Liburua: Maitalea
Egilea: Harold Pinter
Euskaratzailea: Iņigo Errasti
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2006
“Egiaztatzeko irrika ulergarria da, baina ez da beti asegarria. Ez dago diferentzia handirik errealitatearen eta fikzioaren artean, ezta egiazkoaren eta faltsuaren artean ere. Gauza bat ez da halabeharrez egiazkoa ala faltsua; izan liteke aldi berean egia eta gezurra”. Duela hainbat hamarkada egindako hitz horiek berreskuratu zituen iaz Pinterrek Literaturako Nobel saria eskuratzerakoan, eta hitz haien baliagarritasunaz egin zuen gogoeta: “Uste dut oraindik hitz horiek badutela zentzurik, eta oraindik aplikatzen ahal direla artearen bidezko errealitatearen esplorazioari”. Alabaina, artearen esparruan eta bere definizioan, demagun antzerkiarenean, baieztapena baliagarria izanik ere, hiritar moduan egiaren eta gezurraren arteko mugez, egia denaz eta gezurraz gogoeta egin beharraren garrantzia azpimarratzen zuen egile ingelesak hitzaldi hartan bertan. Eta, ziurrenik, hiritar moduan galdera hori presente izanak eta egiaren bilaketan koherente jokatu izanak eraman du Pinterren izena idazle konprometituen zaku bitxi horretara.
Baina itzul gaitezen antzerkira, eta Pinterren hasierako definiziora. Irakurleak, ikus-entzuleak egiaztatzeko irrika duela dio Pinterrek, gazteagotan filmei zintzoak eta gaiztoak zein zen bereiztea garbi eskatzen genien bezala, ondoren egia eta gezurra zer den, istorioaren mezua zein den eskatzen diogu obrari. Beraz, argi dezagun hastapenetik: halakorik ez du aurkituko irakurleak antzezlan hauetan. Ez amaierako argitzerik, ez korapiloaren bat-bateko askatzerik (korapiloak, egon, geure baitan daudelako). Egileak ez du interpretazio bat bestearen gainetik ezartzen, ez dio hartzaileari irakurketa bide itxitik bideratzen; aitzitik, eraiki egiten du espazio bat hausnarketarako, gogoetarako eta zalantzarako. Horretarako beharrezkoak diren elementuak (eta horiek soilik) ematen dizkio antzerkigileak hartzaileari, haiekin osatu behar duelarik irakurle aktibo eta parte-hartzaileak bere obra, antzerkiaren irakurketa pertsonala.
“Konbentzituta nago nire obretan gertatzen dena edonon gerta litekeela, edozein unetan, edozein lekutan, nahiz gertakariek itxura batean ez lirudiketen hurbilekoak. Definizio bat eskatuko balitzait, nire obretan gertatzen dena errealista dela esango nuke, nik egiten dudana errealismoa ez den arren”. Eguneroko egoerak abiapuntu hartu, baina haietan halako arroztasun elementuak, estrainiamendua eragiten dutenak sartzea, halako moldez non errealitate hori egiaztatze nahien eskueratik aldentzen den, hara Pinterren zenbait antzezlanetako konstantea (ziurrenik, besteren artean, absurduaren antzerkiaren herentzia dena). Gatazkaren askapenak edo garapenak bainoago, hazten doan tentsioak, areagotzen den estrainiamendu sentimenduak hartzen du indarra Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk liburuan bildutako piezetan, nahiz diferenteak diren euren artean: lehen arokoek gizon-emakumeen arteko inkomunikazio arazoak planteatzen dituzte, eta kezka sozial eta politikoek protagonismoa bereganatzen dute Mendiko hizkuntza eta gisako lan berriago eta ebidenteagoetan.
Pieza hauetan indarra eta pisua duen tentsioa sortzeko isiltasuna du lagun Pinter-ek. Esandakoak bainoago esan gabeak du garrantzia dialogoetan, testuaz kanpokoak, isiluneek eta geldiuneek, zalantzari, kezkari, gogoetari tartea zabalduz. Estilistikoki etekin handia ateratzen die egileak isiluneei, eta, hala, esandako horretan, minimoak diren elkarrizketetan ez dago soberako ezer, ezta gehiegizko informazio edo erredundantziarik ere.
Luxua da, berandu eta sari potoloa tarteko bada ere, Pinter euskaraz irakurgai izatea, Iņigo Errastiren itzulpen eder eta taularatzeko modukoan, gainera.