Ametsa bizialdi
Karlos del Olmo
eizie.org, 2013-04-16

Liburua: Bizitza amets

Egilea: Calderón de la Barca

Euskaratzailea: Xabier Paya

Argitaletxea: Alberdania-Erein-Igela

Urtea: 2013

      Oraindik baten batek zalantza egiten badu literatura itzultzea (batez ere literatura dramatikoa, areago ere neurtitzezkoa) neurri handi batean berridazketa (alegia, birsorkuntza) denetz, Xabi Payaren berreraikitze honek argiro bai argiro erakutsiko dio halaxe dela. Azken buruan, beste mende bateko literatura dramatiko errimatua ekartzeak dituen zailtasunak gainditzeko moduetako bat da Euskal Sukaldaritza Berriak ohiko euskal sukaldaritzan gauzatu zuenaren antzeko iraultza bat egitea: ohiko errezetako betiko osagaiak hartu, deseraiki eta beste era batean berreraikita platerean aurkeztea, helburua delako garai berrietako zentzumenek gaur egungo gustuen arabera elikagai klasikoak gozatu ahal izatea.

      Literatura dramatikoak, berez, partitura baten antz handia du: partitura bakarka har dezake musika irakurtzen dakienak, eta irakurri ahala, buruan musika sortuz joan (edozein irakurleren irakurraldi arrunta), isilik; ordea, bakarka ere, baina ozen, musika tresna batez lagunduta jotzea erabaki lezake halakoak (alegia, ahots goraz irakurtzea), bakarrik egon arren. Baina partitura hori ozen dramatiza ere dezakete (antzezle bakar batek ala batzuek), obra bera muntatu eta behar bezala jokatu ez arren, kontzertu moduan interpretaturiko operen antzera (ikus-entzuleak daudela zein ez), edota talde nahiz zuzendari batek benetan antzezteko dramaturgiaz jantzita jokatu (beste interpretazio mota bat). Ad infinitum luza daiteke hori guztia, zuzendari bakoitzak garaian-garaian partitura modu jakin eta bakan batez jotzen duen modu-moduan (batez ere klasikoei gagozkiela). Eta zertan esanik ez, film moduan ere betiko gera daiteke finkatuta antzezpen (irakurketa) jakin bat… Zenbat buru, antzezlan beraren hainbat abilamendu (dena dela, partitura beti bat eta bera izango da, ez dezagun burutik galdu). Bestela ere formula liteke: hamar zuzendari onek, hamar antzezle onek, beste hainbeste taularatze edo interpretazio on egingo dituzte: denak elkarren ezberdin, azalez; mamiz, ordea, guztiak elkarren berdin. Onena zein? Auskalo… Itzulpen onekin ere antzera samar jazotzen da: zein da jatorrizkoaren itzulpenik onena hura eman duten itzultzaile guztiak onak badira? Zein irizpideren arabera juzgatu? Seguru asko, Calderonen garaian ere antzezpen bakoitza ezberdina izaten zen, gura eta gura ez. Menderik mende, gaur arte, Bizitza ametsen antzeztaldi guztiak mamitu dira zuzendari ala talde bakoitzaren gurari, ikuspegi edo diru beharkizunen arabera, fidel bezain infidel aldi berean (bestalde, zelan esaten zituzten ahapaldiak XX. mendean, XIX. mendean, XVIII. mendean…?).

      Jatorrizkoarekin halaxe jazo ohi izaten bada, zer ez da gertatuko literatura dramatikoa (batez ere neurtitzetan idatzia) itzultzean? Itzultzaileak helburu bat baino gehiago izan dezake: klasiko moduan itzultzea, irakurtzeko, itzulpen filologiko edo literaletik hurbil; antigoaleko estiloan antzezteko itzultzea, hau da, saioa eginda hizkuntza hartzailean jatorrikoaren garaikide izan litekeen eredu batez ordaintzeko (ezinezkoa den lantegia, behintzat, akatsik gabe egin gura izanez gero, inork ezin baitu jakin XVI. edo XVII. mendean hizkuntza hartzailean benetan zelan esango zuten; dena dela, fikzio moduan, ahalegintzea du itzultzaileak); gaur egungo irakurleentzat ulergarri egiteko moduan ere itzul dezake, baina buruan liburua duela antzezpena barik, alegia, irakurketa zirkuitu ohikoa, eta, azkenik, gaur egungo ikusleentzat antzezteko maneran itzul lezake, zuzendari edo talde batek ezarritako jarraibideen arabera…

