Aurkibidea
Bertolt Brecht-en arabera
Daniel Landart-ek
Jean-Louis Lafitte-ren laguntzarekin
euskaratua.
Jokalariak:
— AMA, Terexa, Arraintzari Andrea,
— XABIER, Horren semea,
— LANGILEA, Terexaren Anaia,
— APEZA,
— ANDERE ETXEBERRIA, Auzoa
— MANUELA, Patxiren Andre-gaia,
— KOLPATUA,
— LEHEN ARRAINTZARIA,
— BIGARREN ARRAINTZARIA,
— HIRU EMAZTE,
— HAUR BATZU.
Taula-gaina:
Sukaldearen erdian, berrogoi bat urteko emazte bat lanean ari da; gibelago, eta berina baten parrean, mutiko gazte bat, irakurtzen. Urrunean entzuten da gerla burrunba.
AMA: Ikusten duka beti, Patxiren untzia?
XABIER: Bai.
AMA: Argia bizi dia?
XABIER: Bai.
AMA: Ez duk bertze untzirik harenaren aldean?
XABIER: Ez!
(Pausa)
AMA: Horrek harritzen nik. Nolaz ez da bertze nehor itsasoan?
XABIER: Ba ahal dakizu!
AMA: Banaki, ez nezakek galda!
XABIER: Patxi bakarrik da itsasoan, zeren haren arraintzari lagunek baitute bertze egitekorik.
AMA: A, bon!!!
(Pausa)
XABIER: Eta Patxi bera ez litake orai itsasoan, bere burutarik ari balitz.
AMA: Egia. Ez duk bere nahitarat joana.
XABIER: A, ez!
(Pausa)
XABIER: Gose naiz.
AMA: Bainan, ez zauk ontsa hire anaia arraintzarat joan dadin?
XABIER: Ez. Lan hori, nik egin dezaket. Patxiren lekua: gudarien erdian da.
AMA: Uste nian, hik ere harat joan nahi huela?!...
(Pausa)
XABIER: Nahi nuke jakin, jatekoz beterik heldu diren untziak, arrotz indarrek utziko dituztenez pasatzerat.
AMA: Dakitana duk, ogi hunen ondotik ez zatala gehiago irinik gelditzen.
(XABIERrek hesten du berina)
AMA: Zendako hesten duk berina hori?
XABIER: Bederatzi orenak dira.
AMA: Zer da gero?
XABIER: Bederatzi orenetan, auzokoek pizten dute beren radioa eta gau guziz bezala, jeneral ustel bat mintzatuko da.
AMA: Otoi, idekak berina hori, balia gaiten ahal bazenbat Jainkoak eman argiaz. Ez diaguk sosik barneko hunen pagatzeko.
XABIER: Zer ari naiz, hemen, jarririk, Patxiri beha? Zer uste duzu, urerat eroriko dela? Ala zure beldurra litake, gudarien erdirat espaka dadin, zure baimenik gabe?
AMA: Ez dezakela haurkeriarik erran! Hola, hola, zueri bieri kasu egiten, aski lan badiat!
XABIER: Ni ere saltsan sartzen nuzu?
AMA: Hi, ez haiz anaia baino hobeagoa. Izaitekotz pisa.
XABIER: Gure kexarazteko dute radio hori pizten. Atzo, nihaurek ikusi ditut beren berinaren idekitzen, guk ere adi ginezan.
AMA: Mintzaldi horiek ez dataie bihotza biziki kitxikatzen...
XABIER: Neri aldiz, odola kaldan zaut jartzen.
AMA: Ez dik balio berotzea. Ez eta norbeiten alde jartzea. Zer uste duk, Francoren alde naizela? Odol ixurtzearen kontra nuk!
XABIER: Nor da hasi, gu ote?!...
JENERALAREN MINTZOA: “Egun batez, adixkideak, beharko nitzaizue garbiki mintzatu. Eta Bilbotik gira ariko. Bainan orduan beharba, zuen hiri nausiak ez du orai duen itxura bera ukanen. Canterbury jaun Artxapezpikuak zonbeit nigar xorta ixuritan ere, gure soldadoek beren konduak egin nahiko baitituzte”.
XABIER: Ustela!
MINTZOA: “Adixkideak, Jainkoaren izenean heldu gira, gure Espaņa maitearen, arrano gorrien aztaparretarik salbatzerat! Guk nahi baitugu, gure Herria izan dadien zabal eta ospetsu, eta ez orai bezala zatikatua. Eskualdunek hobe dute orai berean amor emaitea, gu denen Ama den Espaņaren onetan. Guri jarraikiz, bide xuxenean izanen baitira eta holaxet ez baitute luzaz pairatzerik ukanen. Bainan, orai beretik diogu, guri asaldatzen eta jasartzen dena ez dela luzaz biziko; amor eman nahi ez duena, indarraz eta odolaz, behin betikotz errauts bilakatuko baita!
(Pausa)
XABIER: Eta guk Eskualdunek, amor eman behar duguia?
AMA: Nik ez zakiat. Nik, bakea diot galdetzen. Ez diat nahi odol ixurtze debalderik. Hi eta hire anaia, buru bero batzu zirezte: aitatar. Berdin, espartinak mantufla joan zintazkete gudukan artzerat. Gerla, gizon haundien arteko eztapada bat duk. Gu pobreak gituk, eta pobrek ez diuk ahalik gerlan sartzeko.
(Atean norbeitek joiten du)
LANGILEA: Agur!
XABIER: Oseba, nun zabiltz?
AMA: Anaia, nolaz heldu haiz gure ikusterat?
XABIER: Zuen herrian, zer berri? Jendea noren alde da?
LANGILEA: Denetarik baduk. Eta hemen, nola zirezte?
AMA: Orainokoan untsa.
XABIER: Goiz huntan abiatua zira handik?
LANGILEA: Bai.
XABIER: Badu beraz lau oren kurri zabilala?
LANGILEA: Gehiago. Bideak ihaurri dituk, eskapu doatzin jendez.
XABIER: Bainan zuen herriak atxikitzen du bederen?
LANGILEA: Ez zakiat zer gertatu den egun. Atzo segurik, gu gintian nagusi.
XABIER: Zertako jina zira beraz?
LANGILEA: Ainitz gauzaren beharra badiuk ihardokitzeko. Agur baten egiterat etorria nintukan.
AMA: Nahi duka baso bat amo? Zorigaitzez, ogia ez duk oraino arras erria.
LANGILEA: Nun da Patxi?
XABIER: Arraintzan.
LANGILEA: Arraintzan?
XABIER: Beha-zu, haren untzi-argia ageri da leihotik.
AMA: Bizi behar diuk.
(Pausa)
LANGILEA: Egia. Karrikari beheiti heldu nintzelarik aditu izan dut jeneral horren mintzoa. Nork du hemen, mintzaldi horieri kasu egiten?
XABIER: Etxeberria familiak. Gure auzoan bizi dira.
