liburu kritikak
< Kontrabajua | Publikoari gorroto >
Dramak
Dabid Zuazalde
Argia, 1988-03-20

Liburua: Dramak

Egilea: Abelino Barriola

Argitaletxea: Euskal Editoren Elkartea

Urtea: 1988

      Abelino Barriola donostiarra, EAJko politiko eta antzerkigile nabarmena izan zen gerraurrean. Hari zor zaio Euskal Iztundearen sorrera eta garaiko euskal antzerki lanen maila nabarmenki goratzea. Obra ugari utzi zigun idatzirik eta horietatik drama generokoak hautatu dira edizio konetarako.

      “Dramak” izenburu orokorraren pean lau obra sartu dira. Berorien izenak: “Zulo madarikatuak”, “Lagun tzar bat”, “Maitasunak” eta “Goi argi”, 1911, 1912, 1923 eta 1935ekoak hurrenez hurren. Lehena eta hirugarrena, bere garaian antzeztuak izan arren argitaragabeak ziren oraino. Bigarren eta laugarrena berriz argitaratuak eta azkena bi aldiz gainera, Antzertik bere aro berrian ere kaleratu baitzuen.

      Lanaren prestatzaileak esaten digunez, obra hauetan zehar egilearen bilakaera antzeman omen daiteke. Batetik gero eta hobeto idazten duela, bestetik gero eta gizarte maila jasoagoak erakusten dituela eskenatokian. Horiek eta beste ezaugarri batzuk aztertzen dira hitzaurrean, lan hauek eta publikatu ez diren beste obrak oinarritzat harturik.

      Denbora tarte luzeegia igaro ez bada ere Barriolaren pentsakera ia guztiz arrotza egiten zaigu gaur egungooi. Beregan hitzez hitz gauzatzen eta mamitzen da “Jaungoikoa eta lege zaharra” aldarrikatzen duen lema ezaguna. Hala ere, iruditu zaigu balio anitz aurki daitekeela liburu osoan barrena, bila ibilez gero. Hori eta Donostiako euskara fresko eta bizi-biziaren erakusgarri bikaina.

      Edizioa paratu duena oraintsu arte liburuen sail hau idatzi duen berbera da, Xabier Mendiguren idazlea alegia. Ohizko hitzaurre, ohar bilduma eta hiztegitxoaz lagundurik dator libulua.