Liburua: 8 Olivetti poetiko / Mundopolski, erreboltaren ziaboga
Egilea: Antzerkiola Imaginarioa
Argitaletxea: Artezblai
Urtea: 2007
Mundo eta Mika barrikadan daude. Nahiko lukete mundua aldatu, baina ez dakite nola. Nekea nabaritzen zaie aurpegian, keinuetan, gorputz pixka bat okertuetan. Ia gelditu gabe ari dira hizketan. Arma nekatu baten kanoitik erortzen diren hitzak desarratzen dizkiote elkarri. Mikak diotso baietz, gehiago etorriko direla haiei laguntzera, guda luzea izango dela.
MUNDO: Guda?, zein guda motari buruz ari gara, princcipesa?
Isilunea. Harridura-keinu batek ihes egin dio irakurleari.
IRAKURLEA: Baina hau ez al zen literaturarako txokoa?
Ez dugu denbora askorik galduko eztabaida horretan, irakurle. Zientzialariak ez dira oraindik ados jarri. Bada esaten duenik baietz, antzerkia beste literatur genero bat dela. Beste zenbaitek ordea, uste du literaturaren besaulkirako ipurdi zabalegia duela teatroak. Zorionez, munduak irakurle egin gintuen, eta ez zientzialari. Ikertzea dagokie haiei. Gozatzea, guri.
Izan ere, gozamen hutsa da antzerkia. Antzokiko besaulkian zein liburuaren orrietan. Lehenengo hitzetik harrapatuko zaitu istorio honek eta lotuta edukiko besaulkira. Antzokikora edo zure etxekora. Bai, etxeko besaulkian ere goza daitekeelako antzerkiaz. Esate baterako, Mundo eta Mikarekin. Eta Antzerkiola Imaginarioaren irudimen fabrikatik sortu ziren beste makina bat pertsonaia zein baino zein zoragarriagorekin.
Bilbon Guggenheim museoak ateak ireki zituen egun berean sortu zen Antzerkiola Imaginarioa. Oharkabean ia dena aldarazi zigun 1997 urrun hartan. Gero eta abaila biziagoan gerturatzen ari zen kultur sistema ofizial zekenaren aurkako altxamendu txiki bat. Hamar urte geroago desagertu zen taldea. Haien azken antzezlana Guggenheimen eskaini eta gero. Galdutako guda bat, irabazitako batailez betea.
Desagertu ziren urte horretan bertan idatziz jaso zituzten haien lanik behinenak. Agur mindu bat. “8 Olivetti poetiko” eta “Mundopolski, erreboltaren ziaboga” dira haien lehen bi lan handiak, liburu bakar batean jasoak eta Artezblai argitaletxeak argitara emanak. Peru C. Saban eta Jon Gerediaga arduratu ziren lehenaren gidoia idazteaz; Gerediaga bera eta Unai Garate, aldiz, bigarrenaz.
Nolanahi ere, testua idazten duten eskuez gain, irakurlearen burua inbadituko dute, lerroarteetan kukututa, hamaika gudari bizirauteko gai izan diren gorputz eta ahotsak. Antzerki testuek hori dutelako, geure buruaren eszenatokian, pertsonaien gudaroste bat zuzentzeko aukera emango digutela. Liburua irekita daukagun bitartean, zuzendari izango gara, eszenografo, argiztatzaile, erregidore… eta irudikatu ahal izango dugu prentsa-erredakzio kalamstra bat, antzerkiaren ofizioari buruz umore gordinez eta disimulatu gabeko ausardiaz berbetan ari diren ezinezko kazetariekin, zortzi Olivetti zaharren aurrean.
Edo Mika edo Mundo, barrikadan, mundu berria ekarriko duen guda luzearen esperoan. 1997an. Edo hogeita bost urte geroago. Gaur bertan, zure etxeko besaulkian.
MUNDO: Guda?, zein guda motari buruz ari gara, princcipesa?
MIKA: Zer galdera mota da hori! Tristeziaren kontrako gudaz, seriotasunaren kontrakoaz, atsekabearen kontrakoaz, gudaren kontrako gudaz, zein bestela?