Aurkibidea
Hirugarren eszena
Biak lurrera begira.
antton: Barkazak...
josu: Hau zer zuan, Amezketako listuaren ordaina? Hondorik gabeko putzua duk mendeku gosea.
antton: Ez diat inor jo azken hamar urteotan, sinestu iezadak. Hasi berritan bai, manifetara bidaltzen nindutenean. Nire instintoak menderatzen zorrotz ikasi behar izan diat.
josu: Izaten erakusten digutena baino askoz hobeak gaituk gizakiak. Hik ez huen otzana izaten ikasi beharrik, bahaiz eta. Hik ez duk inor torturatzeko balio. Hori ezin duk ikasi.
antton: Aginduak ematen bazekiat ordea, beste guztiei nire kargua errespetarazten ondo ikasi diat.
josu: Agintzea babes eskasa duk erruaren arra barruraino sartzen denean. Lehen etan jende asko gintuan, buruzagiak, frenteak, komandoak, almazenistak, pisuak uzten zizkigun jendea, garajeen jabeak, informatzaileak. Hiltzeko orduan ardura banatu egiten zuan denon artean. Orain ez. Orain gutxi gaituk, eta pisu astunagoa geratzen duk bakoitzarentzat.
antton: Erruaren bakardadea... ezagutzen diat. Hogei urteotan, gutxi asko, hi kontrolatuta edukitzea izan duk nire lana. Hemen hago. Amaitu duk dena. Baita nire epoka ere. Orain datozen gazteei robokop-generation deitzen zieagu. Guk bagenian Euskadiren ideia bat, justiziaren ideia bat, arerioak ere anaitzat hartzeko joera bat.
josu: Gauza bat argitu nahi diat. Lehen aipatu dituk herri batzuk...
antton: Ni hire peskizan jarri nindutenerako hik baheramatzan urte batzuk sasian. Bi urte behar izan nizkian hire lehenengo aztarrenak aurkitzeko. Uztaritzen hengoen, Piarresen etxean.
josu (harrituta): Ez. Nahastu egingo hintzen.
antton: Sarak eraman gintian hiregana. Berak jakin gabe, noski.
josu: Ez duk posible. Gure segurtasun neurriak infalibleak zituan. Hiruna aldiz igarotzen zuan hiru puntu desberdinetatik. Eta puntu bakoitzean gure gizon bat zegoan zelatan.
antton: Ezin dizkiat gure teknikak esplikatu. Batzuetan gure gizonak zituan, boulangerietan eta holakoetan kolokatzen genizkian, edo mendizale itxurarekin ibiltzen zituan. Bestetan zuen lagunen bat erakartzen genian. Frogak erakutsiko diat.
anttonek argazki bat proiektatzen du pantailan. Bertan, leiho batetik sukalde barrua ikusten da: josu eta sara irribarretsu elkar besarkatzen. Leihoko markoan “Piarresen Etchea” irakurtzen da, edo antzeko zerbait.
antton: Zenbat etxetan bizi izan haiz guztira?
josu: Buf... ez zekiat, berrogeiren bat edo... Baina lehen erratu egin haiz: Nantesera eta Bruselara ez nauk iritsi.
antton: Berrogei? Ez diat promedio txarra eduki: hogeita hamabi aldiz, hogeita hamabi etxetan lokalizatua eduki izan haut.
Beste argazki bat jartzen dio, atari batean josu eta sara.
antton: Bordel.
Beste bat jartzen dio, antzekoa.
antton: Urruņe.
josu: Ez, hori Sokoan zuan, elizaren atzean zegoen etxe polit bat.
Beste argazki bat: josu auto batera sartzen, atzean. Aurrean bi mutil, riņonerekin.
antton: Nora zoazte? Zer daramate hire lagunek riņoneran?
josu: Ez al zineten eskursiora etorri?
antton: Ez. Galdu egin zintuztegun. Hiru hilabete pasa nizkian berriro aurkitu arte. (Argazkia jartzen dio) Luz Ardidenen hengoen. Hara egin zian bisita ama zaharrak. Hiru egun eman zenituzten elkarrekin.
josu: Zergatik ez ninduzuen lehenago atxilotu, orduan?
antton: Hasiera batean ez zitzaiguan komeni. Kurrikuluma gizentzen utzi genian.
josu (bere onetik ateratzen): Ezin diat sinestu. Ondo ulertu badut, ekintzak egiten utzi zenioten gure komandoari, merituak eginez buruzagitzara iritsi gintezen?
