Aurkibidea
Lehen eszena
Musika leun bat entzuten dugu, feng shui estilokoa, erlaxantea.
josu dukati dakar gelara ertzain batek, ikernek. Eskuburdinak kentzen dizkio. josu harriduraz dena begiratzen. Eseritzen da.
Ertzaina badoa baina berehala dator erretilu batekin; bertan kafe kikara, kafe ontzia, pastatxoak. Badoa. josu mesfidati hasieran. Gero kafea aterako du, azukrea bota. antton sartzen da beste puntatik.
Mahaia dute erdian. Elkarri begiratzen diote, aztertuz. 25 urte elkar ikusi gabe, 18 urte zeuzkatenetik. antton hurbilduz doa hitz egin ahala.
josu: Horrela tratatzen al dituzue atxilotuak, arratsaldeko... (erlojua begiratzen du baina kendu diote) edozein ordutan kafea eta pastatxoak eskainiz?
antton: Ikusten dudanez ez duk umorerik galdu...
josu: Harrituta utzi nauk... torturatxo batzuk espero nizkian, elektrodoak, poltsa zikin bat burutik behera, listinaren zartako ospetsu horiek...
antton: Baina denborak belztu egin dik umore hori... Nahiago nian lehengoa!
josu: Hik berriz inoiz ez duk eduki, eta igual jarraitzen duk!
antton: Hemen ez diagu inor torturatzen. Ba al dakik zer kontrol jartzen dizkiguten?
josu: Gure mutilek beste zerbait ziotek ba!
antton: Zuen mutilak gero eta flojoagoak zetozek, motel, eztitan hezitakoak. Zer ematen diezue jaten, bollikaoak edo?
josu: Guk baino meritu gehiago zeukatek: dena eskura zitean eta dena utzi ditek aberriagatik.
antton (ber-bertan, zorrotz begira): Aberriagatik? Hogei urteotan hire atzetik zakur ehiztari bat bezala ibili ez banintz, hiri buruzko informazioa bildu ez banu milaka foliotan, hire bizitza goitik behera ezagutuko ez banu, eta hire erabaki militarrak sufritu ez bagenitu, agian sinestu egingo nikek... Jesus Mari Orbegozo Murgiondo, alias Josu Dukati.
josu (zutitu egiten da): Jose Antonio Kaperotxipi Ostolaza, Antton Txapero-txiki ezizenez.
antton tentso jartzen da, haserretzeko bidean, baina ez du kontrola galtzen.
antton: Jakingo bahu zenbat sufritzen nuen nik horrekin!
josu: Ikusten dudanez oraindik ez duk trauma gainditu!
antton: Tira, utzi oroimen mingotsak! Begira noraino iritsi diren institutuko mukitsu haiek! Ni Ertzaintzako superintendentea nauk, kargurik altuena, hi etako buruzagia, ez duk gauza bera, baina biok gaituk nagusi, agurtu dezagun elkar nagusien moduan! (Besoak zabaltzen ditu besarkatzeko)
josu (bostekoa eskaintzen dio): Pelikula gehiegi ikusi duk. Bostekoarekin aski diagu, Antton.
Bostekoa ematen diote elkarri, gogoz eta luzez.
antton: Oraintxe hogeita bost urte azkenekoz bostekoa eman geniola elkarri, Amezketako festetan. Hamazortzina urte genizkian, cou amaitu berriak. Mozkor-mozkor eginda hengoen.
josu: Hala ere gogoan zeukat. Urde horrek Ertzaintzan sartu behar huela esan hidan.
antton: Listua bota hidan aurpegira, honaxe (masaila seinalatuz).
josu: Denok espero genian hik halako zerbait egitea.
Eseri egiten dira, mahaiaren alde banatan.
antton: A bai? Nik ez nian espero hirea. Bi urtera, Arkauten jakin nian Tolosako sarekada hasi baino lehenxeago ihes egin huela herritik. Abentura labur bat izango zuala pentsatu nian.
josu: Nik ere bai, borroka militar gogorra izango zela uste nian, krudela, baina urte gutxi barru itzuliko ginela Euskal Herri independiente batera, aske eta garaile, bakean bizitzera.
antton: (Ironikoki) Bakean bizitzera? Aske eta garaile? Begira nola itzuli haizen: eskuak lotuta, zakur bat bezala, eta terrorista bihurtuta. Perspektiba ederra daukak aurrean, Josu: 20 urte pasa beharko dituk itzalean, gutxienez.
josu: Nik ez diat hilabeterik ere galduko itzalean. Badakik zergatik? Ni ez naizelako terrorista bat... gu ez garelako terroristak. Ez zuek baino gutxiago, behintzat.
