemen! (berriz jartzen dira).
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIZAINA
ERIA - A. BURDINGORRI SOINULARIA
HITSUA - GABARDINDUNA
Z. PUTXAPAL: (bester) Jaun andereak, nahiago zaituztet abisatu: ustegabe handi baten menturan zirezte! (Delako eriari kentzen dazko arpegia kukutzen zazkoten “bandak” eta besteak ez dira gutti harritzen ikusten dutelarik manexa dela, lo! Denek diotela: “Manexa!”).
Huna auzia argitua! (erizaina eta emaztea erakutsiz). Hauek dira hobendunak! Donibanetik partitzean, emazte hunek zuen eriarena egiten! Gero, trein hau gelditu delarik delako zezenaren aldaarazteko, gehienak kanporat atera zirezte, batzu konpartimendu huntan gelditu eta Manexa bakarrik gertatu, delako erizain eta eri hauekin kularrean! Xerto on bat Manexaren lokararazteko eta huna trukaketa egina! Hor, emaztea treinetik jautsi gordezka eta oinez segitu Itsasuko geltokiraino! Egia da fiteago egina dela oinez trein hunekin baino. Erran zaharrak dion bezala: “Astia balin baduzu, treinez! Prisan balin bazira, oinez!”. Eta Itsasun, alegia deus, berriz igan da treinerat, sinetsaraziz han hartzen zuela! Bainan zergatik nahi izan ote dute bahitu?
(kontroladorea berriz sartzen da ezkerretik eta tomaxa eta xerafina eskuinetik).
K.: Karroa kendu dut! Ez zen nehore!
XERAFINA: (tomaxari lotua) Segur niz Proxper treinerat igan dela! Hemen ditaike, nunbait kukutua! Beldur niz!
TOMAXA: Kalma hadi! Enekin ez dun deus irriskatzen!
K.: (oihuka) Kasu! Ateak hets! Berriz partitzen gira! (eta treina berriz abiatzen)
XERAFINA: Nork hetsi du atea? Denak hemen gira? (xifritua) Proxper!
Z. PUTXAPAL: Bon! Andere hau iratzaraz dezagun! (zartak emaiten dazko lo den manexari). Jeikitzeko tenorea dela!
TOMAXA: (manexa berriz agertua dela ohartzen da). Beha ezazue huni? Gu xifrituak, zer bilakatua ote zen, eta hau bere gusturik hoberenean lo, mila talo!
MANEXA: (iratzartzen ari) Zer gertatzen da? Nun gira?
Z. PUTXAPAL: Galdatuko dauzuet deneri ondorat erretiratzea! Behar dugu jaun andere hauek (erizaina eta emazte erakutsiz) Manexa eta nik solastatu!
A. BURDINGORRI: Obeditzen zaitut bait dakit ene egin bidea dela! Bainan jakin ezazu halere aspertua naizela hain beste harat hunatetaz! Ez duzue ene gorputza joak dituen hainbeste zaurientzat errespetu izpirik?
TOMAXA: Zer ixtorioak apendizita txar batentzat!
SOINULARIA: Ni ere, ezin kexuago naiz! Eta ni kexatzen nizalarik ez da pollit! Behin, Margarita nere andregaiaren kontra haserretu nintzan eta ixtorioa ospitalean bururatu zen! Hiru hilabete ospitalean! Zoin luze izan zen! (hipaka) Gainerat ez zen Margarita sekulan ene ikusterat jin!
XERAFINA: (tomaxari loturik) Ixo! Ixil zaitezte denak! Urratsak entzun ditut teilatuaren gainean. Fuñategiko Proxper! (eta denak ateratzen dira, z. putxapal, emaztea, erizaina eta manexa salbu, xerafina eta tomaxa beti teilatuari so)
Z. PUTXAPAL - ERIZAINA - EMAZTEA - MANEXA
Z. PUTXAPAL: (emaztea eta erizainari) Aitortuko duzeia zergatik andere huni oldartu zirezten! (Mutu daude) Manexa: baduzia zerbait lotura Xiberoarekin?
MANEXA: Ez!... A bai! Ene aitatxi zena! Pette Aguerrebehere zuen izena! Alzaikoa zen!
Z. PUTXAPAL: Pette Agerrebehere, pasthual idazlea? (emaztea eta erizaina hasten dira nigarrez)
MANEXA: Behar bada! Ez dakit! Nik, pasthualak, badakizu!