LANGILEA: Gau oroz pizten ditek beren radioa?
XABIER: Ez dira Francotiarrak; ez dute beren gatik pizten, hori balinbaduzu jakin nahi.
AMA: Xabier, zer erranen deat? So egiten duka leihotik?
XABIER: Ez da orainokoan segurik urerat erori!
LANGILEA: Patxik zer adin du?
AMA: Hogoi ta bi urte, abendoan.
LANGILEA: Eta Xabierrek?
AMA: Eskualde hunetan zerbait egin nahiz etorri haiz?
LANGILEA: Ez, ez.
AMA: Bazian aspaldi ez hintzala gure ikusten izana...
LANGILEA: Bi urte.
AMA: Nola doa Ana?
LANGILEA: Erromatismekin.
AMA: Pentsatzen nian bai, beharbada jinen zineztala gure ikusterat.
LANGILEA: Ana frango kexu zen, Inakiren entarramenduaren gatik. Erraiten zautan, jakin arazten ahal zinaukula. Dudarik gabe etorriko ginen zure senarraren ehorzketarat.
AMA: Denak hain laster pasatu dituk...
LANGILEA: Bainan xuxen, zer da gertatu?
XABIER: Tiro bat, bularrean.
LANGILEA: Nola?
AMA: Zerk harritzen hau?
LANGILEA: Bainan duela bi urte, hemen denak laņo ziren...
XABIER: Hemen ba. Bainan ez zen beldur izan, saltsa zen lekurat joaiteko. Oviedo hirian kolpatu zuten.
LANGILEA: Bainan nolaz joan zen harat?
AMA: Joan zian!
LANGILEA: Hemendik?
XABIER: Bai, kasetetan berria ikusi bezain laster.
AMA: Batzu Ameriketarat joan diren bezala, hura gerlarat joan zan. Erroek egiten duten bezala.
LANGILEA: Erran nahi duzu, errotua zela?
(AMA kanporat doa)
Izigarria izan duk, ez, horrentzat.
XABIER: Bai!
LANGILEA: Ez dik beraz ikusi ahal izan ere...
XABIER: Ikusi ahal izan du. Etorri da et hura zen idorrena. Kolpatu bezain laster, odola zariola atorra azpitik, norbeitek treinean sar arazi zuen eta bietan bidez kanbiaturik, nolazpeit gure herrirat jin zen. Eta iluntxeari buruz atea bri-brau idokiz, bizpahirur emazte manteletadun sartu ziren, otoitz batzu murmurikatuz, norbait itotzen delarik egiten den bezala. Ondotik, lau gizonek, angailetan, ekarri zuten aita eta lurrean pausatu. Geroztik, kexka bitxi horrekin bizi da.
LANGILEA: Zendako?
XABIER: Auzoko kalakariek kondatu baitzuten Amak igorria zela.
LANGILEA: Eta zinez horrek igorria zian?
(XABIERrek ez du arraposturik emaiten bainan bai bizkarra goititzen. AMA labeari buruz doa eta gero jartzen da eta lanean lotzen. LANGILEAk nahi du lagundu)
AMA: Ago geldirik eta txorta bat edazak! Hoin goizik jeikia izanki eta, pausa hadi poxi bat. Nahi duk gaua hemen pasatu?
LANGILEA: Ez. Gau huntan berean behar dut abiatu. Izaitekotz nahiago nuke ikuzi!
(LANGILEA jalitzen da)
AMA: Erran dauka zendako etorria den?
XABIER: Ez!
AMA: Zinez mintzo haiz?
(LANGILEA sartzen da)
Eta Irala jaun andere xaharrak beti bizi dituk?
LANGILEA: Ez da senarra baizik gelditzen.
(Pausa)
Baduk ainitz ez, hemendik joan denik Herriaren zaintzeko?
XABIER: Badira oraino gelditzen direnak.
LANGILEA: Gure Herriko gazteria segurik, antxu dena han duk...
XABIER: Hemendik ere, bakar batzu...
LANGILEA: Denek armak baitie?
XABIER: Ez denek ez!...
LANGILEA: Hori duk makurra! Memento huntan, armak dituk beharrenak. Ez zaizkitzue gelditzen eskualde hunetan?
AMA: Ez!
XABIER: Bai. Jende batzuk gorderik dauzkate, lur-pean, omen...
LANGILEA: A ba...
(XABIER leihotik baztertzen da eta mahainari buruz hurbiltzen)
AMA: Norat hoa?
XABIER: Nehorat!
AMA: Ago hintzan tokian!
LANGILEA: Zer gertatzen da?
AMA: Bainan zendako urruntzen haiz leiho hortarik?
LANGILEA: Norbeit baduk kanpoan?
XABIER: Ez!
(Kanpoan aditzen dira haur batzu kantuz)
HAURREK: Etxe hortako semia,
Baita beldurti aundia;
Beti itxasoan dago...
Gerlarat ez joaiteko!
AMA: (Leihorat joanez): Urde apotzirtzilak! Zoazte hemendik! Zoazte, bertzenaz, gorrituko ditiat zuen gibel-alde horiek...! (Itzuliz) Auzoko haur tzar horiek oraino...
LANGILEA: Errak, Xabier, lehen maite huen jokuan. Egin bagineza mus bat? Beti berdin gezurtaria haiz orai ere?
XABIER: Gezurtaria bainintzan?
LANGILEA: Uste nikek. Hean ba, has gaiten.
(Atean agertzen da gizon bat. GUDARIA da. Besoa oialez lotua du)
AMA: Sar zaite, sar, Eneko...
KOLPATUA: Errana zinautan, berriz jiten ahal nintzala, min himen lotzeko.
AMA: Bainan beti berdin gaizki duzu...
LANGILEA: Nola egin duzu hori?
KOLPATUA: Nere Aberria zaindu nahiz!
AMA: Zer zira holako zauriarekin lanean arizan aintzina?
KOLPATUA: Esku eskuinarekin bakarrik.
AMA: Bizkitartean debekatua ginautzen!
KOLPATUA: Egia bainan... Ez nintzen geldirik egoiten ahal. Ainitzek diote, etsaia laster hunarako dela!
AMA: Eta uste duzu hurbilduak direla?
LANGILEA: Ez. Ez zait iduritzen. Holakorik balitz, bertze moimendurik balitake hemen gaindi.
KOLPATUA: Alabainan.
AMA: Min egiten badautzut, errazu garbiki; ez naiz usatua... Bainan ahal bezain emeki ari naiz.
XABIER: Ez dira gure Herriaz jabetuko!
KOLPATUA: Ez dakiguk!
XABIER: Ba, badakigu!
KOLPATUA: Bainan gaixo anderea oraino bertze atorra bat urratu duzu nere gatik, ez zuen balio!
AMA: Zer zinuke nahi, piltzar bat ezar dezautzutadan?
KOLPATUA: Ez, ez. Bainan holaxet atorra baten desegiteko...