antton: Zer diok? Gu gaituk legea, zuek legez kanpo zaudete. Guk betearazten dizuegu zuei legea. Gure armak bedeinkatuak zaudek. Zuek bandidoak baino ez zarete, hiltzaileak.
josu: Heuk esan duk: legea baino ez daukazue zuen alde. Legea gure aldera jarriko balitz, gu izango gintuzkek legalak.
antton: Atera duk institutu garaiko utopiko barregarria. Pentsatzen nian klandestinitateak espabilatuko hintuela.
josu: 1946an petardo bat jarri zitean Jerusalemen, King David hotelean. 92 lagun hil zituan. Badakik nor zen komando-burua? Menahem Begin, gero Israelgo lehen ministroa izan zena. Eta are gehiago: Bakearen Nobel saria ere eman ziotean. Uste duk terrorista hitza agertzen dela entziklopedian Menahem Beginen orrian?
antton: Nazio bakoitzak bere erara idazten dik historia. Botereak ematen dik legitimitatea horretarako. Baina zuek galdu egin duzue gerra, munduaren aurrean ez ezik baita zeuon jarraitzaileen aurrean ere.
josu: Nelson Mandela bera terrorista izan zuan 27 urtetan, eta kartzeleroei beren familiaz galdetzen zien bitartean burkideei bonbak jartzeko agintzen ziean. Zer uste duk zirela Txe Gebara eta Fidel Castro Batista diktadorearentzat? Boterea lortzen duen edo ez; horixe duk detaile bakarra. Boterea lortzen badu terrorista betirako desagertu egingo duk. Haren ordez presidentea sortuko duk, herri baten askatzailea.
antton (amargatuta): Horretarako hasi zenuten zuen borroka ankerra? Historiak salbatuko zaituztela pentsatuta? Eta hil dituzuen haurrek zein leku izango dute historian? Eta tripak lehertuta utzi dituzuen goardia zibilek? Eta buruan bala batekin seko utzi zenituzten zinegotzi gaixoek?
josu: Etikako klaseak emateko ekarri al nauzue? Zer zarete, konferentzia episkopalaren sukurtsala?
Biak lasaituz.
antton: Hire sarkasmo hori! Hitzak disparatzen ona hintzen. Zergatik pasa hintzen armak disparatzera?
josuk ez dio erantzuten. Jaiki egiten da, publikoari begira, kristala balego bezala.
josu (anttoni begiro): Galdeketa profesionalagoa izango zela uste nian. Ez nian hain galdeketa sentimentala espero... hiregandik.
antton: Gauza asko ez dakizkik, Josu. Eseri hadi.
josu (kristal imajinarioa seinalatuz): Hor al daude hire jefeak? Buruarekin bere onespena egiten ariko dituk!
antton: Hor ez zagok inor. Bakarrik gaudek, hi eta ni. Askatasun osoa eman zidatek bihar arte, neuk hala eskatuta.
josu: Hire esku nagok, beraz...
antton: Hemen ez diagu buruzagirik torturatzen, morroiak bakarrik, zuek kamelatu dituzuen soldadu trakets horiek. (Isilune luzea bien artean) Argazki batzuk ikustea nahi diat, Josu. Eta horietan zer agertzen den esplikatuko didak.
josu eseri egiten da jakinminez horman dagoen pantailara begira.
LEHEN ARGAZKIA: 14 edo 15 urte inguruko gazte kuadrila. Tartean daude bi protagonistak. Elkarri bromatan ari dira, lutxa libreko borrokan bezala. Besteak formalago daude. Institutuko zelaian. Denak mutilak dira. josu harrituta geratzen da, ez zuen espero. Konplizitatez begiratzen dio anttoni. Giroa samurtu egiten da.
josu: Institutura hasi ginen urtean atera genian argazki hori. Eguna eta ordua ere esango nikek.
antton: A bai?
josu: Bai, eta ondotxo dakik zergatik: Maiatzaren 20ko greba orokorrarekin elkartasuna adierazteko egin genuen asanblea ondorengoa delako.
antton (buruarekin baiezkoa eginez): Hor eztabaidatu genian lehen aldiz hik eta nik. Akordatzen nauk hire argumentu peregrinoekin: (burloso) ikasleok langileekin bat egin behar dugu estatua blokeatu arte, eta feministekin...
josu: Hire jarraipenarekin ere gogoratzen nauk: (burloso) monjak eta fraileak ere elkartu behar ditugu? Gure lana ikastea da, gero aldatuko dugu mundua. Jendeak barre egin zian behintzat.
antton: Patetikoak izango ginela pentsatzen diat.
