Aurkibidea
— maisua
— mutikoa
— ama
— hiru ikasleak
— koro saila
(Antzeztokia zati bitan banatua: I. Gela eta II. Gela, tartean ate bat dutelarik.)
Ez esalea
KORO-SAIL HAUNDIA: Axola haundiena, gauza guzien aurretik, elkar aditzen ikastea da.
Askok esaten dute, bai!
baina elkar aditu gabe.
Askori ez zaie galdegiten,
Eta beste asko oker elkar aditzen.
Beraz: Axola haundikoena gauza guzien aurretik
Elkar aditzen ikastea da.
(MAISUA lehenengo Gelan; AMA eta GAZTETXOA bigarren Gelan.)
MAISUA: Ni naiz maisua. Herrian eskola bat eta ikasle bat bertan aita hila duena. Ez du ama besterik zaindari. Orain haiengana joan nahi dut, ongi bizi! esatera, laister mendira bainoa txango bat egitera. Hemen izurte bat sortu zaigu eta mendiz haranzko hirian sendagile ospetsuak badira. (Ate joka.) Sartu al naiteke?
MUTIKOA: (2. Gelatik 1gora joanez) Nor da hor? A! Maisu jauna da. Maisua dator gu ikustera.
MAISUA: Zergatik ez haiz aspaldidanik eskolara etortzen?...
MUTIKOA: Ezin joan nintekeelako. Nire ama gaixo baitago.
MAISUA: Ez nenkian hire ama gaixo zegoenik. Esaiok, arren, hemen nagoela.
MUTIKOA: (Bigarren Gelara hots eginez) Ama! Maisu jauna da hemen.
(II. Gelan eserita.)
AMA: Esaiozu, arren, sar dadila barnera.
GAZTETXOA: Mesedez, sartu zaitez.
(Sar bitez BIOK II. Gelara.)
MAISUA: Ez nintzen aspaldi izan hemen. Zure semeak esan dit gaitzak jota zaudela. Hobeto al zaude?
AMA: Damurik ez nago hobeto. Nire eritasuna sendatzeko ez baitu inork erremediorik ezagutzen.
MAISUA: Zerbait aurkitu behar dugu. Horretara natorkizue, agur egitera: bihar mendiz harantz noa ibilian erremedio eta sendabideen bila. Mendiz bestaldeko hirian sendagile ospetsuak baitaude.
AMA: Menditik harantz laguntza bila! Bai, nik ere entzuna dut han direla mediku ospetsuak, baina baita ere entzun dut hori arrisku haundiko txangoa dela. Nire semea zurekin eraman nahi al duzu?
MAISUA: Horrelako ibilietara ez daiteke haur bat eraman.
AMA: Ondo da. Osasuntsu itzuli zaitezela opa dizut.
MAISUA: Banoa bada... eta ongi bizi!
(I. Gelara doa.)
MUTIKOA: (MAISUAri logelara darraikiola) Nik ere zerbait esan behar dizut.
(AMA atean zelatan entzunez.)
MAISUA: Zer esan nahi duk?
MUTIKOA: Ba... nik ere zurekin mendietara joan nahi dudala.
MAISUA: Hire amari arestian esan diodanez txango gaitza duk eta arriskuz betetakoa. Ez daukak etortzerik. Gainera! ez duk bakarrik utzi nahiko gaixorik dagoen ama? Geldi hadi hemen. Ez hinteke gurekin joan.
MUTIKOA: Nire ama eri dagoelako joan nahi dut bada, eta beragatik joan ere. Mendiz bestaldeko medikutara erremedio eta sendagailu bila.
MAISUA: Berriz ere hire amarekin hitz egingo diat.
(Ostera II. Gelara itzuliaz.)
(GAZTETXOAk atean entzunez.)
MAISUA: Hemen nauzu berriz. Zure semeak gurekin etorri nahi duela dio... Nik berriz ezetz. Zu ezin utzi zaitzakeela gaixo zaudela. Ibilaldi zail eta arriskuduna baita gainera. Ez daitekeela gurekin etorri esan diot, baina berak baietz! Mendiz bestaldeko hirira joan behar duela zure gaitza sendatzeko erremedio eta sendagailu bila.
AMA: Haren hitzak entzun ditut bai. Mutilaren esana sinisten dut, alegia, zuekin pozik egingo lukeela txango arriskatu hori. Hator barnera, seme!
