Liburua: Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Egilea: Alaitz Olaizola
Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK
Urtea: 2002
“Zereko zeretik zera zertu da” esaten dugu Arratia aldean, batzutan pertsonon arteko komunikazioa ez baita izaten esaldi aldrebes eta zalantzagarri hori baino askoz zehatzagoa. Benetako esanahia hauxe ei du: “Errekako munetik behia jausi da”. Hortik atera kontuak. Esaldi horixe titulutzat ikusteak animatu ninduen idazlana irakurtzera eta agerraldi guztiak atsotitzez josita datozela konturatu naiz gero.
Genero batzuk bereziki egokiak izan ohi dira bizitzaren alderdi konkretu batzuk azaltzerako unean. Euskaltzaindia-BBK saridun honetan, dudarik gabe, genero eta mezuaren arteko ezkontza ideial bat dago. Euskal Herriaren jakintza teatroaren bidez eskaintzea da “Zereko zera_”ren arrakasta nagusia. Horretarako, noski, antzerkia menperatu behar da. Eta menperatu baino gehiago bizi egiten duela frogatu du idazleak. Talde desberdinetan antzezle gisa egindako beharra baliagarri izan zaio azpeitiarrari, duda barik. Antzeztuz gozatzeko moduko lana atondu du eta gozamen hori hizkuntzatik dator zuzenean.
Aurpegi desberdinen dantza zoroa da Alaitz Olaizolaren antzerki lan hau. Maskaren dantza esatera nindoan klasikoen antzezlanak gogoan baina, egia esan, aurpegiak eta aurpegikerak izango dira obra honen funtsa, egunen batean antzezten bada. Eszenatokiak, arropak, argiak,_ bigarren mailako arazoa dira hemen, laburra eta luxu handirik gabekoa izan arren sano aberatsa delako. Aberastasuna elkarrizketetan eta mugimenduetan daukala ematen du. Irakurtzeko moduko liburua izanagatik antzeztuta ikusteko irrika sortzen du, benetan.
Eugenio eskalea metroan bizi den txori baten antzekoa da, ingurutik pasatzen zaion orori zeozer esan, eskatu, eskaintzen dion eskalea. Subkontzienteak gure metro bakarrean, Bilbokoan, kokatu nau hasieran. Gero irrealegia iruditu zait garbiegia eta inpertsonalegia delako, eta han ez delako neonazirik behar tunelak “garbitzeko”. Ez, metro biziago bat Parisekoa, Londreskoa? jarriozu, eta dena martxan hasiko da, bueltaka, hegan. Atsotitzez kargatuegia datorrela iruditzen bazaizu, egizu gogoeta sinple hau: “Zereko zera_”ren funtsa eta espiritua dira atsotitzak. Haien zerbitzura eta haien aitzakian idatzita dago. Dudak desagertu egingo zaizkizu eta zu ere metroan sartuko zara. Esaera zaharren zehaztasunarekin ibiliko zara geltokirik geltoki.