Identitarteak
Lutxo Egia
Identitarteak
Lutxo Egia
Booktegi, 2018
Identitarteak
Lutxo Egia
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

Aurkibidea

Ari ala ez ari Galder Perez / Ane Zabala

IDENTITARTEAK

Aurkibidea

Ari ala ez ari Galder Perez / Ane Zabala

IDENTITARTEAK

 

Ari ala ez ari

 

            Izan ala ez izan, antzerkiaren galdera handietakoa izan, bada. Lutxo galdetzen ari da. Eta ari da Egia, egia. Aritu ala ez aritu, hori ere bada teatroaren beharrezko jolasa. Eta hau, guzti horren aitzinsolasa, bai, irakurtzen ari zara. Antzerki lan honetan jokatzen duten pertsonaiak zerbait, norbait, izatera aritzen dira, solasean, jolasean. Etengabeko bilaketa den solasaren jolasean arituko dira, galduko dira eta aurkituko dira. Pertsonaiak ala ez pertsonak. Identitateak ala identitarteak. Ohiko teatroan ustezko identitate sendoak duten gorputz, arima zein izaki, izateko jolasean aritzen diren aktoreak dira, aktanteak. Direnak, badirenak. Inorenak. Eurenak. Eta ez denonak.

            Hori dena, eta askoz gehiago, planteatzen du Lutxo Egiak ‘Identitarteak’ izeneko antzezlanean. Pertsonaiak jolasean ari dira, literalki, partida batean, sareak banatuta jolastu beharreko olgetan. Sareak batzen dituen solasetan nahita galdutako pertsonaiak dira Seric eta Finn. Ez serio eta bai fin. Finn eta Seric.

            Egileak momentu bakar batean ere identitate hitza aipatu gabe, terminoa eta terminoekin sare batean galtzeko moduko jolasa planteatzen du. Eta ari da oholtzan, eta ari da paperean. Beti ere umorez, jolasa bestela ez baita jolas. Eta baita ironiaz beti ere, solasa bestela ez delako solas. Absurdua, ezta? Bai, izan bada, badelako. Hala ari delako.

            Sareak nahasten diren hitzekin jolasteaz gain, terminoei sentitzen diren kolpeak ematen dizkie. Etenik gabe. Arnasa hartzeko betarik gabe. Bestela agian izango ez direlako eta, batez ere, arituko ez direlako. Eta poesiarekin ere solas egiten du idazleak. Eta bertsoekin, berriz, jolas. Bertso jolasari lapurtutakoa baita lan honen artea. Puntuka dabiltzan pertsonaiak jarri ditu Lutxok oholtzan. Puntuz-puntu eta tantorik-tanto kolpe ikusezinak ematen dituzte non, zer, eta bizitza, edo ari den bizimodua, den izatearen bizitzaren teatroan.

            Kolpeak. Tantoak. Irabazitakoak eta galdutakoak. Jasotakoak eta erantzi beharrekoak. Ikusi ez, baina sentitu bai, ordea. Ari direlako izaten, izatera jolasten ari direlako. Izan nahi dutelako inor, han, edo hemen. Edo ez dutelako inor izan nahi. Sare batek banatzen dituelako han eta hemen. Ala ez. Nor eta zer, aritzen dena da. Hori da. Hori dira. Hori gara. Ari garena gara.

            Ari ala ez ari, hor dago koska, zer eta nola ari. Eta oholtzan horrela ageri. Eta desagertu. Berriz agertzeko, arituz gero arituz, noski. Bestela, ari garena ez gara.

Galder Perez

Ane Zabala