(GAZTETXOA II. Gelara sartzen da.)
Hire aita zena galdu genuen ezkero hi bakarrik haut ondoan. Ez haut behin ere nire begi-bihotzetik baztertu hiretzat jana eta soinekoak atondu eta dirua sortzeko ez ezik.
MUTIKOA: Guzia zuk esan bezala da, ama. Baina hala ere ez nau ezerk nire asmotik atzeraraziko.
MUTIKOA, AMA, MAISUA: Ibilaldi arriskatua egingo dut.
MAISUA: Hemen nauzu berriz. Zure semeak
(Ibilaldi arriskatua egingo du.)
Eta zure (nire) eritasuna dela-eta mendiz bestaldeko hirira mediku eta sendagailu bila joanez.
KORO HAUNDIA: Ez duela ezerk atzeraraziko ikusia dago. Hori diote ama eta Maisuak aho batez.
MAISUA eta AMA: Asko oker datoz iritzi batera, ez gaixotasuna dela-eta, gaixotasuna senda daitekeela ustean baizik.
KORO HAUNDIA: Amak, ordea, honela zioen:
AMA: Ez dut gehiago indarrik. Hala behar bada hoa maisu jaunarekin. Baina agudo, agudo lehenbailehen arriskutik itzuli zaitezen.
KORO HAUNDIA: Jende-taldea mendirantz abiatua da, haien artean Maisua eta Gaztetxoa aurkitzen dira. Mutila ordea ez zegoen nekera ohiturik; bihotza lehertu zitzaion eta berehala itzuli nahi izan zuen etxera. Egunsentirako, oraindik mendi oinean ezin zituen bere oinak arrastaka eraman ahal izan.
(I. Gelan sartzen dira: MAISUA, Hiru ikasle, azkenean GAZTETXOA pitxar batekin.)
MAISUA: Laister igo gara. Hor dago aurreneko txabola. Bertan atseden pixka bat hartuko dugu.
HIRU IKASLEAK: Zure esaneko gaituzu.
(II. Gelara sar bitez han dagoen koska baten gainera igorik: GAZTETXOAk MAISUA atzean geldiarazten du.)
MUTIKOA: Zerbait esan behar dizut.
MAISUA: Zer esan nahi duzu?
MUTIKOA: Ez dudala nire burua ongi aurkitzen.
MAISUA: Ixo! Ez dik hori esan behar honelako ibilaldi batera doanak. Agian nekaturik hago mendira igotzen ohiturik ez hagoelako. Pixka batean geldi hadi eta har ezak atseden.
(Koska-mailara igoaz.)
HIRU IKASLEAK: Mutikoa malda gora igotzen nekatu dela dirudi. Maisuari galdegingo diogu.
KORO-SAIL HAUNDIA: Bai! Egizue ori!
HIRU IKASLEAK: (MAISUAri) Mutiko hori malda gora igotzen nekaturik dagoela entzun dugu. Zer gertatu zaio? Kezkarik ematen al dizu?
MAISUA: Ondoezik dago; baina bestela ez du ezer. Malda gora igotzen nekatu dela.
HIRU IKASLEAK: Beraz, ez al dizu kezkarik ematen?
(Isilune luzea.)
HIRU IKASLEAK: (Bata bestearen ondoren) Entzun al duzue? Maisuak dioenez mutikoak ez du igotzen egin zaion nekea besterik. Ez al diozue itxura txarrik ematen? Txabolatik berehala mendi-bizkar meharra dator. Bi eskuekin harkaitzari helduaz bakarrik garaitu daitekeena.
Ez omen dago gaixorik-eta...
Baina ezin badu aurrera jarraitu hemen utzi beharko dugu.
(II. Gelara hots egiten dute eskua borobilduta ahoan jarririk.)
Gaixorik al zaude? Ez du erantzuten. Maisuari galdegingo diogu. (MAISUAri.) Arestian galdegin genizunean, mutikoaz, malda gora igotzeak eman nekea besterik ez zuela esan zenigun, baina orain aurpegia zurbildu zaio. Eseri egin da.
MAISUA: Gaixotu zaigula ikusten dut. Lehia zaitezte mendi bizkarrera eramaten.
HIRU IKASLEAK: Ahaleginduko gaituzu.
