Liburua: Ni naiz Hector, ni bakarrik!
Egilea: Jokin Oregi
Argitaletxea: Artezblai
Urtea: 2008
Antzerkigintzan egile, zuzendari eta aktore gisa eskarmentua duen Jokin Oregik 2007ko Serantes Antzerki Sariko accesita irabazi zuen Ni naiz Hector, ni bakarrik! antzerki testuarekin. 2004an sari bera jaso zuen “Ezin dut egia esan” antzerki testuarekin, eta jarraian antzezlana taularatu zuen. Azpimarratzekoak dira Oregik Gijongo FETEN Haurrentzako Nazioarteko Jaialdian 2004an, 2006an eta aurten eskuratu dituen Zuzendari Onenaren, Testurik Onenaren eta Ikuskizun Onenaren sariak ere. Ni naiz Hector, ni bakarrik! antzezlana oholtzara eraman aurretik (Serantes sariak aukera hori ematen baitu), Artezblai argitaletxeak antzerki testua argitaratu du.
Honela laburtu daiteke argumentua: Hectorrek, bere buruan ahotsak (Nia 1 eta Nia 2) entzuten dituela eta, konponbide bila bere maitasun platonikoa den Esti psikologoaren kontsultara joatea erabakiko du. Tartean, ordea, Estiren ama Carla sartuko da, zeina psikiatra den, eta gauzak are gehiago korapilatuko dira. Antzerki lanak Komedia erromantiko hiperbolikoa azpititulua darama eta, egia esan, hiperboliko edo muturrera eramandako egoerek markatuko dute testuaren nolakotasuna. Hectorrek, alde batetik, bere Nia1 gogaikarriari eta joera suizidak dituen Nia2ari egin beharko die aurre, eta, bestetik, Estirekiko erakarmena bideratu beharko du. Era berean, Estik bere depresioari eta amak eragindako gatazka guztiei egin beharko die aurre. Eta hau guztia komedia erromantikoen klabeak erabiliz, egoera absurdo eta umoretsuei leku eginaz.
Harkaitz Canok idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta bertan, antzerki lana oinarri hartuz, bestekotasunak norberarengan duen garrantzia azpimarratzen du: “Gugan dagoen bestea gara, eta gugan dagoen beste horrek bizi gaitu”. Rimbaudek “Ni bestea naiz” idatzi zuenetik, are gehiago idatzi eta esan da alteritateaz, eta hor dugu, besteak beste, fenomeno hau hobekien islatzen duen alter ego-aren kontzeptua ere. “Ni naiz Hector, ni bakarrik!” oihukatuko du behin eta berriz Hectorrek, bere beste niei aurka eginez. Baina gutxika, egoera honek garapen bat izango du eta Hectorrek bere Nia1 eta Nia2 nola onartzen dituen jabetuko da irakurlea, amaierako ezuste korapilatsu(egi) eta guzti.
Bestalde, Canok Woody Allenen oihartzuna nabaritu du Oregiren lanean, egoera kontraesankor eta umoretsuetatik gertakari garratz eta ozpinetara eginiko jauzietan. Argumentuari dagokionez ere, zilegi litzateke Woody Allenen eragina aipatzea, bereziki haren aipu ezagun bat aintzat hartzen bada behintzat: “Bikote harremana hiruren arteko kontua da: gizonaren, emakumearen eta psikoanalistaren artekoa”. Kasu honetan, eta egoera hiperbolikoa muturrera eramanez, gizona eta haren beste niak izango ditugu batetik, emakume psikologoa eta haren arazoak bestetik eta psikiatra den ama menperatzailea azkenik.
Antzerki testuaren irakurketa dela eta, egoera absurdoak eragiteko akzioek garrantzia duten antzerki lan baten aurrean gaudela esan behar da. Adibidez, pertsonaiak maiz lekuz aldatzen dira eta lekuz aldatu esatean Nia1 eta Nia2 sarritan Hector bihurtzen direla esan nahi da. Irakurlea izango da transposizio horien eta horietatik eratorriko diren gertakari umoretsuen lekuko bakar. Baina, antzerki testuekin gehienetan gertatzen den bezala, irakurlea ikusle bihurtzean hartuko dute gertakariek ere eman nahi zaien zentzu osoa. Gogoan izan behar baita Ni naiz Hector, ni bakarrik! liburua antzerki testu bat dela eta hori dela antzerki testuaren izaera, antzezlanaren gidoi izatea. Besteak beste, antzerki testua ere antzezlanaren bestea delako.