Z. PUTXAPAL: Bainan zure aitatxiren pasthualak izan dira ederrenak, famatuenak! Eta hil baino zonbait egun lehenago, ba omen zukeen bat bururatua, ikerleek hogoi urte huntan bilatzen dutena! (emaztea eta erizainaren nigarra azkarrago).
MANEXA: Ez dut behin ere ixtorio hori entzun!
EMAZTEA: (beti nigarrez) Huna! Baditutzu hogei urte ene senarra (erizaina erakutsiz) ehauntsi dela pasthuala izkribatzen. Zonbat duzu eginik, Johañe?
ERIZAINA: (beti nigarrez). Ehun eta hogoi ta hamalau!
EMAZTEA: Eta ez dizu nehork bakar bat ere eman nahi! Herri guzietan errefusa ukhen die baizik eta sobera txarrak ziela! Alta bazuen hain suiet pollitik hautaturik! Zoin zinien azkena Johañe?
ERIZAINA: Attila! (nigarrez hipaka)
EMAZTEA: Oraiko jentik ez die esker hunik! Zeren antzerkia, edozoinek egin lezake, bainan pasthuala! Eta nahi ginian Pette Agerrebeheren hori kausitu, gero sinetsarazteko ene senarrak ixkribatu ziela.
ERIZAINA: Eta pentsatu dugu Manexak bazakiela zer bilakatua zen!
EMAZTEA: Hortako nahi ginizun bahitu eta mintzarazi molde finak baliatuz!
ERIZAINA: Eta ez zela, nehork ez ikusteko, Beherearta baino leku trankilagorik norbait gustuan xehatzeko, aitorarazi artio!
MANEXA: Eta nik ere Beherearta hautatu nuela uste izanez ez zela toki hoberik edo segurragorik kukutzeko!
(Treinaren arrastak. kontroladorea agertzen da).
ZJPUTXAPAL - EMAZTEA - MANEXA
KONTROLADOREA - ERIZAINA
KONTROLADOREA: Beherearta! Beherearta! Erizain hunek eman ditzala bere artak!
Z. PUTXAPAL: Ez da erizaina!
KONTROLADOREA: Bat ez hitsua! Bestea ez erizaina! Hola segituz, dudatzen hasiko niz kontroladore nizan! (hitsua edo inspekturra agertzen da).
Z. PUTXAPAL - ERIZAINA - EMAZTEA - MANEXA
KONTROLADOREA HITSUA EDO INSPEKTURA
HITSUA: Hain zuzen. Bihartik goiti ez zira gehiago hala izanen! (kontroladorea belauniko emaiten da, hitsua edo inspekturraren izterrari lotua)
KONTROLADOREA: Nitaz urrikal zaitez otoi! Nahi dut ofizio huntan segitu! Hain da maitagarria! Hitz dauzut ez dutala gehiago ebatsiko!... Edo guttiago!
HITSUA: Goazen zure kabinarat! Zure pusken biltzen lagunduko zaitut! Hemen jausten zira, enekin!
(Kabina alderat ateratzen dira, inspekturrak kontroladorea herrestan daramala, hau beti horren izterrari lotua, eta bestaldetik sartzen da gabardinuna).
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA
ERIZAINA - MANEXA - GABARDINDUNA
Z. PUTXAPAL: Manexa! Hemen jauzten zirea enekin?
MANEXA: Ez! Baionaraino segituko dut! Ez dut gehiago Behereartan kukutzeko arrazoinik!
GABARDINDUNA: (Ebatsi duen kontroladoreren bolsari so eginez gabardina petik). Nik bai! (eta ateratzean). Beharrik ni hor nintzala ixtorio huni bizi eta kolore puxka baten emaiteko!
Z. PUTXAPAL - EMAZTEA - ERIZAINA - MANEXA
Z. PUTXAPAL: (gabardinduna atea den aldeari so). Gizon hunek gogoarazten daut lehen aldia dela ez dutala inkesta bat bururaino eremaiten! Ez dut Petto Aire pilotaria kausitu! Eta ene buruari egina nakola parioa Baiona baino lehen aurkituko nuela! Hortako nuen trein billeta aintzin geltokiraino, beraz Beherearta huneraino hartua! Zer affruntua bizi dutan! Zuek ere hemen gelditzen zirezte?
EMAZTEA: Bai! Proposatuko dugu Behereartan bizi den jendeari Johañeren pasthuala bat muntatu nahi dutenez?