(Teknika: Hiru IKASLEOK lehiatzen dira mutikoa “Bizkar-meharrera” eramaten. “Bizkar-mehar” hau antzezlariok eskailera, koska, aulki eta olaz eraikiko dute. Hiru ikasleok banaka igo ahal izateko eran baina ez mutikoa berekin daramatenean.)
HIRU IKASLEAK: Ezin dugu gailurrera gurekin eraman ahal izango, baina ez dezakegu berarekin hemen gelditu. Dena dela, aurrera jarraitu behar dugu, ezen Herri oso bat gu bila goazen sendagailuen zain baitago.
Gogorra da esatea, baina gurekin etortzerik ez duen ezkero hemen mendian utzi beharko dugu.
MAISUA: Hala beharko du. Ez dizuet ezetzik esango. Baina bidezkoa deritzot gaixotu denari galdegitea, ea beragatik guziok atzera itzuli behar dugun. Gizarajoak min haundia ematen dit bihotzean. Berarengana noa ahalik eta leunena gauza gertutzea.
HIRU IKASLEAK: Egin! egin hori!
(Elkarri aurpegira begiratuaz.)
HIRU IKASLEAK. KORO-SAIL HAUNDIA: Galdegin nahi diogu (Galdegin diote.) baldin ea eskatzen duen berarengatik atzera itzultzea. Baina eskatu ala ez, guk, ez dugu itzuli nahi (Ez dute itzuli nahi.) Baizik bera hemen utzirik aurrera jarraitu.
MAISUA: (MUTIKOArengana I. Gelara joanez) Entzun ezak ongi! Gaixo hago eta aurrera ezin joan hintekeenez, hemen utziko haugu. Baina, halere, zuzena duk gaixo dagoenari galdegitea ea beragatik guziok atzera itzuli behar dugun ala ez. Eta ohituren arabera gaixo dagoenak erantzun behar omen dik: “Ez zaitezte itzuli”.
MUTIKOA: Aditzen dut.
MAISUA: Eskatzen al diguk hiregatik atzera itzul gaitezen?
MUTIKOA: Ez zarete itzuli behar!
MAISUA: Aditu duk, beraz, hemen utziko haugula.
MUTIKOA: Gogoan hartu nahi dut. (Une batean gogoeta eginen.) Bai, elkar aditu dugu.
MAISUA: (I. Gelatik II. Gelara hots eginez) Beharrak agintzen duen arabera erantzun du.
KORO-SAIL HAUNDIA ETA HIRU IKASLEAK: (HIRUREK I. Gelara joanez) Baietz esan du! Zoazte aurrera! (HIRU IKASLEAK zutik gelditzen dira.)
MAISUA: Zoazte aurrera! Ez geldirik egon, bidea jarraitzea erabaki duzuen ezkero.
(HIRU IKASLEAK geldirik oraindik.)
MUTIKOA: Zer edo zer esan nahi dizuet. Nire eskea da, arren eta arren ez nazazuela utzi hemen, baizik menditik gain behera jaurti nazazuela. Hemen bakarrik hil beharra beldur bainaiz.
HIRU IKASLEAK: Ez dezakegu, ordea, hori egin.
MUTIKOA: Bai! hori eskatzen dizuet.
MAISUA: Bidea jarraitzea erabaki duzue bera hemen utzirik. Horren azkena ikusia dago nahiz bete behar gaitza izan. Menditik behera botatzeko gertu al zaudete?
HIRU IKASLEAK: Bai! (HIRU IKASLEOK MUTIKOA besotik hartu eta II. Gelako oholtza eta koska gainera daramate.)
Burua gure beso gainean etzan ezazu. Ez estutu. Arretaz eramango zaitugu-eta.
(HIRU IKASLEAK oholtzaren mailetara igoaz aurrean jartzen dira MUTIKOA atzeko aldean utzita ezkutatzen dutelarik.)
MUTIKOA: (Ageri ez dela) Ibilaldi honetan nire bizia galdu behar nuela banekien. Nire amaren gogorapenak bultza nau txango honetara. Har ezazue nire pitxarra (pegarra) bete ezazue sendagailuz eta etxerakoan eraman nire amari.
KORO-SAIL HAUNDIA: Bide lagunok pitxarra hartu zuten munduaren neke eta lege garratzez errukiz beterik. Eta mutikoa amildegira (tulunbiora) jaurti zuten. Oinak tinko amildegi ertzean, begiak itxi eta menditik behera botaz. Ez ziran bata bestea baino errudunago. Lur-zotalak eta harri zapalak jaurti zituzten ondoren.