AMA: Beso hunentzat aski ukanen dut, bainan bertze horrentzat ez da errana...
KOLPATUA: Beraz bertzaldian beharko dut hobeki kasu egin! A! Arraio ustelak!
AMA: Eta beti gerla ari!
XABIER: Halere gu, arraintzarat bagoatzi.
AMA: Urus behar zinukete izan, gorputz guzia oso eta eder daukazuelakoan...
(Kanpoan arrabots eta soinu batzu aditzen dira)
LANGILEA: Horra guriak: “Eusko Gudariak gera”.
(Gau hau izanen duk izigarriena. Baniak segidan... Xabier, gure azken musa zian...)
AMA: Nork irabazi du?
XABIER: Horrek.
AMA: Ez duk beraz hemen lo eginen?
LANGILEA: Errana dautzut ezetz. Banoa...
AMA: Hire andreari egizkiok nere agurrak, eta erraiok nahi duelarik jiten ahal dela.
XABIER: Lagunduko zaitut, jelaraino...
LANGILEA: Ez dik balio.
AMA: Patxi nahiko huen ikusi, ez dea hala?
LANGILEA: Bai. Nahiko nuen. Bainan ez da oraino luzaz etorriko...
AMA: Ez diat uste. Urrun ditakek. Nahiz, nolazpeit gibelerat ekarrarazten ahal ginikek.
(Neska gazte bat sartzen da)
XABIER: Agur Manuela. Patxiren andre-gaia da. Nere osaba...
MANUELA: Patxi nun da?
AMA: Lanean!
MANUELA: Uste ginuen auzoko haur ttipiekin kaniketan ari zela...
AMA: Ez, Patxi ez da jostetan ari. Patxi arraintzan da.
MANUELA: Nolaz ez da gure eskolako biltzarrerat etorri... Arraintzariak ere baziren...
AMA: Ez zuen hor deus ikustekorik.
XABIER: Zer zen biltzarre hori?
MANUELA: Biltzarre hori beharrezkoa zian. Deliberatu diuk, ahal duten guziek, lehen bai lehen, gerlarat joan behar dutela, Herriaren zaintzeko. Hori bazinakiten. Patxiri ere jakin arazia ginakoian.
XABIER: Patxik hori jakin izan balu, ez zen arraintzarat joanen hortaz segur naiz. Zaude... Ikusten dut garbi. Zendako, ama, ez dakozu komisionea egin? Badakit orai nolaz den Patxi arraintzan!
LANGILEA: Arreba, ez zinuke holakorik egin behar...
AMA: Jainkoak dik eman ofizio bat gizoneri. Nere semea arraintzaria duk!
MANUELA: Ez balin baduzu nahi, jendek thu egin dezaten zure ate aintzinean, zoazi Patxiren billa eta igor-azu gurekin! Zoazi, otoi, bertzenaz herritar guziek erriz erakusiko gaituzte, gaixtagin batzu bezela, ez dugulakotz gure Aberria lagundu... Mugi zaite!, mugi zaite... Bainan, zer jende mota zirezte zuek!
AMA: Jende pobre batzu.
MANUELA: Euskal Gobernamenduak gazte guziak deitzen ditu Herriaren zaintzeko... Ez ote duzu hori irakurtu?
AMA: Irakurtu bai. Gobernuen berri badakit. Guziak berdinak dira. Egia aho guzietarik... Dakitana da, bide-ibaiak gure semen odolaz gorritzen eta gorrituko direla.
MANUELA: Herriaren salbatzeko emaiten den odola ez da debaldetan ixurtzen. Egun, odolaz behar dugu pagatu Aberriaren maitasuna. Badakit zuek duda mudetan zaudeztela... beldurrez eta herabez... Zuek bezalako jenden gatik gira orai kinka huntan... Zuen ahuleziaz baliatuz, gure etsaia urrats haundien egiten ari baita. Mola ustel hori buru!
AMA: Ez dut onartzen nere etxean hola mintza zaiten!
MANUELA: Zer zira, jeneralen alde?
XABIER: Ez. Bainan ez gaitu gudukan ikusi nahi.
LANGILEA: Alderdirik gabe beraz?
AMA: Badakit, nere etxeaz, nahi zinuketela herio ohantze bat egin... Patxi hila ikusi arte, ez dautazue bakerik emanen.
MANUELA: Bizkitartean, jendek erran zuten zure senarra lagundu zinuela Oviedorat joaiten...
AMA: Ixil zaite! Ez dut nere senarra lagundu. Gezurrak dire! Gezur zikinak... Jende plantako guziek erranen dautzute.
MANUELA: Ez zaitela asalda. Beti errespetu aundirekin mintzo gira zure senar zenaz, zinez balio gaitzeko gizona zen. Bainan sekulan ez nuen asmatuko, etxekoer erran gabe espakatu behar ukan zuela, ixilka, gauaz, Oviedorat joaiteko.
XABIER: Manuela, nere Aita ez zen espakatu...
AMA: Xabier, ixil hadi!
MANUELA: Errozu zure semeari gure arteko estekak autsiak direla. Eta ez duela geiago ni ikustean urruntzearen beharrik ikanen, beldurrez galda dezakotan, zendako ez den, izan behar lukeen tokian.
LANGILEA: Ez zinuen neska hori hola joaiterat utzi behar... Lehen, bertze gisa jokatuko ziren...
AMA: Ez nuk lehendanik kanbiatu. Beti berdina nauk. Bainan elgarren artean zin egina dukeie behar dutela Patxi gudurat igorri. Dena den, baniak haren xeka. Edo berdin, habil hi, Xabier. Ez, ago hemen, nihaur baniak. Laster arte.
(AMA jalitzen da)
XABIER: Patxiren xeka doa, orai, beldur baita Manuela ere haren billa joana dela...
LANGILEA: Errak, Xabier, ez haiz atzo sortu hetarik... Laster konprenitzen dituk gauzak... Beraz, erradak, nun dira?
XABIER: Zer?
LANGILEA: Armak!
XABIER: Aitarenak?
LANGILEA: Hemen nunbait ditazkek. Etxetik joaitean, ez ahal zitian berekin ereman...
XABIER: Armen xeka jina zira?
LANGILEA: Bixtan duk baietz.
XABIER: Ez dauzkitzu sekulan emanen. Gordeak ditu.
LANGILEA: Nun?
(XABIERrek erakusten dako nun diren gordeak eta LANGILEA heieri buruz abiatzen da bainan urrats batzu aditzen ditu)
LANGILEA: Ez haitela mugi!
(AMA eta APEZ BAT sartzen dire)
APEZA: Gau on Xabier! (LANGILEAri buruz itzuliz): Gau on!
AMA: Nere anaia,
APEZA: Urus naiz zure ezagutzaren egiteaz. Barka, otoi, andre, bainan serbitzu baten eske etorria naiz, egun ere. Bihar eguerditan, behar zinuke Etxegaray familiako haurrer jaterat emaiterat joan, ait’amek, suratekoan, bakarrik utzi dituzte.