Z. PUTXAPAL: Behereartan??? Suerte on! Ez zauzue errexa izanen. Badakizue zer dion erran zaharrak: “Pasthuala Behereartan, Garruzeko feria Heletan!” (eta jalgitzen da).
EMAZTEA - ERIZAINA - MANEXA
ERIZAINA: (ahapetik emazteari). Pasthuala utziko dizugu eta antzerkiari lotuko! Baduzu hementik hullan hortan berezitua den izkribatzaile bat: Daniel Landart! Bahituko dizugu eta bat guretako izkribatzerat bortxatuko!
EMAZTEA: Zangoak huntutsik eman prasa bizian, erraitez ez dugula hortik jalgiko lana burutu artino, eta inspirazionea zalutarzun handian jinen zakozu! (eta ateratzen dira. Memento berean, soinularia eta a. burdingorri sartzen dira beren pusken bila).
MANEXA - SOINULARIA - A. BURDINGORRI
SOINULARIA: (bere biolina untzian altxatuz). Nahiago dut hemen gelditu Baionako geltokian lan egiten baitu hain beste maitatu ninduen Mirentxu batek eta sobera sofri lezake berriz ikusten banindu... Nahiz, egia erran, harek ninduen utzi baizik eta...
A. BURDINGORRI: Ni berriz, Jauna, naski jadanik errana dutan, Baionako kasernara noa medaila baten bila eta errexegi laike ohoretarat naraman bide guzia karreaturik egitea! Nahi ditut, lehenago bezala, azken kilometroak oinez egin, Af-el-Afiz-eko batailan bezala, larrez larre, sasiz sasi, gorputza lohian sartua enefontazko paporaino eta... (eta biak ateratzen dira, tomaxa eta xerafina agertzen direlarik beren pusken bila).
MANEXA - TOMAXA - XERAFINA
XERAFINA: Zer bide dugun egiteko Baionaraino! Gu harat heldu orduko merkatua bururatua izanen dun!
TOMAXA: Xerafina! Ez dugula bidai txartelik hartu! Baionan kausituko gitine! Hemen ez dun irriskurik! Atxemanen dinau ba norbait gure eremaiteko! To! So egizan nor den han! (berinatik begiratuz)
XERAFINA: (xifritua) Fuñategiko Proxper!
TOMAXA: Harekin jiteko keinua egiten daukin! (oihuka) Ados Proxper! Bainan aldi huntan ez zitela josta eh!
XERAFINA: Tomaxa! Alo! Gizon hori lanjerosa dun!
TOMAXA: Haugi hunarat! Emazter atakatzeko usaia kenduko dakinat bat nik!
(Eta jalgitzen dira. Memento berean hitsua edo inspekturra eta kontroladorea, hau beti bestearen izterrari lotua, agertzen delarik).
MANEXA - HITSUA - KONTROLADOREA
K.: Otoi! Ez nezazula bidali! Ene biziak ez du gehiago sensurik izanen treinik gabe!
HITSUA: Bidaiant gisa ibiltzeko eskubidea izanen duzu!
K.: Zer! Bidaia pagatu beharko dut? Zer izigarrikeria!
HITSUA: Berantegi da! Goazen!
K.: Bainan zergatik hemen jausten zira?
HITSUA: Egun astearta! lana goizeko lOak eta lOtan bururatzen dut! Eta karkulatua nuen tenore hartan treina Behererartan izanen zela! Jadanik ikusia duzia administrazioneko norbait lan egiten, finkatuak zazkon orenak baino denbora gehiago?
K.: Ez! Haatik guttiago bai! (bat batean) Jia! Geltokiko langilea trenpexartu da! Zer du?
HITSUA: Bihotzeko bulta txar bat!
K.: Alabainan! Ez baitu sekulan hainbeste jende ikusi Behereartan jausten!
(Eta biak ateratzen dira, kontroladorea beti herrestan daramala inspekturrak, hau oraino izterrari lotua bait zako).
MANEXA
(manexa bakarrik da. Treinaren txistua entzun eta, berriz abiatzen da. manexak dokumento bat jalgitzen du bere zakutik).
MANEXA: Nun dut Aitatxi zenaren pasthuala? Ah! Hemen dut! (dokumentoa orhikatuz).
Milesker aitatxi! Zuri esker aberastuko naiz! Pasthual hau Baionako euskal erakustetxeari salduz, zer dirua eginen dutan!
(oihuka) Baiona, Baiona! Nik azkenean, oro har, egin dut bidai ona! (eta treinaren arrabotsa entzuten da oraino segunda zonbeitzuz).
oihala