Liburua: Z ber 2
Egilea: Mikel Antza
Argitaletxea: Ataramiņe
Urtea: 2013
Urriak dira oso paperean argitaraturik iristen zaizkigun teatro-testuak. Pasa berri den Durangoko Azokari erreparatzen badiogu, sormen propioko bi lan eta itzulpen bat aurkitu ditugu: Mikel Antzaren Zē argitaratu du Ataramiņek, Maiatz aldizkariak 57. alean Gerard Bagardie-ren Biarritzeko bainu begirale jaunak, Fito Rodriguezek itzulitako Juan Mayorgaren Azken lerroko mutilaArtezblai argitaletxearen eskutik. Antzerkia izan gabe, Gizona ez da txoria antzezlanetik abiatuta sortu da Habiak izeneko komikia, Dejabu eta Maite Gurrutxagaren eskutik, Txalaparta argitaletxeak plazaratua. Uda aurretik Samara Velteren Eta Karmele? litzateke erreferentziarik berriena, Argitaletxea Edo!ren eskutik plazaratua.
Arte eszenikoetan bada nolabaiteko maitasun-gorroto harremana testu eszenikoaren eta literaturaren artean. Neurri handi batean, antzerki “post-dramatikoa” deitu izan den horren baitan testu eszenikoa ulertzeko zenbait modu eman direlako. Lan eszeniko garaikideetan ez da ukatzen testuaren erabilera, baina haren lanketa egitura dramatiko narratiboetatik aldentzen da. Horregatik da zaila testuaren kontzepzio hori (“kalitate” eta ezaugarri literarioak edukita ere) paperean jasotzea dramaturgiari loturiko beste azalpenik eman gabe, testu hauek talde lanean eta beste elementu eszenikoekin batera osatzen diren egitura poetikoen testuinguruan ulertu behar direlako.
Hori bera izan daiteke egun paperera iristen zaizkigun lanen urritasuna ulertzeko gako bat: teatroak euskaraz paperean berrasmatzeko duen beharraren ondorioz, iritsi iristen denean txikia da testu horrek irakurlegoarengan duen inpaktua. Nolanahi ere, literaturak behar du teatroa, arlo eszenikoak behar du papera; behar ditu halaber autore literarioak eta autore post-dramatikoak, haiekin guztiekin osatzen delako eszenaren paisaia. Oraingoz, egungo testugintzaren parte batek bere hautuetan agertzen duen askatasun formal eta poetikoa oso gutxitan jasotzen dugu paperean.
Zentzu horretan, oso aintzat hartzekoa da Mikel Antzak egin duen ahalegina, are gehiago jakinda zelako baldintzetan sortu duen. Aurretik Beteluko balnearioko mirakulua ezagutu genion Antzari, eta bere teatro zaletasunaren berri ere jaso genuen Atzerri nobelako lerro arteetan kasu, Kantor, Ionesco, Artaud, Brecht, Godoten esperoan han-hemen aipatzen zituela. Zē honetan egileak berak itzulitako Jean Genet-en Zaindaritza zorrotzaren antzezlanaren oihartzunak topatuko ditugu, tituluan bertan hasteko. Edukiari dagokionez, kontrazaleko berba hauek ezin hobeto azaltzen dute liburuaren funtsa: “Zēn espetxea ageri da, baina ez hori bakarrik. Preso dauzkaten gizona, emakumea eta baita gu ere, entzuleok, ikusleok, irakurleok, azaltzen gara. Beren, gure, gordinean”.
Egileak berak hitzaurrean azaltzen duen jarrerak egungo antzerkigintzako joera eta kezkei erantzuten die neurri handi batean: “Nik antzerkigileak taldearekin lanean irudikatu izan ditut beti (…). Idazkia oinarri bat da, nire ustez; oinarri horretatik abiatuta osatu beharko litzateke jendarteari eskainiko zaion emaitza. Edo beste oinarri bat aberasteko osagaitzat ere erabil daiteke. Zatiak kendu edo gehitu. Zati bat soilik erabili. Alegia, erabateko askatasuna duzuela nahi duzuena egiteko”.
Testuan bertan bide interesgarria hartu du Antzak, euskarazko sormen propioko testu argitaratuetan azkenaldi luzean iritsi zaizkigun lanen artean nolabaiteko erdibide bat topatuz. Ez ditu narratibatik datozen idazleek teatrogintzan ohi dituzten ajeak agertzen, alegia, ez da antzezteko baino irakurtzeko balio duen teatro horretan jausten; ez da ere beste muturrean kokatzen, poesiari loturiko esperimentazioan, edo hitza akzio fisikoaren makulu bilakatzen duten joeran. Hala ere badu bietatik zerbait. Mikel Antzak indar berezkoa duten eszenatan banatu du lana; egoera beti da bera —kartzela—baina eszena bakoitzak bere poetika propioa dauka. Dialogoetan minimora eraman ditu hitzak, balizko akzio fisikoak bilatuz haietan, dramaturgia baterako argibide eta intuizio interesgarriak proposatuz akotazioetan. Dialogoekin nahastuta datoz bakarrizketa uneak: haietako batzuk literatur kutsu horretara larregi gerturatzen badira ere, beste batzuek berebiziko erritmoa dute, egileak ondo darabilzki esaldi laburrak, erritmoa eta ahozkotasunaren elementuak. Bakarrizketa une horietako batzuek bere horretan pieza laburrak eginez esperimentatzeko bidea eman lezakete.
Egoerak berak lotzen du antzezlanaren haria, ez hainbeste tramak. Horrek egiten du erdibideko. Amaieran ere bada euskarri eta formatuen hertsitasuna gainditzeko borondate ageriko bat… baina ez dut nik lerro hauetan argibide gehiago emango, bila dezala irakurleak bere orrietan, edo ikus-entzuleak noizbait, agian, nork jakin, oholtzan.