Ez esalea
KORO-SAIL HAUNDIA: Axola haundikoena gauza guzien aurretik elkar aditzen ikastea da.
Askok Bai esaten dute, elkar aditu gabe ordea.
Askori ez zaie batere galdegiten.
Eta beste askok oker dute elkar aditzen. Beraz,
Axola haundikoena gauza guzien aurretik
Elkar aditzen ikastea da.
(MAISUA I. Gelan, AMA eta MUTIKOA II. Gelan.)
MAISUA: Ni naiz maisua. Hirian eskola bat dut; eta bertan ikasle bat aita hila duena. Ez du ama besterik zaindari. Orain haiengana joan nahi dut agur egitera, laister mendira txango batera bainoa (Ate joka.) Sartu al naiteke?
MUTIKOA: (II. Gelatik I.era joanaz) Nor da hor? O! Maisu jauna da. (AMAri.) Maisu jauna dator gu ikustera.
MAISUA: Zergatik ez haiz aspaldi hiriko eskolara etortzen.
MUTIKOA: Ezin joan nintekeelako. Nire ama gaixo baitago.
MAISUA: Ez nekian Ama gaixo zegoenik. Esaiok, arren, hemen nagoela.
MUTIKOA: (II. Gelara hots eginez) Ama! Maisu jauna da hemen.
AMA: (II. Gelan aulki batean eserita) Esaiozu, mesedez barnera sar dadila.
MUTIKOA: Arren sar zaitez! (BIOK II. Gelara sartuaz.)
MAISUA: Ez nintzen aspaldi izan hemen. Zure semeak esan dit gaixorik egon zarela.Hobeto al zaude?
AMA: Ez izan kezkarik nire eritasunagatik. Ez du ondorengo txarrik eta.
MAISUA: Hori entzuteaz pozten naiz. Zuri agur egitera nentorren, bada laister mendira azterketa txango batera noa. Mendiz haranzko hirian maisu haundiak baitaude.
AMA: Mendira miaketa txangoa egitera! Horra bada, nik ere entzuna nuen sendagile ospetsuenak han bizi direla, baina baiki arriskudun ibilaldi galgarria dela. Nire semea ere eraman nahi al duzue?
MAISUA: Ez da inondik haur bat eraman moduko ibilaldia.
AMA: Ondo da. Osasuntsu itzuli zaitezela opa dizut.
MAISUA: Orduan, banoa... Eta ondo bizi!
(I. Gelara doa.)
MUTIKOA: (MAISUAri I. Gelara darraikiola) Nik ere zerbait esan behar dut.
(AMA atean entzunez.)
MAISUA: Zer esan nahi duk?
MUTIKOA: Nik zurekin mendira joan nahi dudala.
MAISUA: Hire amari esan bezala gauza galgarria, arriskuz betetako txangoa duk. Ez daukak etortzerik. Gainera, nola utzi dezakek gaixo eta eri dagoen ama? Hemen geldi hadi. Ez hinteke gurekin etorri.
MUTIKOA: Nire ama gaixo dagoelako joan nahi dut ba... berarentzat, mendiz haranzko hiritik, sendagile ospetsuengana, erremedio eta sendagailu bila.
MAISUA: Baina, jabetzen al haiz ibilaldian gerta litzaiakeen guziaz?
MUTIKOA: Bai!
MAISUA: Orduan, hire amarekin mintzatuko nauk berriz.
(II. Gelara itzuliaz. MUTIKOA atean entzuten gelditzen delarik.)
MAISUA: Hemen natorkizu berriz. Zure semeak gurekin etorri nahi duela dio. Nik, ostera, ezetz. Ez zaitzakeela gaixorik zaudela bakarrik laga, ibilaldi galgarri eta arriskuduna baita. Ez daitekeela gurekin abiatu adierazi diot. Berak baietz, zure eritasuna sendatzearren mendiz haranzko hirira erremedio eta sendagailu bila.
AMA: Haren hitzak entzun ditut. Ez dut ezbairik, mutikoak esandakoaz, alegia, txango galgarri horretara, gogoz zurekin joan nahi duela. Hator!, hator barrura, ene seme!
(MUTIKOA II. Gelara sartuaz.)
Hire aita galdu genuen ezkero ez haut hi besterik ondoan. Ez haiz inoiz nire begi eta oroimenetik atera, ez bada beharrezko nuenean dirua irabaztea hiri jaten eman eta soinekoak antolatzeko.
