liburu kritikak
< Kontu triste bat | Baztertuen ahotsa >
Kabareta
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2020-01-11

Liburua: Simplicissimus

Egilea: Patxo Telleria

Argitaletxea: Susa

Urtea: 2019

      Antzerkiaren alorra oso zabala izanik, bere barruan izaera desberdineko lanak sartzen dira, kabaret itxura daukatenak ere bai, kasu honetan gertatzen den bezala. Izan ere, Patxo Telleria antzerkilari ezagunak idatzitako (eta taularatutako) “Simplicissimus” lan honek izaera malgu eta zabal horren ezaugarriak erakusten ditu. Ohiko antzerki, kabaret, vaudeville edo musikaletatik, guztietatik zerbait du, umorea eta tragedia elkartzen dituen argumentu baten inguruan. Lan honek ikusle-irakurleak leku eta garai konfliktibora daramatza, gertakariak (hala esaterik badago) Berlinen 30eko hamarkadan kokatzen baitira, gaia bera autoerreferentziala delarik, hau da, kabaretaren itxura erabilita, kabaretak berak garai eta leku haietan izan zuen bilakaera eta jaso zituen aldaketak azaltzen dira, benetan existitu ziren pertsona batzuk erabilita. Bilakaera honetan, jakina, ezinbestekoa da nazien presentziak ekarri zuen muga kontuan hartzea. Eta giroa halakoa izanik, adinez pixka bat nagusia den irakurle-ikusleak agian gogoratuko du Bob Fosseren filma (wikiak dio 72koa dela), biek ala biek giro bera partekatzen baitute.

      Telleriaren lanak alde batera uzten du errealismoaren itxura eta gehiago hurbiltzen da esketx moduko eszena itxuraz absurdo batzuen segidara. Eszena hauek absurdoak dirudite, baina ez da ahalegin handia egin behar giroa kontuan hartuta esanahi sinbolikoz beterik daudela ikusteko, zeren praktikan garai hartan gertatzen zenaren alegoria aurkezten baitute. Eta absurdoak diren aldetik, batzuetan bide umoretsutik abiatzen dira eszena horietan kontatzen direnak. Oier Guillanek idatzitako hitzostean umore marxistarekin erlazionatzen dira barre eragiteko formula horiek. Marx anaiek erabiltzen zuten umoreak, dena dela, ez zuen hain erreferentzia markaturik. Telleriaren kasuan erreferentzia hori, leku-denboran kokatzea alegia, derrigorrezkoa da, lana ulertuko bada. Umorea erabiltzen da baina giroa ezagututa nekez egin daiteke barre lasaia, barrea berehala geratzen da izoztuta absurdoaren atzean ezkutatzen den tragedia gogoratzean. Edonola ere, umorea botere ahalguztidunari aurre egiteko modu apala izan daiteke.