AMA: Arta atxikiko dut. Zaude gustian.
APEZA: Nolaz etorri zare gure ikusterat? Aditu izan dut gauzak samintzen ari direla...
LANGILEA: Eta hemen, pausan dire...?
APEZA: Nola? A, ba...
AMA: Uste diat Jaun Apezak galde bat egin daukala. Zendako etorria haizen...
LANGILEA: Holaxet, agur baten egiterat...
APEZA: Untsa egiten duzu eta pentsatzen dut zure arreba kuraiaz beterik utziko duzula. Dakizun bezala, zerbait jasanik badu, azken denbora huntan...
LANGILEA: Agian aski indar ukanen du, ez etsitzeko...
AMA: Edazu kolpu bat gurekin, jaun Ertorra. (LANGILEAri mintzatuz): Ait’amek gudari diren familietan, apezak dik haurrez arta hartzen. Segur naiz, egun guzian harat eta hunat kurri ibilia zirela...
APEZA: Gero ta geiago gogoetatua nago nun atxemaiten ahalko dudan zapeta pare bat...
(Auzokoen radioa entzuten da eta AMA badoa berinaren hestarat)
APEZA: Utz-azu berina hori idekirik. Sartzen ikusi naute... Nahi lukete, armak eskuan, gudurat joan nadin, eta horrengatikan dauztate zonbait mintzaldi adi-arazten...
LANGILEA: Horiek poxolatzen zaituzte?
APEZA: Egia erran, bai. Halere uzten ahal duzu berina hori idekirik.
IRRATI MINTZOA: “Bainan ezagutzen ditugu gutaz kurriarazten dituzten gezur guziak. Hain segur ere ez dugu gorriek bezanbat diru emaiten Canterbury jaun arxapezpikuari. Nahi ginuke jakin-arazi jaun horri ezagutzen ditugula adixkide dituen gorriek hil-arazi hamar mila apezen izenak...”.
(LANGILEAk eskaintzen du APEZAri erre-belar bat)
“Beharrik gure xeden bururatzeko ez dugu holako Apezpikuen laguntzaren beharrik. Aski zaizkigu zonbait aireko on. Eta gidari: Franco eta Mola jeneralak”.
APEZA: Eskerrak Jaunari, Etxeberriatarrek berek ez dituztela mintzaldi horiek burutik buru entzuten ahal. Hiru lerroen aditzea aski zaiote... Ene iduriko, gisa hortako solas aldiak ez dira ainitzez onartuak...
LANGILEA: Bizkitartean Erromak ere gezur bertsuak zabaltzen omen ditu...
APEZA: Ez dakit. Pentsatzen dut ez dela Elizaren egitekoa erraitea xuria beltza dela eta beltza xuria!
LANGILEA: Uste nuke!
AMA: Nere anaia eskualdun armadan da...
APEZA: Zoin eskualdetan?
LANGILEA: Bilbon...
APEZA: Itsuskeri gaitzak badire ez, han?
AMA: Nere anaiak ez nu Eskualduntsa behar bezalako batentzat hartzen. Nahi luke Patxi utz dezatan gerlarat joaiterat.
APEZA: Adi nezazu Andre. Nere kontzientziaren eta arimaren araberan iduritzen zaut, ongi egiten duzula semeen zure ondoan atxikitzea. Badakit, ainitz apez fermuki mintzatu direla gure gobemuaren alde. Bilboko hemezortzi diosesetarik hamazazpik hori jakin-arazi dute. Zer nahi apez bada gerlan. Zonbait jada hilak. Bainan ni ez naiz gudaria. Jainko Jaunak ez daut dohain berezirik eman, nere herritar girixtinoen goraki gudurat deitzeko. Jaunaren manamenduari segitzen naiz: “Nehori ez duzu bizia kenduko!” Ez naiz aberatsa. Ez naiz komentu aundi baten jabe... Dutan poxia nere heineko jendekin partikatzen dut. Agian nere erranak behar bezala ulertzen dituzu...
LANGILEA: Ba, segur... Bainan ez zait iduri halere eskuak garbi egoiten ahal ziren. Entzun nezazu: etsaiak kolpaturik hiltzerat doan gizon baten aldean balin bazira eta hunek bere burua salbatu nahi badu, zer erranen dakozu: “Nehori ez duzu bizia kenduko?”. Ez ote duzu uste hola mintzatuz, zuk ere, zure maneran, parte hartzen duzula guduka hortan? Otoi, ez dezazula gaixki har, nik errana.
APEZA: Mementoan, herriko goserian dut parte hartzen.
LANGILEA: Eta zure ustez, nola ardietsiko dugu berriz, egun oroz otoizten duzun Jaungoikoak igorrikako gure eguneko ogia?
APEZA: Ez dakit. Egiten ahal duten guzia da: otoitza.
LANGILEA: Zu otoitzean ari zirelarik ditu Jainkoak jatekoz beterik heldu zauzkigun untziak gibelerat igor-arazi!
XABIER: Egia diozu? Ama, untziak gibelerat joan dira!
LANGILEA: Eta ba! Hori duk alderdirik gabe izaitea! Eta zu, jaun Ertorra, ez zare nehoren alde? Ez duzu Eskual izaitea salbatu nahi?
APEZA: Eskual izaitea salbatu nahi dut bainan ez dut onartzen, anaiak anaia hil dezan.
LANGILEA: Espanol faxista ez da gure anaia!
APEZA: Jainkoaren aintzinean denak anai gire!
LANGILEA: Utz-azu Jainkoa bere gisa. Gizonaz naiz mintzo! Euzkadik behar ote du bere gaintasuna saldu, odol ixurtzerik ez dadin izan? Bainan jaun ertorra, nor da hasi? Ala, jeneral etsai horiek gure Herria desegin dezaten onartzen duzu?
APEZA: (ESKUAK ALTXATUZ) Ez dut onartzen!
LANGILEA: Ez zaitela mugi. Atxikazkitzu eskuak airean. Posizione bera omen zuten Badajoz-eko bortz mila herritarrek, etxetarik jali-arazi dituztelarik eta karriketan, tiroka guziak garbitu...
AMA: Anaia; nola erraiten ahal dituk gauza horiek?
LANGILEA: Gauza horiek baitautate bihotza unki! Eta beldur bainiz gure aldia ere hurbiltzen ari dela! Eta oraiņo nahi zinukete zuek, eskuak garbi egon. Errekatik heldu den ur freskoan zuen eskuak ikuzi! Bainan errekako ur freskoa da orai gure Herritarrek ixuri odol beroa!
AMA: Ago otoi ixilik...
APEZA: Utz-azu... Memento latzgarri hotan, gogoak ardura sutan dire. Berriz bakea etorriko delarik, bertzela ikusiko dituzu gertakari hok.
