Liburua: Stereo
Egilea: Miren Gaztaņaga
Argitaletxea: EHAZE
Urtea: 2017
2006an Judith Butlerren Undoing Gender. 2007an XXY pelikula. 2008an, Beatriz Preciadoren Testo Yonqui, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak (Portugaleten) eta Feminismo Porno Punk jardunaldiak (Donostian). 2009an, Virginia Despentesen King Kong Théorie, Espainiako Estatuko Jardunaldi Feministak (Granadan) eta… Stereo antzezlanaren estreinaldia.
Ez da kasualitatea antzezlan horretan generoaren, gorputzaren eta desioaren gaineko gogoeta egitea aurreko lan eta topaketetan transfeminismoaz eta queer teoriaz aritu ostean.
Ez da kasualitatea Stereo izenburua jarri izana perfomance honi, Miren Gaztaņagak bere baitako alde femenino eta maskulinoak androginiaren ideiaren inguruan askatu eta haiekin jolastu ondoren.
Ez da kasualitatea estreinatu eta bederatzi urtera liburu formatuan argitaratutakoan gidoi dramatikoa soilik agertu ez izana, izan ere, sorkuntza pertsonaletik abiatutako talde-lana partekatu nahi izan dute: sortze prozesua, inspirazio iturriak, antzezlanaren deskribapena, lan pertsonalari buruzko gogoeta, lan taldearen esperientzia (Ainhoa Jauregi, Ainhoa Resano, Ibon Agirre), gonbidatuen ekarpenak (Kattalin Miner, Jokin Azpiazu, Miren Narbaiza Martiartu, Oihana Garro Larraņaga), eta EHAZEko Oier Guillanen hitzostea.
Ez da kasualitatea nagusiki gorputzarekin eta musikarekin egindako lana izatea eta oso testu gutxi egotea, dantza eta antzerkiaren arteko obra bat da, azalaren azpian bizi diren ni-ei lokarriak soltatu eta arnasa eman dielako, erabili dituen hiru testu laburrak ekintza eta pertsonaia artean tartekatuz.
Ez da kasualitatea hasieran bi eta amaieran lau pertsonaiak parte hartzea, hasierako galdera eragileen artean hauek izan zituela kontuan hartzen badugu: “Nor naiz ni? Zenbat ni daude nire barruan? Izateko baimena ematen diet guztiei?”, jendartean inposatu zaizkigun rol femenino eta maskulinoak nola bizi eta sentitzen ditugun jabetzean eta ahalduntze prozesu bati hasiera —edo jarraipena— ematea. Eta, ez da kasualitatea oraindik han eta hemen antzeztea, aurten urte hasieran azken aldiz —oraingoz— Oiartzunen antolatu zituzten Genero praktikak jardunaldietan.
“Euskal Herrian bada arlo eszeniko ausart, probokatzaile eta moduetan garaikide bat, kasu askotan ezagutua izateko zain dagoena” (Oier Guillan). Aukera baduzue, irakurri eta ikus-entzun ezazue, merezi du eta gure barrua tarteka astintzeak.