antton: Bai jauna. Kostatu zitzaidaan gure buruzagiak konbentzitzea. Txikitatik ezagutzen hintudala esan niean, lider bat hintzela, azkarra, inteligentea, eta hire dohainez ohartzen zirenean ez ziatela komandoetan bizitza galtzen utziko. Morroi asko zeuzkatean orduan. Gazte ilarak zeudean etan sartzeko itxoiten. Hi bezalako diamante bat ez zitean luzaroan etsaien metraileta aurrean jarriko.
josu (ironikoki): Bizitza zor diat, beraz.
antton: Ez zuan erraza izan goikoak konbentzitzea. Neure postua jokatu nian etako hire karreraren alde. Ulertzen duk zein bateratuak egon diren gure destinoak?
josu (haserretzen): Gure destinoak! Hik manipulatu egin nauk, besterik ez. Zer izan nauk ni hiretzat? Arrain handi bat harrapatzeko balio zuen amua. Ezin diat sinestu. Badakik bitartean zenbat ekintza burutu zituen nire komandoak?
antton: Guk hamabi kontrolatu genizkian. Zazpi pertsona hilda. Min hori barruan zaukaat. Atentatu batzuk gertatu aurretik jakitera ere iritsi gintuan. Orain, ezin genian ezer egin. Erasotuei abisatuz gero, edo geuk enboskada prestatuz gero, tiroketan hi hiltzeko arrisku handia genian. Eta horren beldurrez bizi ninduan, batez ere tartean goardia zibila edo polizia nazionala gertatzen zenean. Horiek ezin genizkian kontrolatu. Ulertzen duk orain zenbat desiratu dudan hik bizirik irautea?
josu (jaiki egiten da, burloso): Nik bizirik irautea... zertarako, nire inguruko guztiak bana-banan atxilotzeko, banan-banan torturatzeko, eta hori posible ez zenean jota bertan hiltzeko? (pantaila imajinariora begira, haserre) Eta esango banu bizirik utzi ninduzuen bitarte horretan nire komandoak 16 lagun hil zituela, eta ez zazpi?
antton (jaikitzen da eta eseriarazten du josu. anttonek zutik hitz egiten dio): Esan diat bakarrik gaudela. Gerra honetan hi eta ni gaudek. Etsaiak izan gaituk, baina iritsi duk gauzak argitzeko garaia.
josu (lasaituz): Arrazoia huen hire prebisioetan, bai. Sei urte egin nizkian komandoetan. Gero buruzagitzara deitu ninditean. Zergatik ez ninduzuen orduan atxilotu?
antton: Hik utzi eta lau hilabetera atxilotu genian hire komandoa. Badaezpada denbora bat pasatzen utzi genian, hire nagusiek hire errezelorik izan ez zezaten.
josu: Zer ari haiz esaten? Zuen salataria izan nintzela neuk jakin gabe? Zuen kolaboratzailea?
antton: Horixe! Hire adimenak ezin zian halakorik susmatu, ezta? Baina ez zuan beti erraza izan hi kontrolatzea. Denboraldi luzeak egiten hituen gure kontroletik kanpo. Nagusien bronka ederrak entzuten nizkian orduan, baina nik banian hari bat, inoiz inori kontatu ez niona, hiregana eramaten ninduena.
josu: Sara. Sara Z.
antton: Hire familiak, hire lagunek ez zigutean resultado onik ematen. Bizi hintekeen haiek luzaroan ikusi gabe ere. Baina nik banekian Sara ikusi gabe ezin huela bizi. Hura zuan gure oinak, hura zuan gure begiak, hura zuan gure mapa.
josu (noraezean bezala, dezepzionaturik): Sara... zuen zelataria zuan. Nirekin larrua jo eta zuei informazioa pasatzen zizuen... (haserre) Zenbat urte iraun du honek?
antton (eseriz): Oker hago Josu, Sarak ez zekian ezer.
josu: Nola ez zian ba jakingo? Orain ulertzen diat zergatik egiten zuen hainbeste buelta hegoaldera gurasoak bisitatzeko. Enpresarioak bisitatzeko ardura ere berak hartu zian, zerga iraultzailea kobratzeko. Behin haietako bati bostehun kilo iman erosi ez zioan ba, lehergailuak auto azpitan jartzeko? Aitzakia perfektua zeukaan.