LANGILEA: Bainan iduritzen zaut betikotz lur huntarik kasatuak izan behar dugula; gaizkirat ekarriak giren po pulu bat girelakotz!
APEZA: Nork erran du hori?
LANGILEA: Radioko jeneral horrek. Ez duzu entzun duela zonbait denbora? Jes, ez duzu naski behar bezala kasu egiten horien erraneri.
APEZA: Peuh; jeneral hori...
LANGILEA: Ez dezazula erran: “Peuh, jeneral hori”. Jabe giren gure lurretarik kasatzeko; jeneral horrek ekar-arazi ditu Espania Behereko jende errebesenak, Moroak, Italiano eta Alemanak!
AMA: Egia erran, ahalgingarri da, zonbait ez baitira sosarentzat baizik gerlan ari!
APEZA: Ez zait iduri denak sosaren gatik ari diren. Batzuk —segurik borondate oneko gizonek— nahi dute Espania izan dadien bat, buruzagi girixtino baten meneko!
LANGILEA: Nor deitzen dituzu zuk, borondate oneko gizonak? Gu Eskualdunak, ez ote gare egiazko girixtinoak? Soberaxko kasu egiten duzu hitzeri jaun ertorra... Mementoan alderdirik gabe zare, ez baitakizu oraino gudua nola akabatuko den. Bainan zerbaitez segur naiz: bihar; irabazi duenaren alde izanen zirela. Beti mementoko azkarrenarekin!
(APEZA ixilik dago eta erloiari behatuz)
APEZA: Barkatu, bainan joan behar dut Etxegaray familiako haurrak nere beha daude.
LANGILEA: Badakit presatua zirela. Halere nahi dut joan aintzin beha dezatazun: eskuak hutsak ditut, deus ez dut nere buruaren zaintzeko... etsaiak aldiz...
APEZA: Gizonak, eskuak hutsik jin garela mundurat, hori denek badakigu! Kreatzaileak ez dauku, amaren sabeletik jalitzean arma bat eskuan ezarri. Ezagutzen dut doktrina bat zoinen arabera munduko miseria guzia heldu den, arraintzari ta langileek —langilea zira naski— ez baitute besorik baizik beren eguneko ogiaren nolazpeit biltzeko... Izkirio Sainduetan ere, ez da nihun ikusten mundu hau perfeta dela. Izaitekotz, miseriaz, bekatuz eta zuzengabekeriz betea da. Dohatsu beraz, mundu huntarat igorria izan dena, zorigaitzez, armarik gabe, bertze mundurat igaiten bada, eskuan armarik atxiki gabe!
LANGILEA: Ederki mintzo zira, jaun ertorra. Deus ez dut solasaldi zentzudunen kontra. Bainan gure auzia ez da jakitea nola utziko dugun mundu hau! Eta nola utziko dugu xutik: gure bizi guzian herrestan ibiliak bagira, lur idor harritsuari atzaparka loturikan? Diozu, mundurat etorri zarela eskuak hutsik! Bainan orai ez dire gehiago hala! Duzun sotana, gizon eskus egin makina aundietan josia izana da. Zure Jainkoak igortzen daukun galerna bakotxean gure untzi xaharrak undatzen dira. Untzi aundiak aldiz, ederrik daude! Gizon eskuek egin makina baliosenak, gerlan artzekoak dira. Zaude gustian, jaun ertorra, ttipiak ttipi egonen gira, eta eskuak armarik gabe. Bakarrik Franco jenerala gain gainetik armatua da eta ez da segurki mundu hunen uzteaz mintzo! A! egin baleza bederen, Espania guziak armak lurrerat bota lezake! Behazu!, zer bildu dutan unatekoan...
XABIER: Ikusten duzu ama, erraiten dute denak suntsituko dituztela!
AMA: Ez dezaketek egin!
LANGILEA: Bai. Egin dezakete. Zer diozu zuk, jaun ertorra?
XABIER: Bai.
APEZA: Uste dut, teknikaren aldetik, aski ahal baduten. Bainan ontsa konprenitu badut, beldurra dute bakarrik gu baitan sarrarazi nahi. Ez dut uste hortarako diren.
LANGILEA: Diozu beraz ez dela bonbardamendurik izanen?
APEZA: Ez da hor mehatxu bat baizik...
LANGILEA: Ez duena segidarik ukanen?
APEZA: Ez!
AMA: Diote odol ixurtzeak nahi dituztela ezeztatu, ez bagira heien kontra asaldatzen...
XABIER: To, orai jeneralek odol ixurtzerik ez nahi!
AMA: Emen izkiriatua duk: armarik artuko ez duena, salbatua izan da.
LANGILEA: Nahi dautzut oraino bertze galde bat egin jaun ertorra: uste duzia eskuan armarik artuko ez duena, zinez salbatua izanen dela?
APEZA: Denek diote Franco jenerala arras atxikia dela girixtino urratseri...
LANGILEA: Beraz ez da dudarik, bere hitza atxikiko du...
APEZA: Behar du atxiki!
AMA: Gudukan ariko ez denari, ez zaio deus gertatuko!
LANGILEA: Jauna; barkatu ez dut ezagutzen zure izena...
APEZA: Inaki.
LANGILEA: Inaki jauna, errealki, ez nautzun galdegin nahi zure arabera zer egin behar lukeen Franco jeneralak, bainan bai zer eginen duen. Ontsa konprenitzen nuzu?
APEZA: Bai.
LANGILEA: Mintzo nitzaizu, zinez girixtino xinple den presuna bati bezala, zeren zuaurek erraiten zinaukun, ez zarela komentu aundi baten jabe, eta nahi nuke beraz egia osoa erran dezaguzun, hil ala bizi. Zeren, nahi ala ez, kinka ortan gira...
APEZA: Segi, segi, untsa aditzen zaitut...
LANGILEA: Beharba zure ihardespenean laguntzen ahal zaitut, orroitaraziz zer gertatu den Malagan.
APEZA: Badakit zer erran nahi duzun. Bainan segur zarea, ez zela bertzen aldetik ihardokimendurik?
LANGILEA: Ba ahal dakizu berrogoi-ta hamar mila jende, gizon, haur, emazte, xekatuak izan direla, Franco jeneralaren gerla tresnez.
APEZA: Izan ditake, berri faltsu bat den...
LANGILEA: Apez tirokatuena bezala...?
APEZA: Apez tirokatuena bezala.
LANGILEA: Beraz Malagan ez da berrogoi-ta hamar mila hilik izan?
(APEZA ixilik dago)
LANGILEA: Etxe untako jendek ez dute beren eskua Francoren kontra altxatzen. Beraz ez dute deusen irriskurik.
APEZA: Guziak gizon-gisa jokatuz...
LANGILEA: Beraz, guziak gizon-gisa jokatuz?
APEZA: Ez zinuke bederen nahi, berme izan nadin? Ez, naiz profeta!
