Liburua: Godoten esperoan
Egilea: Samuel Beckett
Euskaratzailea: Juan Garzia Garmendia
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2001
XX. mendeak utzi zizkigun egileen artean berezienetakoa da Samuel Beckett. Gainera, bere literaturaren kalitateak eta bide berriak zabaltzeko indarrak idazle sonatua bihurtu zuten bere sasoian.
Mundura Dublinen sortu bazen ere, literarioki Parisen hazi omen zen Beckett. James Joyce eta ingurukoen giroan murgildu zen bertan eta modernismoaren ildotik egin zituen urratsik nabarmenenak. Arte herrikoiak, zinemak eta film isilek liluratzen zuten. Azken hauen teknika, esaterako, argi antzeman daiteke idazle irlandarraren eleberrietan eta antzerki lanetan. Film isil komikoen zalea zen eta etengabeko algara sortzea xede zuten lan haien eragina ukaezina da berak idatzirikoetan, batik bat Godoten esperoan honetan, azken batean abangoardiako artea eta film komikoen teknika uztartzen baititu obrak.
Joyceren eta Parisko idazle abangoardisten eragina ez ezik bere heziketa filosofikoaren eragina ere handia da Becketten lanetan, batik bat hizpide dugun liburuan. Existentzialismoa dario leku guztietatik. Becketten iritziz, bi kontuk definitzen dute pertsonen tragedia: jakiteko grinak eta hitz egiteko beharrak. Batetik, jendeak dena jakin nahi du, baina ezagutza osoa ezinezkoa da eta ezintasun horrek etsipena dakar. Bestetik, jendeak komunikatu nahi du, baina, Becketten iritziz, jendea horretarako ere ez da gai.
Eta egoera hori islatzen du Godoten esperoan honek. Egoera absurdo baina egiazkoan kokatzen ditu egileak liburuko bi bikoteak. Azken batean, Godoten zain egotea ezagutzen ez dugun leku horretara bide ez egiteko aitzakia besterik ez da. Zain daude Vladimir eta Estragon eta birritan, behin eta berriro, ez da ezer gertatzen. Bien arteko elkarrizketak zentzugabea dirudi askotan, baina, liburuaren hegaletan esaten den moduan, “ez dira hitzak zentzugabe direnak. Aitzitik, zentzuz beterik daude: zentzugabetasun unibertsalaz, besteak beste. Eta kondenatuta daude giza bufoiok, errepikatzera kondenatuak: burutazioak, mugimenduak, eszena osoak errepikatzera, lehena berriz ere, lehena berriz ere…”.
Azken batean, arestian aipatutako egoera etsigarriaren aurreko bizitzaren isla besterik ez da liburua. Denborak aurrera egiten du eta, guztia errepikatzen den arren, egiazki, ez da ezer gertatzen. Agertu behar ez duen norbaiten zain daude protagonistak, absurdoa dirudien baina errealitatearen isla hutsa den espero zentzugabean. Honela, “Eta ez badator?/ Bihar itzuliko gaituk./ Eta etzi ere bai./ Menturaz./ Eta hurrengoan ere berdin./ Alegia…/ Hura etorri arte”, edota “Zertan gara orain?/ Esperoan./ Bai, baina esperoan gauden bitartean?/ Eta geure burua urkatuko bagenu?/ Horrela tente jarriko litzaigukek noski” bezalako esaldi absurdo baina zentzudunak aurki daitezke etengabe testuan.
Euskarazko itzulpenari dagokionez, euskara aberats, dotore eta jasoa darabil Juan Garziak. Baina beste norbaitek “Eulien ugazaba” euskaratu zuenean egindako akats bera du honek: jatorrizkoaren erregistroa aldatu du. Jatorrizkoan hizkuntza ez da aberats, dotore eta jasoa. Ez. Kaleko hizkuntza da, egunerokpa, eta institutuetako ikasleek hasi eta bukatu egiten dute liburua, berehalakoan eta gustora. Euskarazkoarekin; zoritxartez, ez da horrelakorik gertatzen. Eta pena da, itzulpengintzan gutxik egiten baitute gurean Alberdania egiten ari den eskertzeko moduko ahalegina. Gainontzean, antzezlan bat euskaratu eta argitaratzeko erabakiak zorionak besterik ez du merezi. Ez dadila azkena izan.