Liburua: Herioa eta dontzeila
Egilea: Ariel Dorfman
Euskaratzailea: Fito Rodriguez
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2010
Herioa eta dontzeila-k ez du ohiko bidea egin argitaratu aurretik. Ez dira asko euskarara ekarri diren antzezlanak, eta ekarri direnean, edo taularatzeko prestatu dira, eta ez dira paperera iritsi, edo paperean argitaratu dira, baina ez dira taularatu. Izan ziren 80ko hamarkadan antzezteko prestatu eta argitaratu ziren zenbait lan, Susaren eskutik, esaterako, baina bide hori eten egin zen neurri handi batean. Kontrako bidea egin duten lanak ez dut uste bukatutzat jo ditzakegunik, antzokietan ikusi arte. Kasu honetan, taula gainean ikusi eta paperean irakurri ahal izan dugu lana. Izan ere, testua itzuli ondoren, Ramon Agirre, Itziar Ituņo eta Asier Sota aktoreekin jarri zen harremanetan Fito Rodriguez, testua taularatzeko prestatu eta zenbait emanaldi egiteko.
Ariel Dorfman txiletarrak idatzi zuen antzezlana, eta 1990ean taularatu zen lehen aldiz, Txilen, Trantsizioaren hastapenetan. Ez zuen arrakasta handirik izan hurrengo urtean Estatu Batuetan antzeztu zuten arte, baina ordutik aurrera, lan oso estimatua izan da, eta zinemarako egokitzapena ere izan du, Roman Polanski zuzendariaren eskutik.
Esaldi honekin hasten da liburua: “Gure garaian gertatzen da; eta tokia, diktaduratik atera berri den edozein herrialdetan koka badaiteke ere, Txile izango da ziur asko”. Kostaldeko etxe batean hiru pertsonaia batuko dira 24 bat orduz; Paulina eta Gerardo senar-emazteak eta Roberto Miranda doktorea. Haien herrialdea diktaduratik irten berri da, eta Gerardo hilketak eta desagerpenak ikertuko dituen batzordeko presidente aukeratu dute. Izendatu eta gero etxera doala, gurpila zulatuko zaio eta Robertok eramango du emaztearekin elkartzera. Paulinak medikuaren ahotsa torturatu zuen pertsonarenarekin lotu, eta orduan hasiko da trama nagusia, emakumeak bere burua justizia egiteko subjektu bihurtzen duenean. Trantsizio politiko bateko hiru alderdi izango dira etxe berean: Paulina, diktadurapean berak eta beste batzuek jasandakoa ahaztu nahi ez duena; Gerardo, demokraziak aurrera egitea nahi duena, ororen gainetik; eta Roberto, ustez diktadurako errepresio indar izan zena.
Trantsizioa bukatutakoan, herrialde berean bizi beharko dute hiru pertsonaiek ordezkatzen dituzten aldeek, etxe berean. Dena dela, antzezlanean, Paulina eta Gerardorena da etxea, eta ez Robertorena. Diktaduraren ondorengoa arrotza da hasieratik. Senar-emazteen artekoa da dikotomia, eta medikua eztabaida sortzeko bide izango da, baina ez eztabaidaren parte. Ahatz eta barka daitezke tortura, kideen desagerpena, heriotza? Balio du zerbaitetarako mendekuak? Konfiantza izan daiteke justizian? Etsaiek erabilitako bide berak erabiltzeak ez gaitu haien maila berean jartzen? Hainbat galdera egiten dituzte bi-biek, hitzez ez bada ekintzaz. Lanaren anbiguotasunak, batez ere amaierakoak, hartzailearen esku utziko du erantzunak bilatzeko ardura.
Egitura aldetik, lan nahiko klasikoa da. Azken ekitaldiko bigarren agerraldia alde batera utzita, ekintza toki bakarrean gertatzen da, eta bakarra da; hiru pertsonaia baino ez ditu; gau batean eta hurrengo egunean gertatzen da. Dena dela, egitura klasikoa mekanismoa da, espazio, denbora eta ekintzaren itxituraren bidez, hartzailearengan sentipen hori bera eragiteko. Eta eragiten du.
Diktadura osteko kontuak aipatzen dituen arren, politikak eragindako minarekin zer egin erabaki behar duen edozein jendartetan izan daiteke balio handikoa, eta, beraz, itzulpena une egokian egin dela iruditzen zait, lanen irakurketa ezberdina baita argitaratzeko lekuaren eta garaiaren arabera.