Liburua: Idazlanak
Egilea: Piarres Larzabal
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 1993
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu genuen atzo. Ospatu? Nahiko panorama kaxkar eta trixtea erakusten digu gure antzerkiak, itxurak direnez, adituek diotenez, iturri onen arabera, atzo irakurri eta entzun ahal izan genuenez…
Egoera horren ondorioz, Piarres Xarritton Piarres Larzabalen lanak bildu eta argitara emateko egiten ari den ahalegin suharra behar eta merezi baino ilunagoa geratuko da seguru asko. Horren ondorioz diot, bai, eta horren ondorioz da azken finean, antzerkia bertsolaritza bezain aberats eta bizi izango bagenu, adibidez, ez bailitzateke harritzekoa izango han eta hemen perretxiko legez sorturiko talderen batek baino gehiagok Larzabalen lanak berreskuratzea… Baina bai zera! Jai ederra du perretxiko horien bila doanak…! Jango du me!
Duela gutxi, bilduma mardul honetako laugarren liburukia atera delako egindako aurkezpenean, Larzabalen “Matalas” antzezlana euskal talde profesional batek hartu eta ganoraz eta duintasunez prestatu eta taularatzea gustatuko litzaiokeela esan zuen zuen Xarrittonek. Ez da ideia txarra, eta nahi duenak har dezala. Eta ideia bera ez bada, bai behintzat ideiaren izpiritua. Eta “Matalas” ez bada, besteren bat, aukerak ugariak baitira.
Egia da guzti denok gabiltzala nahi eta behar genukeen guztia irakurri ezinik, baina antzerkirako afizio pittin bat duenak ondo egingo luke bilduma honetako lan bat edo beste irakurriko balu, bat behintzat sikiera, denak irensteari gehiegi irizten badio.
Omenaldi zaharkituak baino gehiago merezi duten idazle asko ditugu liburu ahantzien apal luze amaigabeetan aparkatuta. Piarres Larzabal dugu horietako bat. Merezi luke esku leunen batek apaletik jalgi eta hautsak maitekiro astintzea.