Liburua: 39 lore
Egilea: Amancay Gaztaņaga
Argitaletxea: Susa / EHAZE
Urtea: 2021
Arte dramatikoa arte efimeroa da eta aldi bakoitza berezia da horren ondorioz. Bere hutsuneetako bat, ikerketaren ikuspegitik, dokumentazio falta da. Hala ere, azken aldian, zorteko gabiltza. Batetik EHAZEren argitalpenak eta bestetik EHAZE eta Susaren arteko lankidetzatik jaiotako Ganbila bilduma ditugulako.
Horri perspektiba feminista gehitzen badiogu, beste hutsune batez ari gaitezke. Emakume sortzaileen ikusgarritasunaren arazoaz (arte guztietan gertatzen dena, jakina). Baina hor ere zorteko gabiltza. Eneritz Artetxek 2019an EHAZErekin argitaratu zuen Karanbola hirukoitzan esan zuen emakume sortzaile euskalduna izatea zapalkuntza hirukoitza dela eta egoera horrek asko zailtzen duela bidea.
2021ean, ordea, Amancay Gaztaņaga etorri zaigu 39 lore lanarekin. “Emakume dramaturgoak behar ditugu, antzerkiaren mundua ondo ezagutzen dutenak, idatz ezazu nahi duzuna” esan zioten, eta hala egin du. 38 lorek sendatzen omen dute arima eta egileak bat gehiago sartu du sortan, bere ekarpen pertsonala egiteko.
Artetxek eta Ganbilakoek pasatako lekukoa hartu eta gaia bere esperientzia eta ezagutzatik kokatu du lehen atalean: euskal emakume sortzailea, dramaturgoa, pertsonaia izatea zer den eta antzerkiari buruzko hausnarketatxoa. Jarraian antzezlan bat sortu du: 39 lore. Azken atalean antzezlaneko pertsonaien oinarrian dauden antzerki klasikoko emakumezko pertsonaiak erakutsi dizkigu, “piztiak”, bere hitzetan.
Antzerkiaren munduak eman dizkigun emakumezko erreferenteen berrirakurketa egin du. Batetik, gizonek ikuspegi androzentriko eta sexistatik idatzitakoak direla argituz eta, bestetik, rol femeninoaren mugak eta zapalkuntzak salatuz. Hori gainditzeko beharraz dihardu, eredu berri eta askatzaileak sortzeko proposamena da, daudenak berrikusita edo berriak sortuz egin daitekeena.
Sokak agertzen dira antzezlanean, eta horiek askatzeko gogoa ere bai. Emakumeek jolasteko, sortzeko, begirada partekatzeko gonbidapena egiten da. Ongi etorriak zauriak sendatzeko loreak.