LANGILEA: Galdegiten dautzut bakarrik, jaun ertorra, heian nere arraba eta nere ilobak leku segurrean direnez?
(APEZAk ez du ihardesten)
LANGILEA: Iduritzen zauku zure ihardespena konprenitua dugun. Gizon xuxena zira.
(APEZA ateari buruz doa)
AMA: Jateko poxi bat ere joanen dakotet. Milesker, zure ageraldiaz.
XABIER: Aditzen duzu zer erraiten dakoten goizetik arrats... Bainan ez zaitela armarik gabe abia!
LANGILEA: Nun dira? Laster...
XABIER: Bainan segidan gibilerat heldu da.
LANGILEA: Armak kanpoan behar ditiuk ezarri, leioaren aintzinean. Hor artuko ditiat joaitean...
XABIER: Nere aitak ez du Euskadi ezagutu. Bainan halere arras Euskotarra zen. Armen ondoan, beha-zu, euskal ikurrin bat ezarria zuen.
LANGILEA: Atsulutuki hok behar nintian.
AMA: Utz-kitzue arma horiek beren tokian. Zer hintzan horien xeka jina...?
LANGILEA: Bai. Arma hauen beharra badugu! Ez ditugu gure esku hutsekin, geldi araziko jeneral horiek!
XABIER: Ama, orai badakizu zertan giren... Jaun ertorrak berak erran dautzu...
AMA: Armen xeka jina bahiz bakarrik, ez dik balio gehiago idurika dezakan. Eta ez balin banuzue bakean utzi nahi etxen, nere haurrak artzen ditiat eta baniak...
LANGILEA: Bainan so egina duzu gure Herriari? Azita autsi baten gainean bagine bezala bizi gira. Hauskura, itsasoa da eta azitaren bazterretan aldiz Francoren kanoiak eta bonbak gure beha dagotzi... Ala zer nahi zinuke zure burua bota kanoien muturrerat?
AMA: Ez dituzue arma horiek ukanen. Ez ditakek ahal!
XABIER: Behar dazkotzu eman, ama. Bertzenaz xoko hortan, ez dira herdoilduko baizik.
AMA: Xabier, ixil adi. Zer konprenitzen ahal duk hik?
LANGILEA: Terexa, ez duzu dretxorik zure senarraren armen atxikitzeko!
AMA: Dretxo edo ez dretxo, ez ditiat emanen! Ez diat onartzen nere etxean sar zirezten eta hemen har, nere baimenik gabe, nereak diren edozoin gauza.
LANGILEA: Ez zinen bortxatua gauza horien hemen atxikitzea. Zure semearen aintzinean ez dautzut erran nahi zer pentsatzen dutan zutaz eta zer pentsa lezakeen zure senar zenak bizi balitz. Hura ez zen beldur izan gerlarat joaiteko... Badakit zure haurren gatik duzun beldur izigarri horrek burua galarazten dautzula. Bainan ez dugu astirik orai xehetasun horietan sartzeko...
AMA: Zer erran nahi dute solas horiek?
LANGILEA: Ez naizela hemendik joanen, armarik gabe. Hortaz segur izaiten ahal zira!
AMA: Beharko nauk beraz hil!
LANGILEA: Ez dut holakorik eginen. Ez naiz gero ni Franco! Patxirekin mintzatuko naiz eta pentsatzen dut ukanen ditudala...
AMA: Patxi ez duk jinen!
LANGILEA: Bainan zuhaurek deitua duzu.
AMA: Ez diat deitu! Ez diat nahi ikus hezan...
LANGILEA: Dudatua nintzan. Bainan nik ere mihi bat badut... Aski zaut itsas bazterrerat joitea... lehen oihua entzun ordu, nere ganat etorriko da. Untsa ezagutzen dut Patxi. Ez da herbail bat. Ez duzu zurekin atxikitzen ahalko!
XABIER: Eta ni ere, zurekin etorriko naiz!
AMA: Uzkik nere haurrak bakean. Errana dakoteiat, urkatuko naizela, norapeit johan badira. Badakiat, Jainkoaren begien aintzinean, gauza hori egin eta, betikotz galdua izanen naizela. Bainan ez dezakeiat bertzela egin. Nere senarra hil zelarik, segidan jaun ertorraren ikusten izan nintian, beharrik, bertzenaz uste diat jada urkatua izanen nintzala. Jakin-zak gure bizia ez duk beti atsegingarri. Ez duk arratx zorigaitzen jasaitea. Bainan ez dituk gauzak armen bidez ontzen; izaitekotz mintzen. Hortaz ohartu nuk, nere senarra etxerat ekarri dautatelarik eta lurrean pausatu. Ez nuk jeneralen alde eta ahalgegarri duk jendek hori erran dezaten neretzat. Bainan geldirik banago eta nere erranei kasu egiten balin badiat, experantxan nagok ez zaikula deus gertatuko. Ez diat gauza aundirik galdatzen. Bakarrik, hortxetako euskal ikurina hori aldara dezazuen, begien aintzinetik, nehork ez dezan deus ezagut. Aski zorigaitz badiuk holo hola...
(Ikurina urratzen du)
LANGILEA: Hobeago izanen zen, urkatu bazine!
XABIER: To, Etxeberria Anderea, hunat heldu...
LANGILEA: Nor dira jende horiek?
XABIER: Jende bihotzdun batzu. Horiek dute arrats guziz beren radioa pizten. Joanden astean, horien alaba, gudarien erdian, hil izan da.
(ANDERE XAHAR BAT sartzen da)
ANDEREA: Zuen ikusterat jiteko, jaun ertorra joan zadin, idurikatu dut. Heldu naiz, nere etxekoez zuekin solastatzerat. Ez dut xuxen atxemaiten zonbait gaixtakeria egin dezautzuegun, ez zireztelakotz gure gogo bereko. (JARRIZ). Zure semeentzat beldur zira... Jendek ez dakite xuxen, zoin idor den egungo egunean, haurren behar bezala altxatzea... Nihaurrek zazpi ukan ditut. Orai, Inez hil geroz, ez zaut ainitz gelditzen. Biek ez zuzten bortz urteak ere bete. Mila zortzi ehun eta lauetan hogoi ta hemeretziko goseteak ziren. Antton ez dakit nun den ere. Haren azken letra Ameriketarik heldu zitzaikun. Mariana berriz, Madrilen dago eta ez hain gustian... Guri, xaharreri iduritzen zauku, gure ondotik sortu direnak, gu baino ahulagoak direla...
AMA: Bainan Pernando hor duzue...
ANDEREA: Bai.
AMA: Barkatu. Ez zinitudan kolpatu nahi...
ANDEREA: Ez du balio barkamendu galdatzea. Badakit ez ninduzula kolpatu nahi.
XABIER: Francorekin da...
ANDEREA: Ez gira sekulan Pernandoz mintzatzen geiago. Behazue, ez duzue gure familia konprenitzen ahal, ez balin baduzue senditzen zer pena dugun Ines galdurik.