MUTIKOA: Zuk esan bezala da guzia, baina horrek ez nire asmotik atzeraraziko.
MUTIKOA, AMA, MAISUA: Ibilaldi arriskatua egingo dut. (Egingo du.) Zure eritasuna dela-eta mendiz haranzko hirira, erremedio eta sendagailu bila.
KORO-SAIL HAUNDIA: Ikusia dago ez duela ezerk atzeraraziko. Ama eta Maisuak aho batez diote.
MAISUA, AMA: Askok oker elkar aditzen dute, baina mutikoak ez du gaixotasunaz ezer aditu nahi, sendatu daitekeela baizik.
KORO-SAIL HAUNDIA: Amak, alabaina, ziotson:
AMA: Ez dut gehiago indarrik. Hala behar bada, hoa maisu jaunarekin, agudo, agudo, ordea, arriskutik itzuli hadi.
KORO-SAIL HAUNDIA: Jende-taldea mendi ibilaldira abiatua da.Haien artean Maisua eta Mutikoa zeuden. Mutikoa ez zegoen neketara ohitua eta bihotza beharturik berehala etxera itzuli nahi zuela hasi zen.
Goiz-txintan, mendiko oinean oraindik ezin zituen bere oinak arrastaka eraman.
(I. Gelan sar bitez: MAISUA, HIRU IKASLEAK eta azkenik MUTIKOA eskuan pitxarra duelarik.)
MAISUA: Laister igo gaituzu. Or dago aurreneko txabola. Bertan atseden pixka bat hartu genezake.
HIRU IKASLEAK: Zure esaneko gaituzu.
(II. Gelan dagoen maila-koskara igo bitez; MUTIKOAk MAISUA atzean geldiarazten du.)
MUTIKOA: Ondoezik nagoela.
MAISUA: Zer esan nahi didak?
MUTIKOA: Ondoezik nagoela.
MAISUA: Ixo! Honelako gauzak ez dizkit esan behar ibilaldian doanak... Agian nekaturik hago, ez baituk mendira igotzeko ohiturik. Une batean geldi hadi eta har ezak atseden.
(MAISUA ere oholtzaren koskara igorik.)
HIRU IKASLEAK: Mutikoa malda gora igotzen gaixotu dela dirudi. Maisuari galdegin diezaiogun.
KORO-SAIL HAUNDIA: Bai, egizue hori!
HIRU IKASLEAK: (MAISUAri) Mutiko hori malda gora igotzen gaixotu dela entzun dugu. Zer gerta zaio? Kezkarik ematen al dizu?
MAISUA: Ondoezik dago, baina bestela, ez du ezer txarrik. Mendira igotzen nekatu dela.
HIRU IKASLEAK: Beraz, ez al dizu kezkarik ematen?
(Isilune luzea.)
HIRU IKASLEAK: (Bere artean) Entzun al duzue? Maisuak esan duenez mutikoak mendi gora igotzen nekea besterik ez dizu. Ez al diozue itxura txarrik aurkitzen? Txabola ondoren mendi-bizkar meharra hasten da. Bi eskuekin harkaitzari helduaz bakarrik garaitu daitekeena. Ezin eraman izango dugu arrastaka. Ohitura zaharrari jarraiturik menditik behera amildu ote dezakegu?
(I. Gelarantz hots eginez eskuok txonila inbutu antzo aho-aurrean jarririk.)
Malda gora igotzen gaixotu al haiz?
MUTIKOA: Ez! Zuek zutik zaudete, ni ere bai zutik nago.
Gaixorik banengo ez al nintzateke ba eseriko?
(Isilunea.) (MUTIKOA eseri bedi.)
HIRU IKASLEAK: Maisuari esango diogu: Jauna, Mutikoaz galdegin gintuzunean, nekea besterik ez zuela erantzun genizun. Baina orain badaezpadako itxura du. Eseri egin da. Aitatzeak ere izutzen gaitu, baina aspaldidanik ohitura galgarri bat da hemen nagusi: hots! bidean aurrera joan ez daitekeena, menditik behera tulunbiora jaurtitzekoa...
MAISUA: Nola?.. Mutil hori amildegira bota nahi duzuela?
HIRU IKASLEAK: Bai, hori nahi dugu.