      Orain, ekar dezagun akordura beste osagai bat, arazoa areago korapilatzearren: poesia itzultzea. Berez, horixe da itzultzea ezinezkoa dela aldeztu ohi duten teorilariek argudiotzat gehien eta maizen hartu ohi izaten duten itzulgai mota. Nola ezinezkoa den poema baten osagai guzti-guztiak oso-osorik, ehuneko ehunean, beste hizkuntza batera aldatzea, itzultzea traidoreen alferreko eginkizuna besterik ezin izan daiteke, denik eta gezurrik handiena. Eta literatura dramatiko klasikoa ekartzeak berez alde guztietatik arantzak baditu, errimatuta isuri behar izanez gero, itzultzaile ausarta erraz eror liteke poesiaren itzulpengintzak jartzen dituen segadetan eta ezinbesteko traizio txiki eta handietan ere…, baina itzuli egin beharra dago, dena dela.

      Ahozkotasunaz ahaztu naizela pentsatuko du irakurleak, honaino helduta. Ez, bada: gauza jakina da literatura dramatikoa ahozkotasun sasiko edo aizun bat dela, hau da, ahozkoaren janzkeraz beztitzen den literatura landu disimilatu halako bat (ahozko literatura klasikoan sailkatu ohi izan ez badute ere literaturaren gaineko eskuliburuetan). Eta ahozkotasun aizun hori beste sasiko ahozkotasun batez ordaintzen ahalegindu beharrean izango da itzultzailea. Ez da makala, ez, kontua: ba ote da ahozkotasun eredu bakarrik hizkuntza, kultura eta gizarte jakin batean? Eta gaurko euskarari gagozkiola? Mendez mende, euskalkiz euskalki aldatuz joango da eta auzia da gaur egun XXI. mendeko gaurko euskal gizartera ekartzea. Belaunaldi bakoitzak bere klasikoak itzuli behar dituela aldeztu zuen pentsalari handi batek. Zer ez dugu esango literatura dramatikoa itzultzeaz den bezainbatean?

      Dena dela, Xabi Payak ezin hobeto azaltzen du sarreran egiten dituen aukeren zioak eta nondik norakoak; hala, sakondu nahi duen irakurleak, ezinbestekoa izango du arretaz leitzea (ezinbestekoa ez bada ere, euskal testuak bizitza beregaina duelako teoriazko euskarri hori gabe ere).

      Calderonen zaporetik zenbat topatuko du bazkalkideak bertsio honetan (eta bertsio berba nahita eta goraipatzeko asmoz darabilt, azken batean, “egile markadun sukaldaritza” dagoen moduan, zergatik ezin egon daiteke “egile markadun itzulpenik”)? Zail da esaten, ordea, baten batek bizigai “euskaldunegia” iritz bailiezaioke (esaterako, gaztelania ondo ulertzen ez duen iparraldeko euskaldun batek, zer jasoko du Urrezko Mendeko egilearen jatorrizkotik?). Adituek diotenez, lan itzuliek, zelan edo hala, atzekoz aurrera itzuliz gero, jatorrizkotik hurbil dagoen testua eskaini behar lukete. Payák eginiko aukeran zaila litzateke jatorrizkoaren formatik hurbil geratzea, baina, honako honetan, zer da inportanteena, jantzia ala mamia? Ezin uka daiteke, bestalde, “Literatura Unibertsala” bilduma ez dela edizio filologikoak plazaratzen dituen sorta; beraz, ongi etorri egin behar diogu ekarri lizentziatsu eta ausart honi (adjektiboen adierarik onenen aldetik hartuta). Zeren beste errezeta bat aukeratu bazezakeen ere itzultzaile sukaldariak jatorrizko osagaiak prestatzeko, hauxe atondu digu eta merezi duen moduan mustatu besterik ezin egin dezakegu. “Buka bide behingoz mina, pena hel bedi muturrera, eta zalantzak argi ditzadala hemen!”.