Liburua: Santxa
Egilea: Aizpea Goenaga
Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK
Urtea: 2006
Ezbairik gabe, Aizpea Goenagak merezi du aparteko aipamenik gaurko euskal antzerkigintzan, izan antzezle lanetan lorturiko sonagatik, izan zuzendari jardun delako trebe, izan antzerkigile aritu delako. Eta azkenaldian, ikuskizun entzutetsuetan parte-hartzaile, sortzaile eta zuzendari ibili ez ezik, antzerki idazle gisa ere lortu du merezimendurik, Goenagaren antzerki-testuak sarituak izan direlako (Donostia Hiria Saria 1995, Serantes Saria 2003, Cafe Bilbao Saria 2004), eta ondorioz, baita argitaratuak ere. Sarituriko azken antzezlana dakart gaur hizpidera, alegia, 2005. urtean Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria jaso zuen Santxa antzezlana.
Antzezlan honetan Aizpea Goenagak lehen aldiz ekin dio Historiaren pitzaduretan arakatzeari, eta honela, agertokia Nafarroako Erreinuz jantzi du. Jakina, euskal literaturan egon da Nafarroako Erreinua kokaleku izan duen literatur lanik, baita euskal antzerkigintzaren eremuan ere. Aipatzekoa da, besteak beste, duela pare bat urte Antso Erregearen koroatzearen milurtekoari egindako omena zela-eta euskal antzerkigintzan Nafarroako Erreinuak harturiko lekua. Orduko hartan, agertorkira eraman zen Antso Erregea bai pastoralean (Antso III. Handia) bai bestelako antzezpenean (Hasier Etxeberriaren Antso Erregea). Antso Erregeari eskainitako omenezko antzezlan haiek gogon izanez gero, badirudi Goenagaren antzezlan hauxe orduko haiei eginiko erantzuna dela. Izan ere, Aizpea Goenagak Nafarroako Erreinua igo badu agertokira, eta hartara, idazle donostiarrak Historiari begiratu badio, ez da izan jada ezagun, itzaltsu eta erreferentzia nagusi den pertsonaiarik (eta gertakaririk) taularatzeko, ez; Historiaren diskurtso nagusiak ukaturiko ahotsetarik bat (eta gertakarietarik bat) agertokira igoarazteko baizik. Hau da, Santxa Kondesaren ahotsa biziarazi nahi izan du, eta aldi berean, Iruņeko artzapezpiku izan zen emakume honen ekintzak ere biziarazi nahi izan ditu. Nola edo hala, antzezlan honek Santxa Kondesa pertsonaia historikoari ahotsa, gorputza eta espazioa eskaini dizkio, noski, hiru-hirurak Goenagaren irudimenez josirikoak. Edorta Jimenezek ohartarazi bezala, antzezlan honek taulara igoaraziriko pertsonaia nagusia —Santxa— idazlearen bilaketaren emaitza da, izan ere, Historiak emakumeei ukaturiko ahotsaren bilaketaren emaitza da. Hortaz, antzezlan hau Santxaren emakume-begietatik gertakari historikoak nola konta litezkeen irudikatzeko saioa da, eta pertsonaiaren nortasuna kokatze historikoan mamitzen da. Hain zuzen ere, horretan dira antzezlan honen berritze ariketarik aipagarrienak, tamalez, Historia gizon-begiz kontatu izan da eta gizon-eskuz idatzi izan da (baita literatur lanetan ere). Eta egun literatura historikoak zale ugari baditu ere (idazle zein irakurle), euskal literaturak ez du kasik ezagutu emakume-jostorratzez jositako literatura historikorik. Bai, noski, gizonezkoek josiriko ugari. Halako hurbiltze historikoetan aitzindari izan zen Kataliņe Eleizegi idazle donostiarra, antzeko bideetatik jo baitzuen Erausoko Katalina antzezlan argitaragabea idatzi zuenean.
Ezagunak eta ohikoak zaizkigun pertsonaien (errege eta abadeen) ahotsez abiatzen den antzezlan honek aurrera egin ahala ezezagunagoak zaizkigun ikuspuntuak eta ahotsak entzunarazten ditu, irakurlearen arreta piztuz eta Historiaren diskurtsoaz galderak sortuz. Bai, jakin badakigu literatura fikzioa dela, baina errealitatetik ere (erreferentzietatik eta interpretazioetatik) edaten du; eta jakin badakigu Historia errealitatea dela, baina fikziotik ere (ikuskera mugatuetatik eta joskera herrenetatik) edaten du.