AMA: Denek biziki maite ginuen Ines. Patxiri irakurtzen ikasarazi zion.
XABIER: Eni ere!
ANDEREA: Diote Francoren alderdikoak zireztela. Bainan beti erraiten dut ez dela egia. Ba ahal dakigu guk, aberats eta pobren erdian badela desberdin aundia!
AMA: Ez dut nahi nere semeak soldado bilaka diten. Ez dira abere hil-tokirat eremaiten diren kabala batzu.
ANDEREA: Badakizu; beti gauza bera erraiten dut: pobrentzat ez dela bizi segurrik. Erran nahi baita, alde bat edo bertze, beti joak direla... Eta joak diren horiek dira hain xuxen pobreak deitzen. Pobre horiek, Andre, beren zuhurtzia guziak ez dezazke salba! Ines, gure haurretarik maltxoena zen. Bazinaki zer ikusi zuen nere senarrak hari mainatzen ikas-arazteko...
AMA: Uste dut oraino bizi izaiten ahal zen.
ANDEREA: Bainan nola?
AMA: Nork bortxatzen zuen, zuen alaba errientsa, armak arturik, jeneralen kontra gudukatzerat?
LANGILEA: Zoinak, Aita Sainduaz beraz pagatuak baitira.
ANDEREA: Erraiten zuen errients nahi zuela egon.
AMA: Eta ez zen gustian egoiten ahal, bere herriko eskolan, kasu egin gabe zer ari ziren jeneralak?
ANDEREA: Mintzatu gira harekin. Gure alaba errients zadin, nere senarra zazpi urtez pipatu gabe egon da. Denbora berean Inesen anaiek ez zuten esne xortarik ukaiten. Eta erraiten zaukun ez zezakela gehiago haurreri ikas-araz bi eta bik bortz egiten dutela eta Franco, Jainkoak igorria dela.
AMA: Patxi heldu balitz eta erraiten balaut Franco hor delakotz ez dela gehiago arraintzarat joaiten ahal, bi hitz erran nezaizkio eta begiak idok. Francok galtzen balin badu, bertzeak berdin hor izanen dira gure aintzina turrintzeko...
LANGILEA: Armak balin baditugu, ez zaiote hain errex izanen.
AMA: Beti armak! Beraz beharko dugu oraino ere borroka arizan?
LANGILEA: Nor da borrokaz mintzo? Norbait oldartzen bazaitzu, bi eskuak sakelan egonen ote zira? Gu girea Madrileri buruz abiatu ala Mola jenerala da, Euskadido mendien barnean sartu? Azken bi urte autan, experantxa pitta bat ukan dugu, doi doia argi haste bat, goiz alba. Bainan orai, berriz gau ilunari buruz bagoatzi. Hemendik goiti, errientsek ez dute gehiago erraiten ahalko bi ta bik lau egiten dutela. Eta hori erran dutenek ere suntsitu behar dira. Ez duzu entzun gaur, behin betikotz erraztatu beharrak gaituztela lur huntarik?
AMA: Bakarrik, armak artuko dituztenak! Bainan zendako heldu zirezte guziak, nere ikusterat nahiz eta sinets ditzadan zuen erranak? Ez ninteke zuek denekin mintza. Nere semeek behatzen dautate poliziakoa banintz bezala. Nere labea hutsa balin bada, ikusten dut horien begitartean nere hutsa dela. Eta bihar bonbek xehatzen bagituzte, usteko dute nik eror araziak nintuela. Zendako apeza ixilik dago? Haren da zerbaiten erraitea. Erro batentzat hartzen nuzue, uste baitut jeneralak gizonak direla. Gizon idorrak dudarik gabe; bainan halere, lur-ikara batekin baino segurrago mintzatzen ahal da horiekin. Eta zendako jin zira gutarat, andere Etxeberria? Ixtorio borien guzien kondatzeko? Zer uste duzu ala, kondatu dauztazun horiek guziak ez nazkiela? Zure alaba hil da. Orai nere semen aldi. Hori duzu xekatzen, ez dea hala? Nere etxen sartzen zira uxer bat bezala, bainan nere zorra jada pagatua dut!
ANDEREA: Ez zinitudan kexarazi nahi! Ni ez naiz nere senarraren gogo bereko. Harek dio poxi bat botxarazi behar zaitugula. Zure senarraz orroitzapen on bat atxiki dugu eta hemendik aintzina bakean utziko zaitugu, barkamendu galdatuz egin gaixtakerientzat.
(Jalitzen da, keinu bat eginez LANGILEAri eta XABIERri)
AMA: Izigarriena duk, nihaurek pentsatzen ez ditudanak ere erranarazten baitazkidatzue. Bizkitartean ez nuk Inesen kontra.
LANGILEA: Bainan bai, Inesen kontra zira. Ez duzu Ines lagundu, beraz haren kontra zinen. Erraiten ere duzu, ez zirela jeneralen alde. Hortan ere ez zira xuxen, nahi ala ez. Ez balinbagituzu gu laguntzen, heien alde zira. Memento hautan ez zira alderdirik gabe egoiten ahal.
XABIER: Ikusten duzu, Ama, osabak arrasoin duela!
(AMA, armen untziaren gainean jartzen da)
Zer, armen untziaren gainean jartzen zira? Bainan, otoi, Ama, adi gaitazu, armak behar dauzkutzu eman!
AMA: Xabier, hobe huke zintzatzea!
XABIER: Ama, nahi dut osabarekin joan! Ez dut xerri bat hiltzen den bezala, hila izan nahi. Ez ahal dautazu gudurat joaitea debekatuko, pipatzea egin dautazun bezala! Txomin ni baino gazteago izanki eta jada han da. Mikelek bizia emana du gure Aberriarentzat. Ez dut hemen egon nahi. Joan behar dut, banoa... Banoa.
AMA: Ez dezakela haurkeriarik erran!
LANGILEA: Ez dira haurkeriak.
XABIER: Errozu Ernezto Endeizari nere itsas untzi ttipia emaiten dakotala. Zato, osaba!
AMA: Ago hemen.
XABIER: Ez, banoa. Seme baten beharra baduzula, paso, bainan ez biena. Banoa beraz.
AMA: Patxi arraintzarat igorria diat, ez arrain beharretan naizelakotz, bainan ez dadien bertze nehorat joan. Eta hi ere etxen egonen haiz. Pipatuko duk eta arraintzarat bakarrik joaiten ahalko haiz. Artetan, aita zenaren untzia ere emanen deat.
XABIER: Utz-nezazu.
AMA: Xabier, ago hemen!
XABIER: Ez! Banoa. Laster, osaba, armak har-kitzu.
AMA: Ai!
XABIER: Zer duzu?
AMA: Utz nezak... Berdin berdin zauk zer nahi gerta zautan. Habil. Hire amari segurik irabazi duk.
XABIER: Bainan ez dut konprenitzen zer gertatzen zautzun. Ez dautzut deus egin. Ez gare borrokatu.
