Liburua: Mami Lebrun
Egilea: Kepa Errasti
Argitaletxea: Susa / EHAZE
Urtea: 2020
Aktore batzuek haietako baten amonari hil ondoko omenaldia egiteko, emakume horren bizitzaren pasarte baten errepresentazioa prestatzen dute. Emakume horri, Kontxa izenez, Bigarren Mundu Gerrako Paris okupatuan bizitzea egokitu zitzaion eta bertan, Mami Lebrun ezizen artistikoz, kantari aritu zen kabaret batean. Eta egoera horretan amodioa eta abentura ezagutu zituen, maiteminduta Erresistentziaren alde ere egin baitzuen. Oraingo teatroan askotan gertatzen denaren kontrara, antzerki lan honetan argumentu argi bat aurkezten da, eta argumentu horren barruan pertsonaien arteko harremanak garrantzitsuak dira.
Edonola ere, teatro modernoaren adibide baten aurrean gaude, eta honek esan nahi du teknikaren aldetik zenbait osagai berezi dituela. Agian nabarmena, antzerkian errepresentatzen dena plano desberdinetan aurkezten dela. Plano batean Egoitz eta Miren agertzen zaizkigu, Egoitzen amonaren bizitzari buruzko antzerkia prestatzen dutenak. Eta beste planoan, Kontxa eta Mitxel, amona eta honen maitalea, aktore berberek jokatutako pertsonaiak. Eta beste pertsonaia bat taula gainean agertzen da, hirugarren aktore batek jokatua, Kontxaren mamua, bi munduen arteko lotura sortuz, eta Egoitz eta Mirenen errealitate planoan adierazten diren gauza askori kontrapuntu moduko komentario askotan umoretsuak eginez.
Antzerki lan honetan ia topiko bihurtu den jokaera baten garapena azaltzen da: gerra eta gerra ondokoa ezagutu zituen belaunaldiaren memoria berreraikitzeko ahalegina egiten da. Baina gertakari horiek guztiak ezagutu eta bizi izan zituzten pertsonen memoria gordetzearekin batera, beste ideia bat ere azaltzen da, funtsezkoa: aurrekoen memoria bizirik mantentzea garrantzitsua da, baina memoria bera aurrera joaten uzten ez duen zama modukoa ez den heinean.