Liburua: Pernando, bizirik hago oraindio
Egilea: Xabier Mendiguren
Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK
Urtea: 1989
Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak batera antolatzen dituzten literatur sarien argitalpena da hau, 1988ko Toribio Alzaga eta Felipe Arrese y Beitia izenekoena hain zuzen ere. Lehenbizikoan, antzerkikoan alegia, Xabier Mendiguren (honez gero ez da bigarren abizenik aipatu behar, idazlanengatik berengatik berezten bait dira bi mendigurenak) izan zen irabazle “Pernando, bizirik hago oraindio” lanarekin. Poesiazkoa Arantza Aldalurrek bereganatu zuen, “Hainbat izarrik gabe…!” izenekoaren bidez.
Xabierren lana argitaratzeak oroigarri bezala balio digu: antzerki idazle emankorrenetakoa bera dugula oroigarri, lan gehienak argitaratzear dituela oroigarrri, literaturaren merkatu bideetan antzerkiak jasaten duen bazterketaren oroigarri… Antzeslan konkretu honi buruz, Xabierrek goierritar bezala Pernando Amezketarraren figurarekin bide zeukan zorra kitatu nahi izan zuela ,dirudi, nolabaiteko remakea eginez. Alde horretatik, gauza berri gutxi, baina berriena agian Pernandoren pasadizoetatik egindako hautaketa izango litzateke, pertsonaiaren alderdirik subertsiboena erreskatatu bait du Mendigurenek, nolabait esateko. Apaizekiko eta familiarekiko gorabeheretan zentratzen da lana, bestetik ere Xabierrek hain gogoko duen umore beltzezko estiloarekin adosenik datozenak bait dira. Azkenik, gogoratu behar da Xabier Mendigurenek lan honekin “herriko bertako” antzerki-esperientziari ekin ziola, berori arestian deskubritu berri uste dutenak baino dezente urte lehenago.
“Hainbat izarrik gabe…!” liburuan biltzen diren poemak, Arantza Aldalurren gogoeta isladak direla esan genezake, oso poema inmediatoak, maiteminak jotakoak bere egunerokoan idatziko lituzkeenetatik egindako aukeraketa. Hari nagusia maitasuna da, erlazio sentimental huts bezala, zu eta ni, gu biok, eta sentimendu adierazpenekin batera teorizazio saioak ere antzematen dira, irudi bidezkoak badira ere. Soka horrekin egindako korapiloak ezer berri gutxiren arriskua ekar dezake, eta Aldalurren poemetan bertso gehiegi daude lehendik dozenaka aldiz irakurri eta entzundakoaren oihartzuna erakartzen dutenak. Horrek ez die kentzen poema guztiz sinzeroak izatearena. Izadia da maiteminaz kanpoko erreferentzia ia bakarra, koordenada guztiz klasikoetan txertaturik.