AMA: Habil, habil...
LANGILEA: Nahi duzia hezurra lekuraz?
AMA: Ez! Nahi diat joan hadin! Jali hadi etxe huntarik! Patxi eta Xabierren ene kontra altxarazteko etorri haiz hunarat, nere gainerat jauntzin dezaten!
XABIER: Horra, horren gainerat jauntzin dut orai!
AMA: Gaixtagin bat bilakatuko haiz. Eta zendako ez dautazie hartzen labean gelditzen zautan ogi poxia? Edo bertzenaz mahain zangoari estekatzen? Biga bazirezte!
LANGILEA: Baduzia aski erranik?
AMA: Patxi zuek bezain erroa duk. Bainan ez diat uste hoin bortizki jokatuko zen, amaren alderat. Jakin zazue, harekin ukanen ditutzuela egitekoak!
(Bet betan xutitzen da eta leihoari buruz badoa, maingurik egin gabe)
XABIER: Behazu, osaba, ez du zangoan min!
AMA: Ez dakit zergaitik, ez dut Patxiren untzi-argia ikusten...
XABIER: Nolaz nahi duzu, ez dadien geiago hor izan?
AMA: Haugi behatzerat, ez diat deus ikusten...
XABIER: Egia. Ez da geiago ageri. Azken aldikotz ikusi dutalarik itsasoan han harat joana zen. Banoa porturat.
LANGILEA: Hain segur ere etxerat heldu ditake...
AMA: Bainan ordian, argia ikus ginezakek.
LANGILEA: Zer gertatzen da?
AMA: A! Horra. Badakiat. Manuelak untzi bat artu dik eta haren billa joan duk!
LANGILEA: Ez dut uste...
AMA: Ba, ez duk dudarik, haren xeka joan dituk. Aintzinetik asmatua ziteian beren jokua. Arratsalde guzian, banazka banazka hunarat etorri dituk, ez nezan astirik ukan Patxiri kasu egiteko! Hiltzale batzu dituk denak.
LANGILEA: Apeza segurik, ez dut uste heiek igorria zen, gaizua!
AMA: Ez die barkatzen, guziak berekin ereman arte!
LANGILEA: Bainan ez ahal duzu uste Patxi gudurat joan dela?
AMA: Nere semea hil die, bainan ez dik heiek baino geiago balio. Gauaz etxetik espekatzen zian... Ez diat geiago ikusi nahi.
LANGILEA: Terexa, ez zaitut batere konprenitzen. Zure semeari gudurat joaitea debekatzen badiozu, egintza hori harentzat ezin onartua eta kalterik aundiena eginen dakona da.
AMA: Ez diat nere gatik gudurat joanarazi gabe geldi arazten.
LANGILEA: Guretzat, ez gudukatzea ez da ez gudukatzea, bainan bai jeneralen alde gudukatzea.
AMA: Hori egin badaut eta eni erran gabe Euskal gudarien erdirat joan balin bada, madarikatua izan dadila! Airekoen bonbek jo dezatela! Tankek lehert! Ikus dezala Jainkoak ez duela onartzen Hartaz trufa gaiten. Eta pobre bat ez dela jeneralen kontra gudukatzen ahal. Ez duk munduan ezarri, gizonak idurika ditzan, sasi gibelean, arma bat eskuan! Mundu hau zuzen gabekeriz betea balin bada, ez diot nik erakutsi gizon ttipi izaiten. Etxerat heldu bada, ez dakot atea idokiko. Eta ez zaio aski izanen neri erraitea jeneraler irabazi duela nik atearen idekitzeko. Erranen dakot, etxe aintzinerat etorri bezain laster, ez dudala nahi nere etxean, eskuak odolaz gorrituak dituen norbait sar dadin. Nere bihotzetik kenduko dut, gangrenaz jo zango bat mozten den bezala. Bai, eginen dut. Nere familiako bat, jada, ekarri zautaten. Harek ere erraiten zuen xantza alde zuela. Bainan ez dugu xantzarik. Beharba hori konprenituko duzue, jeneralek guziak suntsitu aintzin. Ezpataz baliatzen dena, ezpataz hilen baita.
(Ate ondoan mintzo batzu entzuten dira, eta gero HIRU EMAZTE manteletadun sartzen dira, otoitz batzu murmurikatuz. Murruari kontra dagotzi. BI ARRAINTZARIk oihal baten barnean ekartzen dute PATXIren gorputza. XABIER xuri xuria dago. EMAZTEk goititzen dute beren botza. ARRAINTZARIEK kondatzen dute LANGILEAri zer den gertatu)
LEHEN ARRAINTZARIA: Itsas untzi aundi bat portuari buruz etorri da. Tirokada bat aditu dugu. Bertzerik deus.
AMA: Ez da posible. Ez ditake izan. Ez da egia. Arraintzarat joana zen...
LANGILEA: Hain segur ere, ez du pairatu...
AMA: Patxi!...
(Pausa zazue, taula horien gainean)
LANGILEA: Patxirenaz bertzalde, ez zen bertze untzirik itsasoan?
LEHEN ARRAINTZARIA: Ez, Patxi, ur-hegian, bakar bakarrik zagon.
BIGARREN ARRAINTZARIA: Ez dakote galde bat ere egin. Untzi ttipia ikusi bezain laster, Francotiarrek gaixo mutikoa garbitu dute.
LANGILEA: Arraintzan zela bakarrik ari, ikusi ahal izan dute...
BIGARREN ARRAINTZARIA: Segura. Bainan...
LANGILEA: Patxik ez deitea oihu bat egin?
BIGARREN ARRAINTZARIA: Adituko nuen.
AMA: Gapelua da hobendun!
LEHEN ARRAINTZARIA: Nolaz hori?
AMA: Eskualdunek dituzte gapeluak ibiltzen...
LEHEN ARRAINTZARIA: Bainan ez da hori arrazoin bat gapeludun guzien garbitzeko...
AMA: Bai. Ez dira gizonak. Abere bilakatu dira. Etsai ustel madarikatuak! (EMAZTEri). Galdatzen dautzuet, etxerat itzul zaitezten. Badut ainitz egiteko eta bertzenaz ere, ez naiz bakarrik, anaia onduan dut.
LEHEN ARRAINTZARIA: Untzia, portu xoko batean estekatua dugu.
AMA: Oxtian, ikurrin bat urratu dut. Bertze bat ekarri daudate.
(Arrabots batzu kanpoan)
XABIER: Zer da hori?
LANGILEA: Arrotz etsaia herrian! Banoa segidan!
AMA: Jalizkitzue armak. Xabier, bezti hadi. Ogia ere erria duk.
XABIER: Zer zira, zu ere, gurekin heldu?
AMA: Bai, Patxirentzat!
1968ko abenduaren 11n
Jean-Louis Lafitteren laguntzarekin
Bertolt Brechten arabera.
Daniel Landart