Liburua: Arrain ontzia
Egilea: Aizpea Goenaga
Argitaletxea: Atenea
Urtea: 2009
Argitarapen elebidunean agertu berri da Aizpea Goenagaren antzerki lan bat, Arrain ontzia / La pecera izenburua duena. Antzerki lan honetan bi pertsonaia agertzen zaizkigu, Ana eta Ion bikotea, baina protagonismo osoa emakumeak hartzen du, testuaren zatirik handiena Anaren bakarrizketaz osaturik baitago. Emakumea bere bizitzan harrapatuta dago, itotzen duen egunerokotasun astunean. Handik ihes egin nahi luke, baina jakin badaki ez dagoela ihesbiderik. Aukera bakarra hitz egitea da, bere buruarekin hitz egitea, gertatzen zaiona bere buruari (eta bide batez, irakurle-ikusleei) jakinarazteko. Emakumeak kontatzen dituen gauzez gain, beste gertakari batzuk ere antzezten dira, bi mailatan gauzatuak. Maila ‘erreala’ dei genezakeen horretan, gertakari xume batek lotzen ditu antzerki lanaren atal guztiak: Anak Ionen amarentzat opari bat erosi behar du, eta, erosten duenean, Ioni ez zaio batere gustatzen. Maila ‘sinbolikoan’ (horrela deitzerik badago), Ionek Anaren inguruan arrain ontzi bat eraikitzen du. Emakumea itota ikusten dugu bere inguruan ixten den mundu horretan, eta poliki-poliki jakingo dugu itomen hori ez ezik beste arazo larri bat ere ezkutatzen dela, arazo guztien gunea eta kausa izan daitekeena: emakumeak tratu txarrak jasan ditu, senarrarengandik heldua denean, baina baita umea zenean gizon ezezagun batengandik ere.
Hitzaurre bat jarri dio Jon Kortazarrek antzerki lan honi eta bertan esaten du modernitatearen eta postmodernitatearen artean kokatzen dela. Niri, egia esan, modernitateari hurbilago dagoela iruditzen zait eta iritzi hau azaltzeko argumentu bakarra dut: hitzaren garrantzia. Antzerki lan honen errepresentazioa hitzaren indarrean oinarritzen da, hitzaren bidez zerbait adierazi nahi baita, ikuskizunaren zentzua bigarren mailan gelditzen delarik.
Bestalde, begi-bistakoa da Aizpea Goenagak oso ondo ezagutzen duela antzerki mundua, eta hori testuan bertan nabaritzen da, hitzetan oinarrituta erabiltzen duen hizkuntza zalua eta bizia baita.