josu: Inor ez zuan hitz egiten ausartzen. Neu ere, aitortu egingo diat, oso urduri jartzen ninduan. Baina ezin nioan hiri kontra egiteko indarrari eutsi.
antton: Neu ere batzuetan hitz-totelka hasten ninduan. Baina botazio hura irabazi egin nian.
josu: Botazioa bakarrik.
antton (zakartuz): Zer esan nahi duk?
josu: Gogoan daukak nork zen argazkilaria goiz hartan?
antton (tentso): Nola ez ba. (isilunea) Sara... Sara Zuazolagoitia, institutu hartara iritsi zen aingerurik politena.
josu: Sara Z. deitzen genioan.
antton: (Imitatuz) “Arnasa ez zaidak iristen horren abizena esateko”. Hire txistea zuan.
josu: Eta ez hori bakarrik: dardara batean jartzen zidaan bihotza institutuan sartzen ikusi orduko.
antton (baretuta): Sara ez huen berehala irabazi. Ez urte hartan, behintzat.
josu: Ai, Antton, Antton, oraindik jeloskor jarraitzen al duk? Batzuetan iruditzen zaidak amodio kontuetan ez dugula... inork ez duela eboluzionatzen... urteak pasa arren, harreman asko eduki arren, 14 edo 15 urterekin lehen aldiz maitemindu zen nerabe hark agintzen duela guregan beti.
antton (zuzen eta zorrotz begiratuz): Esaidak egia, Josu: zergatik sartu hintzen etan? Nolatan? Listoa hintzen, nahi huen guztia eskura eduki hezakeen, ez ziatean seniderik fusilatu gerran, ez huen mendeku beharrik... zerk bultza hintuen hire bizitza horrela hondatzera?
josu (aulkitik braust jaikiz): Sara zergatik etorri zen nirekin jakin nahi duk, ezta?
antton: Hori bazekiat. Galdetu diadana jakin nahi diat, besterik ez.
josu (eseriz): Hamazortzi urterekin galdu genioan guk elkarri pista, ezta? Hi Arkautera joan hintzen, ni kazetaritzara... zerbait egitearren. Hemeretzirekin atxilotu egin ninditian.
antton: Baina denbora gutxi egin huen barruan.
josu: Adin hartan niri asko iruditu zitzaidaan. Lagunak juergan, neskatan eta ni bederatzi hilabete Soriako kartzela zikin hartan. Eskerrak burkide beteranoak zeuden han. Haiek erakutsi zidatean disziplinaren beharra, erotuko ez bagina. Ordutegi zorrotza ezarri nioan neure buruari, agendan idazten nian dena, gimnasia suekoa egiten nian, egunero ordubete oinez patio hotz hartan. Ariketak egiten nituen bitartean buruak hegan egiten zidaan. Badakik nora? Nire herrira, edo Baztaneko zelaietara, edo Zumaiako hondartzara... zoriontsu izan nintzen lekuetara.
antton: Horregatik, handik aterata logikoena bizitzaren aldeko apustua egitea zuan, ez sasira joatea berehala, heure burua bizirik lurperatzera.
josu: Sorian gose greba bat egin nian, presoen kolektiboko beste laurogei lagunekin elkartasunean. Gogorra izan zuan. 36 egun iraun zian. 17 kilo galdu nituenean poliki-poliki hiltzen hasi nintzela sentitu nian. (Lurrean etzaten da, argiak iluntzen doaz).
Lehen egunak benetan horrorosoak izan zituan. Zuku gastrikoak estomago hutsa erretzen ditek, lejia balitz bezala. Zorabioak nizkian, ezinegona. Mina ere zorrotza. Aldika-aldika atakatzen dik, atsedenik eman gabe. Mina baretu orduko hurrena berriro noiz joko hauen itxoiten jartzen haiz.
Baina aldi hori ere igarotzen duk, eta patxada ikaragarri bat etortzen zaik barrura. Atseden totala. Lasaitasun sakon bat, aurretik inoiz ezagutu ez nuen bezalakoa. Mistikoek ere barauak goraipatzen ditiztek, kontzientzia egoera argiak eta paranormalak lortzeko baldintza gisan. Halako zerbait sentitu nian. Minaren ondorengo atsedena. Sufrimendu osteko gozamena. Zer gozamen? Mundua beste era batera ikustearena. Ezerk oztopatzen ez zuen argitasun bat ikustea. Egia neure baitan zegoela sentitzea. Une hartantxe erabaki nian espetxetik onik ateratzen banintz etan sartuko nintzela.
Argia erabat ilundu da eta segundu batzuetako isilunea geratzen da (edo nahi baduzue musika hasten da, hori zuzendariari utziko nioke).