Liburua: Egia
Egilea: Arrate Egaņa
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2012
Aurtengo Donostia Hiria Kutxa Sariak eskuratu dituzten bi idazleen lanak argitaratu berri ditu Alberdaniak. Lehiaketetako lan irabazleen edizioek liburutegietako apalategietan ahaztuak izateko joera dute, eta, alde horretatik, pozgarri zaigu liburuon eskuragarritasuna.
Arrate Egaņa (Errenteria 1963) idazle oparoa, sariak jasotzeari dagokionez, zorteko dabil. Giltza lanarekin 2011ko Lizardi Saria irabazi, eta, jarraian, Donostia Hiria etxeratu. Gainera, publikatu berri du Paradisua (Elkar, 2012) ipuin bilduma. Behin baino gehiagotan argi utzi du ez dela haur eta gazte literaturara mugatzen den idazlea. Ezaguna da Egaņa alor horretan (Printzesa puzkertia mugarri izan zen 1999an), baina esandakoa frogatzen du Egia antzerki obra honek. Hiru ekitaldiko antzezpena da, sei pertsonaiarekin. Horietatik bost 30 eta 50 urte bitarteko emakumeak dira: Lurdes erlijio irakaslea, Mirelur Turismo bulegoko langilea, Mila kazetaria, Adela politikaria, Elsa terapeuta eta Joxan enpresaria. Eszena aldetik sinesgarria da, baita oholtzara eramateko modukoa ere, zailtasun gehiegirik gabe. Urtebetetze mozorro festa batera gonbidatuak izan dira pertsonaiak. Denek ezaugarri komun bat dute, Elsa terapeutaren bezero izan zirela. Orain, Egia izeneko elkarte baten partaide egin da Elsa, eta egia praktikatzen du, eta beti dabil egia esanez, berea eta besterena. Bezeroen egiak blog batean idazten hasi da, eta gonbidatuek nola edo hala beraienak agertzea ekidin nahiko dute. Tramak bide ematen dio Egaņari hainbat gai iradokitzeko. Norbere egiak terapiara eraman beharraren drama adierazten du, batetik, pentsaraziz entzuteko zer behar den jendartean, ingurukoengan konfiantzarik ez bada. Bestetik, faltsukerian oinarritutako irudi publikoa ematen dugula erakusten du, beti besteen iritzien mendeko. Erruaren kudeaketa, tradizio kristauari lotua, ondare dugu artean. Galdera bat bada sakonean. Gure sekretuak aireratzeko zorian balira, zer egiteko gai ginateke? Mozorro festak irudikatzen du gure pertsona disfraza dela, eta maskara, gure nortasuna. Gutxienez hiru egia badirela zioen errefrau afrikar batek. Norberarena, bestearena eta egia. Zer da, hortaz, egia? Lan labur entretenigarria atondu du Egaņak.