Aurkibidea
2. Sorgina
Musika jokoetan loak hartu du kukubel eta adineko emakume baten negar zotinek iratzartzen dute.
2a - Atso itxura
atsoa negarrez.
kukubel: Zer gertatzen zaizu andrea?
atsoa: Urte asko daramazkit mundu honetan eta banaka batzuk baino ez zaizkit gelditzen bizitzeko eta egoera honek tristatu egiten nau.
kukubel: Nire eskuetan balego zu alaitzea gustura egingo nuke egin beharrekoa.
atsoa: Ba zerbait egingo bazenu...
kukubel: Txirula joko dizut, musikak tristeenak alaitzen ditu eta...
kukubel txirula jotzen hasten da eta atsoak poz handia hartzen du. Irribarre eta irrintzien artean jai giroan ari dira ahalik eta kukubelek alde egin behar duen arte...
atsoa: Segi, segi neskatoa...
kukubel: Beno andrea nik ardiengana joan behar dut, bihar ordu berean bertan bazaude beste saiotxo bat egingo dugu.
atsoa: Baina nire azken urteak zoriontsu igarotzeko zure txirula izatea gustatuko litzaidake.
kukubel: Ba... (Hasieran zalantza une bat izan arren azkenean...) Tori andrea eta zoriontsua izan! Nik beste bat egingo dut ahal dudanean.
atsoa: Eskerrik asko!
2b - Eskale dotorea
kukubel ezertaz ohartu gabe sorginak, itxura aldatuz, andre dotorearen irudia hartzen du...
sorgina: Egunon Kukubel!
kukubel: Nor zara zu? Nola ezagutzen duzu nire izena?
sorgina: Hori berdin da! Zuk bakar bakarrik konpondu ahal didazun arazoa daukat...
kukubel: Zer da nigan duzun behar hori, andrea? Neure esku badago lagunduko dizut.
sorgina: Diru beharra daukat, emango ahal zenidake txanpon bat?
kukubel: Bat ez, bi ere emango nizkizuke edukiko banitu! Baina ni behartsua nauzu andrea.
sorgina: Ziur al zaude dirurik ez duzula?.
kukubel: Bai, poltsikoak ongi asko arakatu ditut gaur goizean, baina ez dut ezer aurkitu...
sorgina: Begira ezazu berriz. Begiratu ongi.
kukubel: Berriz begiratzeko? Bai, bai, begiratuko dut, baina ikusiko duzu...
kukubelek eskuak sartzen ditu praktiketan eta harriduraz beterik urrezko txanpon bat ateratzen du.
kukubel: Arraioa! Zer da hau?
sorgina: Txanpon bat. Ikusten duzu?
kukubel: Zin egiten dizut ez nekiela. Harrigarria benetan! Tori, zeuretzat. Nik baino behar handiagoa izango duzu eta har ezazu. Ia honekin konpontzen duzun zure arazo hori.
sorgina: Ez, ez dut honekin nahikoa, gehiago behar dut.
kukubel: Hau da izan dudan guztia eta gainera ez dakit nondik eroria.
sorgina: Begiratu bada ez bada zure zorroan...
kukubel: Kea! Begira!
kukubelek poltsa erakusten dio sorginari eta...
kukubel: Hau ezin da egia izan! Ametsetan ari naiz, hartu, beste bat, hartu dirua! Zurea da.
sorgina: Gutxiago falta zait baina oraindik ez dut nahikoa, begiratu zure zapatetan ea gehiago duzun.
kukubel: Zapatetan ere?
Begiratzen du eta zapatetatik ere diru txanpona ateratzen du.
kukubel: Arranopola! Hauek sorginen gauzak dira! Tori zuretzat!
sorgina: Mila esker laguna, mila esker!
Txanponen agerpen magikoa gertatu den bitartean, ez bata eta ez bestea konturatu ez badira ere, lapur bikote bat zelatan izan dute denbora guztian.
2c - Oparia
Halako batean sorgina eraldatuta berriro, baina, bere benetako lamina itxurarekin agertuko zaio oraingoan...
sorgina: Kukubel! Zure jarrera ezin hobea eskertzeko nik ere zerbait eman nahi nizuke. Eska egidazu nahi duzuna.
kukubel: Bai? Baina nik ez dut ezerren beharrik.
sorgina: Nola ezetz? Bai, bai. Sorginkeria iruditzen bazaizu ere, hauxe da nik emango dizudan oparia (Keinu magikoa), txirula bat.
Bi kainuzko txirula eder bar agertzen da sorginaren eskuetan...
kukubel: Horixe da behar nuena!
sorgina: Bai, baina txirula hau jotzen duzunean, entzule guztiak hasiko dira dantzan.
kukubel: Benetan? Eskerrik asko, emakume! Inork ez dit sekula horrelako erregalirik egin.
sorgina: Itxaron, itxaron oraindik ez dut bukatu... denak hasiko dira dantzan eta ez dira geldituko zuk txirula jotzen duzun bitartean.
kukubel: Iufala!!! Ez dakit zer egingo dudan neure txirula honekin, baina asko gustatzen zait magia hau.
sorgina: Gogoratu Laminak esandakoa: behin baino gehiagotan aurkituko zara sorginkeria honen ahalmenaren beharrean. Behin baino gehiagotan! Agur, neskatoa!
kukubel: Agur, Lamina!
sorgina desagertu egiten da eta kukubel loak hartzen du berriro ere.