liburu kritikak
< | Asmo onak, molde “epikoan” >
Lur bat herri antzerkiari
Irati Majuelo
Berria, 2024-12-22

Liburua: Lurrez estali

Egilea: Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2024

      Antzerkia bada entseguetan, idazketan, inprobisazioetan sortzen den hori, baina batik bat ikuslearen aurrean, mementoan gertatzen dena. Antzezleak plaza hartu eta publikoaren begiradapean pizten den tentsioa eta lilura, nolabait. Are gehiago, eszenaratzea leku edo garai bakan eta berezietan egiten bada. Bada hor zerbait harrapaezina. Izan zuen magia horretatik Lurrez estali antzezlanak, ekain betean eta Izurako zerupean. Pena litzateke Latsaga jauregiko patioan bizitakoak ez jasotzea, jakinik ezin dela bertan sentitutakoa bildu. Unean unekoari bere xarma utzita, orain antzerki testua irakurgai dago behintzat, Susaren Ganbila bildumaren baitan.

      Ezaguna da Fuchs anaiek euskal antzerkiari eskaintzen dioten pasioa. Lelo errepikatua izan da gurean: erroetara jo, garaikide izateko. Herri antzerkiaren ezagutzatik abiatuta, euskal kulturan ditugunetan interesgarrienetarikoa da Ximun Fuchsen begirada, Euskal Herria ardatz eztabaidaezin izanik komunitateari zorroztasunez behatzeko modua aurkitzen baitu. Antzerkia eta kultura herriaren parte ulertzen ditu, euskaldun izateko bizigai. Horiek guztiak islatzen dira Lurrez estali lanean, urteotan gogoetatu eta praktikan jarritakoa mamitzen duen obra honetan.

      Drama bortitz batez aurkezten da egungo laborarien patua. Euskal Herriko familia ugariren mina ikusarazten du horrela, ahots ugaritatik kontatua. Tradizioaren eta modernitatearen arteko talkak, beste behin ere, begirada berritu batez. Izan ere, Izuran gaude, eta hori da auzokoen arteko liskarrak eta geopolitika gurutzatzen diren lekua; Latsagako zalditegian elkartzen dira baserritik ihes egin ezina, joandakoen errua eta belaunaldien arteko arrakala; gaua egin ahala azaleratzen dira pragmatismoa eta idealismoa, galeraren osteko min sendaezina, lotsak eta auzo lotsak.

      Lurrez estali, azkenerako, mahai buelta bat da, ez elkarren artean ados jartzeko, ezpada elkarri begiratuta dagokigun mina aitortzeko. Dramaz haraindi, baina, bizitza bera egiten du ageriko Fuchsek antzezlan honetan: umorea, ironia, maitasuna, samurtasuna ez dira falta. Pertsonaiak ongi definituta daude, ez da alferrikako solasaldirik, irudi indartsuak eta errealitate gordinera gerturatzen gaituzten ahotsak ederki txirikordatzen dira. Antzezlan bikaina ez ezik, irakurgai eder eta mamitsua sortu du Axut!-ek.

      Pena bakarra, liburuaren amaieran ez dela antzerkilari eta ikusleekin batera partekatzeko otamenik.