liburu kritikak
< Loyola | Zumalakarregi, antzeztua >
Matalas
Mikel Antza
Susa, 1987-04

Liburua: Matalas

Egilea: Piarres Larzabal

Argitaletxea: Antzerti

Urtea: 1984

      Piarres Larzabal dugu antzerkigile prolifikoena gure artean. “Antzerti”k egindako argitalpen honetan agertzen den elkarrizketan aitortzen du ehundik gora antzerki-lan izkiriaturik dituela: “Uste dut ehun ta hogei bat obra, handi eta ttiki, luze eta labur idatzi izan ditudala”. Landartek berak aipatzen digu gisa horretako lan erraldoi batek errurik baduela… “Baina ez diezaiogun gehiegi eska”. Elkarrizketa hori, bestalde, arras interesgarria gertatzen da garai bateko euskal antzerkiaren giroa, batik bat Iparraldean, nolako zen ezagutzeko; eta giro horretan Larzabalek berak jokatutako lanaren garrantziaz ohartzeko. Zortzi egunen buruan eskatutako antzezlana besapean zekarrela agertzen omen zen horietakoa zen Larzabal. Eta onik asko egin dio euskal antzerkiari, nola euskal kulturari. Irria eta negarra, komedia eta tragedia konbinatzen jakin du Larzabalek, eta agian, garrantzi handiena historia kutsuko bere antzezlanek izango dute. Horietakoa dugu “Matalas” hau, hiru ekitalditako antzerkia. Luis XIV.aren menpean zeuden garaian Zuberotarrek errebolta egin zuten Mitikileko erretore zen Bernard de Goienetxe “Matalas” buru zutela. Errebolta pikutara joan bazen ere erregearen tropen menpean, antzerkia esperantza mensaia batez amaitzen da. Larzabalek erakusten digu erreboltaren arrazoia Pariseko gorteak eskatzen zituen zerga handiagoei erantzutea izan zela, Zuberotarrek ez baitzuten Louis XIV.a onartzen. Zazpi kontseilaritatik hiru kontra zeuden eta lau paristarren alde. Larzabalek badaki umorea eta une seriosak tartekatzen, eta, lehenetarikoa dugu Matalas eta Beņat bere ilobaren arteko elkarrizketa bigarren ekitaldiaren hastapenetan. Obra historiko bat gaur egunarekiko erreferentziak bilatzeko aitzakiarik bazterrean uzten duena.