Isil mandataria
Karlos del Olmo
eizie.org, 2010-11-29

Liburua: Zelestina

Egilea: Fernando de Rojas

Euskaratzailea: Joxe Antonio Sarasola

Argitaletxea: Alberdania-Elkar

Urtea: 2010

      Ezbairik gabe, azalpen bat baino gehiago izango du orain arte tragikomedia hau oso-osorik euskaratu ez izanak, gaztelaniazko literaturaren Urrezko Mendean best-sellerrik izan bazen, honako hau dugulako gehien saldu eta inprimatu zenetako bat; are harrigarriago gertatzen da buruan ibiliz gero idazlan hau mundu zabalean On Kixoteren parekotzat dutela (Cervantesek berak miretsi zuen). Jakina, garai bateko euskal itzultzaile batzuentzat, moral aldetik labainkor samarra gerta zitekeen ozenki leitzeko idatzita ei dagoen tragikomedia narratu edo narrazio dramatizatu hau; baina langintzaren ikuspegitik, ezin uka daiteke itzultzaile batentzat hainbat pizgarri dituela.

      Esaterako, zer egin behar du itzultzaileak testu honetan agertzen diren jatorrizko metaforekin; besteak beste, horietako ez gutxi liburu honi esker gaztelaniaren hizkuntz ondare bihurtu direnean? Kultur talka gorabehera, arduratsu itzultzen saiatu behar luke, Sarasolak egin duen moduan, euskal ondareraino hainbat bidetatik heldu ahal izan diren neurrian. Aldez edo moldez, horrelako testu batean irakurleari kontzesio gutxi egin beharko dizkio irudien aldetik itzultzaileak, muntadunak baitira oso. Gainera, poemak txertatuta dituen klasiko batean, honako honetan bezalaxe, itzultzaileak beti izango du edukiaren eta formaren artean nahitaez hautatu beharra; Sarasolak, esaterako, esker beltzeko ahalegina egin du testuan agertzen diren poemak errima eta guzti emateko.

      Estiloari gagozkiolarik ere ez da makala eginkizuna, ezta hurrik eman ere, bi mota kontrajarri dituelako barruan testuak. Bat landu-landua da, sintaxi latindarrekoa, joria hiperbatonez, metaforez eta aipu klasikoz, pasarte luzez eta menpeko esaldiz betea. Beste estiloa, ordea, herrikoiagoa da, esaldi laburrek eratua, diminutibo, atsotitz eta esakunez hornitua, ahozkotik hurbila, harridurazko esaldietan aberatsa. Itzulpenean bien aurka borrokatu da eta bi-biok borrokatu ditu, duin, lanbide ibilbide luze batean eskuratuko arma guztiak eskuan dituela Sarasolak. Ozenki esateko osagaien alderditik, oparoa da oso etorburuko itzulgaia, eta beste hainbeste emaitza itzulia ere: elkarrizketa arin eta modernoak (are gaurko ikuspegitik ere), oratorio moduko elkarrizketak, pertsonaien aparteko esanak eta galdera erretoriko eta bestelakoz josiriko bakarrizketa luzeren bat edo beste. Ironia, osagai estilistiko nagusietako bat. Besteren beharrik ote?

      Itzulpen tekniken aldetik, antzerkitik hurbil dagoen testu bat aldatzeak beste zailtasun bat gaineratzen dio eginkizunari: ahoz, modu dramatizatuan esan ahal izateko moduan eman beharra, hain suertez. Behargintza horretan Sarasolak aldean daroatza ikus-entzunezkoen inguruan jorratu duen ibilbide luze eta oparoan batutako eskarmentu eta ikaskizun guztiak. Eta halere, oreka euskaitza da, izan ere, drama ukituko klasikoen sailari dagokion honako honena: bateko, duela milurteko erdia erabiltzen zen euskaraz ordaindu ezina baita (batez ere, inork ez dakielako garai hartan zelan emango zuten testu hura euskaraz); besteko, egun irakurtzeko moduan jorratzeko beharkizuna, aspaldikotasun usain, zapore eta kolorerik galtzeke. Eta Zelestinaz denaz bezainbatean, ez ditugu hutsaren hurrengo, gainera, testu barruko erregistroen, gizarte mailen, heziketaren eta abarren aldetiko berdineztasunak. Erraza da, ia-ia baztergaitza, oso, halako lan batean osagai anakronikoren bat edo beste agertzea. Ezin izanezkoa delako, hain suertez, kontrakoa, arestian berbabidera ekarritako zioengatik.

      Harrigarri gertatzen da azaleko irudirako ohiko karta joko espainiarreko irudi bat aukeratu barik, pokerreko batera jotzea; guztiarekin ere, Z letradun bihotza sartzea burutazio ederra da. Testuan zehar, han-hemenka, bestelako orraztaldiren batek erraz konpontzeko moduko gorabeheraren bat edo beste; ia azaren azpiko orria, itzulpenak erakusten duen maila goraren aldean, hitzaurretik bertatik euskal klasikoen oihartzuna ez ezik, ahozko literaturaren usaina ere baitario. “Mundu traidore honetako poza izan ohi da motza”, horrelako lanak irakurririk usatuko ez bagenu goibelaren hotza.