antton (beste argazki bat jarriz): Begiratuzak argazki hau (Paraje bukoliko batean sara agertzen da, josuri zerbait erromantikoa egiten, loreak ematen, marrubiak ahoan sartzen, nahi dena... Sara zoragarria dago, erabat angelikala. Paraje horretan, atzean, etxe bat ikusten da, eta bikotearen azpiko lurrak garbi samar egon behar du, bertan kaskilloak ikus daitezen argazkiaren anpliazioari), begiratuiok neska horri, errepara ezak bere begiradan, uste duk kapaza dela hainbeste maite duen hori traizionatzeko?
josu: Baina argazki hori zaharra duk...
antton: Klandestinitateko laugarren urtekoa duk. Landetan zaudete, begira (argazkian ageri den etxearen anpliazioa ikusten dugu), Landetako etxe tipikoa. Tiro probak egiten aritu zineten, hor zeudek kaskilloak (argazkiko zorua anpliatuta ikusten dugu, kaskilloekin). Arma berriren bat probatzen. Ez, Josu. Hik bezalaxe, Sarak ere ezin zian bizi hi ikusi gabe. Ez zian sekula santan hi minduko hinduen ezer egingo, baina guri asko balio izan ziguk zuen amodio itsuak.
josu (mahaia ukabilaz joz eta anttonen aurrera jaikiz): Gauden lekuan ez bageunde ostiatu egingo hinduket... neure eskuekin akabatuko hintudan, putakume zikina. Ez al daukak odolik zainetan? Zer pertsona klase bihurtu haiz?
antton: Lasaitu hadi. Kontrolatu haut, baina babestu haut.
josu: Nola esan dezaket gu ginela hiretzat pertsonarik maiteenak?
antton: Zelatatu haut, baina aske utzi haut.
josu: Eta Saraz maiteminduta hengoen kontu hori? (goraka doa bere ahotsa, bere sua) Nola izan hinteke hain hipokrita? Nik neukan guztia eduki nahi huen, besterik ez. Agintea, armak, boterea, dirua... eta Sara. Hiri berdin zaik Euskal Herria, politika, etorkizuna, duintasuna. Hire lana tapadera bat izan duk, hire anbizioaren tresna bat. Eta zer lortu duk? Nola bizi haiz? Egunero bulego ziztrin honetara etorri behar duk, obedientziagatik bakarrik kaso egiten diaten astakirtenez inguratuta hago... Maite al hau inork? Ba al daukak lagunik? Ordaindu al dik aspaldian pote bat inork?
antton: Kondenatu haut, baina salbatu haut.
josu (esaldi honen aurrean moztuta, pentsakor): Beharbada arrazoia daukak...
Lasaituz, eseri egiten da berriro.
josu: Hasieratik al zekien Sarak zuen radarra zela gure eremuan?
antton: Oker hago. Ez diat gehiago esango. (Haserre, ukabilaz mahaia joz) Maite hinduen, joder. Eta ez diat konbentzitzeagatik esaten, ematen zidan amorruak oraindik ere erraiak erretzen dizkidalako baizik.
josu: Orduan zergatik saldu ninduen Donibane Garaziko sarekada hartan? Berak salatu zizuen gure kokagunea, ezta? Ihesi nindoala ikusi nian gendarmeengana korrika. Zuengana eraman zitean ezta? Hirekin hitzartua zeukean dena...
antton: Polizia frantsesak leku hura sekretaz josia zeukean, argindar posteak konpontzen ari zirenak, esne-saltzailea, “Le Grande Pęre” ostatuko sukaldaria... gu urrunxeago geundean. Zuen despedidako argazkia zeukeat. Ikusi nahi duk?
josu (kasurik egin gabe): Sari ona jaso zenuten Garazin: hiru kide zaurituta, lau atxilotu, zazpi pisuren informazioa, Beskoitzeko zuloa, armarik berrienak geneuzkana... neu txiripaz libratu ninduan...
antton: Ikusizak argazki hau, Josu. Gogoratuzak zuen despedida. Entzun behingoz Sararen hitzak. Hitz egiten zian eta ez hioan entzuten. Hik hire barruko ahotsa entzun duk beti, ezta? Hi, hi, eta hi, eta hire borroka. Besteak zer ziren hiretzat?
josuk arraro begiratzen dio.
antton: Urteak zeramaan Sarak hiri hitz egiten, hik entzun gabe. Begiratuiok argazki honi, eta entzuiok zer esaten duen.
anttonek argazkia jartzen du. Bertan, etxe baten barruan sara eta josu, eskutik helduta, despeditzen edo. Argazkia goitik, arbola batetik aterata balego bezala, zoom batekin. Azken musua izan liteke, azken eztabaida. Aurpegi serioak dauzkate, “krispatuak”.
Ilundu egiten da argia, argazkia bakarrik geratzeraino.