MAISUA: Antzinako ohitura da hori. Ez dizuet ukatuko. Baina ohitura garratz horrek agintzen du gaixo dagoenari galdegin behar zaiola beragatik etxera itzuli behar dugun ala ez. Gizarajoa errukarri zait eta harengana joan nahi dut ohitura horren berri ematera.
HIRU IKASLEAK: Egizu bai, hori.
(Aurpegia bata bestearengana itzuliaz.)
HIRU IKASLEAK. KORO-SAIL HAUNDIA: Galdegin nahi diogu (galdegin zioten) ea bera dela-eta etxera itzuli behar dugun. Baina hori eskatuko balu ere ez dugu atzera itzuli nahi (ez dute), baizik amildegira botako dugu.
MAISUA: (I. Gelara MUTIKOArengana jaitsiaz) Entzun ondo! Aspaldidanik da hemen legea: alegia, norbait txangoan gaixotzen baldin bada menditik behera jaurtitzekoa. Honela berehala hilko da. Baina legeak ere agintzen du, gaixotzen denari galdegin behar zaiola harengatik etxera itzuli behar dugun ala ez. Eta ohituraren arabera, gaixotzen denak erantzun behar du. Ez duzue itzuli behar. (MUTIKOAri.) Zure lekuan banengo gogoz hilko nintzateke.
MUTIKOA: Ulertzen dizut. (Jabetzen naiz.)
MAISUA: Zuregatik etxera itzuli gaitezen eskaria egiten al diguzu?... Edo eta bestela konforme al zaude amildegira bota zaitzagun antzinako ohiturak agintzen duen eran?
MUTIKOA: (Une batean gogoeta eginez) Ez, ez dut ontzat hartzen.
MAISUA: (I. Gelatik II.era hots eginez) Zatozte, zatozte barrura! Ez du ohituraren arabera erantzun!
HIRU IKASLEAK: (I. Gelara etorriaz) Ezetz esan du! (MUTIKOAk.) Zergatik ez duk erantzun ohiturak agintzen duen arabera? “A” esan duenak “B” ere esan zezakean.
Aldi batez galdegin zidatenean txangoan gerta ahal litzaiakeen guziaz konforme ote hintzen, baietz erantzun huen.
MUTIKOA: Nik eman nuen erantzupena faltsoa zen baina zuen galdera areago. “A” esaten duenak, ez du “B” esan behar. “A” faltsoa zela aitor dezake. Nik nire amarentzat sendagailu bila joan nahi izan nuen, baina orain gaixotu naiz eta ez dezaket txango hori egin.
Horregatik etxera itzuli nahi dut halabeharrez. Zuei, nirekin etxerantz itzultzea eskaria egiten dizuet elkarrekin joan gaitezen. Zuen ikasi-beharrak itxoin dezake. Han zerbait ikasterik bazenuten, hauxe da; holako egokieran atzera itzuli behar dela.
Eta antzinako ohitura garratzari ez diot arrazoirik aurkitzen. Beste ohitura berri bat sartu beharra dago: egokiera berri bakoitzari ohitura berri bat dagokiola.
HIRU IKASLEAK: (MAISUAri) Zer egin behar dugu? Mutikoak esandakoa bidezko, arrazoizkoa da, ez ba da altxagarriena.
MAISUA: Mutikoarekin zer egin zuen esku uzten dut. Baina etxera itzultzen bazarete barre eta isekaz hartuko zaituztela esan behar dizuet.
HIRU IKASLEAK: Nor bere buruaren alde mintzatzea lotsagarri al da bada?
MAISUA: Ez, horretan ez dut lotsarik ikusten.
HIRU IKASLEAK: Orduan guk itzuli nahi dugu. Eta ez barre eta ez isekak ez gaituzte atzeraraziko arrazoizkoa dena egitez. Eta ezta antzinako ohitura zaharrenak ere galaraziko behar den erabaki zuzena hartzez.
(MUTIKOAri.)
Jarri ezazu (zak) burua gure beso gainean.
Lasa zaitez arretaz eramango zaitugu-eta.
KORO-SAIL HAUNDIA: Honela hartu zuten lagunek, laguna eta ohitura berri bat, lege berri bat sortuaz. Mutikoa berekin zeramaten; besoz beso elkarrekin joanez, begiak zabalik, barre, iseka eta lotsaren beldurrik gabe.
Ez da inoiz auzokoa baino koldarragorik.