Liburua: Buhame-argiak
Egilea: Ramón María del Valle Inclán
Euskaratzailea: Anastasio Esnaola
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2001
“Ni herri sentitzen naiz. Herri xehearen tribuno izateko jaio nintzen, baina gero bilau bilakatu nintzen itzulpenak eginez eta bertsoak osatuz”. Horra hor antzezlan honetako protagonista den Max Izarra itsuaren tragedia eta miseria laburbiltzen dituen aldarri mindua. Hainbat luma jenderen tragedia berbera.
Jokalekua Madril absurdu, dirdiratsu eta gosekil bat. Urrun samar Euskal Herritik, baina hegotarrek gertu-gertutik bizi izan zituzten Gorteko egoeraren ondorio mingarriak. Ezagunak dira bertsolariek hamarkada horien gainean botatako bertso samin eta gordinak: gosea, pobrezia, politikarien ustelkeria, langile borroka…
Esperpento jarri zion deitura idazleak lanari, eta ez alferrik. Halakoxea ziren garaia, egoera, eta pertsonaiak. Valle-Inclanek orduko antzezlanik bikainetako bat ondu zuen, nahiz eta eszenategietara heldu ez denbora hartan. Egoera ez da asko aldatu. Egun, Euskal Herrian ere ia ez da antzezten euskal antzezlanik. Argitaletxeek ia ez dute literatura mota hori argitaratzen. Urtean, liburu gisara pare bat antzezlan baino ez da kaleratzen, sarien ondorio dira eta. Antzezlanei ez zaie Euskadi Saririk ematen. Antzerkia literaturatik desagertzekotan dago. Kritikariek ere ez dute generoa aintzat hartzen. Esperpentoa, bai.
Egilearen hitzetan, “Heroi klasikoek Esperpentoa sortzen dute ispilu konkaboetan islatuta”. Patetikoa da egia itsu batek baino ez duela ikusten egiaztatzea. Errealitatea endekatzen denean, fartsa sortzen da. Esperpentoak fartsaren endekatzea du iturburu.
Pertsonaiak asmakari huts dira ala Valleren ingurukoen itzalak? Adituak ezin ados jarri. Max “Izarra” poeta Ramon bera izan daiteke. Edo oso amaiera lazgarria izan zuen Alejandro Sawa idazlea. Horrek ez dio, baina, tragediari ezer kentzen,.
Buhame-argiak idatzi eta ia hurrengo hamarkadan jaio zen Anastasio Esnaola itzultzailea. Lan eskarmentu luzea izan du: irakaskuntza, kazetaritza eta itzulpengintza. Erretiratu beharrean, ez dio lan egiteari utzi, letretan sarritan jazotzen denez. Ez du behar makalik hartu apaiz frantziskotarrak. Testuak Elizaren gainean senperrenak eta bi esan arren. Jatorrizko hizkeraren usaina, kolorea, zaporea, zartakoak, laztanak… eman ditu euskaraz. Hizkera pertsonala, askea, herritarra, arrunta bezain goitiarra. Han-hemenkako hitzak eta joskerak darabiltza, potoloak eta dialektalak. Ezin erraza izan, beraz, euskaratze lana, egileak berbak aukeratzen ei zituelako iradokimena eta sonoritatea oinarri. Zatiren bat bertso moduan eman digu itzultzaileak. jatorrizko poemen ordez.
Teorilarien ustez, itzultzerakoan beti galtzen da zerbait. Baliokidetasuna lortu behar du itzultzaileak. Erraza esaten, gaitza egiten, baina. Areago antzerkia denean. Antzerkian ezin egin daiteke itzulpen hutsa. Testua eszenategian esateko egokitu beharko da, hartzailearen kulturara eta esamoldeetara ekarri. Itzulpen honek bietatik edan du: itzulpena da, bai, baina areago joaten da. Espainiar buhame euskaldundu horiek, apika, inoiz ere euskal eszenategirik ikusiko ez duten arren.
Anastasiok berak hitzaurrean dioskunez, hitz batzuen adierazpena euskarara itzultzean galdu egin da. Hor ikusten ei da hizkuntza zer den. Hizkuntzak bere historia eta kontzientzia gordetzen ditu adierazpenetan, baina horietako batzuk itzulezin bihurtzen dira beste lengoaia batera aldatzerakoan. Horrelakoetan eman beharko du itzultzaileak neurria.
Borroka latza izan du aurrean itzultzaileak. Izenburutik beretik hasita. Irakurle guztion pozgarri, gehienetan garaile irten du. Tamalez, euskal bertsioan ez dira agertzen Dramatis Personae delakoa eta horren oinean egileak jarritako ohar lagungarria. Euskaratzaileak aukeraturiko puntuazio sistema bitxi gertatzen da noizean behin. Noiz edo noiz akats mekanografiko edo tipografikoren bat edo isuri da. Eguneroko ogia. Baina bilduma honi erabateko bikaintasuna eta kalitatea eskatu behar zaizkio. Euskal literatur itzulpenaren ikur delako.
Irakurle arruntak —muntadunenak—, txikikeria tekniko horiek alde batera utzita, gustura asko murgilduko dira lan honetan. Testu arina da, nahiz eta batzuetan bereak eta bi bota. Gaurko irakurleak argia topatuko du buhame marjinal horiengan. Hain du lanak egungo egoeraren antz handia!: “Herri errukarri honek jainkojale mutxurdinen ipuin bihurtzen ditu kontzeptu handi guztiak”. “Merezimendua ez da saritzen Espainian. Lapurreta egitea eta lotsagabe izatea saritzen da. Makurkeria guztia saritzen da Espainian”.
Egun literaturan gertatzen den beste jazoera bat harira ekarri gabe ezin gelditu. Irakurleok ez dute antzezlanik irakurri ohi. Beude! Nobelara jotzen dute. Betoz! Zergatik? Elkarrizketa bilatzen duelako, zenbat eta elkarrizketa gehiago, hobe! Baina antzerkia horixe baino ez da: elkarrizketa hutsa! XII. mendeko esan ezaguna moldatuta, hobe da antzerki itzulia irakurtzea, irakurgairik ez izatea baino!